• agit/prop

    bat bi hiru 10…. 40 urte egin egunkaria sortu zela

    1977ko irailaren 29an argitaratu zen egin egunkariaren lehen zenbakia. Duela 40 urte. Herri ekimenetik sortutako egunkaria. 1998ko uztailaren 15ean poliziak indarrez itxi zuena.


    Nik gazte sasoiarekin lotzen dut egin egunkaria. Akordatzen naiz 14-15 urterekin igandetako dirutik 50 pezeta gorde eta ostegunetan egin erosten nuela, bertako bat, bi, hiru musika gehigarria izugarri maite nuelako. Rock garaia zen Euskal Herrian. Musika taldeak, gaztetxeak, disko berriak, musika eztanda 80. hamarkada bukaeran.
    1986ko negutik Hori Bai gaztetxean ematen genituen ordu gehienak, eta bertako musika izan zen gure banda sonoroa. Entzuten genuena, jartzen genuena eta antolatzen genituen kontzertuetakoa.
    Orduko oroitzapenak etortzen zaizkit disko hau entzuten edo ikusten dudan bakoitzean.

    Ostegunero, asteburuko kontzertuen agenda ekartzen zuen bat, bi, hiru gehigarriak. Eta Euskal Herriko gazteriaren zati handi baten agenda funtzioa betetzen zuen.

    Egin, gazte belaunaldia, orduko borrokak, osteko gogoetak, ametsak eta lorpenak datozkit gogora orain. Indarrez itxi zuten, eta gogotsu ekin genion herrian bertan beste proiektu komunikatibo baten aldeko kanpainari. Egingo dugu! deitu genion. Eta baita egin ere. Sekulako diru bilketa egin genuen 1998ko neguan gerora GARA egunkaria izango zenaren alde.

    1998ko uztailaren 15ean itxi zuten egin.
    Hau izan zen azken egunkaria.


    Eta 40 urte beranduago oraindik bizirik eta umoretsu dirauena Zakilixut da.
    1977ko irailaren 29an sortu zen bera ere, eta oraindik -orain koloretan gainera- egunero agertzen da kioskoan.

  • ikusi eta ikasi

    Jabier Salutregi: “EGIN izan zen Europa osoan Sabra eta Xatilako sarraskia azalera eraman zuen egunkari bakarra”

    Beiruteko palestinarren errefuxiatu kanpamenduetan sarraskia egin zuten Israelen aliatuek.

    Duela 35 urte izan ziren Sabra eta Xatilako sarraskiak. Beiruteko errefuxiatu kanpamenduetan sekulako sarraskia egin zuten palestinarren kontra.
    egin 40 urte Udako ikastaroan 1982ko gertakari haiek gogoratu zituzten egunkariko zuzendari izandako Jabier Salutregi eta Jose Felix Azurmendik.


    Jabier Salutregi egineko kazetaria zen garai hartan, Politika sailean. Azurmendi zuzendari lanetan aritu zen. Salutregik gogora ekarri nahi izan zituen orduko akorduak. “egin izan zen Europa osoan Sabra eta Xatilako sarraskia azalera eraman zuen egunkari bakarra”.
    Azal hori eta osteko egunetakoak gogoratu ditugu.

    Duela 35 urteko egin egunkariak

    1982ko irailaren 21ko (asteartea) egin egunkariko portada.
    1982ko irailaren 22ko (asteazkean) egin egunkariko portada.
    1982ko irailaren 23ko (osteguna) egin egunkariko portada.

