• hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Zutabe puntu kom

    Aldaketa garaiak bizi dituzte hedabideek. Azkarrago batzuk, mantsoago besteek. Handiek zein txikiek. Lokalek, zein globalek.
    Ikusentzunezkoek eta paper hutsezkoek. Guztiek.
    Internet egoera berri honen paradigma da, baina baita irtenbidea ere. Interneten ondo moldatzea, klabea izango da paper, irrati, aldizkari, telebista eta gainontzekoentzat.
    Eta Goiena ur hoietan, ondo xamar dabilen hedabidea da. Papera, sarea, ikusentzunezkoak uztartzen dituen proiektu komunikatiboa da. Ondo asko, nire ustez. Eta aspaldian gainera.

    Goiena aitzindari
    Euskarazko hedabide lokaletan, aitzindariak izan dira beti Arrasate eta inguruan. Horrela jarraitzen dute. Eta gustua ematen du jarraitzeak. Saretik zein paperetik egiten dut nik. Telebista ikusteko parada handirik ez dut.

    Duela gutxi, lantzean behin telebistarako iritzi tarte batzuk partekatzea eskatu zidaten. Gustura hasiko nintzela esan niez. Enaiz sekula zutabelaria izan, baina zutabeen antza hartzen diet nik gtalk bidez grabatutako saio labur hauei.

    Horregatik, neuk egiten ditudanei zutabe puntu kom deitzen diet. Zutabe multimedia batzuk direlako. Irudiak agertzen dira, eta grabazio bat. Audioa ez da beste mundukoa… baina agian hori du erakargarriena, modu xumean eginda dagoela, truko askorik gabe. Eta gaur egun, hiper mega hedabideen garaian, gertukoak duen xarma.

  • musika

    Japonen ere GOSE dira

    6053 in japan

    Jateko modukoa dago beraien hirugarren disko gorria. Baltza lehenengo, zuria gero… eta gorria atara zaie azkena. Ardoa izan zitekeen, baina musika da. Jangarria hau. Eta esportatzeko modukoa. Innobasque bezalakoek, hobe lukete beraien korbatak eta berbajarioa eten, eta berrikuntza zer den, zuzenekoetan dastatzea.

    Mikel Clemente errealizadoreak, Japoneko kontzertuekin bideo interesgarri hau egin du. Sarean dago, eta dantzan jartzeko modukoa da.
    Datozen egunotan GOSEkoak Katalunian, Galizian, Euskal Herrian izango ditugu. Lehenago egonak dira Kurdistan aldetik ere… beraz, une honetan Euskal Herrian dagoen talde internazionalenetakoa da arrasatear hirukotea.

  • software librea

    Ubuntu instalatzen

    Software librea gura duzu zure ordenadorean?

    Microsoft bezalako multinazional itxi eta kutreak albo batera uzteko prest?

    Laguntza behar duzula?

    Argazkiak.org | Ubuntu Install party © cc-by-sa: gaztelumendi

    Ba install party batera hurbildu zaitez. Edonon, edozelan, edonoiz egin daiteke bat… guk lantokian antolatu dugu, baina beste edonork, edonon egin daiteke.


    izan libre, izan euskaldun!

  • maitatasunetik

    gurasoen kezka: sare sozialak

    Ezagutzen duzue guraso.com?
    Arrasaten Txatxilipurdi elkarteak eta Goiena kooperatibak elkarrekin abiatu duten proiektua da.  Sareko proiektua da, baina ez da Internetera mugatuko. Hasieratik nabil beraien ondoan, eta batez be teknologia berrien gainean idazteko hurbildu naiz.


    Argazkiak.org | guraso.com atari parte hartzailea © cc-by-sa: gaztelumendi
    Hainbat kolaboratzaile dago, hamaika gairen inguruan. Kontua da mutilezko bakarra naizela. Antza gurasoentzako gaietaz, andrazkoek baino ez bide dute berba egiten. Nik klaro, mekanikoarena egingo dut. Tresneria hizpide.

