@ekulturanet ██████████████████████ #libre ██████████████████████ #SOPA EZ! ██████████████████████ ██████████████████████
- Internet zer da?
- Zer gura dugu izatea?
- Zer nahi dute?
Zigorra zigorraren atzetik inposatu nahi dute, munduaren jabe direnek. Munduan agintzen dutelako, nahi lukete beraien irizpidea inposatu sarean ere. Eta ez dute lortuko, ezezkoan gaude gu.
Gaur salaketa eguna izan da munduan toki askotan, saretik ikusita. SOPA legearen kontrako jarrera erakutsi dute Interneteko haundi haundi diren batzuk: wikipedia, wordpress…
eta txikiok ere badugu gure salaketa egiteko aukera…. hutsune beltz hau, izan dadila salaketaren ahots eta oihartzun.
██████████████████████ #libre ██████████████████████ #SOPA EZ! ██████████████████████ ██████████████████████
Eredu ekonomiko berri bat euskalgintzarako
EZtaBAIdarako apunteak
Ziztada eske ari zaizkigu hemendik eta handik.
Hiru egoeraren berri izan dugu oso denbora gutxian.
- Berria taldearena
- Nabarra aldizkaria
- UEU
…eta honek guztiak, gogoeta egitera narama. Hala beharrez. Eta uste dut, egoeraren azterketa egiteko puntu asko jarri behar direla. Eta asko apropos ezkutatzen direla, beste asko gainditutzat ematen ziren, eta gehiago etorriko dira eztabaidaren ondorioz. Ea jendeak, guk guztiok gogoeta egin, ondorioak atera, eta aterabide orokorrago bat planteatu beharko genuke, alternatiba integrala. Gurpil berria agian, pintxazoari partxea jarri aurretik.
Aurrekariak
Garai emankor batzuetatik gatoz, sozialean. Euskalgintzak dena zuen egiteko, eta frente horretan gauzak sortu eta eraikitzeari ekin zion duela hamarkada batzuk. Gau eskolak, ikastolak, euskararen aldeko dinamika herritarra, euskal prentsa, elkartegintza, herri hedabideak, kulturgintza, diskogintza, hiztegigintza, liburugintza…. zer ez dugun jaso gure aurreko belaunalditik?
Nolabaiteko instituzionalizazio bat gauzatu da kulturgintzaren eremuan ere, profesionalizatu egin zaigu herrigintza zena. Lanpostuak sortu, profesionalak, adituak, lantalde teknikoak han eta hemen, Euskal Herri osoan.

Normaltasun itxura bat hartu izan du guztiak, eta batez ere Arregi-Garmendia jaurlaritzetan, akordioen bidea urratu zenetik; ordukoak dira irudirik gogoratuenak, Iñaki Uria Joseba Arregirekin Euskaldunon EGUNKARIAko azalean, Erramun Osa eta Mari Karmen Garmendia akordioa sinatzen (AEK HABE), -nik gogoan ditudan erretratuak, izango dira beste batzuk- eta nolabaiteko normalizazio instituzionala ere eskuratu zuen euskalgintzak. Adostasun osorik ez, baina bide berri batzuk.
Eta euskalgintzan horrek bere ajeak utzi ditu. Ez dira beti plazaratu, ez dira azaldu. Baina hor egon dira. Menpekotasunak, mugak, egin nahi eta ezinak, faboritismoak… denetarik.
Egungo politika
Jaurlaritza aldaketa posibleak beldurra eragin zuen, otsoa ba omen zetorren, eta Ibarretxek inoiz lehendakari batek inoiz eskuratu duen boto zaparrada handiena jaso zuen. Euskalgintzako sektore asko ere, lerrokatu ziren horretara. Nik neuk, oso gertutik bizi izan nuen. AEK-ko irakasle zirenak, Ibarretxeri botoa ematen, ETBko LABeko sindikalistak ezagutu nituen horretan. Eta otsoarenak funtzionatu zion alderdi jeltzaleari. Eta beldurra nagusitu zen gure etxeetan. Eta normala izan zitekeen agian. Eta ezker abertzaleak ere, Mayor Orejaren aukerari, ez zion alternatiba sinesgarririk erakutsi. Eta Ibarretxerekin lasaitasuna. Eta ezker abertzaleak Gasteiztik kanpo jarraitu zuen, erdizka, eta udaletatik kanpo gero, ia osorik… eta urteak aurrera.
Mayor Orejaren ordez, Lopez Basagoitik eskuratu zutenean Gasteizko gobernua, ez zen beste munduko dardararik suertatu. Eta Lopezek euskaldun zenbait jarri zituen gobernatzen, eta tartean Lurdes Auzmendi, Ramon Etxezarreta…. euskaltzaleak, ezagunak, askoren lagunak.
Eta horregatik, besteak beste ez zen euskalgintzaren oldarraldirik egon. Eta subentzioek iraun zuten, eta bermatu, eta Iparraldeko ikastolak, zein Nafarroakoak, eta euskaltegiek, eta prentsak… eta suak irauten zuen piztuta, baina kandelarena, ez barrikadarenak. Lasaitasun demokratikoa deitzen ahal diogu. No pasa nada. Denak bere horretan jarraitzen du.
Baina krisiarenak amigo, dena justifikatzen ahal du. Eta garai aproposa da artaziak martxan jartzeko. Eta nahi dugun lekuetatik prakak mozteko. Eta hasi da errekortea. Hasi dira beheraldiak. Eta gora begira harrapatu gaitu, tupustean, ezustean edo.
Hemendik eta handik mozten hasi direnean, gure negarrak, gure malko lehorrak. Horrenbeste niri, horrek beste guri, hau eta zera…. ez daukagula, beharko genukela, ez dagoela, itxaron beharko dela. Eta ziztadak zeinek lehenengo eskatu, azkarrago bermatu. Baina ez dut uste, orain kontu guztiak ziztatzen jarrita konponduko dugunik txolopote hau. Estrukturala baita arazoa, gurea bezala haiena.
Euskalgintzak eredu berri bat behar du.