    Jean Genet Lau orduz Xatilan

    Jean Genet idazlea

    Jean Genet idazlea Beiruten zegoen 1982ko irailaren 15ean (duela 35 urte) armada israeldarra sartu zelarik: “Au petit matin, les chars israéliens étaient dans Beyrouth-ouest. Les regardant venir, je vis donc le premier char et les autres, quand ils passèrent près de l’ambassade de France“. Biharamunean hasita, hiru egunez, irailaren 16-17-18an gertatu ziren Libanoko Sabra eta Xatilako sarraskiak: 3.000 gorpu palestinar. Jean Genet Xatilara joan zen irailaren 19an, eta lau orduz egon zen izugarrikeria ikusten. Haren kronika idatzi zuen Revue d’études palestiniennes-en: “Quatre heures à Chatila”, Mikel Antzak euskaratua: Lau orduz Xatilan (Susa, 1991); osorik irakur dezakezu hemen. Ondoren, palestinarrek liburu handi bat egin zezan eskatu zioten Jean Geneti; 1983ko abuztuan idazten hasi zen “Le Captif amoureux”, 1986an argitaratu zena (Genet hil eta bost astera).

    Lau orduz Xatilan & Zaindaritza zorrotza. Jean Genet.

    Sabra eta Xatila wikipedian

    Sabra eta Xatilako sarraskia euskarazko wikipedian.

    Sabra eta Satilako sarraskiak ez ditu ahaztu palestinar herriak. argazkia: wikipedia

    Duela 35 urteko irudiak

    Kasu! Bideo honetako irudiak gogorrak dira, palestinarren kontrako sarraskia bere gordintasun osoan agertzen dute.

    Ehun ginen

    M-ak taldearen kantua da Ehun ginen, Mikel Antzak idatzia. Gerora, Kortatuk are ezagunagoa egin zuen abestia. Bertsio ezberdinak sartu ditugu playlist honetan.

    BEYROUTH SARTALDEA
    URAREN ORDEZ HAUTSA
    ETA BOST MILA IZAR
    GEHIAGO GAUEZ
    NORIEN ALBOAN

    DAMASKO IRRATIAN
    ROCK THE CASBAH
    FEDAYINEN AUZUNEAN RAMADAN
    GARORIK GABEKO BASAMORTUAK
    INGURATZEN DU
    SORTALDEKO BEYROUTH
    HONDARREZKO GARTZELAN
    ITZALIK GABE PASIATZEN DIRA
    MAITEMINDUAK
    NORIEN ALBOAN

    BARRAKA ITXIEK
    EZINAREN MUGAK
    LAZTANTZEN DITUZTE.
    ZELAKO KRISI
    HALAKO BIZI
    BEYROUTHEN EZ DA INOR BIZI!
    100 GINEN
    22
    ORAIN BAKARRIK GAUDE  BI
    ZELAKO KRISI
    HALAKO BIZI
    EZIN GAITEZKE SUPERBIZI!
    100 GINEN
    22
    ORAIN BAKARRIK GAUDE BI
    ZU TA NI, ZU TA NI,
    ZU TA NI, NININININI!!
    ZELAKO KRISI!!

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura

    Edizioa etzi

    Topaketa interesgarriak Katakrak liburudendan narratiba eta saiakera eta edizioari buruz

    Hamabost egunen buruan bi aldiz joan naiz Iruñeko Katakrak liburudendara. Solasaldi interegarriak suertatu dira narratiba eta saiakerari buruzkoak. Katakrak argitaletxe ere baden ezkero, arretaz ari dira so egiten literatura eta pentsamenduaren inguruan gurean egosten dena.
    GARA egunkarirako kronika pare bat egin ditut ia zuzenean liburudendatik bertatik. Hitzaldiak entzun, apunteak hartu eta bukatu bezain fite idazten hasi, handik ordu erdira erredakziora bidali eta biharamuneko egunkarian argitaratzeko.
    Eta ohartu naiz, bai narratiban eta baita saiakeran ere esperientzia aberatsa dagoela Euskal Herrian, argitaletxeak bizi bizi daudela, eta zailtasunak zailtasun, gure liburuek zer esana ematen dutela.

    Sare sozialetan oihartzun handia

    Katakrak liburudenda eta etzi.pm egon dira antolaketa eta logistikan. Mahainguruak sarean daude entzungai, eta horrez gain sare sozialetan ere oihartzun dexentekoa lortu dutelakoan nago. Egia esan, gurean literaturak, idazleek eta pentsamenduaren inguruko gaiek badute sona bat. Eta feminismoa adibidez, egun bizitzen ari dena oso esanguratsua da. Horrek, zelan ez, bere islada dauka sareetan ere. Erabiltzaile oso aktiboek gainera, oihartzun hori biderkatu egin dute.

