• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  pasahitza

    Artikulu gutxi eta txio asko

    Artikulu bat osatzeko berbak batzen ari naiz. Hitzaldi batek, eta haren kronikak ekarri duelako gaia hizpidera.
    Jon Sarasuak, bertsolari txapelketak, eta gaiari kantatzeko moduak aztertu ditu. Kantatzen ez direnetan jarriaz fokua, edo mikroa. Eta arrabotsa sortu da. Dialektika gutxi, eta kaka asko. Zoriondu dutenetako askok ez dute anitz maite egungo bertsogintza, barrutik ahots apalen bat, eta larrua kentzeko moduko kritika bestetik.

    naiz.eus atariko kronikak, sekulako bisitak izan ditu. Egunero ageri da argitaratu zenez geroztik irakurrienen zerrendan. To! eta no! txiotegian, oilarrak kukurrukuka. Oilanda isilik ez, eta abereen etxaldea zantzoka.

    Txio asko eta artikulu gutxi dio Gorkaren boligorriak. Eta horretan bederen, arrazoi osoa du. Gu geu ere, gero eta gutxiago ari garelako artikulugintzan. Artikuluak, pagatutakoak dira soilik gaur egun (batez ere). Pagatu idazteko. Pagatu irakurtzeko. Eta pagatu paratzeko. Hori da gure baratzea.


    Txioak, momentuz doan egin, sortu, argitaratu eta idatzi ditzazkegu Teslaren jabearen autobide honetan. Eta gogoetak pentsamenduaren taberna ilunetan egiten dira sarri, ordu txikietan. Unibertsitateak, akademiak gurean pentsamendu aski prekarioa sortzen du, eta akademialariek, paper ezberdinak nola sortu dute buruan, nongo kongresutara joan, eta argitalpenak egin eta sustatzea. Egoaldea iparra galduta, alegia.

    Txio adina artikulu egitea ez da erraza. Baina blogari hautsa kendu, eta bogan jartzea da post honen helburua. Inork irakurriko duen esperantza asko barik.

    non dago euskal blogosfera?
    non dago euskal blogosfera?
    euskal blogosfera indartsu baten alde sarean.eus 2017/06/05

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    Hamar kantu eder, ikasturtea gogotsu hasteko

    Egunero kantu eder bat eskaini nahi nuke, saiatzen naiz. Sare sozialetan harrapatzen ditugu batzutan, handik hedatzen… baina uda amaiera honi agurra kantuan eman nahi nioke. Entzun ditudanak, egunotan ezagutu ditudanak, oroitzapenen bat dakartenak…

    Anari

    Iraileko lehen egunean, Putzuzulo gaineko terrazatik, plano sekuentzia bakarrean grabatutako Nacho Vegasen kanta eta bideoa. Lan zoragarria. Itsatsita daukagu oraindik. Zuk ere bai?

    Diabolo Kiwi

    Garaztarrak dira. Talde aski berria. Bigarren lana dute hau. Aurreko neguan Mungian grabatu zuten, eta larrazkeneko hit asko biltzen ditu Uhin galduak berri honek. EHZ zuzenean ikusi nituen azkenekoz, aurretik beste kontzertu pare bat ikusita. Dantzarako musika, elektro pop eder bat, funky doinuak… laukote izugarri ona. Gozatu. (disko osoa paratu dute sarean)

    Ezpalak

    Aurten izan dut beraien berri. Eta entzun dudan apurrarekin oso flipatuta geratu naiz. Zuzenean makinak izan behar dute, ziur. Erritmo azkarrak, letra onak, musika itsaskorra, melodia urratu atseginak. Gogoa pizten didate, batez ere. Zuzenean ikusteko gogoa. Gehiago ezagutzeko. Eta hau pilula bat besterik ez da. Dastatzeko. Zeresana emango dute. Gehiago.

    Habia

    Opari eder bat egin zidan musikarietako baten amak, EHZ jaialdian bertan. Eskura. Hari hirukotea dira. Zinez ederra. Letrak euskal poesiak mendeetan eman dituen altxorrak dira. Musika maite baduzu, diska bikain bat. Zauden egoeran zaudela.