    Ekipoa funtsezkoa
    Lantzean behin artikulu bat landuko dugu bakoitzak. Txandaka. Eta beste horrenbeste gai eta eremu jorratzen ditu atariak. Informazioa eskaintzen du, euskara hutsez. Eta hasiera hasieratik oso arrakastatsua ari da suertatzen. Horretan zeresan handia daukate bi kudeatzaileek ere. Oihana ari da Goienatik, eta Egoitz Txatxilitik. Biak onak dira nor bere eremuan. Oihana kazetaria da, ama da. Egoitz oso dinamizatzaile ona, gaztea izan arren.

    Sare sozialak hizpide
    Gurasoei zuzenduta izanik, kezkak eta argibideak eman baino, eztabaida bultzatzea izan da hasieratik nire asmoa. Hautatutako lehen gaiak, eman du zeresana. Nik ez nuen dotrinarik egin nahi. Hau ona, hori txarra kontsigna ez zait gustatzen. Eta eztabaidarako ateak zabalik uztea izan da nire kezka. Hori bai, gu baino gazteagoei entzun egin behar zaiela aldarrikatuz.

    Gaur egun, blogek eta horretarako aukera ematen digutenez, erantzunak modu onean joan direnez, gogotsu nago hurrengo artikulua idazteko. Debekuen gizartean, sorkuntza eta irudimena aldarrikatuz. Frogatzea, dastatzea eta gozatzea, alegia.
    Umeen arteko balizko elkarrizketa bat ozen aldarrikatu gura izan dut. Eta gure kontraesanak agerian ipini gero. Eta uste dut, tono onean joan dela gero eztabaida. Ia konturatu barik, dozena erditik gora erantzun sortarazi dituelako.  Orain hurrengo gaia zein izan daitekeen pentsatzen nago, pantailari begirik kendu ezinik. Proposamenik?

  • musika

    Musika gida atsegina

    musikagida

    Gaur aurkeztuko da Arrasateko Kultur Aten. Musika Gida. Hainbat musikari -klik egin eta irakurriko dituzu- bere gomendioak, bere garai bateko gustukoenak aipatzen.

    Arrasateko liburutegiak maiz plazaratzen ditu gidak. Poesiari buruz, liburuak, diskoak, filmeak. Hau monografikoa da musikaren gainean. Edizio zaindua, aholku estimatzekoak. Diseinu erakargarrian. Koloretsu musikalki.

    Aurkezpenean gainera, Anarik saio txiki bat eskainiko du. Deluxe.

    Ulertuko duzue, batzutan pozik joatea lanera.

  • agit/prop

    Ino libre

    Bulegoan sartu, eta irratia piztu dena bat. Ordenadorea abiatzen. Arratsaldeko lauretako albistegia Euskadi Irratia. Informatiboak esaten zuena ezin sinetsi nuen.
    Bulegorako bidean, margoketa erraldoia ikusten dut egunero. Eta, benetan diotsuet, Ino ateratzen denean margoketa horrekin zer egin beharko litzatekeen pentsatzen egon naiz.
    -Ez da posible! halakorik.

    Albiste ona dudarik gabe. Laurak, bostak, seirak, zazpirak, zortzirak…. Bederatziak igaro direnean kaleratu omen da. Sms bat jaso dut Soto del Realetik, kanpotik. Ordurako etxera bidean ziren zinegotzi, lagun eta Ino Galparsoro.

    Orduak erraz joan dira gero. Minutu etengabeak. Kazetariek kontatu dute herri mailan, albistegiak ireki ditu Euskal Herriko eta Espainiako komunikabideetan. Jendearen bihotz taupadak azkartu dira. Besarkada estuak. Hitz gozoak.

    Ino libre

    Albiste ona. Albiste on bat. Ez da gutxi.

