• agit/prop,  ikusi eta ikasi,  musika

    bidea garrantzitsua da

    Domeka Larrabetzun. Athleticen ajea eta pandemiak kalea girotu dute. Jendea asko dago eguzkipean. Hori Bai gaztetxean Nafarroatik etorritako Ibil bedi taldeak bi pase egingo ditu.

    Lehen saiokoak atera dira gaztetxetik, eta badirudi pozik datozela kalean gora. Gaztetxera hurbildu, eta atoan bete dira aulkiak. Kantuan hasi aurretik txaloak. Hasi eta jarraian girotzen doa gaztetxea. Bigarren pase honetakoek kantuak ezagutu eta jarraitzen dituzte. Musikariak oso, baina oso motibatuta. Gazteak eta eskarmentu askokoak dira Ibil bedi. Bigarren lana aurkeztera datoz: Beltxarga beltza.
    Konektatzen dute, bere musikak aire berri bat dakar. Ez dira betiko doinuak. Distortsio barik ere, gauza ederrak egiten dira. Kitarra elektrikoak, ondoan ditu bioliña, saxoa edo teklatua. Atzean erritmoa eta oinarria. Drum & bass. Sekulako konboa.


    Itzela izan da kontzertua, eta bere zati bakoitza. Kantu bat bera ere ez soberan. Eta oroz gainetik sortutako atmosfera. Musikazaleek, musikariek, gaztetxe bat zelan girotu dezaketen domeka arrastiluntze baten. Mila esker Ibil bedi. Bidea sano garrantzitsua da. Segi errekak eta herrialdeak gurutzatzen, nostalgiari nostalgia eta gu gozatzen. Zorionak.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  musika

    Amorante

    Hiruzpalau aldiz zuzenean ikusteko aukera izan ostean, ausartu naiz musikari honi buruz idazten.
    Iban Urizar musikaria da Amorante. Musikari aparta, soinua menderatu, ahotsa ederki landu eta zuzenekoetan giro berezia sortzen duen instrumentista elgoibartarra.
    amorante
    Larrabetzun -birritan-, Gasteizen eta Bilbon ikusteko parada izan dut. Guztietan topatu izan dut zerbait berezia eta berritzailea. Eskuz eragindako soinu bat, tronpeta, ukelelea eta kitarrak, arrena, loopak, perkusio ezberdinak… sonoritate berezi eta irudimentsuak sortzeko.
    amorant2

    amorant3
    Argazkiak: Haritz Petralanda

    Ikusi idatzi eta entzun

    Aurreko domekan Larrabetzuko gaztetxean bizi izandakoak eroan nau berbok idaztera.
    Eta gonbidatu nahi zaituztet zuek, bere musika entzun eta gozatzera.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Hori Bai 50 urte lotu barik

    Aspaldian ari gara korrika, arineketan, karraderan… batetik bestera, lotu barik. Euskararen alde, kulturgintzan, mugimendu bizia da Hori Bai gazte elkartearena ere. 1965. urtean sortu eta urtez urte, Larrabetzuko Andra Mari kaleko 23an iraun du zutunik Hori Bai gaztetxeak. Urte guzti hauetan, teilatupe honetan egosi dira gure herriko kontu asko eta asko. Kili Kiliak, sasoi bateko ikastola, luzaroan dirauen antzoki iraunkorra, bertso saioetarako gune, mendi irteeretako txango eta espedizioak, kontzertu eta jaialdiak, afari eta herri bazkariak, pelikulak eta txokolatadak… 50 urteotan zer ez dan sortu eta garatu Hori Bai honetan.
    zutunik

    horibaibertsoak.jpg
    Euskara eta euskal kultura, sasoian sasoiko beste espresioekin batera uztartuz; dantzan egin dugu, kantuan, ligatu lantzean behin, mozkortu, amestu, zikindu eta garbitu, erre, busti, antolatu eta bizi… eta oraindik horretarako gogoa eta ilusioa piztuta mantentzen du Hori Bai honek, taupadaka dabilen bihotz gazte honek.
    horibailogoa