    Ibilbedi

    Aspaldian asko entzuten ditugu bereak. Autoan, etxean, zuzenean ere bai noizbait. Baina gehiago nahi. Eta Agerraldia egin dute. Ederra. Koloretsua. Ekialdetik hegora begira. Mendebaldean konturatu gaitezen. Bazterrak, ertzak maite badituzu, omenaldi eder bat saiatzeari.

    Joseba Irazoki

    Joseba Irazoki eta lagunak (J.I.E.L) diskoa kaleratzear daude. Orain arte kantu aurrerapen bakarra egin dute. Beti izan naiz Irazoki zalea. Denborarekin gehiago. Molde guztietan. Honek ere oso itxura ona dauka, diseinutik hasita. Bideoa artelana da, osotasunean. Josebak kantaera berria, azkarragoa. Hitz asko, hitz jokoak. Jolasa. Solas ederrak egiteko kontzertuak izanen dira disko honetakoak ere. Adi beraz.

    jotamartina

    Herrikoak dira, txikitatik auzokoak. Eta kantugintzan ezagutu ditugu beti Kattalin eta Ane ahizpak. Jabirekin hirukote itzela egin dute. Pandemiaren erdian astindu zuten gure ekosistema txikia, eta gerora sortu duten kantu eta bideo bakoitzarekin urrats bat gehiago eman dute. Bideo hau berezia da, eta aitortza den aldetik, irudi ederren jabe egingo da ikuslea. Kantak, orohar denek dute zerbait hunkigarria. Ikusteko parada baduzu, baliatu aukera. Ahots ederrak, eta ekarpen berriak gure panoramara.

    Rüdiger

    Felix Buff da. Bateriajole gisa ezagutzen dugu. Egun inguruan dugun onenetako bat da. Willis Drummond taldearekin, Joseba Irazokirekin, beste askorekin ikusi dugu. Beti bikain. Kitarra eta ahotsarekin ari da proiektu berri honetan. Diskoa entzuna nuen, single polit askoak ditu. Baina bideo hau beste gauza bat da. Usopop usaina dario. Saran grabatua, Atabalen ekoizpen bat. Beste zerbait. Txukuntasuna, ororen gainetik. Plazer handi bat. Begiratu banda. Bateria jotzeko ere ez du edonor aukeratu: Karlos Aranzegi. Bua!

    Tatxers

    Ziurrenik uda honetan buelta gehien eman duten doinuak. Behin eta berriz entzun ditut. Gogotsu gainera. Distortsiorik gabeko kitarra hoiek maite ditut. Oi! pop doinuak. Rock/roll atsegina. Baina mende eta garai honetakoa. Gaurko gazteek egina. Iruñetik, zuzen. Ikusteko dauzkat hauek ere.

    Xiberoots

    Mauleko reggae taldea. Euskal Herrian dugun onenetakoa. Zuberoeraz kantatzen dituzten kantak ederrak baino ederragoak dira. Bigarren lana plazaratu dute uztailarekin, eta anitzagoa da lehenbizikoa baino. Osoagoa ere beharbada “Honki jina”. Sarean oraindik ez duzu topatuko. Xiberoko Botza irratian egindako elkarrizketa eder hau baliatu dezakezu, bestela Mauleko Zinka ostatura fite fite joan eta eskuratu. Noizbait sarraraziko dute sareetan ere. Joanes Etxebarriak ere ele ederrak argitaratu zituen Ipar Euskal Herriko Hitzan.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Twitter? Ez eskerrik asko

    Twitter toxiko bat hedatzen ari da. Eztabaidak kalapita bilakatzen dira, iritzi ezberdinak hasarre sortzaile, begirune falta, enpatia eza… inork nahi ez duen gune bat. Troll garaia bizi dugu, eta ahots asko desagertzeko zorian.

    euskal komunitatea

    Hala ere, euskal komunitatea beste zerbaiten eredu izan daitekeela deritzot. Zaila da, badakit. Biziatuta dago. Ez gara besteengandik horren ezberdinak. Baina; urteotan beste zerbaitetarako baliatu izan dugu sare sozial hau. Zerbaiten adierazgarri izan da. Orain, irainak, mesfindatzak eta trolleoak hartu dute gain. Gainezka dago. Ulertzekoa da, jende askoren hasarrea, joan edo uzteko gogoa, baina ahuldade horretan, sarea bera izango da kaltetuena. Gure komunitatea.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    Hamalau milakoak

    Uda honetan inoiz baino gehiago, sekula baino hobeto, eta inoizko ondoen eta gustura ibili naiz mendian.
    Uda emankorra izan da, kanpamendu basea Orbaizetan izanik, Irati aldean erreza da batean eta bestean ibiltzea.

