Hurrengo geltokia
Eta halako batean fisioterapeutak bizkarreko minaren zergaitiaz jakiteko, galderak egiten dizkizu. Bizitzaz. Lanaz. Erritmoaz… eta mina arindu beharrean kezka eragiten dizu. Bizkarretik burura.
Gero hazurrak, eta bestelakoak bideratzen saiatzen da. Minak ekarriko du atsegina. Ekaitzak barea.
Eta galderak zeure buruari. Kezkak irakuten du. Minak ere bai.
Ezer ez da kasualitatea. Jezartzen zaren aulkiak, bileren edo lan ildoen dinamikak, kilometroek, autoaren gaitasunak, egoera ekonomikoak… denek eragiten digute, buruan, gorputzean…. edota bihotzean.
STOP jartzen duen seinaleari so, gelditzea erabakitzen duzu. zedaelpaso bat izan zitekeen, laburra, azkarra… edota geldiune bat. Pausatuagoa.
Orduan, orduak. Gauak eta egunak. Asteak. Buruhausteak.
Zirt edo zart. Bart pentsatua, zelan adierazi gaur. Bilerak. Tentsioa. Borondatea eta aurrera begirako kezkak.
Erabakia hartu eta gauzatu. Bukatu da, norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da, funtsezkoa aurrera egiteko. Estrategikoa esango lukete gidariek, beharrezkoa bidailagunek…
Norabide aldaketa
Lanbideren bulegora joatearekin batera, paper mordo bat daramatzazu eskuan, bateko eta besteko. Eta gehiago behar dituzu beharbada. Atsegin osoz mintzatzen zaizkizu bertakoak, ilarak daude. Aurpegiak. Jendea. Derrigorrean lanik gabe daudenen pare, lana uztea erabaki duenaren lotsa. Aurrez aurre.
Hala ere, ondo egin dizu etenak. Kioskora lasaiago zoaz egunkarien bila, informazioa beste modu batera jasotzen duzu orain, rss jarioek ez zaituzte itotzen, eta twitter sareari ere… tarte atseginagoa eskaintzen diozu. Txikienek ordu eskaintza eskertzen dute, etxekoek orduak -eta otorduak-, norberak bizitza zer den dastatzen duen unean konturatzen da urratsaren balioaz. Eta ez da damutzen, ez horixe.
Eta orain zer?
Ikasi, ikasi eta ikasi. Formazioa, aurrera jarraitzeko. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste Nelson Mandelaren aipamen euskaratu hauek.
Eta formazioari ekin diot. Ikasteko premia somatzen dut, nigan bezala inguruan. Jakintza partekatzea, sozializatzea da hurrengo helburua. Ezberdinak lanean jartzea, indar egitea, proiektu berriak sortzea, etorkizuneko erronkei gaurdanik heltzea, orpoz orpo, eskuz esku… bideak esango.
Bideak dira interesgarrienak, prozesuak. Eta prozesuak, partehartzea, irekitasuna zelan landu hausnartu, pentsatu, asmatu, ikusi, ikertu, garatu..
Horretarako zer?
- Formazio teknikoa (html5 funtsezkoa)
- Formazio ideologikoa (ekonomia soziala, berrikuntza eta identitatea)
Eta horretan aritzeko gogoz. Uda gozatu eta bideak erakutsiko du zuzenena hartua dugun. Bideari helduta, beraz.