    Arrasatek aspaldi honetan zer bizi izan duen, hangoek bakarrik dakite. Aurrera bolie!  Merezi duzuen alkatea daukazue, benetan. Inok herri zoragarria duela aitortu du plazan bertan, jendeaurrean.

    Goizaldeko laurak. Autoa hartu eta irratia piztu. Dena bat. Albistegia hasi dute. Kontatu behar duten guzti hori badakigu. Gainera leherketa txiki bat izan omen da Andaluziako kostaldean, krisiaz berba egin du ekonomia ministroren batek, Errealak marokoar bat fitxatu du. Etxera bidean noa. Pozik. Jornada laborala ez dakit, baina egun itzela izan da gaurkoa. Ez daukat astelehenik.

    Eta gaur, berriz, irakurri eta idazteari ekin diot.

    Albistea Goiena.net eta Mondraberri Arrasateko herri komunikabideetan.
    Kontakizuna aurrerabolie.org gunean
    Wikipedia entziklopedia librean dagoeneko eguneratu dute Inori buruzko sarrera, txapo!
    Iban Arantzabal adiskidearen post-a.

  • agit/prop

    maitasuna kalean [grafittia Arrasaten]

    Aurrerabolie.org gunean sartu eta maiatzaren 8ko bidekoa ikusi dut. Greba eguna izan zen Arrasaten, baina hala ere, lanik edo eskolarik ez izan arren, jendea ez zen besoak gurutzaturik geratu. Besarkada itzela jasoko zuen orduan, alkate duten Ino Galparsorok. Ume, guraso, gazte eta heldu Biteri plazan espraiekin maitasunezko herri margoketa bat -grafitti haundi bat- egiten.

    Musika honek, esangura berezia du. Maitasuna debekatzen duten honetan, herri bat hori adierazten ikustea, itzela da. Hunkigarria. Kolore alaiak, eguraldi grisari.

  • agit/prop

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz

    Astea egin du dagoeneko Arrasateko alkateak espetxean. Egunero ari gara gogoratzen, egunero daukagu zerbait. Baina Ino eroan zutenetik, oraindik sinestu barik gaude guztiok gertatutakoaz.

    Arrasaten nabil egunero, Ino bera ezagutzeko parada izan dut. Andre atsegina, langile porrokatua, eta egun hauetan guztietan frogatu dudanez, oso maitatua gainera.

    Aste bete Ino barik, baina herrian kezka egunetik egunera areagotzen joan da. Aspaldian Espainiako politikaren zentru bilakatu da Gipuzkoako herri hau, euskal politikariek ere ez dute atsedenik hartu Arrasatek sortutako buruhausteekin. Udalbatzarrak, mozio etikoak, alderdi ezberdinetako ordezkarien aipamenak, komunikabide espainiarren manipulazioa, agobioa eta presentzia polizial handia. Mota guztietako txakurrez betea dago aspaldion Mondragoe.

    • GREBA OROKORRA

    Arrasatera etorri naiz gaur ere, inoiz baino goizago. Langileek greba egiten duten arren, Info7 irratirako zenbait kronika egin asmo ditut, kaletik, telefono mugikorrarekin. Euskal Herrian, hemengo audio_argazkia eskaintzeko helburuagaz.
    Eta egia esan, goizean dagoeneko harrituta geratu naiz. Normalean autoa aparkatzea ez da broma izaten hau bezalako herri batean. Lekuak soberan gaurkoan. Lehen irudia.
    Autoa gura izan dudan lekuan itxi ostean, egunero ikusten dudan liburutegia zarratuta ikusi dut, eta kartel asko inguruetan, atzo baino propaganda gehiago. Eta dendak itxita. Eta kafetegiak. Eta tabernak. Eta herri batean egoten den oro, bidai agentziak, estankoa, kirol dendak, banketxeak, biztanleen arreta zerbitzua, udalaren egoitza guztiak, bulegoak…. buelta bat baino gehiago eman diot herriari. Ez nuen inor ikusten gainera.