    Arburua 1061 m.
    Azalegi 1165 m.
    Berrendi 1354 m.
    Erondoa 1041 m.
    Errozate 1345 m.
    Ezkanda 1203 m.
    Latxaga 1204 m.
    Loigorri 1075 m.
    Mendilatz 1357 m.
    Mendizar 1323 m.
    Okabe 1466 m.
    Pettuberro 1096 m.
    Txangoa 1471 m.
    Urkulu 1419 m.

    Plazer bat izan da. Batzutan bakarrik, bestetan lagunduta. Beti izan da atsegina leku hauetaz gozatzea. Bista ederrak. Eguraldia lagun. Nafarroako mendi hauetatik Euskal Herria ikustea, sentitzea, bizitzea.

    Errozate eta Mendizar gailurrek liluratua

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  musika

    bidea garrantzitsua da

    Domeka Larrabetzun. Athleticen ajea eta pandemiak kalea girotu dute. Jendea asko dago eguzkipean. Hori Bai gaztetxean Nafarroatik etorritako Ibil bedi taldeak bi pase egingo ditu.

    Lehen saiokoak atera dira gaztetxetik, eta badirudi pozik datozela kalean gora. Gaztetxera hurbildu, eta atoan bete dira aulkiak. Kantuan hasi aurretik txaloak. Hasi eta jarraian girotzen doa gaztetxea. Bigarren pase honetakoek kantuak ezagutu eta jarraitzen dituzte. Musikariak oso, baina oso motibatuta. Gazteak eta eskarmentu askokoak dira Ibil bedi. Bigarren lana aurkeztera datoz: Beltxarga beltza.
    Konektatzen dute, bere musikak aire berri bat dakar. Ez dira betiko doinuak. Distortsio barik ere, gauza ederrak egiten dira. Kitarra elektrikoak, ondoan ditu bioliña, saxoa edo teklatua. Atzean erritmoa eta oinarria. Drum & bass. Sekulako konboa.


    Itzela izan da kontzertua, eta bere zati bakoitza. Kantu bat bera ere ez soberan. Eta oroz gainetik sortutako atmosfera. Musikazaleek, musikariek, gaztetxe bat zelan girotu dezaketen domeka arrastiluntze baten. Mila esker Ibil bedi. Bidea sano garrantzitsua da. Segi errekak eta herrialdeak gurutzatzen, nostalgiari nostalgia eta gu gozatzen. Zorionak.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  literatura,  teknologia berriak,  transmedia

    Itsasoaren isiltasuna

    Etxean aspertuta nengoen. Mutikoak mugikorretik youtubeko gauzak pantailan ikusten erakutsi berritan, pantaila txikikoa egongelan ikusteko froga egin nahi nuen. Youtuben bilaketa egin eta pelikula lasai ikusteko. Ondo jezarrita edo etzanda, aukeran. Eta eskuak libre.

    Le silence de la mer hautatu nuen, ezer ere jakin barik. Ez norena zen, ez nongoa, ez noizkoa. Frantsesez gainera, eta gaztelaniazko azpitituluak eskaintzen zizkidan tresnak berak. Ederto. Ikusten hasi, eta aproposa izan zitekela pentsatu. Aurrera. Pause asko sakatu barik.

    Bitartean, pelikularen atsegina ikusiaz, sareari galdetu nion ea zer ikusten ari nintzen. Egilea, bertsioa, liburua, idazlea. Dena interesgarri. Dena zoragarri. Jean Bruller idazlearen liburu batean oinarritua. 1942an argitaratutako nobela labur bat, ipuina. Filmarekin jarraitu nuen, arras interesatua. Garaia, okupazio nazia, erresistentzia. Eta batez ere pelikularen planteamendua. Desobedientzia ekintza bat da isiltasuna bera. Gogorra. Etengabea. Itzela. Pelikularen ardatza. Protagonistetako baten bakarrizketak. Jarrera. Ikuspegia.

