• ikusi eta ikasi,  musika

    Musika gehiago, urtea amaitzeko | Audience

    Urtero sasoi honetan, kantu eta disko barriak, poltsiko hustuak eta belarriak handituta; musikaren aroa, liburu barrien sasoia da udagoiena. Kontzertuak, liburu aurkezpenak… danerako aukera daukagu.

    Tartean, talde ezagunen disko zerrenda potolotzen dute, baina barririk ez dala sortzen ematen du. Ez dela sorkuntzarik… baina egon badago, gurean ere bada underground soinurik… estoldetatik haratago.

    Ikusi eta ikasi
    Gaurko, bideo bat ekarri dizuet. Izugarri gustatzen zaidan taldea da Audience. Lehenengo diskotik jarraitzen ditut, baina azken biak bereziak dira. Americana kutsu bat hartu dute, garbitasun bat, sustraietara jotzeko gogo bat somatzen zaie. Gernikarrak dira, oso hurbilekoak…. gertuko sentitzen diren hoietakoak. Berdin ikusi ditzakezu Anariren kontzertu batean entzule bezala, edo Gernikako Trinketen kontzertua antolatzen. Jo berriz, hemen eta han egin dute. Gehiago han hemen baino.

    Bideoa izugarri polita da, duda barik. Profesionala. Euskal Herrian eginda dagoela erraz somatzen da, baina ez da ohiko euskal bideoklipa, inondik inora.

    AUDIENCE “WIDE MAN” from Hannot Mintegia on Vimeo.

    Azken diskoa BideHuts disketxe/plataforman plazaratu dute. Eskuratzeko moduko musika opari bat.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  musika

    Ez dute uzten maitatzen gauean #notimeforlove

    Albisteek esnatzen zaituztenean, edo areago… atean kolpe hotsak itzartzea…. zer eta diren kolore guztietako polizia guztiak… etxez etxe ari direnean.
    100 etxetara joan dira. Gazteen lokalak, elkarteak, tabernak, txokoak…. dena da zilegi, independentziaren kontra bada.

    Eta bertsio ofizialak…. horretarako daude, lau haizetara zabaltzeko txakurren zaunkadak. Lumadun txakurrak esaten badiezu, haserretu egiten zaizkizu gainera. Zer dira ba?
    Bart, El Correok eta Vocento taldeko egunkariek argitaratu dute albistea, ohetik jaiki eta ziento erdi atxilotzen saiatu dira.

    Gauez, egunsentian beldurra eta amorrua zen nagusi gazteen artean ere. Razzia egin dute, Hego Euskal Herri osoan.. zu bai, zu ere bai, zu agian bai…
    Asteon, herriko gazte bati abisua eman diote guardia zibilek, Lezaman izandako kontrol polizial batean.

    Eta larunbatean gurekin dantzan zegoen tabernaria, atxilotu dute orain. Haritz eroan dute, gauez, beldurra eraginez…
    #no time for love esaten dugu, ozen… kantatzen dugu, eta zer ez den gertatzen ariko orduotan guztietan…

    GARA.net
    Gaztesarea.Info
    Ezkerabertzalea.info
    Berria.info
    sustatu.com

  • musika

    Japonen ere GOSE dira

    6053 in japan

    Jateko modukoa dago beraien hirugarren disko gorria. Baltza lehenengo, zuria gero… eta gorria atara zaie azkena. Ardoa izan zitekeen, baina musika da. Jangarria hau. Eta esportatzeko modukoa. Innobasque bezalakoek, hobe lukete beraien korbatak eta berbajarioa eten, eta berrikuntza zer den, zuzenekoetan dastatzea.

    Mikel Clemente errealizadoreak, Japoneko kontzertuekin bideo interesgarri hau egin du. Sarean dago, eta dantzan jartzeko modukoa da.
    Datozen egunotan GOSEkoak Katalunian, Galizian, Euskal Herrian izango ditugu. Lehenago egonak dira Kurdistan aldetik ere… beraz, une honetan Euskal Herrian dagoen talde internazionalenetakoa da arrasatear hirukotea.

