Archive

Posts Tagged ‘musika’

Gaztetxeko poesia saioagaz amaitu da Literaturia

Ekaina 6th, 2010

Hori Bai gaztetxea. Domeka. Arrastiko 19:30ak. Bete beterik.
Argia, soinua…prest. eta isiltasuna…
Literaturia Larrabetzuko HORIBAI gaztetxean
xabier montoia
Xabier Montoiak, aspaldiko partez jendaurrean ekitaldia egin du. Poema liburua eskuan, bere poema aspaldiko batzuk irakurri ditu. Bere ahotsak lagunduta. Bakarrik publiko guztiaren aurrean. Musika darien letrak, kantuak gogorarazten dizkiguten poemak.
Eta hamar urtez, poemarik idatzi barik egon ostean Zizeken sudurra eskaini digu. 5 minutuko poema bat. Interpretazioa ere eskatzen duena, Zizek pentsalariaren irudiak youtuben ikusi ostean, gasteiztarrak sortu duen poema.
Santi Iparragirreri eskaini dio azkena, eta txalo artean agurtu dute, duela 25 urte baino gehiago Anfetamiña liburuarekin euskal publikora agertu zen idazlea.

Karmele Igartuak be, bakarrik, bere ahotsaren laguntzarekin ekin dio testuak irakurtzeari. Idazle eskolan ondutako emakumea. Poesia liburua plazaratu berri, aulkian jezarrita, gozo irakurri dizkigu bereak. Adi adi jarraitu dute bertaratutakoek. Gehienek ez dute ezagutzen, eta txundituta jarraitu dituzte haren berbak. Txaloek ongi etorria eman diote, literaturaren plaza libre honetara.

Igor Estankonak, Iratzeen esporak eskuartean. Anaia Borja alboan, telecaster kitarra elektrikoarekin. Atmosferak sortu eta poemak irakurri ditu Igorrek. Hiru poesia liburu plazaratuak ditu arratiarrak, Zantzoa aldizkariaren sasoian trebatu zen publikoaren aurrean. Bere gaztetasunean esperientziaduna da Estankona. Eta publikoa adi adi mantendu dute kitarra doinuek eta poemek.

Paddy Rekaldek lagunak ekarri ditu dub sesiora. Punk jarrera, artistak margo lanetan, eta Katza lehenengoz poesia errezitaldi batean, erritmo kutxa eta ordenadoreak jaurtitako soinuak. Baseak trinkoagoak dira, eta hormairudiko koloreek, Paddyren ahotsa laguntzen dute. Banda bat, poetry saio honetan. Kultura artifiziala, eta gaztetxeko giroa. Jendetza bat, kontzertu bat, bertso saio bat bailitzan.
Paddy Rekalde
Poesia saio multimedia batean gaude ordea. Poema bat, eta beste bat bota ditu, tiroak bezala lehertu dira gaztetxe zaharraren hormetan. Txalo jotzeko astirik bez… macintoshetik zetorren soinuak dena estaltzen baitzuen. Bukatu da obra, moztu dituzte margotutakoak, poemak txikitu eta hormari itsatsi. Hiri bat, uri bat… sortu dute margolariek. Zuek bai, Literaturia! agurtu du Paddyk gaztetxea. Eta musikak jarraitu du.

Hori Bai gaztetxea. Literaturia Larrabetzun.
Literaturia amaitu da, eta guztioi aurpegi arraroa geratu zaigu. Amaitu da Literaturia, gutxiago falta da. Literaturiarako.

literaturia ekitaldiak, kronikak, literaturia , , , , , , ,

Kalea protagonista

Ekaina 5th, 2010

Literaturia
Berdin gauez, zein egunez. Goizean edo arratsaldean, kalea hartu du aurten Literaturiak. Kalean dira ekitaldiak, hitzaldiak, bertso ipuinak edo kontzertuak.
Joseba Tapia kalean
Joseba Tapia Anguleri aurrean.

Bart Joseba Tapia, gaur umeak, idazleak beren beregi atondutako irakurgelan, eta irakurleak mahainguruan.

Omar Nabarro gaztetxean
Omar Nabarro gaztetxean, poesia errezitaldian.

Euskal Herri osoko irakurleak
Gipuzkoa eta Bizkaia osotik etorritako irakurle taldeetako kideak izan dira nagusi gaurko solasaldian. Horrez gain Iruñea eta Bartzelonako irakurle taldeetako lagunak be batu dira eztabaidara. 111 akademiak sustatutako ekimenean, gai asko aipagai, gai interesgarriak goizeko lehen orduetatik.

Eñaut Etxamendi berbetan
Liburu aurkezpenak
egileak eta irakurleak aurrez aurre

Irakurgelan, egileak hirunaka hurbildu dira. Nork bere aurtengo uzta jendaurrean erakustera. Beren ideiak, asmoak, idatzitakoak jendartean kontatzera. Oso giro polita, apala interesgarria sortu da. Eguzkipean, gerizpetan atseginagoak izan dira kontatutakoak. Dozena bat liburu berri ekarri dira hizpidera gaurkoan Literaturiako aurkezpenetan. Egile berri, aspaldiko sortzaileak, editoreak… denetarik.

Literaturiatxue
Literaturiatxue arrakastatsu aurten be
Eta Anguleri kultur etxearen inguru minguruan, umedadea. Umeak, gurasoak, musika, bertso ipuinak, irakurketak, Joxan Ormazabali omenaldia… denetarik. Eta batez be, jendea. Jende ugari batu da eskaileretako anfiteatro berezian. Ekitaldirik jendetsuenak, Bertso ipuina -Larrabetzuko bertso eskolako gaztetxoek gauzatua- eta Joxean Ormazabali hainbat emakume idazlek egin dioten omenaldia. Testuen irakurketa polita.

Liburu azoka

Kronikak:
Infernuko hauspoa: eta tira eta tunba
Berria.info Irakurle taldeak eta Literaturia
Ataramiñe: Josu Landa Ospitalekoak aurkezten

literaturia ekitaldiak, kronikak , , , , , , ,

Ez dago atzera bueltarik, abian da Literaturia

Ekaina 3rd, 2010

Gaur hasi eta asteburu osoan Literaturia Larrabetzun. Euskarazko liburuen azoka, irakurgela, errezitalak, antzerki emanaldiak, txikien Literaturiatxue, kontzertuak, dj-ak, herri bazkariak, bertso trama… egitarau oparoa eta eguraldi ona.

Literaturia 2010
Literaturia abian da, eta zu ere gonbidatuta zaude.
Euskarazko letrak eta sorkuntza, herri txiki eta euskaldun batean, asteburu bat baino gehiago.
Mila euskaldun eta hamaika gehiago batzea da gure asmoa.

Eguneraketak:

Literaturia gaurko prentsan:

Erdu literaturia ezagutzera!

Literaturia spot herritarra.

literaturia ekitaldiak, literaturia , , , , ,