    Bi kronika GARA egunkarian

    edizioa etzi: Narratiba

    edizioa etzi: saiakera

    audioak etzi.pm


    informazio gehiago: etzi.pm

  • agit/prop

    Egunkaria

    Idazten ikasten hasteko izan genuen aukera.
    Mundua irakurtzeko.
    Euskal Herria eguraldi mapatik, eguneroko errealitatera.
    25 urte sortu zela, herri ekimenez. 25 urte ezagutu genuela. Eta hogeitik gora bertan lanean lehenengo eta idazten gero hasi nintzela.
    Joxemi Zumalabek gidatuta, Zorion, Felix, Ramon, Gorane eta Montse gogoan. Ataxi eta Miriam. Xouse, Iñigo, Ines, Jabi eta beste asko…. zenbat izango ete gara?!
    Lasarte, gero Andoain. Baiona. Gasteiz. Iruñea. Bilbo. Guk beti Bilbo.
    Barkatu, ama! 1995. urtean Jon Eskisabelen ardurapean. Idatzi eta idatzi. Zabaldu. Gozatu. Landu. Gehiago ikasi. Gozatu.
    Egunkaria

    Egunkariak25
    Idatzi nuen kulturaz, politikaz, nazioarteaz, ekonomiaz, bertsolaritzaz, musikaz asko, eguraldiari buruz inoiz, futbolaren gainean Athleticek -gutxiago galtzen zuen orduan- azken orriak, eskaner berriak ezagutu, zuribeltzetik kolorera pasatu ziren argazkiak, nire portatilarekin batetik bestera be ibili nintzen batzutan -erredakzioan oraindik ez zegoelako horrelakorik, besteak beste-.
    Irrati kronikak egin izan nituen egin irratirako Egunkariako bulegoetatik, eta konplizitate harreman eta sare maitagarria sortu genuen. Besteak beste.
    Eztabaidatu ere egin genuen, eta iritzia eman, eta ordaindu. Eta kobratu. Eta pozik eta triste. Eta tristeago. Eta gero pozik. Eta orain gogoratzeagaz batera…. mundu oso bat datorkit burura. Hori guztiori be bagarelako.
    Zorionak EGUNKARIA!
    BiBA ZUEK!

     

    loturak:

    ARGIA

    Euskarazko egunkaria aldarrikatzetik egitera

     


    paparrean

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    irakurtzeko gogoa

    gaur, orduan kendu zizkiguten berbak irakurtzeko gogoa daukat.
    gogoratzeko gogorik eduki ez arren, ez genuke ahazterik nahi.
    oroituz, akordatuz idatzi ahal izan genituenak.
    ikasitakoa.
    eta gaur, oraindik, idazten jarraitzen dugu. irakurtzen. esaten. ikusten.
    erresistentzia ariketa da oraindik, euskaraz idatzi, irakurri, ikusi eta esatea.
    bizi garela adieraztea. bagarela.
    Herria eta hizkuntza lotzen dituen hau da gure eremua.
    Euskal Herria.

  • gaztelumendi.eus

    Paperik gabeko eguna gure egutegian

    Egunkaria libre!

    Paperik gabeko eguna, gure egutegian.
    Paperik gabekoon eskubideak, gure agendan.
    Paperontzira botatako autoak, gure oroimenean.
    Paper birziklatua, agian.
    Paper garrantzitsua, euskaldunona.
    Euskaldunon EGUNKARIA, gure papera.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  musika

    zaindu maite duzuen hori

    Iritzi helduak, uste haundikoak,
    Gure herriaz.
    Goiz eta arrats berriketan
    Gure herriaz.