    Filmak erabat harrapatuta,euskarari ekarriak atarian bilatu nuen J e a n Bru ll er idatzi, eta deus ez. –Zelan ez daukagu halako gauza eder bat euskaraz? pentsatu nuen. Eta pelikularekin gozatzen jarraitu. Amaierararte. Ederra. Ezin ederragoa. Gomendagarria.


    Wikipediak pista gehiago irekitzen ditu. Bilaketaren xarma. Jean Bruller idazleak, Vercors ezizenarekin sinatu zituen lanak. Le silence de la mer ere bai. Eta bilaketa berriak egiten hasi nintzen. Eta hura ezustekoa, euskaraz badugu Itsasoaren isiltasuna. Birritan gainera. Ibon Sarasolaren itzulpena eman genuen armiarma.eus sarean, eta Booktegik, Josu Zabaletak euskaratutakoa pantailaratu zuen, Iban Zalduaren hitzaurrearekin.
    Filma bukatu eta irakurtzeari ekin nion. Pantaila txikian. Eskuan, mugikorrean. Gozatuz.

    FR: Vercors (alias Jean Bruller) lors de la remise du prix liiteraire de laResistance

    Gaur, Varcors idazlearen efemeridea da. Eta kontatzeko gogoa piztu zait. Gogoratzeko. Erresistentziako idazleari omenaldi txiki bat eta zuei proposamena. Irakurri eta ikusteko. Gozatzeko sikiera. Itsasoaren isiltasuna ederra delako. Orduan bezala orain. Erresistentzia ederra da. Desobedientzia ere bai. Eta kultura, zelan ez.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    El Drogas

    Hunkituta.
    Dokumentala ikustean, eta are gehiago bukatzean. Rockumentala. Txantrea, Barricada, rocka eta beste borroka batzuk. Lekukotasunak, memoria,kantuak eta bizitza. Adiskideak, maitasuna, heriotzak eta haserreak. Bizitza, rocka. Kontatzeko modua.
    Hunkigarria egin zait bart El Drogas dokumentala ikustea. Beti atsegin izan ditut Enrike Villarreal El Drogas eta bere hainbat proiektu musikal. Barricada zalea izan naiz beti. Amaiera enuen gogoko izan, enintzen azken boloetara joan. Enaiz damutzen. Orain El Drogas ikusteko gogoa daukat, banda eta lagun berri hauekin. Gauza askok gainezka egin didate dokumentala ikustean, baina film eder bat ikusitakoan bezala sentitu naiz amaieran.

    Nire aberria Txantrea eta Arga erreka ziren

    Gonbidatuak

    Horrelako dokumental batean, ahots ugari entzuteak laguntzen du. Drogas bera eta bere sozia dira ahots nagusiak filmean. Baina Marino Goñi baten kontaketak erabat harrapatu nau. Nafarroatik egindako lana dela nabarmendu delako. Beste musiko batzuk agertzeak ondo egiten dio lanari: Rosendo, Fito edo beste batzuk. Bereziki atseginak egin zaizkit Mareako Brigi eta Gorka Urbizurenak. Gertukoagoak niretzat, sinesgarrienak.
    Etxekoak agertzea asko eskertu dudan kontua da. Bere emazte eta bidailaguna. Seme alabak. Ilobak. Arreba edo alzeimerrak jotako ama. Etxe giroan egindako lana da. Maitasun handiarekin.

    Drogak, lagunak eta beste etsai batzuk

    Tipo irekia eta apala daDrogas. Morroi ona. Jatorra, hitz baten. Bizitzaren kontaketa honetan amorrua doinuetan isladatu du. Indarra musikari dario, eta bizitzaren pasarte ezberdinak bere kantuetan zelan islatu diren ederto baten agertzen da filmean ere. Musika pasarteak, bat egiten dute pelikularen erritmoarekin; gidoiaren -elkarrizketak- hariak ez du etenik, eta musika eta zuzeneko irudiek -izan mobilizazio gogorrak, izan poliziaren jarrera basatia edo zuzeneko kontzertuetako samurtasuna- edertu egiten dute filma bera.
    Drogen pasartea egin zait gogorrena, ezezagunetakoa delako besteak beste. Farlopara engantxatua egote hori, ateratzeko erabaki kolektiboa. Bizitza berreraikitzekoa. Arrakastaren droga. Eta hortik aurrerako ikuspegia.
    Barricada taldekoen erabakia gogorra da protagonistaren ahotik ezagutzea. Baina ez du arrangurarik erakusten. Mina askatzen du. Kontatzearekin batera. Errelatoaren abantaila.
    Lagunak ez dira etsai bilakatzen. Kontra egiten dioten arren, bidailagun hobeak aurkitzean datza irtenbideak. Eta aurkitzen ditu. Eta sekulako banda dauka aldamenean orain Enrike Villarreal Drogas-ek.

