• agit/prop

    Hemen hasi zen dena

    Mende hasierarekin, blogintza izan zen Internet berriko aurrerapen handienetako bat. Norberak nahi zuena idatzi, adierazi eta argitaratzeko aukera. Blogak ezagutu genituen. Frogatu. Eta sarean abiatu. Plataformak sortu ziren, eta gerora pertsonalizatzen joan gara.

    Garai hartakoa da nire lehen bloga. Abenduaren 3an abiatu, eta azokan zehar idazten eta kontatzen. Zirikatzen eta hausnartzen. Eta hedatzen.

    Isil isilik daude asko, sare sozialen eztandaren ostean. Ziklikoa da dena. Baina interesgarria ere bai, garai bakoitzean nola jokatzen dugun aztertzeko.


    Urteurrenetan akordatzen gara egin genuenaz, izan ginenaz. Eta nostalgia ez dakit, baina berriro ekiteko gogoa ez da izugarria izaten.

    Badira, blogari fermuki eusten diotenak. Nire begirune osoa. Blog pertsonal/kolektiboari eutsi ezinik, oraindik wordpress ia egunero baliatzen dut, lan kontu eta bestelakoetan. Izugarrizko tresna da. Eta 20 urteotan, hobetzen baino ez da joan. Hautu ona egin genuen hasieran bertan.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Euskararen ezagutza eta erabilera Larrabetzun

    Euskaraldia dator, eta bezperetan badaukagu kezkatuta egoteko arrazoirik. Aurten datu asko plazaratu da. Udaberrian Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herrian 2021ean egindako neurketaren emaitzak plazaratu eta argitaratu zituen. Udazkenean, herriz herrikoak ezagutzen ari gara. Eskualde mailako datuak jakin genituen Txorierrin eta herrikoak aztertzen ari gara orain.
    Ezagutzari dagokionez, herri euskaldun bezala definitzen ditu UEMAk -Udalerri euskaldunen mankomunitateak- gure bezalakoak. Larrabetzuk %70tik gorako ezagutza dauka. Azken erabileraren neurketek baina, bestelako datuak eman dizkigute. Guztiak kezkaz eta arduraz jardutera eraman behar gaituzte. Neurriak hartu, hizkuntz politika egoki bat egin eta kontzientziak astindu eta euskararen lana berritzera. Badago lana, ahobizi, belarriprest eta ostantzeko jardueretan.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Txillardegi

    Txillardegi idazle, pentsalari, euskaltzale, pianista, injeniari, aktibista eta kronista euskaldunak utzi gintuen duela 10 urte. Beti miretsi izan dut Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Beti.
    Oso gaztea nintzen, egin egunkarian Exkixu liburuaren berri izan eta nobela irakurri nuenean.

    Asko gustatu zitzaidan. Eta bere pentsamenduarekin bat egin nuen. Eta gerora, beti jarraitu izan dut bere ibilbidea, lana, pentsamendua, idatziak eta abar… Kritikoa izatean zekien, euskaldun moduan aritu zen mundu osoan, euskaltzalea, independentista sutsua, pertsona argia, eta bere ideiak argi adierazten zituena.


    Omenaldia Durangon
    Gazteak ginen, baina erreferentea zen askorentzat. Eta Euskal Herriko gazte mugimenduaren baitatik, orduko gazte erakunde gogorren aldamenetik, gerizpetik omenaldi bat antolatu genion 1998ko Durangoko azokan. Omenaldi xume bat. Baina berak oso eskerreonez hartu zuena, guk berarentzako baino hitz hobeak izan zituen berak gazteentzat. Borrokan jarraitzeko. Bi hitzetan. Eta ulertu gura izan genion, ikasten jarraitu beharko genukeela, saiatzen, euskalduntzen eta berreuskalduntzen, borrokatzen eta kritikoak izaten. Eredu zen, eta eredugarriago gure ondoan ezagutu genuenean.
    Gazte kultur gunea asmatu genuen orduan. Eta azokan ere egon ginen. Fantzineak, egutegiak edota agendak saltzen. Eta omenaldia egin genion. Eta Mattin marrazkilariaren irudia oparitu genion kuadro apal baten.

