Berria egunkariak Literatura eskolaren kronika eta Literaturian zehar egindako erreportaia laburra.
Idazleak irakurleengana hurbilduz abiatu da Literaturia
Obrak aurkeztu dituzte idazleek, eta irakurleekin hitz aspertuan aritu dira azokan zein bazkariko mahaiaren bueltan
I. Berro.
Larrabetzu
Idazleen eta irakurleen arteko distantzia txikitu gura zuten Literaturia jardunaldien antolatzaileek, desagerrarazi ia, asteburu batez bada ere. Eta lortu dutelakoan dago Gotzon Barandiaran idazlea eta Literatura Eskolako kidea. Euskara hutsezko literatura azoka egiten ari dira Larrabetzun (Bizkaia) atzo goizaz geroztik, eta ez da girorik falta.
Euskarazko literaturaren sistemari buruzko mahai-ingurua bukatu orduko hasi ziren liburu aurkezpenak azokan atondutako gunean, 12:00 aldera. Alberto Barandiaran izan zen lehena. BERRIAko kazetaria Postkronikak liburuaz (Elkar) mintzatu zen, eta atzetik hartu zuten mikrofonoa Beñat Sarasolak (Alea, Susa), Irati Jimenezek (Nora ez dakizun hori, Elkar), Asier Serranok (Erlojugilea, Txalaparta) eta Juanra Madariagak (Eroriaren logika, Susa), besteak beste.
Azken poemarioa, Izozmendiak (Susa), duela sei urte kaleratu zuen Madariagak, baina ordutik ez dio idazteari utzi. Presiorik gabe, lasaitasunez jardun duela dio idazleak. Denboraren inguruko gogoeta egin du Madariagak. «Bizitzan gertatzen zaizkigun gauzez hausnartu dut, nola erortzen garen, nola altxatzen garen ondoren… Prozesu horretaz». Larrabetzura atzo bildutakoek Eroriaren logika liburuari buruzko Madariagaren lehen berbak entzuteko aukera izan zuten. Izan ere, inprentatik atera berria da liburua. Ostegunean aurkeztuko du prentsaurrean, Bilboko Elkar aretoan.
Entzuleen artean idazle ugari izan ziren, hala nola Hedoi Etxarte, Garbiñe Ubeda, Edorta Jimenez… Aparteko giroa sortu zen denen artean. Bazkariko mahaira ere eroan zituzten solasaldiak. Idazleek eta irakurleek elkarren ondoan jarrita bazkaldu zuten, Larrabetzuko produktuez osatutako menua dastatu zuten.
Internetera egin zuen jauzi literaturak arrastian; blogez eta letrez hitzaldi laburrak egin zituzten hainbat sortzailek. Bien bitartean, irudimena astintzen segitu zuten herriko gaztetxoek. Goizez zein arratsaldez eskolan prestaturiko antzezlanak eta bertsoak eskaini zituzten, Txinpasmendi guraso elkarteak lagunduta. Sortzaile bihurtu ziren, artista. Eta festa giroan igaro zuten eguna.