    Gaztetxe zaharra

    Baina 1965ean sortu, Frankismo garai gogorrenean, eta belaunaldiz belaunaldi iraun du gazteen esku. Sasoian. Beti gazte, eta gero eta zaharrago. Hamarkadak joan dira, eta beti kale ertzetik ekitaldiak proposatu eta antolatzen, herri dinamika pizten, eztabaidak sustatzen, belaunaldi berriak borrokara lotzen. Lehen eta orain. Gazte gara gazte, eta jarraitu nahi dugu errebelde!

    memoria ariketa

    Eta Korrika datorren bakoitzean, gure hizkuntzaren alde urten dugu kalera, beste herritar eta euskaltzale guztiekin batera. Aldarrika. Kilometroak erosi. Banatu. Margotu. Antolatu. Izan be, korrika egitea guretzat memoria ariketa bat da. Nondik gatozen gogoratuz, nora goazen esateko. Euskal Herri euskaldun bat gura dugulako, geuretik hasita, Larrabetzutik bertatik. Eta orain arte, Hori Bai beti egon da hizkuntza zahar hau biziberritu gurean. Euskal kultura egunero lantzen, anplietatik eta karteletatik, saioetatik, mezutik, musutik, beheko sutik. Bafleak apurtzeraino urratu ditugu gure ahotsak, eskenatokiak behin eta berriro montatu ditugu, eta jarraitzen dugu bide horretan, kale ertze honetan. Korrika. Arineketan. Karraderan. Lotu barik.

    Larrabetzu eta Korrika

    Eta asko izan dira ere, urte guzti hauetan Korrika batzordeetan, herri mailan zein maila nazionalean parte hartu duten herritarrak eta Hori Baiko kideak. Lehen eta orain. Euskaltegian, gau eskolan, Korrika antolatzen, Korrika kulturalean programatzen, karreran, furgonetetan, zuri beltzezko argazkiak errebelatzen, prentsa taldean…. horrek danak be, danak Hori Baiko kide aktiboak. Eta horregaitik ere maite dugu Korrika maite dugun bezala, eta pasatzen den bakoitzean sortzen da giro berezi hau gure herrian, gure kaleetan, auzorik auzo, errepidean zein bide bazterretan.

    Mugimendua

    Bizia da Korrika. Euskara. Euskal Herria. Eta mugimendu horren parte gara gu. Larrabetzuko adin guztietako gazteak. Mugimendua da lotu barik jarraitzea. Iparra ondo adierazita aurrera egitea. Hizkuntza, herria eta kulturaren alde, hori bai. Hori Bai, 50 urte lotu barik!

    www.horibai.org

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak,  telebista

    Korrika badator

    Gero eta gutxiago falta da. Giroa somatzen da jadanik… herrietan Korrika batzordeak sortzen, egitarauak, Kulturala…. eta sarean pil pilean dabilta dagoeneko bideoak eta aipamenak.


    Bart telebistan ere dokumentala berriro bota dute, eta lagunen aipamenek eroan naute berau berriro be ikustera…. oroitzapenak geroari heltzeko.
    Eriz Zapirain eta Eider Rodriguezek zuzendutakoa. Historia bat, eta hamaika istorio.

    memoria ariketa

    Gurean, Korrika egitea, parte hartzea memoria ariketa bat ere bada. Oraindik.

    Argazkiak.org | Korrika Larrabetzun, aspaldi EGIN egunkariko azala © cc-by-sa: gaztelumendi
    1980ko abenduan, Jose Antonio Lekue alkateak (Herrigintza) lekukoa eman zien Kukubiltxoko hankapaluei. Eta Korrika jarraitu zuten plazatik Andra Mari kalean zehar. Han egongo ginen gu, atzetik arineketan…. zarataka, pozik…. urtero urtero egiten dogun moduan. Belaunaldiz belaunaldi.
    Bihotzak taupadaka, oihuka, garrasika, beti aurrera, nekatu barik.

  • 18/98+,  agit/prop,  larrabetzutik

    Gazte eguna nahaste gaua

    Barriro be, gure artean Gazte eguna.
    Larrabetzun hasi gara garria mugitzen, herria eraldatzen…

    Dantzan hasi be… Larrabetzuko hondartzan.
    hondartzan


    Eta herrian Aste nagusia deitu diote hasi dugun asteburu luze honi: kontzertuak piszinan, san inazio eguna, kantaldi txiki bat Sirocco tabernan eta gero zapatuan….

