-
bart
… bukatu da afaria. Eta utzi diogu hitz egiteari. Kafea amaitzearekin batera, amaitu dira gaurkoz gaiordeneko puntuak.
Dena ustez erabakita utzi dugu, eta posta zerrendan jarraituko dugu eztabaidatzen. Eta hobetzen.Eta kalean agurtu gara. Kale Nagusian alde batera egin dute batzuk, eta Musika plazarantza doan norabidean abiatu gara gu hirurok. Lasai asko, autoak hartu aurreko azken elkarrizketan murgilduta.
Musika plazatik bi ertzain datoz. Oinez. Baina ez diogu garrantziarik eman. Batek ohi baino -pertsona normalek baino, esan nahi baita- zabalago daramatza besoak. Pausu bat atzerago edo joango da bere kidea. Guk ez dugu imintziorik egin, eta berbetan jarraitu dugu hirurok.
Argazkiak.org | Txapel gorridun ertzainak Vaya Semanitan © cc-by-sa: sustatuGelditzeko eta karnetak emateko esan digute. Eta ia ia, brometan hartu dugu. Arrazoiak eskatu dizkiegu. Poesiaz mintzo ginen afari batetik gatozela esan dio batek. Poeta denak. Eta gero besteak, ipuingileak, gainera egia dela aitortu dio. Eta ematen du ez dituztela sinestu. Eta gaztelania batuan, gure antzekotasuna duten hiruren bila dabiltzala adierazi digute. Eta gure nortasun agirietako zenbakiak ematen hasi da bat telefonotik. Eta gero motxilak eta boltsak miatu dizkigute. Telefonoaren bestaldetik, gu ez garela nonbait beraiek ustez bilatzen dituztenak.
Handik gutxira, karnetak eman eta joateko esan digute. Eta joan egin gara. Eta ez diogu garrantzia gehiegirik eman. Eta literaturaz berbetan jarraitu dugu. Eta egia da.
-
liburuak eta egunak
Gaur ez da liburuaren eguna. Gaur ez dizu inork literaturaz berba egingo, gaur agian ez da irakurri ere egin behar. Telebista irrati egunkari eta egitarau ofizialetan, gauza garrantzitsuagoak dauz, gurean bederen.
Barikuan bai, barikua oso egun garrantzitsua zen, barikuan denok agertu ginen eskuan liburu bat genuela… cool_tura! you know!Liburuak izan be, bere eguna dauka, eta agerian geratzen da holangoetan gure kultura guztia. Zer garen, eta batez be, zertan ari garen.
Barikuaren inguruko erretratu batzuk grabatuta geratu dira nire burmuin nekatu honetan:
- Gure inguruko agerkari, egunkari, telebista eta irratietan, liburua zen protagonista.
- gure herrian be, ekitaldi pare bat egon ziren. Bata aspergarria, eskasa, ondo ordaindua eta txarto iragarria. Bestea koloretsua, partehartzailea, liburua/irakurketa/sorkuntzaren ingurukoa. Herritarrek antolatua, ez oso ondo iragarria baina jende asko batu zituen. Zero euroko gastua.
- Bezperan Eider Rodriguezek solasaldi bikaina eskaini zigun kultur etxean. Idazle ona dela ez genuen dudarik, pentsalari ederra izateko bidean da oreretarra.
- Eider Rodriguezen hitzaldian 14 emakumezko eta 6 ostantzeko.
- Gaur Kirmen Uriberi txakoli eguneko saria be eman diote. Idazle baten tokia, gizarte ekitaldietan.
- Zapatuan Carrefour baten, urgentziazko erosketa egin nuen. Toti Martinez de Lezearen poster handi handi bat ikusi nuen eskailera mekanikoen ondoko horman.
3dia: mattin @ euskaraz.netMundu guztia mintzo da eguraldiaz, gu ere ez.
Albisteak 2.0 wikipedia, hizkuntzak eta beste kezka batzuk…
-
Asel Luzarragaren delituak
Argazkiak.org | Asel askatu, behin eta berriz © cc-by-sa: gaztelumendi
Asel Luzarraga elkarrizketatu dogu asteon irratia.com saioan. Txiletik Euskal Herrira zuzenean, aspaldikok partez. Kartzelatik urten arren, oraindik etxean atxilotuta dago euskal idazle eta blogaria.
aselaskatu.org ekimeneko lagunekin auzolanean Asel elkarrizketatu dogu, eta egia esan gauza ikaragarriak, sinestezinak eta gogorrak bota dizkigu handik. Baina gertatzen ari da… gure ustez errugabea den lagun hori espetxean euki dute, eta Txiletik kanporatzeko arriskuan dago.blogeko idatzi delituzkoak
Baina, niri behintzat, harrigarriena gorri beltzean blogean gaztelaniaz idatzitako pare bat artikulu fiskalaren delitu froga bezala agertzea afera honetan. Harritu egin nau eta holan adierazi dut publikoki, blogean idaztea ere delitu bilakatzen denean artikuluan.
Eta horrek zer pentsatu pranko ematen du, niri bai behintzat. Blogean idaztea ere, delitu bilakatu daitekela, froga moduan… nahiz eta baden hori ukatzen duenik ere. (Bota begiratu bat, zuzeu.com gunean sortu den kalapitari) Asel Luzarragaren kontrako frogarik ezean, handik kanporatu gura dutenek, edozeri heldu gura diote…
poza darie bere berbei
Delituen harridurak baino gehiago poztu nau baina delitugilearen poza, bere berben irria, bere bizitzeko grina hori… Euskal Herritik milaka kilometrotara, egon den baldintzetan egon eta gero… bere jardunak duen umore tankera. Elkarrizketa egiten ari ginela, sinestu ezinda geunden, tipoari zerion poza eta umoreagatik… harritu gaitu, baina kutsakorra da alaitasun hori, eta pozik utzi gintuen gu ere.
Elkarrizketa entzun gura baduzu: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100222aseluzarraga.mp3]
Biba zuek! artikulu sorta
-
Euskal literatura ustelduta dagoelakoan
Edorta Jimenez | Sautrela
Edorta Jimenez ETBko Sautrela saioan. Stock 13 liburuaz berbetan hasi, buru fikzioarekin jarraitu, berotu -zentsu ez sexualean- eta euskal literaturaren pipiaz jarraitu. Aurkezleak profitatzen du egoera, eta elkarrizketari espero ez zuen mamia ataratzen dio. Elkarrizketa bart emititu zen ETB3an, baina sarean egun guztian izan zen aipagai. eitb.com gunean, telebistan emititu eta jarraian jarri zuten ikusgai.
EITB.com-en jarri dute. 16 minutu dira.
Behingoagatik, telebista eta sarea bat eginda gurean. Oso modu txukunean. Euskal kulturaren ikur behar lukeen eitb.com hasi da urratsak emoten, eta inoiz ez da berandu, ez horixe.
-
Literatura eta futbola
Gaur sentsazio arraroa daukat. Literaturzalea naiz, baina jabetzen ari naiz sariketen arabera gorabehera gehiegi dituela fikzioan oinarritzen den kultura, edo arteak.
Literatura, euskarazkoa bereziki, apala da, intimoa, norberak bere bakardadean bultzatzeko modukoa. Ez da masa akontezimendua, ez du izan beharrik gainera…
baina hara non, zozketaren bonbotik zenbaki bat, titulu bat ateratzen dute, loteria nazionala bailitzan, eta medio guztiak zoroan pare jartzen dira.
Euskaldun bat, euskarazko liburu bat epaitu dute Madrilen. Epaimahai guztitik, ziurrenik irakurle euskaldun bakarra zuen sari horrek, eta beti irakurle bera da, gu guztion izenean. Horrek du ebazten sari nazionala, ulertu bedi sari espainola.
Kirmen Uribereren literatura ez dut ezbaian jarri nahi, ez gaur bederen. Sariaren logikak kezkatzen nau ordea.
Atxaga, Elorriaga eta Uribe. Agian entzutetsuenak gurean, ezta? Zerk batzen ditu? Sari bakarrak, Espainiako sari nazionalak. Eta horrek kezka sortzen dit.
Esan dizuet, literatura ez da futbola, edo bai?- Selekzio nazionalean jokatzea da euskal futbolariaren ametsa?
- zein da gure literaturaren Tourra?
- eta Tourmalet? Gailurra?
Urkiolatik ibili nahi nuke gure letren irakurtzen, hemengo baso lainotuetatik gure fikzioa gezurra ez dela sinesten.
Literatura, rockanrolla, burrukak pozointzen ari zaizkigu, eta gu kontent, beti kontent!
Tira, liburua hartu eta komunikabideak amatatu beharrean nago. Agian orduan, literaturarekin egingo dut topo, fikzio sinesgarriarekin, lotuko nauen hariarekin, euskarazko kondagintza ederrarekin, munduko gertakari historiko/fiolosofiko/psiko emozionalekin…. agian, edo amets egiten jarraituko dut bestela. Nork jakin.
Zorionak irakurle! -
Literaturia | hasi gara pilak kargatzen
Asteburu honetan da Literaturia. Euskarazko literatura; idazleak, argitaletxeak, irakurleak, blogariak, editoreak, antzerkia, musika, twitter…
Azoka bat, merkatua, jatekoak, hitzaldiak, antzerki saioak… kontzertuak gaztetxean.
Herritarren artean, laguntza askorekin antolatu den ekimena. Literatura Eskola sortu genuen herrian duela 5 urte, eta orain urrats barri bat, ausartagoa agian, baina iraunkorra hau be. Euskarazko liburuen inguruko azoka eta asteburua. Idazleak bere liburu berrienak aurkezten, argitaletxeak bere liburuak irakurleekin partekatzen… eta bitartean blogarik, txoko batean Interneten idazteari buruz berbetan. Lizentzia libreak aipatuz, liburu elektronikoak esku artean jasotzen…
Antolaketa eta egitaraua: Literatura Eskola
Zuzeneko emisioak, argazkiak, eztabaida eta beste: blogak & letrakEkitaldiak iragartzeko irratietarako prestatutako kuña:
[audio:http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/wp-content/uploads/2009/06/literaturia.mp3] -
Mikel Laboa oroitu dugu irratian
Mikel Laboa modu berezian oroitu dugu irratia.com emankizunean. Mikel Laboa, baina gure erara. Rock jarrera bategaz, berak ere bazuena. Txerokee diskoa plazaratu zuten musikari gazteek 1990an. Binilozko diskoaren gainean orratza jarri… eta gustura entzun ditugu bertako kantak.
Mikel Laboaren ahotsa ere entzun dugu, Joseba Sarrionandiaren testuetan. Eta azken honen ipuin liburua esku artean, eta beste liburu batzuk, eta beste lagun batzuk… musika eta literatura. Azokaren bezperetan, saioa atsegin handiz burutu dugu, buruz buru. Ibon, Jabi eta hirurok.Entzun gura baduzue… honatx gure proposamena.
Euskal Herrian ekimen politak eta irudimentsuak egin dira musikari handi hau gogoratzeko. Sarean ere oso politak egin dira. Itzelak.
-
Gabriel Aresti gurean
Ez da besterik entzuten gaur. Irakurri ditut paperezko egunkariak, irakurri ditut blogak, entzun irratia… ta badirudi Arestiren eguna dela Gorka Arresek efemeridei begira proposatutako egun hau. Badu gaitasuna Susako editoreak. Bejondeiola.75 urte Gabriel Aresti Segurola jaio zela.
Gurean ere, jaio nintzen urteko urteberri egunez egin zuen bezala, Gabriel Hori Bai gaztetxean izango da. Orduan hitzaldia eman zuen. Eta kantatu egingo zuen beharbada. Anjel Zelaietak kontatuta dakigu Foteri tabernan mortzilak afaldu zituztela Melik, Gabrielek, Anjelek eta Maribelek.
Gaur Gabriel Aresti izango da gurean. Koldo Izagirre mintzatuko da poesia mailu bat dela idatzi zuenari buruz. Joseba Tapiak soinua jarriko die poetaren koplei. Orain ere egiten dituen bezala. Poeten koplak, poemak, idatziak kantu bihurtzen iaioa da Joseba. Eta gaur ere, gozatua hartuko dugu beragaz, herrian, gaztetxean.
