maitatasunetik

gurasoen kezka: sare sozialak

Ezagutzen duzue guraso.com?
Arrasaten Txatxilipurdi elkarteak eta Goiena kooperatibak elkarrekin abiatu duten proiektua da.  Sareko proiektua da, baina ez da Internetera mugatuko. Hasieratik nabil beraien ondoan, eta batez be teknologia berrien gainean idazteko hurbildu naiz.


Argazkiak.org | guraso.com atari parte hartzailea © cc-by-sa: gaztelumendi
Hainbat kolaboratzaile dago, hamaika gairen inguruan. Kontua da mutilezko bakarra naizela. Antza gurasoentzako gaietaz, andrazkoek baino ez bide dute berba egiten. Nik klaro, mekanikoarena egingo dut. Tresneria hizpide.

Ekipoa funtsezkoa
Lantzean behin artikulu bat landuko dugu bakoitzak. Txandaka. Eta beste horrenbeste gai eta eremu jorratzen ditu atariak. Informazioa eskaintzen du, euskara hutsez. Eta hasiera hasieratik oso arrakastatsua ari da suertatzen. Horretan zeresan handia daukate bi kudeatzaileek ere. Oihana ari da Goienatik, eta Egoitz Txatxilitik. Biak onak dira nor bere eremuan. Oihana kazetaria da, ama da. Egoitz oso dinamizatzaile ona, gaztea izan arren.

Sare sozialak hizpide
Gurasoei zuzenduta izanik, kezkak eta argibideak eman baino, eztabaida bultzatzea izan da hasieratik nire asmoa. Hautatutako lehen gaiak, eman du zeresana. Nik ez nuen dotrinarik egin nahi. Hau ona, hori txarra kontsigna ez zait gustatzen. Eta eztabaidarako ateak zabalik uztea izan da nire kezka. Hori bai, gu baino gazteagoei entzun egin behar zaiela aldarrikatuz.

Gaur egun, blogek eta horretarako aukera ematen digutenez, erantzunak modu onean joan direnez, gogotsu nago hurrengo artikulua idazteko. Debekuen gizartean, sorkuntza eta irudimena aldarrikatuz. Frogatzea, dastatzea eta gozatzea, alegia.
Umeen arteko balizko elkarrizketa bat ozen aldarrikatu gura izan dut. Eta gure kontraesanak agerian ipini gero. Eta uste dut, tono onean joan dela gero eztabaida. Ia konturatu barik, dozena erditik gora erantzun sortarazi dituelako.  Orain hurrengo gaia zein izan daitekeen pentsatzen nago, pantailari begirik kendu ezinik. Proposamenik?