Erronkak eta etorkizuneko kulturgintza
Euskalgintzak eredu berri bat behar du. Hemen eta orain. XXI. mendeko euskalgintzak ezin du inoren morroi izan behar. Ezingo du subordinatua izan. Ez jeltzale, ez sozialista ez abertzale, ez deus. Euskalgintzak bere bidea bilatu behar du.
Eta autogestioa da oinarri oinarrian bilatu behar duena.
Kudeaketa eredu berri bat, irekia, parte hartzailea, zabala, anitza eta batez ere emankorra.
Gure zerbitzuak oro ezin ditugu kapitalaren menpe jarri, argi dago hori. Baina subentzioen politikak hona ekarri gaitu. Eta aurrera egiteko gaitasunik gabe ez ote garen geratuko, hori dugu orain guztiok zalantza. Kiosko eta buzoitik erori da aldizkari bat. Ez da deus gertatzen. UEUri bere jardunaren %25 suposatzen duen dirulaguntza kendu diote egun batetik bestera, ez da grebarik izango euskal unibertsitateetan, irakasleek berdin berdin jarraituko dute nominak jasotzen, ikasleek ez zeukaten horren berririk, agian horren beharrik ere ez. Ondorioa da guzti hau. Berriak, bere plantila ezin dezake mantendu. Ez da erreala. Ez da Erreala. Badakigu.
Gestio mota berriak bilatu behar dira, hala beharrez. Lan eredu irekia, alternatiboa martxan jarri behar da. Pentsatu dugu, genituen ereduetara gure jarduna egokituta, aski zela. Eta orain ondorioak. Militantzia edo profesionala, dikotomia horretara mugatu dugu gure operatibitate guztia.
Eta munduan, milaka proiektu daude, euskalgintza bezain garrantzitsuak direnak, eredu ekonomiko berriekin funtzionatzen dutenak: eta jasotzen dituzte laguntzak; mikrolaguntzak, kudeaketa irekia dute; sponsorizazioak, parte hartze irekia, erabaki ahalmen handiagoarekin, kudeaketa ireki eta garden batekin. Eredu dira, eredu zaizkigu.
Euskal Herriak, bidegurutzean den honetan, bideari heldu eta gurutzeak gainetik kendu beharko ditu.
Erronka berriei ausardiaz eta ilusioarekin heldu. Ez dago egun handirik. Egunerokoa da gure jarduna, gure egitekoa, gure lorpena eta gure emaitza. Gutako bakoitzak behar du ziztada bat, aurrera egin dezagun.

