• larrabetzutik

    izarrik ametsetan

    Sasoi hau, uztailak 31 eta inguruko zapatua flipatzekoa izaten da gure herrian. Hori Bai gaztetxeak urtero antolatzen du Gazte Eguna.

    Aurten be, eta hogeitaka urteak dira jadanik, musika, herri giroa, kontzertua, bazkaria, olinpiadak… bizirik dagoen herria eta ondo antolatuta dagoen gazteriaren egunak dira.
    izarrik ametsetan diote gaztetxekoek, eta ikusten da bai, ametsak betetzen ari direla, gauzatzen… gaztetxeen proiektua egonkortu egin direla Euskal Herrri osoan.
    Errepresio antzuak, gurean bezala kanpoan be, ez ditu bere emaitzak lortu.
    izarrik ametsetan, eta horrenbeste urte lotu barik, zutunik. Aurrera hori bai, larrabetzuko gaztetxea. ametsa gauzatzearren, danon artean, mutil eta neska, nagusi, gazte, heldu, ume… herriko sorkuntzaren aterpe.

  • musika

    deabruak Inkernu_an

    deabruak teilatuetan

    Astegun buruzuri bat, oporren atarian, deabruak tabernan, zintzoak garagardoa eskuetan. deabruak eskenatokian, deabruak teilatuetan, Inkertu tabernan. Eskoriatzan. Eskohitzan.
    Garai bateko lau gazte, gaurko musikariak. 1973 diote, ordukoak direla, ardoa bezala. Rocka dute hizpide. Kantuak.

    Tabernan jende dexente batu da, musika aitzaki. Garagardoak eskuetan eta dantza gutxi. Inkernu_an ez da dantzarik. Zeru_an beharbada.
    Kontzertu ona, zuzena, gertukoa, indartsua, gogoz aritu dira tolosarrak. Indarra darie kantuei, tentuz ikasi dute, jo eta jo. Eskenatoki handietan baino atseginago txikietan, zuzenago taberna zuloan.

    Rockanrolla maite baduzu, hardcore ikutuak eta zuzeneko emankizunak… hurbildu zaitez. Ari dira deabruak jotzen, hemen eta han… eta tarte bat duten bakoitzean, furgonetan kilometro batzuk egin eta jotzeko irrikaz izaten dira.

    Lagun zaharrak ikusi, berriak egin, hizketan hasi… eta gauak harrapatu gaitu, rockanrollak bezala. horrelakoa da bizitza, infernuetan.

  • agit/prop

    Ino libre

    Bulegoan sartu, eta irratia piztu dena bat. Ordenadorea abiatzen. Arratsaldeko lauretako albistegia Euskadi Irratia. Informatiboak esaten zuena ezin sinetsi nuen.
    Bulegorako bidean, margoketa erraldoia ikusten dut egunero. Eta, benetan diotsuet, Ino ateratzen denean margoketa horrekin zer egin beharko litzatekeen pentsatzen egon naiz.
    -Ez da posible! halakorik.

    Albiste ona dudarik gabe. Laurak, bostak, seirak, zazpirak, zortzirak…. Bederatziak igaro direnean kaleratu omen da. Sms bat jaso dut Soto del Realetik, kanpotik. Ordurako etxera bidean ziren zinegotzi, lagun eta Ino Galparsoro.

    Orduak erraz joan dira gero. Minutu etengabeak. Kazetariek kontatu dute herri mailan, albistegiak ireki ditu Euskal Herriko eta Espainiako komunikabideetan. Jendearen bihotz taupadak azkartu dira. Besarkada estuak. Hitz gozoak.

    Ino libre

    Albiste ona. Albiste on bat. Ez da gutxi.

    Arrasatek aspaldi honetan zer bizi izan duen, hangoek bakarrik dakite. Aurrera bolie!  Merezi duzuen alkatea daukazue, benetan. Inok herri zoragarria duela aitortu du plazan bertan, jendeaurrean.

    Goizaldeko laurak. Autoa hartu eta irratia piztu. Dena bat. Albistegia hasi dute. Kontatu behar duten guzti hori badakigu. Gainera leherketa txiki bat izan omen da Andaluziako kostaldean, krisiaz berba egin du ekonomia ministroren batek, Errealak marokoar bat fitxatu du. Etxera bidean noa. Pozik. Jornada laborala ez dakit, baina egun itzela izan da gaurkoa. Ez daukat astelehenik.

    Eta gaur, berriz, irakurri eta idazteari ekin diot.

    Albistea Goiena.net eta Mondraberri Arrasateko herri komunikabideetan.
    Kontakizuna aurrerabolie.org gunean
    Wikipedia entziklopedia librean dagoeneko eguneratu dute Inori buruzko sarrera, txapo!
    Iban Arantzabal adiskidearen post-a.

  • hurrengo geltokia

    XXI. mendeko despidoak

    Bulego batera deituko zaituzte, ez dago gaiordenik, eta hitzak ohikoak dira. Neurtuak, sofistikatuak, korrektoak. Urteko plangintza aipatuko dizu parean dagoenak. Ez da gehiago. Gaitasunak ere mugatuak ditu, baina erabaki gunea kudeatzen du.

    Parean dagoena ez da konturatzen patroiarekin ari denik. Gizarte erakunde bat izango da, edo lukru animorik gabeko elkarte bat, edo euskalgintzako erakunde bat, edo subentzioak jasotzen dituen enpresa bat… kontua da hilero, eta urtero zenbakiak nagusitzen direla. Eta egokitu egin behar dira aurrekontuak. Eta kalitate zigiluak eskuratu beharra dagoela, eta marketing apur bat, eta itxura gehiago.