    Gazte eguna….

    Zea Mays KOP eta Skakeitan>/h3>


    Revolutionary brothers eta King konsul

    Hori Bai sound system playlist


  • i+g,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik,  musika

    Intxurtxu erakusketa: intxaur egurretik soinuak eskuz egitera

    Urdin Baraiazarra artista hutsa da. Kitarjolea, alaia, aktiboa… baina bere etxeko tradizioari heldu eta eskusoinuak eskuz egiteko gai be bada, bere aitite zanak egiten zituenak modukoak.
    Baraiazarra soinu denda historikoa da Gernikan, eta bere aititite erregoitiarra trikitilaria zan. Soinu saltzaile eta afinatzaile aparta da Kepa ere, Urdinen aita.

    Baraiazarra soinu etxea
    Baraiazarra soinu etxea

    Eta aurten, Urdinek gaztetxean erakusketa bat egitea pentsatu du: egurretik eskusoinura doan prozesu guztia azaldu du, piezaz pieza…argazki bideo eta egurrezko materiala mahai gainean jarrita, erakusgai.
    Sekulako trikitixaletasuna dago aspaldian herrian, eta neska mutiko zein heldu ugari ari da jo eta jo… eta giro horrek gaztetxea ere kutsatu du, bertan batzen direlako astero jotzen.

    Intxurtxu: egurra eta soinua

    Intxaur egurra bere garaian hautatu zuten, eta tako lodi batzuk gorde, handik zaflak egin… eta eskusoinuak eskuz egiteko artea ikasi du Urdinek bere kabuz. Kutxak, teklak, mekanismoak, soinua, afinazioa… den dena egiten ikasi du bere aitaren tailerrean, eta neurri ezberdineko hainbat eskusoinu ekoiztu ditu, bere eskuekin, material urri, berziklatu eta tresna gutxi batzuekin. Makinak erabili barik.
    Eta gaztetxean jarri du ikusgai, entzungai, jotzeko moduan, ikutzeko moduan, danon begibistan. Eta danok flipatu egin dugu, zelan ez.

    Intxaur egurra

    photo-8

    photo-6

    photo-5

    photo-4

    Orain erakusketa bera, Anguleri kultur etxean jarriko dugu, jende gehiago ere joan dadin, egun gehiago… eta oihartzun handiagoagaz ziurrenik. Baina benetan be, esperientzia polita izan da hau, asko ikasi dugu danok, eta miresmena txikerra ez bazan be, asko handitu da.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  i+g,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Sare sozialak berbagai gaztetxean

    Sare sozialak izan ditugu mintzagai Larrabetzuko gaztetxean. Dozena bat lagun batu eta dinamika parte hartzaileak egin ditugu.

    • watxap
      Gaztetxean gehienek erabiltzen dute telefono bidezko mezularitza azkar sistema modazkoa. Gaztetxeko taldea daukate antolatuta, eta mezu azkarren bidez kordinatzen dituzte gauza asko. Erabakiak hartzeko ez dutela erabiliko adostu dute, batzar batean. Erabilgarritasuna ikusten diote.
      Gehienek egun osoan erabiltzen dute, maiz.
    • twitter
      Ez daukate denek, baina gero eta gehiago erabili edo kontsultatzen dute. Gaztetxeak berea dauka @horibai23 eta erabilpen kolektiboa ematen diote, batek baino gehiagok kudeatzen du. Twitter beste sare batzuk baino serioagoa dela aipatu dute.
    • facebook
      Hori Bai gaztetxearen orrialdeak 150 lagun baino gehiago ditu, eta batez ere ekitaldien hedapenerako erabiltzen dela ohartuta, beste ekimen batzuen berri emateko ere baliatzea pentsatu dugu tailerrean. Gaztetxeak, herriko gauzak…
    • gaztetxeko blogahoribai.org
      Gehienek gutxi baliatzen dute, eta dauzkan aukerak aztertu ditugu. Bloga gaztetxea da, sare sozialak kartelak. Horibai.org indartzearen garrantzia, eta sare sozialetarako traktore funtzioa bete dezake. Komunikazio lantaldekoek bloga erabiltzen ikasi behar dute oraindik.
    • komunikazio tailerra
      Datorren hilabetean komunikazio tailerra egingo da gaztetxean, irekia eta partehartzailea. Gaztetxeko dinamika, gazte egunera begirako komunikazio lana, sare sozialak, bideoak…. landuko dira. Facebook sarean talde bat sortu da, kordinatzeko eta tresna berriak erabiltzen ikasteko, frogak egiteko, eztabaidatzeko…