    Ura eta harria

    Argazki ona dauka lanak. Asko artxiboa da. Eta oso artxibo lan ona. Elkarrizketak edo zuzeneko irudiek pasarte handia betetzen dute. Baina badago film honetan irudi ederrik ere. Maiz musika errepidearekin lotzen da. Hemen errepideak basora garamatza, ur ertzera. Harriaren metafora baliatzen du Drogasek zenbait pasartetan. Eta ederra iruditu zait. Erreka maite du. Harria sentitzen da. Jaurtitzeko edo hondora betiko erortzeko. Bizitza. Rocka. Drogas.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura,  transmedia

    Oskar Alegria zine zuzendariarekin berbetan

    Handia da Oskar Alegria. Baina apala da oskar alegria. Zinema zuzendaria, poeta bisuala. Antropologoa, enmatologoa edota etnografoa izan zitekeen. Artista. Edo beste gauza asko. Hizkuntzalaria, albaitaria, geografoa edo astronauta. Zinemaren bidea hartu du berak. Ikusentzunezkoak. Eta oso film esanguratsuak egin ditu gure zinema petralaren historiarako:

    Emak bakia baita

    (2012)

    Emak Bakia baita, oskar alegriaren film bat. from oskar alegria on Vimeo.

    Zumiriki

    ZUMIRIKI_Trailer from Luis Jambrina on Vimeo.

    H-a galdu zuen errian

    Aurreko asteburuan Ean elkartu ginen. h-a galdu zuen … errian. Bera eta beste asko. Eta Eako udako egonaldi baten hartutako irudi eta ideiekin Aritzakoa film laburra (27 min) aurkeztu zuen. Eari buruz, itsasoa eta lurra, iragana eta oraina, eguna eta gaua. Argia eta denbora. Gauza asko batzen dira. Mundu bat. Ikuskera batzuk. Sentipenak. Historia. Hizkuntza.

    Bazkaritik irratira, mahaitik mahaira

    Eta bazkalorduko solasaldi alai, umoretsu, sakon eta arinak, platerretik platerrera arratsaldean ikusiko genuenaren aperitifa osatu zuen. Ean ezagutu genuen elkar, duela urte batzuk. Eta gero izan dugu elkartzeko betarik. Ez da beti gertatzen. Grabaketa batzuetan ondoan izan naiz, eta bere lan egiteko moduaren mireslea naiz. Aitortu dezaket hori. Aurrera begira, lan berriak eta proposamen kultural berriak egiten jarraituko duenaren esperantzan, Bilboko 97 irrati librean egindako elkarrizketa dakart hona. Ikusiko duzue zeinen apala eta atsegina den. Zeinen argia eta adibide esanguratsuen sortzaile.


    Film bat amestu egin behar da

    Esaldi hori idatzi nuen koadernoan Oskarren filmaren aurkezpenaren ostean. 
    Irratiko elkarrizketan berriz gogoratu, eta gehiago sakondu zuen horretan. 
    Amets bat da film bat, beraz. Amets bat da kontatu nahi dugun hori. 
    Ametsak errealitatera ekarri, sinesgarri egitea da beraz, zinema.

    Eguneroko ekintza poetikoa

    Beste ideia potente bat, Zumirikitik, edo Emak Bakiatik, edota Aritzakoatik ere eratorri daitekena. 
    Egunero ekintza poetiko bat egiten saiatzen da Alegria. 
    Horrek ematen dio poztasuna, bizipoza. Ez da hautu eskasa. Hautu poetikoa. Ederra. 
    Pentsatzeko bezala, egiteko ere. Beste ikasgai bat.

    Goiko argazkia: Libe Asua eta Oskar Alegria Larrabetzun berbetan. (Libek 100 urte zituen, eta Tximeletei buruzko lan baterako elkarrizketatu zuen Oskar Alegriak) Wikidata.

  • Elikadura burujabetza,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Aldaketa klimatikoa, elikadura eta pandemiak

    Eztabaida baterako ardatzak. Irtenbide eta alternatibak bilatzeko arrazoiak.
    Eztabaidatzea beti da ona. Argudiatzea oraindik hobea. Arrazoiak entzun, irakurri, ulertu, enpatizatu eta alternatibak bilatzeko aukera izatea itzela.
    Sarean eztabaida hari bat izan dugu pandemiaren jatorri izan daitekeen zoonosia eta jaten dugun haragiaz.

    Ekoizpen eredua jarri dugu auzitan batzuk, eta elikadura burujabetza sustatuz, eta agroekologiaren aldetik aldaketa klimatikoaren logika gainditu daitekela deritzogu, Via Campesina mugimenduak nazioartean aldarrikatu bezala.

    Nire ustez, Unai Pascual pentsalari eta aktibistaren diskurtsoa eta pratika oso interesgarria da arlo honetan. Berarekin ETXALDE aldizkariak izandako solasaldia irakurtzera gonbidatuko nuke jendea.

    EH post covid 19

    Euskal Herrian, Covid garaiarekin oso gogoeta interesgarriak plazaratu ziren itxialdi garaian. Orain, nolabaiteko kalealdian gaudela ematen du, eta nire uste apalean jeitsi egin da eztabaida maila. Sare sozialetatik haratago ez dakit benetako alternatiba asmodun eztabaidarik dagoen.

    Elikadura burujabetza



    informazio gehiago aldaketa klimatikoa, pandemia eta elikadura burujabetzaren inguruan: viacampesina.org

    Ganadería y cambio climático txostena

    Amigos de la Tierra erakundeak plazaratutako txosten honetan Aldaketa klimatikoa eta abeltzantzaren gaia aztertzen da. Datuak, proposamenak eta alternatiba zehatzak. Interesgarria, eta eztabaidaako beste ikuspegi bat gehiago.

    Informe-Ganaderia-Cambio-climatico-Amigos-de-la-Tierra

    Ondorioak, norberak

    Kontsumitzaileok, ekoizleok, dendariok, sukaldariok… erabakitzeko aukera eta eskubidea daukagu. Egiten dugu?
    Jaten duguna ere bagarenez, erabakia gure esku dago.

  • ikusi eta ikasi,  literatura

    Askotariko zapalkuntzak

    Bisita bat. Joan etorriko bidai bat. Paris. Aspaldiko lagun bat. Eskutitzetatik aurrez aurreko bisitara. Laguna. Lagunak. Harremanak. Egoerak.
    Turista klasea kronika bat da. Talegora joan etorria ez da aitzakia bat, leit motiv nagusia da. Baina ez da dena. Han, han asko dago. Paris. Txiletar lagunak. Eta zapalkuntza asko. Ezberdinak. Askotarikoak. Izan daiteke trenean, edo Pariseko karriketan. Izan daiteke lantokian. Kalean. Emakume izateagatik, edota zapaldutako beste kolektibo batzuetakoa izateagatik (lgtb+), baina gure ikuspegitik, gu geu geratzen gara agerian.
    Abiadura handiko tren bateko bidaiaren kronika da, hiri handi bateko taupaden hotsa somatzen da, kartzela handi bateko bizipenak ageri dira… guzti hori koktel batean lehertuko zaizu, eskuartean. Letra artean.
    Kattalin Minerrek kapitulu labur laburrak egin ditu, baina azken parrafoetan beti dago kolpe txiki bat. Eta hurrengoa irakurtzeari ekingo diozu, gogo berdinarekin.


    Bi jezarrialditan irentsi dut kontakizuna. Eta gehiago jakiteko eten nuen bezperakoa. Pedro Lemebel nor zen ezagutzeko gelditu nintzen. Kantuak, elkarrizketak, argazkiak eta beste bildu nituen. Arnasaldia izan zen niretzat.

    biharamunean

    Bigarren jezarraldian, eguzki izpiak eta Anariren musika lagun… kapitulu pare bat gordeta eten dut irakurketa. Eta bukaeran, musika gehiago. Azkenean playlist bat osatzeraino. Ni ere, non je ne regrette rien kantuan hasi naiz Edith Piaf abeslariarekin batera. Ederra!