Hori Bai 50 urte lotu barik

Aspaldian ari gara korrika, arineketan, karraderan… batetik bestera, lotu barik. Euskararen alde, kulturgintzan, mugimendu bizia da Hori Bai gazte elkartearena ere. 1965. urtean sortu eta urtez urte, Larrabetzuko Andra Mari kaleko 23an iraun du zutunik Hori Bai gaztetxeak. Urte guzti hauetan, teilatupe honetan egosi dira gure herriko kontu asko eta asko. Kili Kiliak, sasoi bateko ikastola, luzaroan dirauen antzoki iraunkorra, bertso saioetarako gune, mendi irteeretako txango eta espedizioak, kontzertu eta jaialdiak, afari eta herri bazkariak, pelikulak eta txokolatadak… 50 urteotan zer ez dan sortu eta garatu Hori Bai honetan.
zutunik

horibaibertsoak.jpg
Euskara eta euskal kultura, sasoian sasoiko beste espresioekin batera uztartuz; dantzan egin dugu, kantuan, ligatu lantzean behin, mozkortu, amestu, zikindu eta garbitu, erre, busti, antolatu eta bizi… eta oraindik horretarako gogoa eta ilusioa piztuta mantentzen du Hori Bai honek, taupadaka dabilen bihotz gazte honek.
horibailogoa

Gaztetxe zaharra

Baina 1965ean sortu, Frankismo garai gogorrenean, eta belaunaldiz belaunaldi iraun du gazteen esku. Sasoian. Beti gazte, eta gero eta zaharrago. Hamarkadak joan dira, eta beti kale ertzetik ekitaldiak proposatu eta antolatzen, herri dinamika pizten, eztabaidak sustatzen, belaunaldi berriak borrokara lotzen. Lehen eta orain. Gazte gara gazte, eta jarraitu nahi dugu errebelde!

memoria ariketa

Eta Korrika datorren bakoitzean, gure hizkuntzaren alde urten dugu kalera, beste herritar eta euskaltzale guztiekin batera. Aldarrika. Kilometroak erosi. Banatu. Margotu. Antolatu. Izan be, korrika egitea guretzat memoria ariketa bat da. Nondik gatozen gogoratuz, nora goazen esateko. Euskal Herri euskaldun bat gura dugulako, geuretik hasita, Larrabetzutik bertatik. Eta orain arte, Hori Bai beti egon da hizkuntza zahar hau biziberritu gurean. Euskal kultura egunero lantzen, anplietatik eta karteletatik, saioetatik, mezutik, musutik, beheko sutik. Bafleak apurtzeraino urratu ditugu gure ahotsak, eskenatokiak behin eta berriro montatu ditugu, eta jarraitzen dugu bide horretan, kale ertze honetan. Korrika. Arineketan. Karraderan. Lotu barik.

Larrabetzu eta Korrika

Eta asko izan dira ere, urte guzti hauetan Korrika batzordeetan, herri mailan zein maila nazionalean parte hartu duten herritarrak eta Hori Baiko kideak. Lehen eta orain. Euskaltegian, gau eskolan, Korrika antolatzen, Korrika kulturalean programatzen, karreran, furgonetetan, zuri beltzezko argazkiak errebelatzen, prentsa taldean…. horrek danak be, danak Hori Baiko kide aktiboak. Eta horregaitik ere maite dugu Korrika maite dugun bezala, eta pasatzen den bakoitzean sortzen da giro berezi hau gure herrian, gure kaleetan, auzorik auzo, errepidean zein bide bazterretan.

Mugimendua

Bizia da Korrika. Euskara. Euskal Herria. Eta mugimendu horren parte gara gu. Larrabetzuko adin guztietako gazteak. Mugimendua da lotu barik jarraitzea. Iparra ondo adierazita aurrera egitea. Hizkuntza, herria eta kulturaren alde, hori bai. Hori Bai, 50 urte lotu barik!

www.horibai.org


Please follow and like us:

One thought on “Hori Bai 50 urte lotu barik

  1. ZoriONak Larrabetzuko herriari, era gaztetxeari!
    Plazer hutsa izan zen bertan jotzea. Jaso genuen harrera goxoa, afaria, kontzertua, …kristona izan zen. Milesker Patxi ta gaztetxeko jendeari!
    Segi lanean!
    Urte askoan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude