• agit/prop

    Zakurrak epaile

    Mikel Elorza

    Halaxe dabiltza Espainia aldeko bere izena sekula ahaztuko ez zaidan Mantxako paraje batzuetan. Zakurrak epaile, haien usaimen guruinek erabakitzen dute, eta kito, ez dago errekurtsorako aitzakiarik, zaunka apelaezinak dira.

    Lau hankako zakurrez ari naiz, Canis lupus familiaris deitutako horiei buruz (familiaris norberarena izango dela, arraioa, ezin erantsi gabe utzi!).
    Gatozen harira: Jose Luis eta biok joan ginen joan den larunbatean preso bat bisitatzera, itzalpean 25 urte daramatzan Jokin bisitatzera, Herrera de la Manchara. 630 kilometrotik gora eginda, iritsi ginen ezerezaren erdian dagoen espetxe horretara. Bisiten ohiko tramiteak egin —nortzuk garen, nori bisita, hatz-marka, argazkia— eta azkar pasarazi gaituzte, vis-a-vis bisita dutenekin batera. Zortzi bat lagun, lau preso bisitatzera joanda.

    Metal kontrolak pasatu eta bisitetarako eraikinaren aurreko patio modukoan ustekabea. Funtzionario mordoxka eta guardia zibilak daude, eta zakur bat, Canis lupus. Agindu digute lerroan jartzeko —hagindu ere esan genezake—, elkarrengandik bizpahiru metrora, gu geu presoak bagina bezala, eta guardia zibil batek abisatu digu hura dela momentua deklaratzeko inolako substantzia toxiko edo debekaturik gainean daramagun edo haiekin kontaktuan egon berri garen edo norbaitek zerbait eman digun… Hura dela konfesiorako unea. Inork ezer aitortu ez eta tipo handi bat zakur handiago batekin hurbildu zaigu banan-banan, zakurrak mia gintzan. Hantxe etorri da zakurtzarra mihia zintzilik zuela gure hankarte eta abarrak usaintzen, milikatzen. Ni usainduta zaunka egin du, eta beraz positibo eman dut! Contadorren azpizuna bezala nire hankartea (emaitzaz ari naiz, ez beste ezertaz noski). Ni bezala beste gizon eta beste emakumezko bat.

    Niri, hala ere, bisitara sartzen utzi didate eta, bueno, zakurrarenak komentatzen barrura joan gara. Han genuen kristalaren beste aldean zain Jokin, kristaletik gertatutakoaren lekuko, zatitxo bat bada ere, hura ere komentatzen, “zer ez ote diguten egingo…”!

    Gizajoa ni, umiliazioaren haizea pasatu zela uste banuen, paraje haietako errotak mugitzera joana zela uste banuen. Son gigantes, Sancho… gigantes de la impunidad. Funtzionarioa etorri da kabinara esanez nik positibo eman dudala eta joateko berarekin.

    Bainaka hasi naiz, azalpen eske, nik ez daramadala ezer, eramanda ere ezin diodala eman, ea zer eskubide duten, ea zer absurdu den hori… Kontrol-gunera eraman naute, eta han dira positibo emandako besteak ere. Eztabaida eta kejen artean, esplikatu digute: positibo eman dugu, zakurrak baietz esan du. Beraz, miatuak izateko eskatzen digute, gure baimena behar da, gure sinadura, ezin gaituzte behartu. Hori bai, uko eginez gero bisita galtzen duzu (eta gainera, kanpora aterarazten zaituzte eta han guardia zibilek dute miaketaren ardura —bertan daude, noski, kanpora beraiek lagunduko ligukete—, eta haien gonbiteari ezin diezu uko egin, desobedientzia litzateke!). Lasai egoteko, gainean ezer ez badaramagu ez dela ezer gertatuko. Tira, gero jakin dugunez ez dela ezer gertatuko nire kasuan! Nola nirea kristalaren beste aldeko bisita den, eta noski ezin diodan ezer pasatu, ba gainean ezer ez badaramat bisita egiten utziko didatela. Miaketa onartzen badut. Eskuzabalak haiek. Besteek, visa dutenez, galdu egin dute miaketan ezer ez azalduta ere!
    Nire keja eta aldarri eta esplikazio eskaerak gero eta larriagoak dira, haien larderiaz eta umiliazioaz mintzo naiz eta nire eskubideak ezagutzen ditudala (ai, ni gizajo pastela, listo ustekoa, ezagutzen ditudala legeak…!) eta… eta une batean funtzionario batek esan dit nerabilen hizkuntza leuntzeko, bestela bisita kenduko zidala. Beraiek errespetuz ari zirela. “Errespetuz? Etorri naiz ez dakit nondik… Beste batek argiro azaldu dit, positibo eman dudala eta miaketa edo kanpora. Ordurako bisita-minutuak galtzen ari nintzela, gaineratu berak. Onartu dut miaketa, egin didate, biluzarazi naute (gela batean, funtzionario bakarra lekuko), konprobatu dute ez neramala inolako substantzia arriskutsurik, eta 40 minutuko bisitaren ordu laurdena galduta, itzuli ahal izan dut ordurako etsita zeuden Jose Luis eta Jokinengana.
    Jokinek, presoak, eman dit artikulu honen titulua, kontatu diedanean. Zakurrak epaile. Izan ere, nik funtzionarioei behin eta berriro adierazi diet ez neramala ezer, eta gainera nire kasuan ez nuela kanutorik erre ez marrarik sartu ez dakit zenbat urtean —ez dizuet, zuei, irakurleoi, nire drogatze historiala emango zehaztuko!— eta ez nintzela sustantzia horiek izan zitzakeen inorekin azken ez dakit zenbat egunetan kontaktuan izan… Zakurra ekibokatu egin zela, alegia; hori ere gerta zirtekeela. Ezetz, besteak, zakurrak ez duela okerrik egiten. Eta beraz, nola zakurrak zaunka egin zuen, positibo. Zakurrak epaile.

    Nik, nire duintasuna erasotua eta denbora galduta, bisita hala ere egin ahal izan nuen. Gaitzerdi. Beste biek ez. Lasartetik senidea besarkatzera, laztantzera joandako gizona kanpoan utzi zuten miaketa pasatu eta gero ere, nahiz eta miaketan deus atzeman ez. Bezperan bere aldamenekoak kanutoak erre eta usaina arropan zeramala (taberna batean lan egiten du!)? Edo zakurra altan dagoela? Edo berak erre zuela, zer arraio! Berdin dio. Ezer ez eraman arren, zakurrak zerbait usaindu du —ezin izan zigun esplikatu zer, ez ulertzen guk haren zaunkak—, eta nola beraiek erabakitzen duten, ba bisitarik gabe.
    Emakumezkoa ere, ez dakit nondik bere senide edo laguna bisitatzera joandakoa, kanpoan. Honek mia zezaten ez zuen onartu —miaketa onartuta ere bisita galdua zuela esana zioten, positibo emate hutsagatik—, eta beraz guardia zibilek egingo zioten segidan kanpoan miaketa —emakumezko guardia zibila deskalabro hau gertatu zen une guztian plastikozko goanteak jarrita zegoen, hantxe, piezaren zain—. Zerbait topatuz gero isuna edo auzi-zabaltzea, gainera… Neska hau preso soziala bisitatzera zihoan, funtzionarioen larderia ez da soilik euskal herritarrenganakoa —hau bada, eta handia—, oro har presoarenganakoa da. Espetxea da.
    Izan ere, ez dezagun gauzarik inportanteena ahaztu. Niri traba pixka bat egin zidaten, beste biei izugarrizkoa egin zieten, baina handiena presoek jasan behar izan zuten. Bi presok beren senideen bisita, besarkada, laztanak galdu zituzten.

    Jakitun naiz holakoak asko direla, eta ni baino askoz handiagoak eta maizago jasandakoak senide asko direla. Niri eraso egin zidaten, baina nirea hutsa da holako eta larriagoko milakaren aldean, astero, hamabostero, hilero gertatzen direnen aldean. Nik kontatzeko aukera dut, eta beraz aprobetxatu nahi izan dut, haien guztien aldarria ere neure xume honetara, baimenik gabe bada ere, ekartzeko.

    Zapaltzen eta izorratzen eta benetan zigortzen dutena presoa dela berriro esanda. Bisita galtzen duelako, zakur baten zaunkak erabakita.
    Zakurrak epaile.