    Pozik gaurko esperientziagatik. Dinamika partehartzaileek konfiantza sortu dute, guztiok berba egin eta parte hartu dugu, ideia berriak atera dira… eta batez ere, gure herrian gauzak egiteko gogoa eta aukera landu dugu. Pozgarria eta etorkizuneko tresnak erabiltzeko prestutasuna. Sare sozialean kontraesanak, mugikorren menpekotasunak…. holangoak ere izan ditugu hizpide, baina gogoratu… gauza onenak gogoratuko ditugu. Zorionak Hori Bai! aupa gazteak!

  • larrabetzutik

    Herriko eskola eta Hori Bai auzolanean

    herrigintza oinez ikasten da

    Herri giroaz berba asko egiten da. Giroa eta herrigintza zerutik eroriko balira lez. Giroa sortu egin behar da, saiatu, baldintzak bilatu, eragin, proposatu, egin, lagundu.
    Gurean aspaldion, giro itzela dabil. Ekimen ugari eta ezberdinak ari dira sortzen, eta sarritan ekimenok alboko indarrak ere baliatzen dituzte, aurrera egiteko.
    Herri bizia da gurea, bizirik egoteko arnasa ondo hartu behar da, ez da geldirik egon behar, eta lozorroan geratzeak be, ez dakar bizitasunik. Bizitza gimnasia ere bada, herrigintzan ari garela, eta aspalditxo honetan oso adibide onak eta joriak ditugu.
    Larrabetzutik oinez
    Asteburukoa izan da horretarako aproposa.
    Ikusi dugu zelan herri baten, gurea bezalako herri txiki baten, belaunaldi ezberdinen arteko lana, auzolana posible den. Eskolako ikasle eta gurasoak, gaztetxeko kideak, belaunaldi ezberdinetakoak auzolanean. Zer eta herria ezagutzen, basoan kantari Olentzeroren bila, auzoz auzo berbetan edo Hori Bai gaztetxean Olentzeroren kartelak margotzen.
    herriko gaztetxoak Hori Baien

    Larrabetzuko eskola eta Hori Bai. Eredugarri.
    Baina auzolanaren logika horretan, herrian badaude adibide gehiago be, eskola eta herriaren arteko harremanaren eredu.

    • Eskolako jantokia eta Gurpide elkartea be batera ari dira baserriko produktuak bultzatu eta kalitateko menuak prestatzen.
    • Literatura Eskola eta guraso elkarteak, Literaturia egunetarako Literaturiatxue prestatzen dute elkarrekin, eta bi urtetan oso emaitza politak eman ditu.
    • Txorierriko AEK (txepetxa euskaltegia) eta gurasoak be, egin beharrekoak eta bi ari dira egiten, guraso guztiak euskalduntzeko lanean.
    • Kukubiltxo antzerki taldeagaz, hartuemona dago, eta antzerki tailerra martxan jarri da ikasturte honetan, eta astelehenero, bi talde Josu Kamara lagun eta maisu dutela ari dira antzerkigintzan murgiltzen, lau bost sei urteko neska mutikoak denak, bihar etziko antzerkizale edo antzerkilariak izan daitezkenak.
    • Bertso eskola eta ikasleen arteko harremana be, aspaldikoa 20 urte baino gehiagokoa jadanik, eta gaur egun Etxahun Lekue aritzen da eskolan, bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzen. Duela 20 urte, ni neu Etxahun eta beste ume batzuekin aritu nintzen bezala.