    Portaloira joan eta jendea ikusi dut. Gazteak gehienak. Informazioa banatzen aritu dira goizeko lehen orduetatik. Eta parean ertzainen furgona bat baino gehiago. Oldarkor. Bideo kamara bat eta pelotak botatzeko hamaika jaurtigailu.

    Kazetariak ere ikusi ditut, kolegak, baina aspaldion sarritan datozen arren, ez dira batere maitatuak. Sekulakoak esan dituzte Arrasateri buruz, eta gaur kamara eskutan, irudi bila ari ziren. Ikusten zutena filmatzen ez ditut ikusi baina. Bilbotik bistaz ezagutzen dudan bat, -telebista espainol batekoa- albotik pasatzean esan diot: -Kostako zaizue ezer zabalik topatzea! Baietz esan didate beraiek, kolegazoa banintz ere.

    Ino, guk ere maite zaitugu

    Txokotxo batean, ordenadorea piztu, 11etako informatiboa egin, eta aspaldian lagata dudan blogari ekin diot. Hamaiketako albistegia entzun gura baduzue:
    info7 irratia: [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/albistegiak/boletinak/080508_1100ae.wav.mp3]

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz.

    Zer kontatua asko eman du hileotan Arrasatek. Asko ikasi dugu guztiok. Politikaz, etikaz, konpromezuaz, justiziaz, kudeaketaz, elkartasunaz, salaketaz… baina batez ere pertsonen balioak nabarmentzeko aukera izan dut. Eta orain badakit, egunero Ino gogoan izango dudala, egunero ondoan, egunero egingo dugula zerbait bere alde. Itzuli dadin, etorri daiten, berean jarraitu dezan. Herritarrek erabaki bezala, alkate. Herriak hautatu bezala, Arrasaten.

    www.aurrerabolie.org

  • hurrengo geltokia

    m9 hauteskundeak

    m7: ostirala, Arrasate

    zurrunbiloa modurik gordinenean nabarmendu da. ETAk PSEko zinegotzi izandako Isaias Carrasko hil du Arrasaten. Hauteskunde kanpainan zehar, ETAk beste bi ekintza apalago egin baditu ere (telebista antena eta errepetidoreen kontra Bilbon, Derioko PSOEren egoitzaren kontra) Arrasatekoan, modurik gogorrenean erasotu du. Kalean bertan, herritar bat akabatuz. Gogorra. Berriz ere, aurreko estrategiara jauzia. PSOEri mezu zuzena.
    PSOEk egun berean erreakzionatzen du, mundu bat batzen du Arrasaten bertan. Gaitzezpena. Mina. Amorrua. Komunikabideak Gipuzkoako herri honetatik zuzenean emititzen. Zapaterok Malagatik Madrilerako hegazkina hartu, eta Madriletik Arrasatera egun berean. Rajoy ere Mondragoira hurbiltzen da. Lehen kalapita PP eta PSOEren artean, udaletxeko aretoan bertan. Arreta informatibo guztia ANVk kudeatzen duen herrian. ANVk ez du erasoa gaitzezten, eta komunikatu propioa biharamunean.
    Gatazkaren gordintasuna, hauteskundeetako kanpainaren azken egunean.
    Informazioa, etengabe eguneratzen: goiena.net

    m8: erreflexio eguna

    erreflexio behar zuena, mobilizazio eta komunikabide handien eguna. Emakumeen egunerako deialdi zenbait debekatuta -Nafarroan batipat-. Udaletxeen aurreko bilkura instituzionalak, Gesto Por La Pazek 120 ohiko kontzentrazio. Komunikabide gehienak, egun osoko albistegiak Arrasatetik zuzenean. Bozkatzeko deia, abstentzioaren aurrean. Hileta elizkizunak eta kontzentrazio jendetsua Arrasaten.