    Batzarra aurrera doan arren, ez diozu usain txarrik hartuko. Bilera bat. Plangintza aurkezpen bat.

    Ohi baino motelago datoz ordea berbak. Neurtuago agian. Pozoirik gabeko geziak?

    XXI. mendeko despido neoliberalak

    XXI. mendean gaude. Zerbitzuen aroan. Informazioa eta jakintzaren gizartean. Ez dago despidorik. Kontraturik gabeko garaia bizi dugu, kolaborazioa da oro. Asko aurrezten da kontratu barik. Harremanak arindu egiten dira mundu globalizatu honetan. Behar zaituztenean hor zaude, sarearen beste aldean.

    Ez dago zure zerbitzuen beharrik. Makina batek egin dezake zuk egiten duzuna. Software egokia topatu dutelakoan daude. rage against the machine. Konturatu zara egoeraren ondorioetaz, jabetu zara erabakiaren oihartzunaz. Baina ez dago despidorik. Ez dago plastikorik margotu beharrik pankarta eskegitzeko. Ez dago patroirik. Ez da langile despediturik. XXI. mendea. Informazioaren gizartea. Dena txukun. Dena ondo. Dena Q. Kalitatea, aizu. Ez dago mobilizaziorik, eta soka eskegirik, are gutxiago barrikadarik… sutan zu bakarrik zaude. Agian zure errua izan da. Agian ez duzu zerbait ondo egin, edo ez zaie zure lan egiteko modua gustatzen, edo beste bat dute begiko. Edo gazteagoak behar dituzte. Edo bekadun bat jarriko dute zure lekuan.

    XXI. mendea. Gure mundua. Globalizazioa eta neoliberalismo izkutua. Basatia. Hemen. Urteroko laguntza pegata, kamiseta eta euskararen aldeko jaietan eskatzen duten erakunde eta mugimenduetan. Horrelakoa da bizitza. Neoliberalismoaren olatuak harrapatu zaitu, eta surf taula etxean ahantzi duzu.

    Agur esan diezu lankide ohiei. Agur eta ez dakizu noiz arte, agian atea jo eta gurutzatu beharko duzu berriz ere, burumakur, zure zerbitzuen berri behar dutela ebazten dutenean. Beste plan estrategiko bat. Beste urrats bat. Makina izorratu da, edo software hori eguneratzeko bi esku eta buru bat behar dutenean.

  • teknologia berriak

    Ikusten gaituzte?

    Euskararen ikusgarritasuna sarean. Euskarazko blogariak batuko ei gara bariku honetan BBEC-en -basque bloggers exhibition centre- Barakaldon.

    BBEC basque bloggers exhibition centreGaiak arreta piztu dezake gure artean, baina gertatu daiteke, BECen bertan ere gureak oihartzun handiegirik ez izatea, programan egotea adibidez euskalduna ez den baten bati zor zaio, baina kontua da euskaraz ari garenok gogoeta egin behar dugula.

    Blogosfera sortu zela badira urte batzuk, eta orain blogosferak eurak dira ezbaian daudenak. Euskaraz ari garenok ere, sortu ditugu tresna berri batzuk, eta erabilgarriagoa zaigu guzti hau, ulergarriagoa, zabalagoa, irekiagoa…. baina gehiago edo gutxiago garen albo batera utzita, ikusten al gaituzte gure auzokideek? gure mezuek on egiten dute oihartzuna?

    Euskarazko Internet zelan dagoen aztertzen pasa baino, aurrera begira nondik jo asmatu dezakegu. Joera nagusiak zelan islatuko diren gure inguruan, zelan harrapatuko ditugun olatu berriak, urak aurretik eraman baino lehen.

    Proiektu sano interesgarriak daude inguruan. Sortuko dira barriak, baina oroz gainetik galdera bat. Ikusten gaituzte? Entzuten al da gure ahotsa?

  • gaztelumendi.eus

    Isil isilik…

    Ez dakit Ibarretxe minitreguaz jakitun dagoen, baina maiz deskantsatzea baino, atseden hartzea baino gauza hoberik ez dago. Baina ni ez naiz nekatu, ez horixe.

    Beste batzutan, indarra hartzeko beta komeni izaten da.

    Lantzean behin, gogoetak be egin behar izaten dira.

    Askotan ez dago aitzakiarik, gogoa falta, denbora eskas, zeregin garrantzitsuagoak

    Kontua da, isilik eduki dudala ahoa, mutu bihotza, geldi eskuak, lotuta adierazteko gogoa… eta denetarik idazteko, kontatzeko, azaltzeko gaiak izan dira bazterrotan.

    Ez da uda kontuengatik izan, baina eguraldiak ere izango zuen zerikusirik… besteen blogak irakurri eta konturatu naiz gauza interesgarri gutxi sortzen dugula euskaraz… eta horrek be eman dit zer pentsatua.

    Asteburuan baina, irakurleak omen diren askorekin egin dut topo… eta zelan Firefox hiruarekin geratu naizen ohartarazi didate… eta animatu. Eta nik, zer esan, irakurleak galdu? Holangoak?

    Animatu naiz, apurka apurka… eta gai zaparrada daukat alboan. Zer idatzi ugari gordeta. Zertaz jardun badago…. eta pitike pitike eguneratzen joango naz. Egunean jartzen. Uda be, ez da sasoi txarra blogari ekiteko.

    Apurka apurka, bai? eskerrik asko.

    blogari ekiteko ordua heldu delako