• gaztelumendi.eus,  larrabetzutik,  teknologia berriak

    Gure herrian

    zer ez den antolatzen. Bertso eskola, gaztetxea, literatur irakurleen kluba, hirugarren adineko gimnasia, txirrindulari frogak, mendi karrera herrikoi bat, afari eta bazkari ugari, jaiak franko… eta aspaldion gazteenak skate gainean dabiltza. Ikasten ari dira, eta lau txirrinka eta egur baten gainean zer egiteko gai diren erakusten digute, kalean bertan. Libre.
    Ikasi bakarrik ez, herritarrontzat bestelako ekitaldiak antolatzen be hasia da Sk8la.
    Asteon bideo proiekzioa dago gaztetxean, bariku arrastian.

    Argazkiak.org | sk8la Bideo proiekzioa © cc-by-sa: gaztelumendi

    Sk8lan lagunak ditut, guraso eta gazteak. Dinamika polita iruditzen zait sortu daitekela honen inguruan. Kirola da, kalekoa, librea. Modernoa eta merkea. Herritarra edo popularra zelan esan. Markek garrantzia handiegia duten arren, badago eszena underground bat ere. Musikarekin, kaleko artearekin ere harreman polita dago skate munduan. Eta horrek gehiago erakartzen nau. Egur gainean ez naiz etxeko abilena, baina laket dut nik ere lau txirrinkaren gainean ibiltzea. Eta sk8lakoei normalean dieinuak eta bloga egiten laguntzen diet. Eginez. Irudia, komunikazioa.

    Bart, blogeko goiburua grafitteatu nien. Sprai batekin banengolez, photoshopen margotu nien gainetik, eta beste irudi batzuk gehitu…

    Argazkiak.org | header bat grafitteatzen © cc-by-sa: gaztelumendi
    Sareak aukera asko ematen ditu. Ikusten dituzuen skater hoiek, letrak dira, sarean topatutako tipografia batekoak. Rodrigo Germanek sortutako skate tipografia bat da.

  • larrabetzutik,  literatura

    Gabriel Aresti gurean

    Ez da besterik entzuten gaur. Irakurri ditut paperezko egunkariak, irakurri ditut blogak, entzun irratia… ta badirudi Arestiren eguna dela Gorka Arresek efemeridei begira proposatutako egun hau. Badu gaitasuna Susako editoreak. Bejondeiola.75 urte Gabriel Aresti Segurola jaio zela.

    Gurean ere, jaio nintzen urteko urteberri egunez egin zuen bezala, Gabriel Hori Bai gaztetxean izango da. Orduan hitzaldia eman zuen. Eta kantatu egingo zuen beharbada. Anjel Zelaietak kontatuta dakigu Foteri tabernan mortzilak afaldu zituztela Melik, Gabrielek, Anjelek eta Maribelek.

    Gaur Gabriel Aresti izango da gurean. Koldo Izagirre mintzatuko da poesia mailu bat dela idatzi zuenari buruz. Joseba Tapiak soinua jarriko die poetaren koplei. Orain ere egiten dituen bezala. Poeten koplak, poemak, idatziak kantu bihurtzen iaioa da Joseba. Eta gaur ere, gozatua hartuko dugu beragaz, herrian, gaztetxean.

    Arestik herrian irakurri erakutsi aurkeztu zuen poema sarean jarri dugu gaurko egunez. Liburu batetik ekarri dugu. Liburu hura baina, poesia argitaragabea zen ordurarte. Bizirik dago orain Aresti guretzat… horrenbeste urte geroago.

    Eskerrik asko Gorka, Karmelo, Josu, Joserra, Koldo, Joseba…. bagara herri. Bagara zeozer.

  • info 7,  larrabetzutik,  musika,  pasahitza

    gora gtg eta beste asko

    info7 irratiaBadira zenbait egun, Gu ta gutarrak taldea gurean egon zela. Gaztetxean. Jende mordoa ikusten. Gozatzen. Bertsolaritzaren bide berrietan Unai Elortza eta Igor Iturriagak zeresan asko daukate, zer kantatu gehiago. Disko polita plazaratu zuten iaz, eta urte borobila egin dute eskenatokietatik zehar. Urte hauetan -Korrika kulturaleko proiektu izan ziren, besteak beste- gaztetxe oso gutxitan egon direla aitortuta, pasadan barikuko saioa berezia izango zen beraientzat ere. Bertso plaza bihurtuta genuen aspaldian gaztetxea, baina Gu ta gutarrak bezalakoak ikusteko be, aproposa.

    gtg lararbetzuko gaztetxeanSaioko argazkiak, grabazioak, bideoak sarean daude. gtg blogean bezala, larrabetzu.org gunean ere. Aukera asko eskaintzen dizkigu kulturzaleoi Internetek. Bideoak, audioak, argazkiak, testuak… oso modu errezean jarri ditzakegu sarean, eta herritarrekin, zaletuekin konpartituz. Eta iritziak emon, loturak trukatu, harremana sendotu. Eta gozatu. Saioaz beste behin gozatu. Bapatekoa dena, iraunkortuz. Bertsoak landu, zaletasuna zabaldu.

    Niri gtg fenomenoak ematen dit zer pentsatua. Eta iragan martitzenean, halan egin nuen Info7 irratirako asteroko tartean.
    gtg info7 irratian:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/04/20080415_763.mp3]

  • larrabetzutik,  pasahitza

    lau ertz eta saio borobila

    Urteroko bertso saioa izaten da abenduaren 25ekoa. 1994an hasi ginen antolatzen. Ari naizela! Ari naizela! ekitaldietatik azkena izan zen ordukoa. 1994ko Euskal Herriko finalistak izan genituen orduan, Andoni Egañak lehen txapela jantzi eta astebetera. Frontoia bete genuen, eta hurrengo urtekoan pentsatzen hasiak ginen.

    Egin genuen 1995ekoa ere, frontoian. Baina hotza gogoratzen dugu ordutik, eta Sarasua eta Egañaren bertsoak, Areitiorekin. Leire Bilbao hasiberria ere gogotsu zetorren, ahots ederragaz.

    Hurrengo urtekoa gaztetxean egin behar zela zioskun Xabier Amurizak. Eta halan hasi ginen 1996an. Tartean eztabaidak ere izan ziren herrian, hobeto zela frontoian egitea, beroagoa gaztetxea, hau eta bestea. Kontua da 1996tik ari garela gabonetako bertso saioa Hori Bai gaztetxean egiten. Eta urtero betetzen da. Urtero berotzen da. Urtero gozatzen dugu bertsoagaz, aurten ere berdin, eta urtero ezberdin.

    Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Fredi Paya, Xabier Silveira

    Lau ertz zituen saioak. Lau bersolari ezagun. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurditik, nor bere mahaitik jaiki, eta gurera bertsotara etorriak. Bertsolari handiak laurak. Beteranoak bere gaztetasunean. Zein baino zein.

    Etxahun Lekue aritu zen gai jartzaile. Ondo. Sartu egin zen saioan, sartu zituen bertsokideak be. Bertso eskolan atondutako gaiak ziren, aproposak. Lana ondo betea zuten gaztetxean astero batzen diren bertsozaleek. Ondo egindako lanak, hobeto eskertzen ditu gero bertsolariak bezala, entzulegoak ere.

    Entregatutako entzuleak.
    Iluntzeko zazpiretarako ondo beteta zegoen Hori Bai. Epel epel gaztetxea, eta bertsolariak hurbildu zirenerako txalo zaparrada. Eskenatokitik kantuan hasi eta atoan girotu zen saioa. Etxahunek agindu, bertsolariek erantzun. Puntuak jarri, ofizioka aritu. Paperean sartu eta saio elegantea egin zuten.

    Larrabetzu.org gunean atoan egongo da saioa entzungai, eta zaleak badauka orduterdi atsegin bat igarotzeko aukera.

    Entzun gura badozu:

    [audio:http://www.larrabetzu.org/bloga/audio/horibai071225.mp3]

  • musika

    Berri Txarrak Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean

    Martxoak 2, barikua. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea.

    Gaztetuta dago Andra Mari kalea. Jendez lepo gure herria. Autoetan ez da asko nabari, baina oinezkoak nagusi kalean. Gazteleku tabernan ohikoak baino bokata gehiago egin dituzte gaurkoan, plazako jesarlekuetan ere gazteak daude. Instituto adina dute. Euskara eta gaztelania barra barra entzuten da gaur.

    Gaztetxea betetzen ari da. Gaurko kontzertuko sarrerak duela egun batzuk bukatu arren, jendea etorri etorri egin da. Bete da gaztetxea. Eta laister abiatu da kontzertua. Hirukotea taula gainean. Gazteak haiei begira. Bat, bi eta hiru. Hasi da dena.

    Berri Txarrak Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeanBerri Txarrak Larrabetzuko HORI BAI gaztetxeanBerri Txarrak Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeanBerri Txarrak Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean

    Berri Txarrak | Albiste onak

    Notizia dira. Europa eta Asiara doaz, Euskal Herritik. Asteburuko kontzertuen ostean munduak ezagutu behar ditu. Taiwan, Japon, Alemania, Irlanda… bi hilabete furgonetan, bi hilabetez eskenatokietatik, aretoz areto. Bi hilabete euskaraz abestu, eta gure musika jotzen. Hemengoa han. Hemen bezala edonon. Albiste onak, duda barik.

    Bira horren aitzakiarekin, elkarrizketa pare bat egin dizkiet…. eta apaltasuna eta maila nabari da. Erantzunak jarrera dira. Argi dago, argiak dira… eta argi daukate bidea.