    Ez dago irratia piztu beharrik, telebistan ikusi edo egunkarietan irakurri barik be, dagoneeko badakizu zertan ari zaizkigun, gizon jakintsuak. Gu hau eta bestea. Zertan ari garen, zertan dihardugun… dena harrapatu dute, dena da garrantzitsua, dena muntaia, sarea. Errealeko futbolaria, unibertsitateko irakaslea den artista margolaria, eskolako andereñoa, informatikari gaztea, arrantzalea… eta abokatuak. Denak dira sospetxoso. Lehenago kazetariak, zuzendaria, administrazioko kidea, pentsalaria edo zinema produktorea izan diren gisan. Edo gazte asanbladako kidea, ikasle abertzalea, militante sutsua eta bozeramaile jardueran dabilen neska. Denak dira sospetxoso, eta horretan arrazoi dute.


    Nik ere nahi nituzke
    Halako segurtasunak eduki.
    Baina, gauzak zer diren,
    kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.

    Zenbat berba, zenbat lerro, zenbat gezur ez ote diren idatzi gutaz. Lehen bezala, orain. Ia egunero. Une oro. Baina uste dut jendea anestesiatzerik ez dutela lortzen. Behin eta berriro ari direla jokaldi berean, baina gu ere ez garela hain tuntunak, badakigula zer eta zertan ari den bakoitza, zergatik eta zertarako. Eta badakigu jakin ere, zer dugun aurrean. Norekin ari garen. Eta jada, ez konbentzitu, ez iraindu ez gaituztela egiten. Zugarramurdikoak ez ditugu ahantzi, geroagokoak ere ez. Zeinen gaiztoak eta ankerrak garen, beti esango dute, ziurtasun osoarekin. Zeinen herri basatia eta sugarra den gureaz mintzo zaizkigu oraindik ere, aspaldi bezala… baina badakigu jakin, gurea ez dela besteak baino hobea, ez dela gutxiago ere, apur bat ezberdina agian, baina nortasun handikoa. Eta eusten diogula nortasun horri, identitateari, eta mintzoari, eta kulturari… eta badugula gauzak egiteko manera bat, gurea, eta laket dugula hori… eta kontuok tentuz hartzen ditugula.

    Hori suertea
    Nonnahikoak diren hoiena!
    Sasi guztien gainetikan
    Dabiltza hegan.

    Zenbat berba, zenbat lerro, zenbat gezur ez ote diren esaten gutaz. Lehen bezala, orain. Ia egunero. Une oro. Eta hala ere garenak gara, eta goazen lekura goazela, abestuko dugu, kantatu, barre egin, umorez hartu, jolastu, joan, etorri, itzuli, agurtu, esan, entzun…. eta bost guri halakoen usteak. Ez gara atzokoak, eta badakigu zer gura dugun biharko.

    Inork ez zidan esan
    Euskaldun izatea zein nekeza den,
    Hobe nuela hautatzea
    Munduko hiritar izatea.

    Euskalduna izatea ez genuen hautatu, sortzez. Eta beste batzu ekarri egin zituzten, edo etorri egin ziren. Eta datoz, badatoz gehiago ere. Eta euskaldun izan gura dute, izan nahi dugu. Munduan euskaldun, garen bezalakoak. Izaten uzten ez badigute ere, eusten diogu izan nahi horri. Eta bagara, bagabiz, bagoaz.. pitike pitike. Munduko herri bat, gurea. Euskal Herri hau. Ttiki, iraindu, zigortu, aspertu, egurtu, salatutako hau. Baina ezdeusa ez, bada, eta izango.

    Kantu leunak
    Nahi nituzke jarri.
    Eguzkia
    Ainubian denari.
    Zaindu maite duzun hori.


    Eta bart Ruper entzun dugu, kantuok jartzen. Eta asteleheneko sententzia, eta biharamuneko bengantzia ez ditugu ahazteko. Egunkaria libre! oihukatu dugu azken urteotan, zazpi urteko amesgaiztoa, gau iluna bizi izan dugu otsailaren 20 hartatik. Eta bitartean kantatu dugu, joan gara, batu dugu, egin dugu, izan gara… eta kantuok jarri ditugu. Baina bart, lehenengoz libre! izan osteko lehenengoz izan da. Eta halako sentimendu gazi gozoa. Naiaren atxiloketa salatzetik heldu, Jon eta Arantza, Iker eta Saioa… Erramun, David… lagunak ditugu gogoan kantuok entzutean. Libreago ote gara?   Zaindu beharko ditugu maite ditugunak, jagon beharko ditugu gure lagunak.