    Txillardegi idazlea Euskal Herrian Euskaraz, Euskara batua, ETA, Altsasuko mahaia, Egunkaria edo beste hainbat ekimen garrantzitsuetako partaide, sortzaile, asmatzaile izan denak merezi du omenaldi sendo bat bere herrian. Eta uste dut, herritarron artean, euskaltzaleen baitan… baduela onespenik eta omenaldi jatorrik. Ofizialki gehiago saiatzen dira ezkutatzen, zailtzen, beldur direlako, gai ez direlako, inkopententeak direlako azken finean. Hizkuntzari eta literaturari egindako ekarpena eskertzeko modurik zintzoena, bere lanak irakurtzea izango da ziurrenik. Txillardegi liburutegiaren alde egingo dugu, baina Txillardegiren lanak liburutegitik jaso eta irakurtzea bai izango litzatekela iraultzailea. Gaur, Txillardegi idazle euskalduna gogoratzeko eguna dela uste dut. Eta, bihar ere bai.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    jalgi hadi mundura!

    Urtea pozik hasi dut.
    Asmo berrien bila ari nintzen, lan berri baten bila alegia. Eta sare sozialek horretarako ere bere balioa dutela ikusi dut. Gogorra da batzutan norberaren egoera edo ezintasuna sarean azaltzea. Baina, jende on asko dago bazter guztietan. Eta bazterretik, ertzetik ari garenean, aldamenean sentitzen dituzu asko. Eta oso eskertzekoa da hori.

    Urrian idatzi nuen mezu hau:

    Eta berehala hedatzen hasi zen. Mezuak, galderak, bertxioak, eta baita proposamenak ere. Eta oso eskertzekoa da hori. Harrituta batzuk, kezkatuta baten bat.

    Zientzia astea
    Baina ia egun berean lan eskaintza bat izan nuen, eta hurrengo astean Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Zientzia astea kudeatzen ari nintzen Gasteizen, eta handik aste batera edo Arkeologia museoan ekitaldi guztiaren ardura hartu nuen. Hizlariak, zientzilariak, umeak, gurasoak, unibertsitateko arduradunak, museoko kudeatzaile eta langileak, unbertsitateko langileak, webmasterra… Gasteizera joan etorriak, eta pozarren lanean. Kontratu mugatua, bi astekoa edo. Baina lana. Eta ardura. Eta kudeaketa. Eta emaitza eta harreman onak. Eta hori, oso garrantzitsua izaten da.

    Durangoko azokan
    Hitzordu garrantzitsua neukan azoka egunetarako. Aurretik zerbait hitz eginda neukan, eskaintza bat izan nuen, serio hartzekoa. Bazkaltzeko eta hitz egiteko geratu ohi gara horrelakoetan euskaldunak. Azoka egunetan urtero egoten naiz Durangon Susa argitaletxearekin lanean, 25 urte baino gehiago izango dira. Eta networking sare emankorra da dudarik gabe. Aurten ere. Eta bateko eta bestekoagaz berbetan, huntaz eta hartaz aritzeko lekua izaten da gure merkatua. Eta nik agendan, gorriz neukan egun bat baino gehiago ere. Abenduak 6 zuen egutegian. Konstituzioaren eguna. Gogotsu eta umoretsu altxatu nintzen Abadiñoko Murueta baserrian. Eta serio jarduteko tenorea zela neritzon orduan.

    Arratsalde iluntzean, baten batek txioa ahotsez bergogoratu zidan. Serio zebilen. Ohartua zen. Azkarra da. Harratu zuen, ez_ironia. Baina nik hitzordu garrantzitsua nuen. Eta bazkaritarako lekua lotu beharra neukan. Egin nituen pare bat dei, eta normalean baino jende gehiago ibili da azoka inguruko herrietako jatetxeetan. -Ze poza! lekuak okupatuta egotea eta jendeak jatetxeetarako gogoa izatea. Garaiko herriko tabernako jatetxera deitu nuen, eta zenbakia markatzean telefonoak gogorarazi zidan duela bi urte ere egun berean deitu nuela -eta ze ondo bazkaldu genuen orduan! Hertzainak taldekoei elkarrizketa egin ostean joan nintzela gogoan dut, pozik- . Handik egun batzuetara publikatu zen GARA egunkarian elkarrizketa. Eta orduan hitz egindakoak, eta arraina ze gozo zegoen….

    Tira, kontua da 2021eko abenduaren 6an bazkari garrantzitsua neukala. Eskaintza bat. Baiezko bat. Adostasun bat. Bide berri bat. Urte berriarekin lanean hasteko konpromezua. Ilusioa.