Ikasgai eta lotura zenbait:
- open economy wikipedian
- open economy Las nuevas reglas de la economía de la participación
- Wikimedia fundazioa, besteak beste mundu osoko Wikipedia proiektua sustatzen duena
- Mozilla fundazioaren wikia, antolaketa eredua, egungo eztabaida irekiak.
- Julen Iturberen azalpenak funtsezkoak izango zaizkizue, enpresa irekia, ekonomia irekia eta antolakundeen eredu berrien gainean.
Ekonomia ireki eta parte hartzaile bat euskalgintza eta kulturgintzan. Non euskaltzaleok, ez garen kontsumitzaile soil. Non badugun boza, badugun poltsikoa, badugu ere bihotza eta eskuak, batez ere. Ez gugana eskatzen soilik etorri. Guk, egin nahi dugu. Eta egiten ari gara, bidenabar.
Arretaz eta harriduraz irakurri ditut Kutxako arduradun honen hitzak gaurko egunkarian.
erakunde jakin bati emandako txistukadak eta beste erakunde jakinei emandako txalo zaparradek bertsolaritzaren kultur jarduerari berari zein mesede edo kalte egiten dioten hausnartzera gonbidatu nahi ditu bertaratu zirenak
Bertsolaritzaren kultur jarduerari zein mesede egiten dioten ez dakit, eta kalterik bai? Bertan batutako 9.000 entzuleek, eta bakoitzak une oro txistu edo kantu, edo txalo, edo irribarre egiteko eskubiderik ez badu… zer egin behar du, ordaindu eta isil isilik egon, eta agintari guztiei men egin? Uste nuen, txalo eta txistuak protokologaren parte zirela honezkero, hogeitaka urteetako kultur jardueraren ostean.
normalizazio politikoan murgiltzeko ahalegina tokatzen den garai honetan, erantzukizunez jokatzeko hainbat bertsolarik egindako gonbitea, norberak egin beharreko gogoetaren lagungarri
- Zer ikusi du giro politikoak? eta egoera ekonomikoak?
- Banketxe, kutxa eta abarren jarrerak hipoteken aferan izango du harremanik txistukadarekin?
- ETAk armak utzi dituela eta, jendea etxeetatik botatzeari utziko diozue zuek ere?
- ETAren kontu honek, askorako ematen du, baiki, baina batzuen muturrak ez du zerikusirik egoera ekonomikoarekin. Banketxe, kutxa eta kutxazainei txistu egiteko mila motibo daude egon, egunero 7 etxebizitza desjabetzen diren euskal erdi honetan.
Gaur eta hemen, badago Kutxari (ere) txistu egiteko motiborik, eta egitea gainera zilegi iruditzen zait.
Kutxak, Gipuzkoan bakarrik ez, Katalunian ere bota du etxetik jendea
Kutxa eta desjabetzeei buruzko, beste albiste bat; horrenbeste dira

Bertsolaritza klinikoaz, beste bi hitz
Bidebatez, bertsolaritzan gai politiko eta transzendentalak edo mediku gaiak.. hori bada aukerakoa, bada zer hobetu. Kultur jarduerak, egoera sozialarekin ere jakin behar du jokatzen. Badira mila gai, mila motibo kantatzeko oraindik. Alde horretatik, eskertuko litzateke, eta asko, egoera sozial eta ekonomikoarekin, hemen zein mundu osoan lotura duten gaiekin saiakera bat egiteak. Medikuntzaren lekua bertsolaritzan horrenbestekoa izan ez dadin.

Zorionak @asarriegi!
Azkenik, bereziki zoriondu gura dut Aitor Sarriegi txapelduna. Beñat Gaztelumendik ere lan oso txukuna egin zuen, eta ez ninduke harrituko txapela berak eroatea. Beasaindarrak irabazteak, poztu ninduen, eta uste dut poz kolektibo ttiki bat hedatu dela sare sozialetan ere, bere htc mugikorrarekin, lantzean behin astintzen ditu eta bertsolari bertsozale informatikari informatikazaleak. Bejoindeikela @asarriegi !

Kultura digitalaz aritzeko baliatzen dugu asteroko tartea Info7 irratian. Eta sarean gertatutakoak, ikusi eta ikasitakoaz aritzen gara. Maiz, irratiko edukiak sarean ere hdatzen ditugu, eta eztabaida sortzen ere saiatzen gara, gaiak garrantzia duenean.
euskal kulturaz, GAUR
behatoki digitala
Huheziko fakultatean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin ostean, euskal kultura eta kultura digitala arreta gehiagorekin begiratu eta jarraitzen dut. Eta ekultura.net gunea bera, gogoetarako eta zabalkunderako baliatzen dut. Ikasketa prozesu etengabea, egoera jarraitzeko talaia ezin hobea da; hizkuntza, kultura, sorkuntza, sarea eta orohar kultura eta teknologia berriekin zerikusia duten gaiak lantzeko.

Hemen eta orain, aztertu eta ikasi, erakutsi eta hedatu. Eztabaida sustatu eta sareko joerak arretaz jarraituz badugu nahiko lan. Ikusi eta ikasi, arreta galdu barik eta sozializatzen saiatuz.