    m9: Hauteskunde eguna

    • PSOEk irabazi du Espainian. PPk hala ere, sekulako boto gorakada.
    • PSEk nabarmen irabazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
    • Nafarroan, UPN-k zein PSN-k boto asko. NaBai mantendu egin da. (Diputatu bat)
    • PNVren beste beherakada bat. Itzela. Lehen Imaz, orain Urkullu. Beheranza oraindik. Jeltzaleen blogosfera borborka dago, adibide bat.
    • Ezker abertzaleak abstentziorako jarrera mantenduz, abstentzioak puntu dexente gora. Herri txiki eta euskaldun askotan, %50etik gorako abstentzioa. Ikustekoa.
    • IUk, Aralarrek, EA, eta orohar alderdi txikiek, sekulako beherakada. Desagerpenetik hurbil.

    Beraz, argi dago ETAren agerpenak erabat baldintzatu duela panorama politikoa. Lehenengo aldiz, PSEk Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan nabarmen irabazi du. Bilbon zein Donostian nagusitasuna erakutsi du. Orokorrean igo ditu botoak. Debagoienean ere lehen indarra, Arrasaten ere bozka kopuru nabarmena.

    PNV-k beherantz egin du. ETAren ekintzarik gabe ere, beherantz egingo luke, ezker abertzaleak deitutako abstentzioak ere eragingo zukeelako ziurrenik jeltzaleengan.

    Ezker abertzalearen jarraitzaileek, ETAren agerpenaren gainetik ere, bere horretan jarraitu dute. Aski da 2004ko emaitzei so egitea (abstentzioa+nuloak> gaurko abstentzioa). Orduan Espainiako hauteskundeetan boto baliogabetzat jo zuten ezker abertzalearen hautua, egun abstentziora jo du. Emaitzak hor dira, agerian.

    m10 eta hemendik aurrera

    • Elkarrizketa politikoak berebiziko garrantzia hartzen du, konponbide bat bilatu gura bada.
    • ETAren jarduera armatua ekiditeko, Loiolako elkarrizketak bere horretan berrartu beharko lituzkete alderdi politikoek.
    • Ezker abertzalea desagertarazi gura dutenek; bere gaitasuna murrizten saiatu barik, bide politikoan parte hartzeko aukera eskaini beharko liokete.
    • PSOEk, PPrekiko abantaila ez du haunditu, eta balizko prozesu negoziatzaileari begira, ez du horrek asko laguntzen. Hego Euskal Herrian gora egin badu ere, are gorago egin du PPk Espainian. Eta gaur ere, gero eta nabarmenago bi Espainia irudika daitezke: Goi partean zein behean PSOE da nagusi (Katalunia, Hego Euskal Herria-ia, Asturias, Aragoi eta Extremadura eta Andaluzia). Gainontzekoa, Gaztela osoa, Valentzia eta kostalde hori, Burgos… guzti hori PPkoa da. Madrilen PPk jaun eta jabe jarraitzen du.
    • Euskal Herrian bizi dugun gatazka honek, irtenbide erraza dauka. Elkarrizketa, akordioa eta gizartearen partehartzea.

    Erabilitako iturriak:

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Argi geratu da, ezta?

    Arrasate AHTrik ez!
    argazkia: ahtgelditu.org

    Nahiz Guardia Zibilaren kontrolak, nahiz Miren Azkarataren kriminalizazio eta desitxuraketa saiakerak, nahiz Jaurlaritzaren oztopo eta trabak, nahiz komunikabide nagusien izkutaketa eta desinformazioa… argazki hau luzaroan izango dugu gogoan.
    Arrasateko mobilizazioa, orain arteko handiena izan da Abiadura Handiko Trenaren kontrako burrukan. Abiapuntu berri bat, estabaida soziala galdegiteko, inposaketari aurre egiteko… eta gizarte mugimendu herritarra bultzatzeko.