    Asmo berriak

    Eta urtarrilarekin, bide berriei heldu. Konpromezuz. Eta dagoeneko Bilboko Euskararen etxean instalatu naiz. Mundura begira Bilboko itsasadarretik. Hizkuntzaren inguruan, sarean. mintzanet.net proiektua kudeatzen, lagun berriekin. Asmo berritzailez gainezka. Eta lantokira lehen batzarrak egiten etorri, eta Uruguaiko bi euskaldun ezagutu ditut, Euskararen etxetik abiatu eta Jalgi hadi mundura! izeneko sarean ere murgildu naiz, mintzanet-eko erabiltzaileek elkartzeko osatu duten nazioarteko ekimenean. Eta poza dario nire berba eta izateari. Bilbon euskaraz. Munduari. Sarean. Iraultza digitalean murgilduta. Gaur. Hemen. Orain. Gogotsu.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura,  transmedia

    Oskar Alegria zine zuzendariarekin berbetan

    Handia da Oskar Alegria. Baina apala da oskar alegria. Zinema zuzendaria, poeta bisuala. Antropologoa, enmatologoa edota etnografoa izan zitekeen. Artista. Edo beste gauza asko. Hizkuntzalaria, albaitaria, geografoa edo astronauta. Zinemaren bidea hartu du berak. Ikusentzunezkoak. Eta oso film esanguratsuak egin ditu gure zinema petralaren historiarako:

    Emak bakia baita

    (2012)

    Emak Bakia baita, oskar alegriaren film bat. from oskar alegria on Vimeo.

    Zumiriki

    ZUMIRIKI_Trailer from Luis Jambrina on Vimeo.

    H-a galdu zuen errian

    Aurreko asteburuan Ean elkartu ginen. h-a galdu zuen … errian. Bera eta beste asko. Eta Eako udako egonaldi baten hartutako irudi eta ideiekin Aritzakoa film laburra (27 min) aurkeztu zuen. Eari buruz, itsasoa eta lurra, iragana eta oraina, eguna eta gaua. Argia eta denbora. Gauza asko batzen dira. Mundu bat. Ikuskera batzuk. Sentipenak. Historia. Hizkuntza.

    Bazkaritik irratira, mahaitik mahaira

    Eta bazkalorduko solasaldi alai, umoretsu, sakon eta arinak, platerretik platerrera arratsaldean ikusiko genuenaren aperitifa osatu zuen. Ean ezagutu genuen elkar, duela urte batzuk. Eta gero izan dugu elkartzeko betarik. Ez da beti gertatzen. Grabaketa batzuetan ondoan izan naiz, eta bere lan egiteko moduaren mireslea naiz. Aitortu dezaket hori. Aurrera begira, lan berriak eta proposamen kultural berriak egiten jarraituko duenaren esperantzan, Bilboko 97 irrati librean egindako elkarrizketa dakart hona. Ikusiko duzue zeinen apala eta atsegina den. Zeinen argia eta adibide esanguratsuen sortzaile.


    Film bat amestu egin behar da

    Esaldi hori idatzi nuen koadernoan Oskarren filmaren aurkezpenaren ostean. 
    Irratiko elkarrizketan berriz gogoratu, eta gehiago sakondu zuen horretan. 
    Amets bat da film bat, beraz. Amets bat da kontatu nahi dugun hori. 
    Ametsak errealitatera ekarri, sinesgarri egitea da beraz, zinema.

    Eguneroko ekintza poetikoa

    Beste ideia potente bat, Zumirikitik, edo Emak Bakiatik, edota Aritzakoatik ere eratorri daitekena. 
    Egunero ekintza poetiko bat egiten saiatzen da Alegria. 
    Horrek ematen dio poztasuna, bizipoza. Ez da hautu eskasa. Hautu poetikoa. Ederra. 
    Pentsatzeko bezala, egiteko ere. Beste ikasgai bat.

    Goiko argazkia: Libe Asua eta Oskar Alegria Larrabetzun berbetan. (Libek 100 urte zituen, eta Tximeletei buruzko lan baterako elkarrizketatu zuen Oskar Alegriak) Wikidata.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Plateruena, XXI. mendeko kulturgintza berri baterako oinarri

    Kooperatibaren amaiera

    Orain arte ezagutu dugun Plateruena kudeatzeko ereduaren amaiera ekarri du bart ezagutu genuen albisteak. Plateruena desagertzea.
    Egoera ekonomiko larriak, ekarri du kooperatiba desagertzera eramateak. Langile eta bazkideen batzarrak erabaki du.
    Eta langile/bazkide/kulturgile/ekintzaile kooperatiba horretan eredu izan da. Sortu zen momentutik bertatik.
    Eta gardena izan da azken unean ere.
    Anboto Durangoaldeko agerkarian informazioa zabaldu zen lehen unetik, eta Igor Elortza bertsolari durangarrak ere datuak jarri zituen sare sozialetan, aspaldiko isiltasuna hautsiz twitter sarean. Biak ala biak, eskertzeko modukoak.

    20 urteko ibilbidea. Berbaro hura gogoan

    Durangoko alde zaharrean kokatuta zegoen Berbaro taberna ezagutu zuenetakoa naiz. Orduko kontzertuak gogoratzen ditut. Giroa. Gorakada. Gogoa eta ilusioa. Gertutik ezagutu nituen tabernari eta kudeatzaile boluntarioak. Eta beraien eredu berritzailea. Gehiago egiteko gogo hura.
    Plateruena proiektua sortu zen gero Hutsetik. Huts hutsetik… ilusio ikaragarriarekin. Auzolanaren zentsu pratikotik. Inplikaziotik. Zabaltzetik. Bilbon funtzionatzen hasi zen ereduaren bidetik. Eta lan asko. Asko. Eta euskal kulturak ikusgarritasun, pratikotasun eta dinamika foko berri bat piztu zuen beste eskualde baten. Ekonomia, kultura, herri mugimendua, dinamika soziokulturala… eredugarri. Durango, urte osoan kulturaren erreferentzia. Nazionala. Lokala.

    Bidea -baina- ez da amaitzen

    Etena dator orain. Ezina. Ekonomikoki. Kultur zikloa oso ondo bete du Plateruenak. Fase ezberdinak izan ditut, prozesu ezberdinak. Baina eredugarri.
    Igor Elortzak publikoki emandako datu hoiek kudeatzea zailagoa izango da kultur programazio eta produkzioa sustatzea baino, bistan denez.
    Baina Plateruena espazioaren beharrizanak bere horretan jarraitzen du. Beharra dago, eta espazio hori edukiz, kulturaz eta jendez nola bete berrasmatu beharra dago. Hemen eta orain. Beste behin.
    Lokalaren jabetza -duela 20 urte baino askoz balio gehiagorekin, bidenabar esanda- Durangoko udalarena da. Plateruena kooperatiba -eta bere zorrak- desagertu egingo dira.
    Eta pliego berri bat, eredu berri bat, kafe antzoki berri bat bersortu beharko da hemendik laisterrera. Eta horrek ematen dit baikorra izateko esperantza. Orain arte ikasi den guztiak ekarri dezakela Durangorako alternatiba berri eta on bat. Behar beharrezkoa.

    Antzokien eredua: Ostalaritza eta kultura

    Bilboko kafe antzokia sortu zenean, eztanda egin zuen gure kulturgintza osoak. Eredu eder bat sortu zen Bizkaiko hiriburuan. Hiria, gaua, kultura, hizkuntza, ostalaritza… funtzionatzen hasi zen. Lehertzen. Ikaragarria izan zen hastapena eta osteko garapen guztia. Eredu berri bat kulturgintza osorako. Euskaratik abiatuta gainera. Hiriaren basamortua. Panorama kulturala -batipat musikala- gogor astinduz.
    Eta hainbat kafe antzoki sortu ziren han hemenkda. Ondarroa, Elgeta, Durango, Bermeo…. eta proiektuak ere ugari, han hemenka.
    Itsasoa baretu da. Hainbat ekaitzaldi izan ditu. Bilbokoa, gaur gaurkoz itxita dago COVID 19 gaitzaren erdian. Noiz zabaldu ahal izango duen zain gaude guztiok. Besteen garai onenak joan ziren.
    Ostalaritzak sustengatu behar izan du kulturaren zama. Eta egiturarena. Langileak. Lanpostuak. Egunak ta gauak. Inbertsioak. Krisiak bata bestearen atzetik, eta azken pandemiarena… itzela.

    Publikotik haratago, ez dago beste eredu iraunkorrik?

    Gure herrian egitura publikoetatik landa, instuzioetatik haratago, hainbat eredu landu izan dira. Baina orain eredu hauen iraunkortasuna bilatu behar da. Ekonomikoa batipat.
    Kulturgintzan egin den ekarpena izugarria izan da. Ekonomian ere ez dira txarto ibili ahal izan duten luzaroenean.
    Baina agian eredua ahitu da. Soziala, kooperatiboa, partehartze publikoa, ehun sozialaren babesa, kulturgintzaren inplikazioa.. oraindik formulatu beharra dago. Berrasmatu. Eta ekin.

    Unai Iturriaga Euskadi irratian: Orain arte heroi batzuek mantendu dute kulturaren ikusgarritasuna

  • #bidegorritik,  #Patakon,  18/98+,  agit/prop,  albisteak 2.0,  bakegileak,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik,  literatura,  musika,  pasahitza,  software librea,  su-etena | ceasefire | tregua,  teknologia berriak,  telebista

    13 urte blogean, ekinean, ahaleginean

     

    sare sozialak, blogak, internet, sarea, lagunak eta norbera pantaila aurrean. 13 urtez ekinean. ezinean. ahaleginean.
    gaur ere abenduaren 3a da.
    ea zer diozuen, irakurtzen zaituztedalako. aspalditik. hemen nago eta asko pozten naiz. oraindik.

    13 urte, besterik ez

    2004ko euskararen egunean jarri zen martxan gaztelumendi bloga.

    orduz geroztik ahal izan dudan guztia idatzi eta kontatu dut berton -eta beste leku askotan-. irratigintza, komunikazioa, literatura, telebista, bidaiak, aldizkariak, erreportajeak, mobilizazioak, informazioaren kudeaketa, auzolana, gutunak, erreportajeak, batailak, kezkak, kanpainak, lana, iritziak, salaketak, hedabideak, teknologia berriak, musika, herrigintza, harremanak, auzoko kontuak, kultura…. izan dira nire bizitzako ardatz; eta libre konpartitzeko aukera eman didate teknologiak, software libreak, hizkuntzak eta sorkuntzak.

    ezin eskertuago nago.

    KRONIKA DIGITALA

    ARTXIBOAK, artxibologia

    sarean.com sortu zuen Jabi Zabalak 2003an. Ondoan izan dudan erreferentzia, duda barik.

    Egunerokotasuna hautsi gurean, bitakora 2004ko euskararen egunaren biharamunean.

    Joxe Arantzabalek bloga sortu eta egun berean eman zuen gaztelumendiren berri bere orduko Faroan.

    Blogei buruzko ikastaroa antolatu genuen 2005eko udan UEUn

    2006. urtean Euskal Herria 2.0 inflexio puntua Interneteko euskal panoraman, iparra eta helburuak markatu genituen. EUS dominioa lortzen hasteko abiapuntua.

    Blogariak, software garatzaileak, hedabideetako arduradunak, kulturgileak, irakasleak… batu ginen Donostiako Artelekun. Ez daukagu ahazteko 2006ko iraila hura. Gauzak egiteko gogoa somatzen zen Euskal Herriaren alde digitalean. Auzolanean, 2.0 logika guztiz barneraturik.

    EH 2.0 > puntuEUS

    Zazpi urtez idazten, gogoratzen hasten zarenean…. amaituko denaren beldur zarelako.

    idatzi eta idatzi, jo ta ke!

    gaztelumendi blogak 10 urte

    11 urte idazten

     

     

     

    luzaroan jarraitzeko asmoagaz. GAZTELUMENDI.eus

    #ga1d3rantzunak

    galdera asko ditut egiteko. erantzunak etorri egiten dira. sortu.
    kezkak idatzi, bizitza bete, amets ugari, letra asko, irudi batzuk eta zenbait ondorio.
    #ga1d3rantzunak hitza eta ekintza dira, baldintza eta ondorio, objetibo beste subjetibo, sujeto eta adjetibo. teoria eta praxia.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Euskaraz edo bestela ez gara?

    Batzuk agian, erraz bizi daitezke #euskaratik eta euskaraz.
    Gure indabak hemendik eta handik atera behar ditugunok, jakin dakigu euskara hutsez noraino heldu gaitezkeen… gure ingurua, gure neska mutikoena, gure enpresena, gure agintariena, gure herrikideak, etorri berriak, aspaldi etorriak… begiratu, eta ondorioak atera.

    ni neu ere agian hobeto biziko nintzateke Zarautzen, edo baserritik urten barik… baina bizitzak kalera atera nau… Aturritik Ebrora… eta nire herria ezagutu ahala… egunero euskaraz bizi gura dogun arren… ondokoaren mugak zeintzuk diren jabetuta… jende guzti hori gure antzera bizitzera gonbidatu gura neuke…

    baina… UEMAko herrietan be, gero eta zailagoa da euskaraz bizitzea… eta bertsolariek ere bertso saioak erderaz egiten omen dituzte…
    Euskara da gure territorio libre bakarra idatzi zuen Joseba Sarrionandiak, baina espetxean idatzi ere.

    Gure territorio librea, ahalik eta zabalena, hedatuena, ederrena, eraginkorrena izan dadin… lan asko negar asko eta gogoeta gehiago egin beharko dogu, eta batez be… ingurukoak konbentzitu.

    Bidai on!

    larrabetzutik besarkada bat guztioi

    Aitortzen dut, