• hurrengo geltokia

    Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoaz

    Kioskoan erosten dut goizetan. Irakurtzeko lain badaukat.
    Mesanotxean liburuak ditut, apaletan gehiago.
    Diskoak erosteari ez diot inoiz itxi, gero eta garestiagoak diren arren.
    Antzerkizaleago naiz zinemazale baino. Lagunek badakite hori.
    Kontzertuetara joatea atsegin dut oraindik, Antzokia ordu laurdenera daukat.

    Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoan pozik egon daitezke, gu bezalakoekin. Durangon dirutza uzten dugu, Elkar txartela izan genezake, Berriako harpidetza egin, Kutsidazu ikusi eta kultur etxera joan, gauean Mihiluze ikusten dugun bitartean. Ibarretxere bozka emateko ez genuke arazorik, badakizue erabakitzeko eskubidea.

    Eztabaida edo mahainguru bat ukan dute aurrekoan Martin Ugalde izeneko parke jurasiko batean. Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoa. Bai?
    Haur nafar baten gurasoak, Seaskako irakasle bat testuliburuetaz, laburmetraiak egiten dituen Leioako Arte Ederretako ikasle edo zinemagileren bat, Arabako rock talderen bateko norbait… ez keba. Elkar, EITB, Egunkaria-Berria, Eusko Jaurlaritza, Ernest Lluc… SS matrikuladun kulturgintzaz baino ez omen ziren aritu. E horrek euskaldun guztiona beharko lukeen arren, bestela dira gauzak. Han. Hemen.

    Jarrai dezagun berbetan. Eztabaidatzen. Mahainguruan, baina jaten. Kontsumitzen. Gero gerokoak. Han, eta hemen.

    Loturak:
    sustatu.com (Guggenheim defektua)| Berria.info (Kike Amunarrizen hitzaldia) | Martin Ugalde foroa (multimedia)

  • gaztelumendi.eus

    Astea astinduz

    Astelehena. Atsegin handiz ekin nion asteari. Hastea kostatu ez nonbait. Gogotsu nintzen, zernahitarako. Asteburu atsegina izan nuen Karrantza aldean. Gailurretan landetxean ondo hartu gintuzten, batera eta bestera hainbat ibilaldi, txango eta halako egin ostean, asko ikasi genuen gure herriaz. 48 auzo ditu Karrantzak. Euskal Herriko herri handiena izanen da ziurrenik, eta bataz beste km karratuko 13 biztanle baino ez ditu. Atara kontuak. Egun 2.800 biztanle inguru. 1900. urtean 4.000 bueltan. Baserri auzoak, behi asko, ardiak eta bestelakoak.

    Asteartea. Oraindik buruan nerabilen asteburuan Mikelek -11 urteko mutiko karrantzarra- egindako galdera. Euskaraz ikasten du berak, euskaraz mintzatzeko gai da bere arreba Maialen ere. Baina eurentzat euskara eskolako hizkuntza baino ez da. Gure herriari buruz galdetu zidan, ea euskaraz egiten ote zen… eta galdera hau bota zidan:

    – Zure gurasoek ere badakite euskaraz?

    Baietz esan nion. Baina berak, bere adinekoekin bakarrik egin dezake euskaraz, edo bestela irakasleekin. Bizitza arruntean ez dauka euskara erabiltzerik. Mutikoaren galderak zer pentsatua eman dit.

    Euskal Herria ezagutzen dugula pentsatzen dugu maiz. Euskal Herria bere zabalean, berezia da, ezberdina da, ikasteko asko dauka… eta dena ez da sartzen geografia eta historia liburuetan. Albistegi eta egunkarietan ere ez dugu dena ikusten. Euskal Herria. Karrantza, mendebalderen dagoen eskualdea. Martitzenean ondiño akorduan.

    Asteazkena. Atutxak ez du justizian sinesten. Barregura ematen dit. Ibarretxe inhabilitatzeko prest dira Madrilen. PNV gure erakundeen aldeko manifa konbokatzen. Ze erakunde? ETA? 18/98ko erakunde politikoak? Instituzioetaz ari dira? Udalbiltza ere esan gura dute? Erakundeak, erakundeak…
    Osteguna. Atzo. Marian Hernaniko alkatea Madrilen deklaratzen, maite zaituztegu! ozen esateagatik. Cabo Verden 22 urtez deportatuta egon ostean Endika santurtziarra hil zen, Urruñan Villabonako gazte bat atxilotuta –el mas buscado, no iba armado, no tenia documentacion falsa…. arriskutsua zinez- , Lea Artibaiko gazteak inkomunikatuta, ostia piloa jasotzen ziurrenik. Astea ez dugu ondo amaitu behar.

    Ostirala. Goiz jeiki eta Azpeitia aldera. Euskararen eremua. Urola ikastolan hitzaldia web 2.0 gaiaren inguruan. 30 urolako ikasle. Irakasle batzuk. Ordenadorea sarera lotu, pantaila handian erakutsi eta berba jarioa… konbentzitu ditut. 1.0 eta 2.0 bereizten dituzte. Youtubez gain, bada mundua. Sarean ibili gara, gauzak ikusten, flickr erakutsi diet -fotolog ezagutzen dute-, blogak.com, zabaldu.com, euskaltube, irratia.com… flipatu dute apur bat. Twitter gustatu zaie, eta Txioka. Eta irakasleentzat euskaljakintza.com adibide on bat, ikastolan teknologia berriak eta hezkuntza uztartzeko. (Ikasle batzuk ezagutzen zuten, EGAko ariketak direla eta, irakasleek berriz ez). Uztarria ezagutzen ei zuten -azpeitiarrek behintzat-, hori ere 2.0 dela esan diet, 1.0 zer litzatekeen beraiek asmatu dute. Pozik itzuli naiz Urolatik.

    Eta orain asteburua dator. Hori hurrengorako. Bitartean, Euskal Herria hemen da. Sagardotegi garaian. Eta bihar ARGIA sarien berri izango dugu egunkarietan. Ez dakit blogaririk gonbidatu duten… hori ez da oso 2.0 ala?

  • literatura

    Wikipedia, idazleak eta wikiak

    Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenezen ‘wikia’ landu dute alemanez


    Arantxa Urretabizkaia (Koaderno gorria) eta Edorta Jimenezen (Kilkerren hotsak) liburuen alemanezko itzulpenen Frankfurten aurkeztu ondoren, bi egileon wikiak paratu dituzte Alemanian. Jimenez eta Urretabizkaiaren gaineko informazio zabala aurki dezakete bertan irakurle alemaniarrek.

    -zer? 

    Holan ikusi dut idazleak.org gunean. Eta albisteak erakarrita, klik egin diot Jimenez-en wikiari. Klik. Eta alemanezko wikipedian sartu. Poztu egin nau albisteak.  Bi euskal idazle alemanierazko wikipedian.

    Gehiago kezkatu nau ordea, albistearen erredakzioak. Wikipedian paratzea eta egileon wikiak sortzea… arras ezberdinak dira. Baina nago ni, gurea ere badela errua. Sekulako nahastea sortzen dugula teknologiaren inguruan, berriak sortzen dira, wikiak, blogak, rss… eta sekulako nahaste horren erdian harrapatuta daudela eduki sortzaileak.

    Beraz wikipedia da entziklopedia librea. Euskaraz ere badagoena.
    Wikia da argitaratzeko modua. Wikipedia wikian oinarrituta dago.  Ulertzen da orain?
    Literatura, argitaletxeak, liburuak eta egileak nahastuko ez genituzkeen moduan.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    iPodaren arriskuak

    iPodaren arriskuak gaztelumendi.org

    Musika entzuten doa gaztea. Adi adi doa. Musikari adi. Ez besterik.
    Argazkiak ikusten joan daiteke bera. Adi adi omen. Argazkiei so.
    Agian bideoarekin lelotuta zetorren. Filme bat ikusten, youtubetik ekarritakoei erreparatuz…. agian

    Kontua da, arriskutsua dela iPoda. Arriskutsua zaigu. Horregatik agian, gustatzen zaigu erabiltzea. Autoan, kalean, etxean…

    iPod kontuetan, marketing sailekoek ere, asmakuntza ederrak sortu dituzte. Hau bat gehiago da. Etc marketing blogean ikusitakoa.

  • gaztelumendi.eus

    21.454 bisitari 2007an

    Harrituta nago. Ez diot normalean, jaramon askorik egiten kontagailuari. Baina wordpress plugin bat badaukat jarrita. Lantzean behin begiratzen diot, gai batek edo besteak ze harrera duen begiratzeko ez bada be.

    Egunotan begira egon natzaio. Eta kalkulagailuan datuok batzean: 21.554. Arraioa! Asko dira ba… eta egunotan gainera, milatik gora bisitari astero.. 1100, 1200… harritzekoa. Asteburuetan ez da kopuru nabarmentzekorik egoten

    Eta apurka apurka, gero eta bisitari -beraz, irakurle pentsatu nahi nuke- gehiago direla ikusita… iazkoak hilez hile zenbatzeari ekin diot. Hori izan da arrazoia. Eta horrek gogoetara eroan nau.

    Eguneroko bisitari kopurua
    Eta egunero egunero 200dik gora zaretela jakiteak, zer pentsatua ematen dit. Azekn egunotan, 300 baino gehiago ere pasatu zarete gainera. Euskaraz baino idazten ez den gune pertsolanala izateko, asko iruditzen zaizkidalako. Kopuru garrantzitsua da dudarik gabe. Eta apurka apurka, hazten doa gainera.
    Euskarazko liburuak, euskarazko prentsa, euskarazko telebistak ze oihartzun duen badakit gutxi gora behera…. eta proportzio hoietara egokituta… 300 lagunek blog hau bisitatzea… luxua iruditzen zait. Neurrian erantzuten saiatzen naiz, saiatu beharko, aurrerantzean ere.

    euskarazko sarea
    Igoera horretan, bereziki estimatu behar ditut hiru gune: Aurki.com, Zabaldu.com eta Gaur8.info. Hiruretatik trafiko gero eta gehiago bideratzen da aspaldion. Hirurak dira garrantzitsuak… eta alde horretatik, gure sarearen onurak ikusten ditut horrela. Euskarazko sareak, elkar laguntzeko balio du. Euskarazko sarean, batek besteari eskaintzen dizkio irakurleak. Loturen bidez, aipamenen bitartez, erantzunetan, hari eta kateetan. Estimatzekoa da hori, baina lanaren ordaina ere badela pentsatu gura dut.

    Euskarazko blogosfera gora doa
    Hori pentsatzen du nik behintzat. Egunero egunero idazten dugunak, ez gara asko. Baina egunero erreferentzia bila dabiltzanak ordea, gero eta gehiago dira. Jendeak, beste informazio mota bat bilatzen du. Zuzenagoa, subjetiboa, erreferentziak emango dizkiona, ikuspuntua nabarmenduz, ertzak estimatzen ditu gure irakurleak.
    Irakurleen iritzia jasotzea ere ez da erraza. Aukera ematen diogun arren, beti ez da lortzen, baina hori bai, lortutakoan eskertzen da hori ere.
    Euskarazko blogosferak, gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta hori da erakargarriena. Apurka apurka, ikusmolde ezberdinetako guneak ditugu gurean. Informazio orokorra, kulturaren inguruko ekimenak, gai teknologikoak lantzen dituzten blogak, partehartzeko aukerak, ideologiaz mintzatzeko gunetxoak… denetarik daukagu. Apurka apurka, sare handiago da gurea.

    Tresnak ere, gero eta gehiago ditugu. Gero eta eskurago. Eta tresna bakoitzaren inguruan ere, komunitateak sortzen dira. Komunitateek irakurleak sortzen dituzte… eta komunikazioa lantzen da horrela. Joan, etorri, geratu, erantzun, sortu… badakizue.

    Esan beharrik ez dago, baina mila esker, berbok irakurtzeko ahalegina egiten duzuon guztioi.

  • info 7

    Hala Bedi irratiak 25 urte

    info7 irratiaAste honetan Euskal Herriko irrati libreetan aitzindaria den Hala Bedi izan dugu hizpide gure Talaiatik. 25 urte beteko ditu Gasteizen sortutako irrati libreak.
    Egun 100 lagun inguru ari da astero irrati emankizunak egiten Gasteizko estudiotik. Astero batzartzen da asanblada, eta erabaki guztiak asanblada bidez harten dituen komunikabide aktibo eta partehartzailea da Hala Bedi.

    halabediBeti izan dugu harremana Gasteizkoekin, gure emankizunak astero botatzen dituzte beraiek ere, eta elkarlan ekimenetarako beti prest egon dira. 2008. urte hau beraien urtea izango delakoan, urte hasiera honetako kronika eskaini gura izan diegu.

    Egun, FM bidez Araba osoan entzun daiteke, Nafarroako Sakanan eta Bilbo aldean goizero (Tas Tas irrati librearekin batera). Interneten ere badira sei zazpi urte emititzen dutela. Beraz zorionak Hala Bedi.

    Kronika entzun gura baduzu: [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/01/20080115_231.mp3]

  • teknologia berriak

    Mac book Air aurkeztu berri digute

    Appleberri.com gunea sekulako lana egiten ari da, Keynote hori zuzenean eskaintzen. Euskaraz, eta minutuz minutu, mundu mailako informazioa damaigute. Interesgarri eta di da batean guztia.

    Eta Steve Jobs delakoak, bere ordenadore berria erakutsi du, sobre batetik atera ostean. Macbook Air.
    Itxura hau dauka ordenadoreak:

    Bitxia da, eta dagoeneko salgai jarri dute beraien store hoietako batean.

  • pasahitza

    Maletillen matxinada sagardotegian

    Larunbat gauez Lizeaga sagardotegian. Maletillen matxinada. Izen handiak: Egaña, Paya, Silveira eta Lujanbio. Eta beste ziento erdi baino gehiago maletilla. Maletillak dira, aurreko Gipuzkoako bertsolari txapelketaren karietara, GARAk asmatutako bertso jokoan aritu diren bertsozaleak. 300dik gora izan ziren partehartzaileak, eta batzuk saria ere jaso zuten.
    adi adi begira! maletillen bertso afaria sagardotegian

    Urteko lehen txotx gaua izango zen gutako gehienontzat. Sagardo berria genuen frogatzeko. Eta afariari ekin aurretik, kupel pare bat edo probatuko genituen. Menua betikoa. Makallo tortilla, makalloa piperrakaz, txuleta ezin gozoago batzuk, intxaurrak, gazta eta bestelako gozo batzuk. Baina ororen buru sagardoa. Gozoa, suabea aurtengoa Lizeagan.

    Eta orduek aurrera egin arren, inor ez zen bertsotan hasten. Eta halako batean, Egañak Iurretako Eneko Abasolo “Abarkas” bertsolariagaz hasi zen bertsotan. Hara hurbildu zen gero Xabi Paya. Zarauzko bertsolari gazte bat gonbidatu zuen Egañak. Inguruan zen Silveira ere, eta urrunago Maialen Lujanbio.
    Zaharrak berri

    Eta maletillak hasi ziren gero. Ioritz azpeitiarra izan zen lehenengoa. Azpeitiako zezenplazan dotore aritutakoa Ioritz. Txukun hasi zen Lizeagan bertsotan. Egaña bera ikaratzeko beste.
    Egañaren gazta Ioritz, maletilla aitzindaria

    Sagardoaren bila joan etorri batzuk. Eta jaiak jarraitzen zuen. Lehenengo hemen, eta gero harago. Ez zen geldi egoteko gaua izan. Silveirak batetik, Egañak asko, Maialenek batzuetan, eta Payak ahal zuen guztietan. Neurri ezberdinetan aritu ziren. Gai jartzaile barik, librean.

    Maletillen maila
    Eta apurka apurka bertsozaleak, tabernako bertsolariak, hasiberriak eta bertso eskoletatik hurbildutakoak gehitzen hasi ziren. Sagardotegi gaua. Giroa eta bertsoa, dena bat. Maletillak bertso gosez joan ziren, egiteko gogoz. Eta izan zuten aukera ederra. Hainbatek kantatu zuen, gogotsu. Eta bertsolariak harritzeko beste kantatu zuenik ere izan zen. Plazaz plazan asko dabiltzan lau bertsolari ziren han, baina maletilla bat baino gehiago ez zuten ezagutu ere egiten. Beste batzuk bai, bertso eskoletatik eta.

    Ariketa polit bat ere proposatu zuen Bertsozale elkarteko Asier Ibaibarriagak -Maletillen jokoan epaile izan denak-. Bertsolari bakoitzak puntuak jarriko zizkion maletilla bati. 5 puntu behar zutenak, asko izan ziren gero. Mordoa. Eta maletillek ondo eutsi zioten erronkari. Oso ondo. Eta txalo zaparrada luzeak joan ziren han.

    Gauak aurrera, sagardo kupelek apurka apurka behera eta giroa gora, zelan ez. Ni neu, goizaldeko 3etan abiatu nintzen etxerantz, sagardotegiko giro ederretik. Bertan utzi nituen lagun batzuk, eta ez dakit bertso gehiago izan zen edo ez… baina gaur, egunkaria erostean GARAko zuzendariak idatzitako kronika aurkitu dut, argazki eta guzti.

    Silveira, Egaña, Paya eta Lujanbio bertsolariak maletillei so

    argazkiak: patxi gaztelumendi cc lizentzia

  • agit/prop

    No time for love

    Maite zaituztegu esateagatik justizia gainean duzunean, seinale ona ez. Maitasuna baina, ezin kartzeleratu daiteke. Ez da ziega batean, justizia jauregi batean edo epaitegi batean sartzen ahal.

    Astea atxiloketa batzuen berriarekin hasi genuen gaur zortzi. Arrasaten bi lesakar. Medikuen txostena ukan genuen astelehenean. GARAren gune elektronikotik mundura egin zuen medikuaren agiriak. Igor Portu ospitalean zen, Mattin Sarasola guardia zibilen esku oraindik.

    Eta asteak luze irauten du pikoloen eskuetan. Inkomunikazioa. Tortura. Iluntasunari lotzen dizkiogun terminioak dira. Kolpeak, presioa, mina. Eta bitartean bertsio ofizialak aldatuz doan Barne ministroa. Barre ministroa esango genioke, barre egiteko gogorik izan ezkero. Negargarri, berriz ere.

    Komunikazioaren gerra ekarri du inkomunikazioak. Bertsio ofizialak eta mediku txostena aurrez aurre. Ministro bat, Estatu oso bat, herri txiki baten kontra. Senitartekoak, Lesakako lagunak, errepresioaren kontra diren guztiak… Internet baliatu zuten besteak beste, mezuak igorri eta hedatzeko. Tortura latzak. Testigantza berriak.

    Lekuko baten bertsioa ere jakin genuen, astea bukatu aitzin. Eta Igor Portu eta Mattin Sarasolaren testigantzak gero, epaileen aitzinean. Hiruen adierazpenek bat egiten dute, inkomunikazioaren mugak gaindituz. Hori ulertu ezinik jarraituko du beharbada, espetxera igorri dituen Marlaska epaile bilbotarrak. Gu ere ezin konprenituta gaude. Nola tratatu dituzten Lesakako bi gazteak. Baina dagoeneko hasi gara ulertzen Espainiako demokrazia. Lege antiterrorista defendatzen duen gure demokrazia.

    Ez dago denborarik maitasunarentzat. No time for love. Herri zahar hau berritzerik ez dago. Erlojuaren orratzak gure kontra doaz. Unez une. Irlanda zuen aipatzen Hertzainaken kantuak. Ez dute uzten maitatzen gauean…

    No time for love

    [audio:http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/wp-content/uploads/2008/01/no-time-for-love.mp3]


    Hoien legea guretzat apartheid,
    gartzela, ihesa, hauspena ta isiltzea

    hoien legea,
    zu ta ni heuren gisara eukitzea
    gordeak dituzu arma ta izpien
    kontrako altzeiru atzean
    eta gu negar gasen mende gaudenok
    oker omen gaude

    Ez dute uzten maitatzen gauean

    Tortura sufritzen, zeldatan usteltzen,
    gutunak idazten eta bertan hil
    eutsi zioten minari baina
    bakardadeak irentsi
    gorteek justizia egin zieten
    matoi txukunen gisan
    maiz borrokatuak iraun gogoz
    baina maizago hiltzea nahi

    Ez dute uzten maitatzen gauean
    ez agurrik ez negarrik gauean
    ez zergatik ez norarik gabe
    sirenotsa garraixi bakarra gauean.

    Eraman zuten Francis Hughes gaztea
    baita haren lengusu Tom McElwee ere
    etorri ziren Patsy Ohara,
    Bobby Sands ta lagunen bila
    Bostonen, Chicagon, Saigonen;
    Santiagon, Varsovian,
    Gasteizen eta Belfasten
    eta beste hainbat lekutan
    hau zerrenda amaigabea

    Zatozte anaiei borrokan
    lagundu nahi duten guztiak
    gerrara ohitu zintezke
    baina gerra egon badago
    arrainak itsasoa behar du ta
    herriak zu behar zaitu
    gure gogoak iraun artian
    ez da beldurra nagusituko.

    Ez dute uzten maitatzen gauean
    ez agurrik ez negarrik gauean
    ez zergatik ez norarik gabe
    sirenotsa garraixi bakarra gauean.
    Sirena garraixi bakarra gauean.
    Hertzainak

  • gaztelumendi.eus

    Ez dago geldi egoterik

    Zertarako idazten dugu?

    Zer adierazten dute gure letrek?

    Zer diote gure hitzek?

    Ez dago geldi egoterik, ez horixe…

    ez dagoela geldi egoterik

    Eta hitzen mugimenduak hori du, berba jarioa, oihua…

    letra tipoa, hizkien tamainua…. horrela sortzen da mugimendua.

    tipoa letraz jantzia, hitzen mugimendua…. letrak oinez, ezin lotu

    Ikusgarri, irakurri ezingo dituzun adierazpenak

    Audiolab blogean ikusitako irudiak, zer idatzia eman dit. eskerrik asko. eta letrak mugitzen hasten direnean…. hitzen matxinada datorren seinale. presta zaitezte.