• agit/prop,  Elikadura burujabetza,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Konprometitu gaitezen!

    Atsekabez hartu dut Stephane Hessel agurearen heriotza. Bere azken bi liburutxoekin hurbildu natzaio azken aldi honetan, eta benetan merituzkoa da gizon honen balentria eta gogoeta azkarra.
    Aspaldian mundu osoan hedatu diren manifesturik ederrenak egin baititu. Borrokarako arrazoiak, zioak, motiboak jarri ditu letraz letra, paperaren gainean.
    Gurean ere, euskaraturik aurkitu ditugu bere bi liburu eder. Azkar irakurri, eta pentsamendu eraldatzailea bultzatzen dutenak biak.
    Diplomatikoa, erresistentziako kide, giza eskubideen kartaren idazketako partaide, Palestinaren eskubideen defendatzaile… gizon interesgarria egin zait azken urteotan agure hau.
    Haserretu zaitezte! irakurri ostean ekin nion Konprometitu zaitezte! irakurtzeari. Oraindik interesgarriagoa.
    Eta hara non, aspaldi honetan guztiz murgilduta nagoen iraunkortasuna eta agroekologiaren alorrak ere aipatzen eta sakontzen dituen. Hautu ederragorik.
    Euskaraz bere bi liburu hauez gain, elkarrizketa ederra eskaini zuen ARGIA aldizkarian ere, Sustrai Colinaren galderei erantzunez.
    Beti egon naiz disidenteen bandoan…. ARGIA


    Bake prozesuaren, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Aurore Martinen alde Berria.info

  • literatura

    gure belaunaldia

    Beñat Sarasolaren poema bat.
    Gure belaunaldiak ez du deus balio, gure belaunaldia Aginako zero bat da. Ezin izan ditugu gurasoak akabatu; etxetik alde egin, komuna hippie batera joan. Gure gurasoek ulertu egin nahi izan gaituzte, eurek lotutako txirriak erre ditugu, gure alde jarri, gure bandora pasa dira. Irakasleek ikastoletan heziketa teknika modernoenak erabili dituzte gurekin; jolasak egin ditugu, drogen inguruan mintzatu gara, larrutan egiten irakatsi digute ia. Gu iristerako Historia amaiturik zegoen eta Artea, berriz, gure aurrekoek hil zuten. Dena dago honezkero idatzirik, ez da existitzen eskola literariorik haien kontra joateko, baina hala ere ezin konta ahala literatur sari eta beka antolatzen dizkigute gure karrera literarioak promozionatzeko. Utopia eta ideologiek ere, bestetik, ez dute lekurik gaur egun. Gure belaunaldiko inor ez da eromenez, gosez akabatuko. Modelo eta futbolariek tatuajeak eramaten dituzte euren errebeldiaren erakusgai, C&A-k Che Guevararen irudia erabiltzen du udaberriko denboraldirako. Ez dugu katekesirik egin, ezin izan gara apaizen kontra oldartu. Lanean, Giza Baliabideen departamentuak laguntzen gaitu, langileek brainstormingak egiten ditugu enpresaren kudeaketa hobetzeko, sindikatuek babesten gaituzte euren konbenio kolektiboen bitartez. Gure belaunaldiak, gainera, ez du diktadurarik ezagutu, ez dugu demokrazia besterik bizi izan. Gure belaunaldiak erreklamazio orriak ditu eskura bere kexak bideratzeko. Gure belaunaldia…

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    irakurtzeko gogoa

    gaur, orduan kendu zizkiguten berbak irakurtzeko gogoa daukat.
    gogoratzeko gogorik eduki ez arren, ez genuke ahazterik nahi.
    oroituz, akordatuz idatzi ahal izan genituenak.
    ikasitakoa.
    eta gaur, oraindik, idazten jarraitzen dugu. irakurtzen. esaten. ikusten.
    erresistentzia ariketa da oraindik, euskaraz idatzi, irakurri, ikusi eta esatea.
    bizi garela adieraztea. bagarela.
    Herria eta hizkuntza lotzen dituen hau da gure eremua.
    Euskal Herria.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    hipoKrisiaz

    Egia esan, gezurra da nagusi.

    Egunkariak piztu, sare sozialak sintonizatu edo auzoan berbetan hastea besterik ez dago, bizi dugun giro kutsatuaz jabetzeko. Hiru lau nota, gainditu-ta gaudela ohartzeko. Sinatuta bueltatu, arren.

    Sobresaliente

    Barcenas delako horren sobreek mezu asko zalapartatu dute. Dimisio hots hitz ezinezko hori gauzatzea lortzen ez duten arren. Baina Rajoy -edo Raxoi?- eroriko da, eta hori dute helburu, berak baino gehiago agintzen/ordaintzen dutenek.

    No tablet

    Gertuago, angulak eta kutsatutako interes tipoak nahasten zaizkigu, erotutako arraultze batzuekin. Eta GARA egunkariko pdf-ak wikileaks gogorarazten digu, gure eremuan, sukaldaritza elitezko batean, to elikadura burujabetza! #ondoegina

    Bien

    Bien bitartean zintzotasuna neurtzeko, Gerediaga elkarteak gida berezia aterako du, aplikazio bat mugikorretarako, Azkue fundazioak finantzatua. Eta fundazioan bertan, kudeatzaile berria behar dute, baten batek alderdian jauzi handiagoa -oraindik- egin duelako. Bere burua hor aurkez dezake, agian, Durangoko azokari beste toke bat ematen saiatu denak, oraingoan baina tokea berari eman diote, eta deskolokatuta geratu da mundu guztia. Denak? Gerediaga eta azoka azken 30 urteotan ezagutu duenak ez du arrangura askorik hartu, ondo finkatutako estiloa da hau. Nirekin edo nire kontra. –Ez du zintzo jokatu. Harrapazank txiribiton! Egiptokoak baino mezu kriptografikoagorik… poker aurpegia somatu dut gaur goizeko kafe orduan, inguruko egunkari guztietako titularrak gosaltzean.

    Ondo egina lagunok, pantaila itzaltzeko gogoa piztu zait. Off!
    hipokrisiari stop!
    http://youtu.be/pMYdaFcUgQU
     

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  teknologia berriak

    Eguneratzen

    aztertzen, ikasten.

    Bloga beharrezko tresna izan da azken urteotan teknologia berrien olatuotan murgilduta ibili garen bidaiariontzat. Kultura librea, software eta hardawareari buruzko ikasketa prozesu etengabea, informazioaren inguruko komunikazio ekintzak, sare sozialak, komunitatea… asko ikasi dugu. Asko eman dugu. Asko ezagutu dugu.

    oztopen gainetik irudimena lau haizetara
    oztopen gainetik irudimena lau haizetara

    Eta bide horretan jarraitu behar dugu. Sareak askorako ematen du, eta bakoitzak bere lubakian, bere trintxeran jarraitzen dugun arren, kalean maiz batzen garen arren, gure ikasketa eta garapen prozesuek jarraitu behar dute martxan.

    Ikasi dugun guztia hedatzen saiatu gara. Eta asko daukagu oraindik ikasteko. Garenaren zati garrantzitsu bat hemen dago. Hemendik sortu dugu. Hemen adierazi. Baina izaten jarraitzen dugunez, asmatu beharko dugu ere sorkuntza telematikoan irauten, gehiago sortzen, dinamika berriak pizten.

    Laburrera eta azkarrera jo dugu maiz. Mikromezu intelegienteenetan murgilduta daude gure eguneko ordurik emankorrenak. Eta pentsamendu azkarrari, gogoeta gehitu behar diogu. Irudi gehiago, irudimen loriatsuagoa.

    Behin eta berriro saiatzen garen arren, askotan ez dugu tabernarako astirik, iritzi artikulurik sakonenak aztertzen hasteko betarik, lagunekaz berba egiteko denbora hartzen, bisitatzeke daukagun toki horretarako tarte lortzen… baina saiatu beharra dago.

    gaztelumendi.org proiektuak adar asko ditu, eta ikusgarriena hau izan da luzaz. Orain nagiak astindu, eta berrosatzen abiatzea egokitzen da.

    Honetan jarraitzeko arrazoi asko dago, eta egin egingo dugu.