-
Musika sormena da batez ere
Negozioa, jarrera, itxura… denetarik pentsatzen dugu musikaz ari garenean. Harrokeria, apaltasuna. Ireki edo itxia. Fama eta aparra. Dirua eta jukutria.
Baina niretzat, musika sormena da batez ere. Eta horregatik dakit jakin, musika onak, musikak zeozer esan gura duenean, aurrera egingo dela. Negozioaren, jarreraren, itxuraren, harrokeriaren, apaltasunaren, famaren, aparraren, diruaren eta jukutriaren gainetik.
Sormena da behar dena. Sortu eta zabaldu. Ikasi eta hedatu. Kantatu eta gozatu.
Kantu hau sortzaile talde batek asmatutako zerbait da. Ez da kantua soilik atsegin egiten duena. Bideoklipen garairik onena gainditzen duen zerbait da. Binilo diskoen portadei egin diezaiokegun omenaldirik onena. Ikusentzunezko ekoizpen honek, zer pentsatua eman dit. -
videoweb09 Bilbon
Asteburuan burutu da. Bilbon burutu da. Handik eta hemendik hurbildutakoak batu dira. Bideogintza, Internet, blogak, vlogak, sarea, Telebista… eztabaida, mahainguru, elkar ezagutze eta kezka ezberdinen batuketa. Aurkezpen eta hitzaldietatik landa sortzen den harremana. Denetarako tartea izan dute Bilboratuek.
Eta joan da bakoitza berriz ere, bere sorlekura, sortzeko tokira… eta orain videoweb09 etiketa eta oroitzapena baizik ez da.
Datorren urtekoa prestatzen ari dira dagoeneko grupovideoweb taldekoak, eta egindakoaz pozik izango dira Ruben (lostin.tv) eta Eduardo (hombrelobo.com) Niri behintzat poztekoa iruditzen zait, asteburuan 80 egun bideogintza eta Interneti buruz berba egiteko batzea. Profesionalki ari dira batzuk, diseinutik eta Internetetik beste batzuk heldu diote gaiari, telebistetako kideak, bideosortzaile artistak, blogariak… denetarik izan da. Eta izango da.
Neuk neure aldetik, gauzak zelan ikusi ditudan zehaztuko dut:
- Deialdia eta zabalkunde guztia sarean egin da. Konturatu naizenez, ez du oihartzun handirik izan. Nire lagun bideogileak ez enteratu izanak kezkatu nau.
- Programa trinkoa eta interesgarria izan den arren. Harritu nau, ia ezerk ez harritzeak. Sorpresa eta ezusteko gutxi. Ia bakarra.
- Ez dut ikusi proiektu berri interesgarririk. Horrek asko kezkatu nau.
- Telebista eta Interneten arteko lubakia areagotu egingo dela iruditzen zait. TVE, Prisa eta ETBko ordezkarien mahainguruan nabarmen geratu zen hori.
- 15 urteko mutiko bat gailentzea horrelako jardunaldi batean, kezkatzekoa ere bada.
- Bideogintza eta informazioa modu erakargarri batean uztartzen dituen proiekturik ez dut ikusi. Alegia, informazioa vlog formatuan.
- irratia.com proiektuan egin asmo dugun hurrengoari begira, gutxi aurreratu dugu. Paperean geneukana apenas hobetuko du jardunaldi honek. Pena.
- Ikasteko grina ez zait amatatu. Eta ikasten jarraitu beharko dugu. Apurka apurka.
videoweb09 honetan, twitter tresna garrantzitsua izan da. Orain ere bada oraindik. EITBko wifiak erdizka funtzionatu zuen. Antolaketa ona. Hizlariak erdi purdizkoak. Euskarak huts. Euskaldunak bageunden arren, ez daukagu bideo proiektu interesgarririk, bistan denez.
Material osagarria
Bideoa (noski)
VideoWeb09 – Video Promocional from VADOR on Vimeo. -
Karramarruen dantza arrakastatsua
Bermeo rock portua
Bermeo rock portu bat da. Ez dago itsasotik Getxotik hain urrun, baina ez du bertako Getxo Sound ezagunaren aparrik. Hondarribi ere gertu dago itsasoz, eta han Underribi famatu zen, Basati disketxearen garaietan. Argi dago itsasertzean sekulako taldeak sortu ez ezik, musika mugimendua ere badela gurean. Bermeo da portu garrantzitsu hoietako bat. Bermeorako txangoa proposatuko dizuet gaur.
Kapillaren inguruan sekulako rock mugimendua egon da azken hamarkadetan, Aritzatxu rock festibala ere bada uda partean, eta beste hainbeste kontu. Musikaren inguruan, taldeak, lokalak, kontzertuak, mugimendua azken finean. Entzun, konpartitu, antolatu eta sortu.
Ene lagun Rioja
18 urte egin barik nituela ezagutu nuen bermeotar jator bat, Rioja. Klasekide egin ginen, lagun ere bai, asko berba egiten genuen musikaz, politikaz…. The Clash zale amorratua zen orduan bera, musikeroa beti… . Beti musikaren inguruan ibili izan da, nik kontzertuetan besterik ez dut ikusi harrezkero. Eta berak gerora izan dituen taldeak ezagutzeko parada izan dut. Talde asko izan ditu, guztiak oso oso interesgarriak. Bere ibilbidea jarraitzen dut 18 urte geroago. Azkena Paniks da. Oso onak dira, aspalditxo ikusi nituen Leioako gaztetxean, binilozko disko txikia ere eskuratu nuen. Baina ezer gutxi nekien beraietaz. Nire sorpesa beraien lanaren inguruko azkena jakin dudanean. Bideo arrakastatsua sortu dute. Eta sarean jarri dute.Sarean paratu eta Youtuben be 70.000 bisitari baino gehiago izan ditu karramarruen dantzak. Ikusi gura baduzue.
Animazioa ona dala ez dago ukatzerik, atzetik den musika oso ona….
Boing boing gune entzutetsuan aipatua izan zen bide hauxe bera. Mundu osoko ikusgarritasuna eskuratu zuten ondorioz bermeotarrek.
-
Hurrengo geltokia, ezin surrealistagoa
Ezagutuko duzue Niko Vazquez, MCD taldeko sortzailea, diseinugile aparta (Eitbko txoria be egin zuen), sortzailea,infografista, artista multimedia…. eta bistan denez, bideogile itzela. Bere lanak oro imbecil.com eta grafismo.com guneetan batuta daude.Â
Guggemheim museoak YouTuberekin batera antolatutako lehiaketa irabazi du Hurrengo geltokia izeneko lanagaz. Txalogarria lana, ezin surrealistagoa.
Ikusi gura baduzue:
Aurki, Nikorekin egindako elkarrizketa argitaratuko dugu blog honetan bertan, aspaldiko laguna dugulako. Musikari, Internetzale, copyleft defendatzaile sutsu eta gainera, jatorra be bada, oso.
Aupa Niko! -
lost in bilbao
Dagoeneko euskal munduan, behin baino gehiago aipatu dugu lostinbilbao.tv proiektua. Ruben, Libe, Garazi, Cristina eta Aiora horretan ari dira buru belarri, astero. Hiri bat eta kultura bideoblog batean bilduak. Bilbon ez galtzeko. Bilbok eskaintzen dituen aukerak baliatzeko, ikusteko, entzuteko.
ARGIAk ere erreportaia egin du, hiru orri oso koloretan. Bideoa ere egin dute. Eta eskaini. Eta nik ere bideoa hemen jartzea pentsatu. Erreportaia polita egin dute; nahiz eta zenbait unetan, kamarak gorputz batzuk mozten dituen. Hala ere, ARGIAk aurrerapausu itzela eman du bideogintzaren alorrean. -
Ardiak, artzainak, musika, Bilbon
Spot bat egiten pasa genuen zapatu goiza. Bideo kamara, tripodeak, atrezzo apur bat. Ardi, ahuntz eta astoak landa batetik bestera eroan, lokalizazio egokia aurkitu eta han ibili ginen, grabatzen. Jolasten. Saiakera egiten.
Ekaitzek (split 77, Bilbo Hiria) kamara ia profesional bat eskuratu du. Eta guk irratia.com emankizunerako zeozer berezia egin gura genuen. Ideia aspalditik geneukan bueltaka. Egia esan Keith Johnsonen artikuluak zer pentsatua eman digu. Baina umorez erantzun gura izan diogu. Zirikatu.
Landa lana eginak, berriro baserrira joan ginen. Sutondoko epelean, pernila eta txorizoa jan, intxaur batzuk, ardao apur bat, eta berriz hirira.
Astelehenean ordenadore bat prestatu zuen Jabik (sarean.com, irratia.com) horretarako beren beregi, Premiere instalatu, eta Ekaitz lanean hasi zen.
Jimmy Arrabiten doinua ezagun egiten ari gara, apurka apurka. Gure sintonia da, Basque Electronic Diasporako diskotik dakargu, eta oso maite dugu.
Spot ttiki bat egin dugu, sarean zabaltzen ari dena. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu Haritzi (euskalTube, GARA), Gorkari (teketen, elurnet), eta sarean gurekin batera auzolanean ari diren guztioi (txioka sarea, irrati libreak, Info7, Bilboko kafe antzokikoak).
Bilbo Hiria irratian, giro izugarri ona daukagu. Mieltxoren gidaritzapean, teknikari eta esatari gustura ari gara. Orain 100. saioa ospatzea baina ez dugu falta. Eta hori asteazkenean, ez ahaztu.Bideoa ikusi gura baduzu. euskalTube>irratia.com kanala
-
Ez dizu onik egingo
Susa argitaletxean ezpotak egiten hasi gara. Telebista medio garestia da, baina ikusentzunezkoak egitea beti amestu dugu. Eta Susako idazle eta egile, eta lagun, eta ezagunen artean mezua pasa genuen. Egingo zenuke spot labur bat? Eta horrela hainbat sortu dira, eta astero Emailuetan pasako ditugu. Eta literaturaren kalteetaz mintzatuko gara.
Lehen bideo hau Eider Rodriguezen ideia izan da. Eta Youtubera ere igo dugunez, hemen jarriko dut. Datozen asteetan gehiago izango dira. Eta zuek ere egin dezakezue bat, ez lotsatu. Egia esan, horrek ere ez dizu onik egingo.