Arestik herrian irakurri erakutsi aurkeztu zuen poema sarean jarri dugu gaurko egunez. Liburu batetik ekarri dugu. Liburu hura baina, poesia argitaragabea zen ordurarte. Bizirik dago orain Aresti guretzat… horrenbeste urte geroago.
Eskerrik asko Gorka, Karmelo, Josu, Joserra, Koldo, Joseba…. bagara herri. Bagara zeozer.
-
zulo bat uretan
Hiru pertsonaia nagusi dituen nobela osatu du Inigo Aranbarri idazleak. Imanol, Oskar eta Maite. Imanol kazetaria da (narratzaile nagusia), Oskar Argentinatik etorri den laguna, eta Maite gorpuak lurpetik ateratzen ari da Itoiz inguruko herrietan. Kazetaritza, Argentinako istorioak eta Itoiz urtegiak urpean utzi behar dituen historia kontatzen ditu Iñigo Aranbarriren nobelak. Zulo bat uretan, Susa argitaletxeak plazaratua.
Gaur herrian izango dugu hizlari, eta Deustuko Prest! aldizkarirako egindako elkarrizketa ekarri dut hona.IÑIGO ARANBARRI, ZULO BAT URETAN NOBELAREN EGILEA
Irakurleak osatzen duen literatura interesatzen zait
14 urte igaro dira Emon biar yako nobela argitaratu zendunetik, bitartean beste hainbat liburu plazaratu dituzun arren, nobela hau buruan izango zendun ezta?
Buruan, zeuk esan duzu. Urte asko dira hildakoen hezurrek bizidunekin lotura izango zuten istorio bat obsesio bihurtu zitzaidala. Gero, batagatik ez bada besteagatik, asko luzatu da dena. Obsesioa bera ere eraldatu egin da. Gauzak hainbeste luzatzen utziz gero gertatzen den zerbait da.
Liburu hasieran Lasa eta Zabalaren gorpuen kontua aitatzen da, hori zer, gai handiegia zan nobela honetarako ala?Gai handia barik, gertuegikoa. Tamaina barik, distantzia ezak urrundu nituen hasierako proiektutik. Hasierako asmoa hori nuen, Lasa eta Zabalaren hezurren aurkitzetik abiatuta, gure belaunaldiaren argazki bat egitea. Dokumentazio asko batu nuen, Busoteraino joan ginen, zuloa aurkitu… fikziorik ez nion ikusten baina. Istorio ederra da, baina seguru asko kazetari baten lana da, ez fikzio asmatzaile batena..
Hiru protagonista nagusi daude nobelan, Imanol (kazetaria), Oscar (argentinarra) eta Maite. Zer bilatu duzu pertsonaia hauekaz?
Elkarrengandik nahiko gertu dauden hiru puntu, adiskidetasuna, erakarpena eta egin beharra nahastuko dituen triangelua osatuko dutena. Antzekoak dira, baina baita elkarren kontrapuntu ere.
Pertsonaiei buruzko deskripziorik idatzi ez arren, irakurleak badaki zelakoa den bakoitza. Apropos egingo zendun hori.
Ederra da hori entzutea. Dena esan didazu. Idazleak nolakoak diren esan gabe irakurleak baldin badaki nolakoak diren, zergatik da? Jokatzen duten moduagatik, esaten dutenagatik… Hori da interesatzen zaidan literatura, dena mamurtuta eman beharrean irakurleak berak osatzen duena.
Iruñean kokatuta dago nobela, handik Agoitzera eta Irati bailarako asmatutako herri batean gertatzen dira kontuok. Zergaitik Iruñea eta Larrangain?Bata, toki erreala da. Hiri bat behar nuen, egunkarien erredakzioa egoteko moduko hiri bat, atzerritik lanera etorritako jendea hartzen duena. Larraingain, berriz, asmatua da. Nobelan dagoen herri asmatu bakarra. Itoitz inguruko herriak hain txikiak izanik, ez nuen irakurleak esaterik nahi: Itoitzen, Artozkin edo Nagoren ez da inoiz Juana Ardanaz izeneko emakume bat bizi izan. Sinesgarri izanik, behar nuen askatasun hori.
Itoizko urtegiak dagoeneko estali ditu herriok, zer galdu dugula uste duzu? ezer geratu da ur azpian?Egun hauetan ikusi dugu Sartagudan. Parkearekin eta monumentuekin, fusilatuak atera dituzte egurastera senitartekoek. Begiak betetzeko moduko istorioak irakurri ditugu prentsan, ondorengoen memorian baino gorde ez direnak gehienak. Sinbolo moduan, garai batean orain urpean diren parajeetan amets egin zuen jendearen ilusioak ere azpian harrapatzen dituen munstroa da urtegia
Era berean, Argentinako kontu batzuekin abiatzen da liburua, eta presentzia dauka liburu osoan zehar. Pertsonaietako bat argentinarra da, eta bere familiaz diharduzu. Zerk erakarri zaitu handik? Desagertuen loturak? Gerraren zantzoak?
Dudarik gabe, bada nahita lortu nahi den lotura bat hiru zuloen artean. Juana Ardanazen zuloa Itoizko urtegian, eta La Plata ibaiko biak, alegia, Graf Spee korazatuarena eta Videla eta Galtieri jeneralen garaiko 30.000 desagertuena, memoriak lotzen ditu, zerk bestela. Hiru zulo, elkarrengandik aparte, elkarren antzik ez dutenak itxura batera, nola lotzen diren gaur egungo Iruñean lanean ari diren hiru lagunen baitan. Hori da idazlearen egin beharretako bat, ez?
Pertsonaia nagusia, Imanol Arellano, kazetaria da. Hizlandia idatzi ostean, ze gogo ukan duzu ba, barriro kazetaritza kontuetan abiatzeko?
Hasieran ez nintzen horretaz konturatu. Kanpotik ikusita, berriz, garbi dago idazlearen fobiak eta filiak halakoetan agertzen direla azalera. Eta egia da, kazetaritzak ez nau epel uzten. Idaztea duelarik lana, uste dut ardura handiko lana dela, transmisioan ez ezik egungoa ondo kontatzen ere asmatzen erraza ez duena. Beharbada dagoeneko ez dagoen kazetaria dut gogoan, literaturaren baliabideei zukua ateratzen diena, zer esango dizut, Joseph Roth-ek 1920ko hamarkadan Berlinen eta Berlinez idatzitako kronikak irakurtzen ari naiz egunotan: hunkitzerainoko koadro sozialak dira.
Euskarazko kazetaritzan, uztartuko ziran orain arte be kazetaritza eta literatura, eta literaturan?
Nik uste literaturak ia beti duela kazetaritza ondoan, bai egunero prentsan kontatzen diren istorioetan fikzioaren abiapuntua topatzeko bai kontatzeko moduak. Alderantziz baino gehiago, seguru asko.
Liburua aurkeztu, elkarrizketak, kritikak… ze bide du gaur egun euskarazko liburu batek? Nahikoak al dira? Literatura, ez al da ba zulo bat uretan?
Munduko liburuek dutena, gero eta zailagoa. Arrazoiak eta arazoak ez dira gureak bakarrik. Gehitu horri oso hizkuntza komunitate txikia garela… Nahiago nuke bestela izatea, idaztea eta kitto, hor amaitzea, baina “nork defenditurik†izan ezean, zail du liburu batek aurrera ateratzea. Eta gurean, horiek guztiak beteta, mila irakurle izatea, lorpen itzela da. Horra garenaren neurria.
-
Itoiz zenbat urte
Egunotan Itoiz dabil inguruan. Atzo artikulu polita idatzi zuen Anartzek GARA egunkarian Itoizen lehenengo diskoaren inguruan, 30 urte joan dira Donibane Lohitzuneko estudioan grabatzera sartu zirenetik.
Asteon bukatu dut Zulo bat uretan nobela be, Itoizko urtegiak urez estali behar dituen herrietan kokatzen den liburu irakurgarria. Zenbait egunez, erabat harrapatuta izan nauen Inigo Aranbarriren lana.
Itoizen doinuak, Artozkin emandako egunak… danak datozkit burura, tupustean…
Entzun eta irakurri, kultura. Garena eta izan garena, gogoratzen duguna eta gogoan duguna. Historiaren zabortegia. Oroimena.