Twitter bidez izan dut bere lanen berri. Dei Gaztelumendi.

Xabiroi aldizkariaren azken portada zelan diseinatu, marraztu eta osatu duen erakutsi du timelapse teknika baliatuta. Eta milaka bisita izan ditu bideo honek sarean.
Bideoa pasada bat da, eta bere teknika ez da gutxiagorako.
deisign.com gunea ikusten aritu naiz, eta poztekoa da gure artean horrelako artistak egotea. Euskal Herria sortzailez gainezka dago, zorionez. Eta sarearen bitarte daukagu beraien berri.
Igor Leturiagaz, Durangoko azokan berbetan, hizpidera ekarri genuen gaia, eta berak eman zizkidan Xabiroi aldizkariaren inguruan mugitzen diren sortzaile hauen berri. Eta poztekoa da. Pentsatu nahi dut, gazteen artean aldizkari hau ondo zabalduko dela, ezagutzen dutela… uste dut merezi duela.
Dei Gaztelumendi
Aurrekoan lagun batek, Durangorako joan etorriak urteetara ekartzen zituen. Mende laurdena urteroko zitan. Eta gogoetan jarri ninduen. Noiztik?
Eta txikitako oroitzapena datorkit. Ikastolatik autobusean, atentatua Erletxetan. Liburu eta diskoak.
80. harmakadako Andramari elizpeko diskoak eta estetika gogoan dut, Tijuan in Blue eta Potatoren diskoaren inguruan Soinuakoen estand hura, Kortaturen aizkolariaren posterrak, Hertzainaken kartel marroi handia, lehen diskoarena.
Akerraren fisika liburua nire diruarekin erosi nueneakoa.
Arkeologia esaten diote horri. Oroitzapenak. Aititerena egitea, gerra kontuetaz berbetan.
Eta urteak joan urteak etorri, abendua, nobedadeak, musika eta letrak. liburuak eta diskoak besapean, diruak xahutu eta urte berriari ekin diogu, behin eta berriro.

Liburu artekoak
Eta bapatean konturatzen naiz, liburuak saltzen 20 urte eman ditudala konturatu barik. Eta aurten ere, gogotsu aritu garela Twist edo Egarri egunak portualdean, Kartzelako poemak eta Scanner, Zaharrak ez zuen hil nahi eta Zamaontzia jendearen eskuetan jartzen. Eta aupa, eta kaixo, eta zelan, eta zu be bai, eta musu bat eta besarkada beroak, eta joandakoak, eta etorri datozenak.
Idazle berriak, lagun zaharrak. Belaunaldiak eta ostekoak.
Poza eta ilusioa ere egiten digu Durangoko azokak. Ez da liburuengatik bakarrik, ez dira doinua eta berbotsa soilik. Badago beste zeozer. Herrigintza zela pentsatu izan dut beti, baina badago beste zeozer be…. lagunartea, jendea, keinuak, bat izate hori, etorri, joan, elkartu, aldarrikatu, erosi, irakurri, egon, sentitu…. eta agian bai, herrigintzaren zati da hori. Herri gara. Eta herri osoa karpa baten azpian sartzen dugu agian; ahots, soinu, letra, irudi eta amets.
Zer litzateke gure herria Durango barik?
Durango gara gu ere, han ez gaudenean ere.
eskerrik asko guztioi.
Bart izan da. Kerobia Plateruenean. Gartxo filmeko irudiak. Jende pilo bat. 300 lagunetik gora igande gauez, Euskal Herrian.
Izugarria izan da kontzertua. Aspalditxo ikusi dudan onena.
Akustikoan hasi dira, xume, sendo. Banda osoa (perkusioa, kontrabaxua, pianoa eta Bandiniren ahotsa). Eta tartean marrazkiak tartekatu zaizkigu goian paratutako pantailan. Halako batean, isiltasuna, irudiak… eta zenbait kanturen ostean, hautsi da gaua. Zer da hau?
Kerobia elektrikoa, indartsua… animalekoa.
Izugarria izan da, lagun guztiak harrituta. Kerobia ikaragarri.
Gustura egon gara, Durangoko azokako lanak amaituta. Liburuen arduratik landa.
Bitartean, ez galdu aukerarik Gartxok, Itzaltzuko bardoaren filmea ikusteko. Itzela da Asiskok ete bere kideek egin dutena. Zorionik beroena lantalde osoari, auzolanean bikoizketa egin duten artista guztiei, animatzaileei, efektuak marrazatu dituztenei… bikaina sentitzen dugun euskal harrotasun hau.

www.gartxotfilma.com
Atzo zen, Durangon. Gaur hemen. Bihar han.
Badira zazpi urte, blog honetan idazten hasi nintzela.
Eta zazpi urte, jendeak irakurtzen duela.