  • agit/prop

    Pediatra eta kazetaria

    Urteak joan dira, baina memoriak oraindik ez digu hutsik egiten. Ez da gitxi.
    Duela 25 urte, pianoaren aurrean zegoen Teresa irakaslea gogoratzen dut. Solfeoko 4. maila egiten nengoen, Galdakaon. Berak eman zigun albistea. Eta pianoaren hotsak gogoan ditut, ez ziren ordurartekoak. Beste musika bat zen. Pianoaren teklak zelan dardar egiten zuten, gogoan dut. Ez daukat ahazteko.

    Egia esan, gaztetxoa nintzen arren, Santi nor zen banekien. Ezagutzen nuelako zeozelan. Herrian egona zen, amak berba egin izan zidan berataz. Sukaldaria ama, eta herri bazkari ugari egindakoa. Berak be gogoratzen du zelan behin, mahaitik altxatu eta sukaldera hurbildu zela politikarien liderra zena. Zoriondu egin zuen bazkari hura prestatu zuen andrea. Eta gogoan dut, zelan kontatzen zuen hori amak Santiri buruz. Detaile txikia da, baina oso iraultzailea, bere apalean. Herriko politikariek bazkaltzen jarraitu zuten. Eta piano haren notak datoz berriro ere. Dardara. Eta geroko guztia.

    5 urte beranduago, beste ikastetxe batean nengoen. Beste maila baten. Ordurako militantzia politikoan, ikastolatik pasata eta bestelako ikasketetan. Helduago zelanbait.
    Klasera joateko, aitak esnatu ninduen. Goizero bezala. Eta, “Muguruza hil jeurek” bota zuen argia izetuagaz bat. Eta Muguruza? Egia esan, kantaria etorri zitzaidan lehenengo eta bat burura. Eta gero egin erosiko nuen herriko estankoan, eta hurrengo astean Punto y Hora eta… oraindik bere biografia osoa gogoan dut. Ezagutuko banu bezala mintza naiteke Errekalden jaio, sortu eta hazitako euskaltzaleaz. Ez da posible, ezin liteke kantatuko nukeen agian, Ruperren doinuak baino, gurago nituen arren rockaren garrasiak. Eta ordurarte maiz irakurritako J. Iratzar eta Zohardiari irudia jarri nien gero. Eta mahai nazionala, eta Alcala hotela, eta hau eta beste guratzatzen zaizkit memorian. 20 urte joan diren arren. Punto y Hora hoiek ditut orain eskuartean. Zita bat dira guretzat. Lekua eta ordua. Oroimena.

    Pediatra bat, eta Euskal Herria osagai. Kazetari bat, eta askatasuna idazteko dago. Beste aldean aldiz boterea, gobernua, PSOE, Gonzalez, Rubalcaba, Amedo, Ynestrillas…. memoria, ez da galdu behar.

    Errekalde eta Lekeitio, Bilbo eta Larrabetzu. Hara hona ibili gara urte hauetan guztietan. Euren asmoak gauzatzeko eskatuz, bideratzeko lan eginez. Eta badirudi, badatorrela asmo berri bat, gogo bat gauzak aldatzeko, lortzeko… osatzeko, sortzeko.

    Gaur Bilbon eta domekan Lekeition. Bidenabar, Edurnek aitatutako taberna hori ezagutu beharko dut. Santi Brouard, Mikel Laboa eta Che Gebara ageri diren taberna hori. Zerk batzen ditu bat hirurak?

  • larrabetzutik,  pasahitza

    Norena da bertsoa?

    Bergarako saioa izango dogu akorduan tarte batean. Maialenen bakarkako bertsoak, Mikel Laboaren doinuak, argia joan zenekoak, eta guk horrek bertso galduok grabatu eta zabaldu izana.
    Grabatu, gorde eta zabaldu. Artxibatu eta eskura jarri. Hori da guretzat Internet, holan ulertzen dugu, eta horrela azaltzen saiatu gara.

    larrabetzu.org komunitateko blogerako grabatu genituen bertsoak, Euskal Herri osoan entzun dira. Irratietan, Hitzetik Hultzera saio berrian, edota BTN09puntuKAM programa berrian. Bertsoon gainean gogoeta egin gura izan dugu gainera. Eta ez dakit lortu ete dugun. Saiatu, saiatu gara behintzat.

    Hau da bart, ETB3an puntuKAM delako saio berrian Bergara eta Gasteizko saioen ostean eskaini duten saioa. Ez da ohiko saioa, ezberdina da, eta gustatu zait erreportaiak lantzeko modua. Badago ahalegin bat horren atzean.

    BTN09puntuKAMHitzetik Hultzera
    ARGIA.com eta Infozazpi irratiaren artean ere Hitzetik Hultzera izeneko webTV saio berri eta orijinal bat egin dute. Niri egia esan, oso hernaniarra egin zait kontua.  Bertsoaren ikuskera berezia dute han. Eta gu, hemen gaudenez, ezin ondo harrapatu beraien asmo hori. Umorea esango diote gero…. batzuei orijinala. Niri retro. Baina garrantzitsuena, egin dutela da. Hagin Rezola eta Estitxu Eizagirre, nor baino nor, sobremesa ederra eginez. On dagizuela.

  • ikusi eta ikasi

    independentzia edo asperdura

    Ikerketa bat egin du Aztiker ikerketa taldeak Gipuzkoako diputazioaren enkarguz. Gazteen kezkak bildu dituzte txosten soziologiko batean.
    Prentsaren aurrean aurkeztu dute, eta prentsak guri.
    Titularrak:
    Berria
    Berria
    Independentziaren alde bozkatuko lukete Gipuzkoako gazteen ia erdiek
    Gipuzkoako gazteen eta politikaren arteko harremana ikertu du Aztikerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.
    Euskal Herrian, «indarkeriaz harago, arazo politiko bat dago», gehienen ustetan
    Diario Vasco
    Diario Vasco
    La política aburre a los jóvenes
    Un estudio de la Diputación de Gipuzkoa pone de relieve la desconfianza y el escaso interés de las nuevas generaciones hacia los gobernantes. Sólo el 10% ve legítimo el uso de la violencia en ciertas circunstancias.

    Ondorioak:

    • Txosten bera irakurri dute?
    • Zer dute buruan bada, Gipuzkoako gazteek?
    • Zer pentsatua ematen du, titularren irakurketa hutsak.
    • Kazetaritza, pentsatuko duzue… horrela gabiltza.

    Gipuzkoa.net webgunean hainbat pdf daude hau guztiau azalten dutenak. Grafikoak, inkestaren laginak, emaitzak, irakurketa….

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Itsasoaren alaba dokumentala gurean

    Josu Martinez, Txaber Larreategik eta Ibai Castrok grabatu, idatzi eta ekoiztutako Txapela eta bere alabari buruzko Itsasoaren alaba dokumentala gurean be ikusi ahal izango dugu.
    Zinemaldian ere sekulako arrakasta izan zuen filmeak, areto txiki, gaztetxe eta kultur etxe ezberdinetatik ere egin du bidea. Larrabetzun, eguazten honetan iluntzeko 8etan izango da Anguleri kultur etxean.
    itsasoaren alaba proiekzioa Larrabetzun
    Mikel Goikoetxea Txapela ingurukoa izanez, herriko askok eta askok beragaz ikasi, eta harremana be izan zuten. Gazterik alde egin zuen Ipar Euskal Herrira, baina askoren gogoan dago oraindik be.
    Josu Martinezen lana interesantea da gainera, Txapelaren alaba Haizeren begitik, dago grabatua. Alabari haren lagunek kontatzen diote zelakoa zen bere aita. Amak, burkideek, ezagunek… eta alabak ezagutu ez zuen aitaren memoria berreskuratu du dokumentalarekin batera. Txapela GALek hil zuen Donibane Lohitzunen, duela 25 urte.

    Itsasoaren alaba filmearen emanaldia Aretxabala elkarteak 20 urteurrenaren karietara antolatu du.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  pasahitza,  teknologia berriak

    Bertso txapelketarik ez dago sarean

    #btn09 etiketa on bat izan zitekeen, baina ez da askorik ageri inon.
    Sare sozialen garaiotan, bertsoak ondo hartu zezakeen olatu hau, baina keba! Ez gabiltza/dabiltza asmatzen, inondik inora.
    Txapelketak nahikoa du, aretoak bete eta areto handiagoak bilatzearekin antza…

    Argazkiak.org | bertsolari txapelketa © cc-by-sa: gaztelumendi

    Txapelketa hutsa

    Bertsozaletasuna hedatzen eta indartzen
    ari den honetan, webgune ia estatiko bat sortzearekin dena egin dugula pentsatzen badugu, jai daukagu!
    Txapelketatik txapelketera berrikuntzak izaten dira, jendartean bezala, teknologietan be. Bertsoaren munduak, hoietako asko harrapatzen jakiten du, inbertsioa egiten du… teknologia berrien inguruan dabilen jendeak ere aukera izaten du bertsogintzarekin aurrerapenok uztartzeko.

    sare sozialak bertsogintzan
    Baina aurtengoan txasko handia hartu dut. Pentsatzen nuen, twitter txapelketa bat izango zela, sare sozialetan aipamen hutsa baino zeozertxo gehiago egingo zela… baina poto! beti gauza berdinak errepikatzen ari gara, ez gara gai horrelako ekimen erraldoietan, irudimen apur bat gehiago jartzeko, eta sarea bertsoaren gune natural bilakatzeko.

    edukien sozializazioaz, bi puntu
    Zer esan hedabide eta sareko tresnen gainean? Telebista eta irratiz jarraitu daiteke txapelketa, tarteka. Info7 zuzenean ari da saioz saio, Euskadi Irratiak saio bereziak egiten ditu domeketan, ETBk bere Hitzetik Hortzera dauka. Baina adibidez, domekako Gasteizko saioa entzun gura baduzu, non dago?

    • Non daude aurreko saioetako bertsorik onenak?
    • Saioak osorik entzuterik bai?

    Sareak horretarako behar du izan. Artxibo digital erraldoia batetik, unean uneko aukerak bestetik. Uztartu beharra dago. Atzera begira bezala, aurrera begira. Unean unekoa. Artxibo bezala, gordailutzat dute batzuk sarea. Momentuko tresna besteek. Propagandarako lanabes. Nik uste funtzio guztiak bete ditzakela, baina horretarako planteamendu komunikatibo zehatza behar du, eta ematen du une honetan ez duela. Eta akats larria, larriegia iruditzen zait.

    Sarean egote hutsa ez da nahikoa. Baina lau urtean behin egiten den horrelako ekimen batek, kulturgintzarako ere eredu behar luke, ez soilik sarrerak modu digitalean saltzeko ahaleginaren gainean, baizik eta bertsoaren funtsa lantzeko moduan ere. Bertsoa bizitzeko aukera berriak eskaintzen baitizkigu Internetek.

    Norena da bertsoa?

    Azkenik anekdotatxo bat. Jakingo dozue agian, baina Bergarako saioan une batez argia joan zen. Bertsolariek bere jardunean jarraitu zuten. Entzulegoak ondo erantzun zuen. Ozen abestu, isil isilik entzun. Giroa sekulakoa izan zen, errepikaezina. Telebistak off, mikrofonak huts, aparagailu elektriko guztiak itzalita. Une hori, haizeak eroan behar zuen. Bertso itzelak  izan ziren gainera.
    larrabetzu.org egiten dugunok, han geunden. Gure bertsozaletasuna bermatzen, jarraitzen, grabatzen, gozatzen… une hori ere historikoa izan zen. Guk, elkarteak baliatzen duen mahaitik barik, eskenatokian bertan jarrita geneukan gure mp3 grabagailu txikia. Bere bateriatxoarekin, pilekin… 12 bat orduko autonomiagaz. Bertsoak osorik eta txukun txukun grabatu zituen.
    Jon Martin eta Maialen Lujanbio zortziko txikian
    [audio:http://larrabetzu.org/bloga/audio/btn09/bergara/bergara_lujanbio_martin.mp3]

    Gure copyleft pentsakera eta jarrerak, saioa bukatu eta atoan Bertsozale elkarteko lagunengana eroan gintuen. Xenpelar dokumentazio zentruari eskainiaz grabazioa. Bere horretan, asko eskertu zuten. Gu ere pozik. Deusen truk. Musutruk. Bertsoa norena da? Kantatu duenarena? Elkartearena? Grabatu duenarena…. guk uste, bertsozale, kulturzale eta euskaldun guztiona dela, ezta?

    Biharamunean bertsook jarri zituzten Euskadi Irratian adibidez, baina aipamenik ez. Ez dute copyleft ulertu, ulertzen, ulertuko….. baina guk ere hobeto azaldu beharko diegu.

  • agit/prop

    Euskal arrantzaleen biziaren alde, negoziazioa #alakrana

    Euskal arrantzaleen alde, bizkor mugitzen hasi da gure sarea.
    Hackin badakigu taldeko lagunek sustatuta, hainbat ekimen ari gara jartzen abian, sarean bertan.
    Bermeotarrak, euskal kostaldeko bizilagunak… kezkatuta agertu dira, azken orduetan gertakariek hartu duten dimentsioarekin.

    Argazkiak.org | Alakrana askatu! ceibe! libre! © cc-by-sa: gaztelumendi

    Somaliako egoerak Madrilen izan duen kudeaketa eskasak, negoziaziorako erakutsitako maila txarrak, eta itsasoan atxilotutakoei emandako tratu eta zigorrak…. dena azaltzen du.

    Somaliarrek bere piezak mugitu dituzte, eta orain eskuak burura bota ditugu guztiok.
    gurearrantzaleakaskatu.org ekimena sortu da batetik, egoeraren berri une oro eskaini, eta ekintzak antolatu eta kordinatzeko.
    Twitter sarean #alakrana etiketa mugitzen hasi da.
    alakrana etiketaren jarraipen gunea ere badago.
    Facebooken taldea eta mobilizazio birtualak, kaleko ekintzei emango die aukera.

  • literatura,  musika

    bide ertzean bazterretik egindako kronika

    Bide Ertzean Bilboko kafe antzokian argazkia: gau ilunak
    Bide Ertzean Bilboko kafe antzokian argazkia: gau ilunak
    • Bazterretik idazten ari natzaizue. Bide Ertzean taldearen kontzertu bat ezohiko egun eta orduetan entzutearen ondorioz.
    • Aretoko bazter batetik entzundako kantu elektrikoen gainean zeozer esateko gogoz.
    • Bazterreko musika egiten dutenen alde, erdiguneak erakartzen ez gaituelako.
    • Izarrak, top zerrendak, esemese bidez deskartatu daitezkeen kantuak eta aparra maite ez dutenen bazter horretatik.
    • Kantuen berbei harreta jarri eta ezkerreko bafletik hobeto entzuten den toki honetatik.
    • Zuzenean indarra erakutsi, eta gauzarik gozoena esateko gai diren lagunen aldamenetik.
    • Bide gorri bat, ohe huts bat, maitasun adierazpen bat txukun duin apain eta funtsarekin esaten ausartzen direnekin.

    Milaesker, azken hamaika urteotan egiten ari zareten ahaleginagatik. Hitzengatik. Doinuengatik. dana lanbrotute ikustot haren muinetatik sortutako proiektu honek, albotik sortu zen honek, dagoeneko indarra hartu duelako. Lan asko plazaratu dituzue, berba asko kantatu, poemak berrargitaratu, molde berriz, ilusio ezberdinarekin. Hamaika urte badira. Ez garaile izateko indar edo uste nahikoarekin, antza. Gurea ez da garaipena, gurea kantua eta kontaketa direlako. Beste behin.