    Hala esaten didate:
    Zertan zabiltza maite kontuetan?
    Elkarbizitza jokuan
    Eta zu, berriz, bertso ttikietan.
    Kantu leunak
    Nahi nituzke jarri.
    Eguzkia
    Ainubian denari.


    Astea daroagu batari eta besteari buruz berbetan. Pankarta atzeko lerroetan, mezu ttikietan, irratsaio, telebista programa eta blogetako post ezberdinetan. Libre! oihukatzen, esaten, idazten, marrazten, asmatzen


    Zaindu maite duzun hori.
    Zaindu gorroto duzun hori.
    Zaindu…

    Egunak eta gauak, Euskal Herri libreago bat, euskaldunago bat… justuago bat amesten. Gauzatzen. Zaindu eta maitatu, zuek bezala guk.

    Egunkaria libre! pixelak baino ez gara albisteak 2.0

    Egunkaria libre!  irratia.com saioan
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100412.mp3]

    Egunkaria libre! elkartasun globala

  • 18/98+,  gaztelumendi.eus

    Egunkaria libre! otsailak 20, 7 urte indarrez itxi zigutela

    Egunkarialibre.info


    Egunkarialibre.info
    gunetik ekarritako berbak.


    2003ko otsailaren 20an itxi zuten Euskaldunon EGUNKARIA.
    Dena esan dagoen arren, azken hitza beti besteek dute.
    Orain ere, Egunkariaren alde argi eta garbi adierazi garen arren, Madrilen dute ematekoa azken berba.
    Egunkaria Libre! ozen eta maiz esan dugun arren… zain gaude.

    Nik be, argi eta ozen: Egunkaria libre!

    Egunkaria libre!

    gaztelumendi.org kaieratik

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Martxelo Otamendi elkarrizketatzen

    Saio berezia egin genuen zapatu arrastian Bilbotik. Hori jakingo duzue honezkero, entzungo zenuten agian. Irratitik ez bada, Internetetik agian, edo ziurrenik bafleetatik, Bilboko kaleetan.
    Manifestazioa hasi baino lehen baina, elkarrizketa sano interesgarria egin genion Martxelo Otamendi Egunkariako -gaur egun BERRIAn- zuzendariari. Madrilen epaiketa hasi da, manifestazio jendetsua Bilbon, eta urtarrilean atzera be Madrilerako bidea hartu behar dute auzipetuak.

    Martxelo Otamendi > irratia.com
    >

    Egunkaria auziaz ez ezik, oso gurea atera zitzaigun elkarrizketa. Bideoan grabatu eta eskainia Internet bidez, twitter bezalako kontuak hitzetik hortzera erabili zituen Otamendik. Audientzia Nazionalean twitter zer den badakite orain, eta gure mezuak zelatatzen izango ditugu aurrerantzean epaile, juez, magistratu, fiskal eta biktimak… aspertzen hasiak ote diren. Eta gu hemen, gure mezu laburrenak ozen jaurtitzen.

    Estudioan ikusten duzue Martxelo Otamendi, ondoan bi kazetari, behinola Egunkarian aritu eta bertan ezagututakoak. irratia.com bada, Egunkariari esker da. Hori ere ozen esan beharra dago eta. Han ezagutu genuen elkar Jabi Zabala eta biok.

    Egunkaria libre!
    irratia.com ere egunkarialibre.info ekimenean ari da, auzolanean. Hor ari gara gu guztiok, eta zuk / zuek ere baduzue tartea. Zabaldu mezua, lagundu, ireki, proposatu… urtarrilean jarraituko dugulako: Egunkaria libre! ozenago esaten, argiago adierazten, zabaltzen.
    Egunkaria libre! Bilboko kaleetan.