Geroztik sortu dire berriak, eta hobeak. Eta kementsuagoak, eta apalagoak. Interesanteak eta jantziak.
Idazteari, irakurtzeari, sortzeari, ikasteari… ez diot utzi oraindik.
Denetarik pasa da zazpi urteotan, gauza askotaz mintzatzeko parada izan dugu. Izan dira oldarraldiak, haserrealdiak, eztabaida sutsuak, albiste sano interesanteak, elkarrizketak, argazkiak, bideoak, audioak… hangoak eta hemengoak.
Zazpi urtez, gau eta egun. Jo ta su.
Ondo gogoan dugu oraindik. Kantu asko burura datozkigu lantzean behin, baina gehiago dira nostalgiaren eraginez, aurrekoak, 80. hamarkadako erdialdekoak.
Martxa zebilen gurean, kontzertuak ugaritu ziren. Antolatzeko modu berriei atea ireki zitzaien.
![]()
Gehiegizko profesionalizazioa ere bai, katxetaren logika bakarra.
Hala ere, eremu alternatiboak jarraitu du esistitzen, funtsezkoa izan da.
Orain, katalagoa digitalizatu eta merke antzean dago salgai, aukeran.
![]()
Eta bideoak VHS formatutik, DVD euskarrietara pasa dira…. eta laister egongo dira ripeatuta eta sarean eskuragai. Horixe baietz. Eta hori litzateke, sendotasunaren seinalea… sarean ez dagoena ez delako esistitzen ia ia.
Dijitalizazioaren garaian, webgune berria, spotify kanalak, dvdak eta beste. Memoria historiko digitala, aspaldi aldarrikatu bezala.
Aste honetan parte hartzearekin zerikusia duten ekimen baten baino gehiagotan aritu eta jardungo naizenez, horren inguruko gogoeatxo bat botatzea pentsatu dut.
Parte hartzea gora egingo duen dinamika izango da. Berdin du ze motatako prozesuetan den: izan dinamika sozialean, politikoan, instituzionalean edo profesionalean.
Larrabetzuko udalean
aurrekontu parte hartzaileak
Udalak Larrabetzun, 2012ko aurrekontuak jendaurrean eta jendearekin prestatzeko asmoa agertu du. Eta horregatik, asteon bi herri batzar deitu ditu. Egoera ekonomikoaren berri eman, eta jendearekin batera hurrengo urteko aurrekontuak prestatzeko. Alkateak berak, herriko blogari eta elkarteetako webguneetara gonbidapen mezua bidali du. Herriko etxe atari guztietan deialdiko kartela dago, eta udal paneletan eta panel elektronikoan deialdiaren berri dago. Garaiz informatu, eta ahalik eta parte hartze handiena bermatze aldera.
Estatu mailan badago aurrekontu partehartzaileen inguruko informazio gune eta sare bat, eta uste dut, aurrerantzean sarriagotan begiratu beharko dugula.

Larrabetzuko dinamika honek, itzelezko harrera izan du sarean, lokal mailan. Baina sarea be, bada parte hartzerako tresna interesgarri bat. Agian, sarea eta parte hartzea zelan uztartu ikasi beharko genuke orain, maila lokalean. Eta esperientzia berritzaileak abiatu.
Larrabetzuko aurrekontu parte hartzaileak sarean
Minutu bat berrikuntzarako
Lantokian, komunikazio zereginetan nabilenetik, baserri munduan gauzatzen diren esperientziak bisibilizatzea da nire arduretako bat. Eta berrikuntza sozialaren gaia interesez jarraitzen ari naiz. Horregatik EHNE Bizkaian ere Innobasque berrikuntza agentziak bultzatutako minutu bat berrikuntzarako ekimenean parte hartu dugu.
Erronka bat jarri diogu gure buruari 70 erakunde ezberdinetan. Guk, baserritarren (ekoizle) eta kontsumitzaileen arteko harremana zelan erangikorrago egin pentsatzen aritu gara. Eta lankide eta baserritar ezberdinek nork bere ekarpenak egin dituzte. Orain batu, eta ebaluatu egin beharko ditugu denak. Eta hoiek martxan jarri. Minutu bateko ideiak, handiak eta erabakiorrak izan daitezkelako aurrerantzean.
EHNE Bizkaia
Minutu bat berrikuntzarako.




