#Patakon

Gernikatik Markinara

Asteartea. Abuztuak 5 ASTRA, Gernika

Gernikan esnatzea. Saria bezala da. Pozik esnatu naiz goizean… batez ere gauekoan pentsatzen jarritakoan. Goizaldean euria entzuten nuen… zirri zarra. Joan etorrian. Eta ez zuen euria ematen egia esan. Kanpin denda txikian lo nengoela… euriaren antzeko soinua, joan etorrian. Esnatu, kremailera bajatu burua atara… eta hara! orduan konturatu naiz Astra ondoko jardinak ureztatzeko sistema automatikoa zela. Lurpetik ateratzen ziren txorrotak.. eta bueltaka berdegunean. Kanpinetik atera behar izan dut… eta berriz amatatu arte zain geratu. Ureztatzeko txorrota pare bat gainera kanpinaren ondo ondoan zeuden… oso osorik bustitzeko moduan. Patakoni begiratu diot, eta urak harrapatzen ez zuen toki bateraino joan da. Eta izartuta harrapatu dut bera ere.
IMG_20140804_223524284
Itxaronaldiaren ostean, berriz sartu naiz lotara. Pentsatuz ez dela barriro ureztatze automatikoa piztuko. Eta beldur apur bategaz… baina atoan lokartu naiz.

Ekaitzaren osteko barea

Gernikan izartuta… kafe bat gosaldu eta otzarak ondo bete ostean oinez abiatu gara astoa eta biok Gernikaldetik. Errenterirantza eta oinez tipi tapa.. Gernika atzean utzi eta bide gorri batetik. Bide bazterretik. Sokatik oratuta, txintxo bidean astoan. Eguzki itzela eta oinez lotu barik.
IMG_20140805_111841108
Markina lekutan dago oraindik, baina txaka txaka helduko garelakoan gaude.
Geldialditxo bat egin dugu ura edateko, deskantsu apur bat egiteko, zama arindu eta gero oztabere jarraitzeko.

Baso artean be ibili gara, itzel bide politetatik, eta aspaldian ikusi dugun artadirik ederrena topatu dugu bidean. Harrizko zubi handi bat gurutzatu eta leku itzelak ezagutu ditugu. Eta gaur bai, gaur erromesen bat ere gurutzatzen hasi gara. Gaur donejakue bidearekin bat egiten ari gara… Ajangizetik etorri barik be, azkenean gurutzatu gara hauekin, eta Mendata ingurutik pasatzean bidez bide gogotsu ekin diogu bideari.
IMG_20140805_154948624_HDR

Bero itzelagaz heldu gara Munitibarrera. Herriko plazan dagoen iturrian lotu dut astoa. Zama guztia kendu eta gura beste ur edan du. Nik bokadiloa eta garagardo pare bat hartu ditut. Tabernaurrean jezarrita. Lasai asko.

Bolibar

Asteguna da eta ez dabil jende askorik. Hemendik Markinara oraindik badago bidea.
Bazkalostean ekin diogu astoak eta biok. Ez gara kexatu Eta bidez bidez heldu gara Ziortza Bolibarrera be. Gora eta behera. Aldapak igon eta aldapak jeitsi. Bero itzelagaz. Baina oraindik bigarren eguna baino ez da eta poz pozik goaz bidean.
IMG_20140805_185827900_HDR

Bolibarrera heldu eta Simon Bolibarren aurrean gelditu da Patakon. Argazkia egin diet, zelan ez. Eta atsedena hartu dugu. Iturritik edan, eta lasai egon. Gaurko nekea somatzen da. Eskualdean murgildu gara… baina oraindik oinez luze egingo zaigu Markinaraino. Iruzubietatik, lehenengo landa artetik eta gero errepide ondotik egin behar izan dugu bidea. Errepide handia da hau, eta azkar dabiltza autoak eta bestelakoak.
IMG_20140805_114128624

Baina gaur, bidean askatuta joaten ikasi du Patakonek. Eta nire atzetik etortzen da nahiko lasai. Hori aurreratu dugu.
Markina erdialdean sartu eta berehala topatu dugu karmeldarren aterpea. Gainezka dagoen arren, bertan hartuko dogu ostatu. Patakon aurreko landan lotu dut. Eta gabon esateko ordua da.