Honek eman du | Hizlandia bukatu da
Iñigo Aranbarriren Hizlandian ibili denetakoa naiz. Letrak, hitzak, komunikazioa, prentsa, kazetaritza maite dugunontzat, sagardo ederra izan da Hizlandiakoa. Garratz batzutan, gozo sarri, azukera gitxigaz gehienetan… ia astelehenero irakurri ditut Iñigorenak domekako Berrian. Pena hartzen dut, dauden kazetaritza fakultate guztiak baino eskola hobea den hori desagertuko delako. Baina bestetik, Iñigo Hizlandiak bahituta egon dela somatzen dut. Iñigo idazlea, Iñigo sortzailea, Iñigo editorea, Iñigo Aranbarri.
Azkena be, gordetzeko modukoa, duda barik. Gogoeta serio bat gaurko kazetaritzaz. Hemen eta munduan.
Andoain erdialdeko jatetxe bat, orain dela bi urte pasatxo. Mahaian, egunkari honetako hiru lagun nituen zain. Proposamen bat zekarten, ez nolanahikoa. Ordura arte -esan dezadan lasai: orain arte- inguruko hedabideek ez zuten zerbait nahi zutela jakinarazi zidaten, gozorik gabea, autokritikoa, eta ea egingo nuen.
- Egunkariaren jarraipen bat nahi diagu, publikoa, errukirik gabea.
- Press ombudsman moduko bat?
- Ez, irakurlearen defendatzailea zuzendariaren defendatzailea duk horrelakoetan. Zorrotzagoa. Ez amore emaile.
Laguntza eskaini zitzaidan, blindajea etxe barruan lana behaztopa eta sostorrik gabe egin nezan. Etxearekin kritikoak izango ziren begi-eskuak nahi zituzten, beste inork eskaintzen ez zuen zerbait, osasungarri zelakoan, erredakzioan langileren bat gaitzitu arren. Berritik zuenagatik, errazegi heldu nion alaia muturreko malutari, atuna nintzen, amuan preso, eta hala irten nuen ostatutik, zeri eman nion baietza ondoegi jakin gaberik. Ez genekien une jakin batzuetakoa izango zen edo hamabosterokoa. Ez genekien nora zihoan bidea, ez zenbatean behin kaleratu ahal izango genuen. Asterokoa izateko, gehiegizko martxa neritzon. Gainera, egunkari txukuna izanik, ez zegoen hainbeste gauza ere zortzi egunean behin ahoz gora esateko. Hasi arte.











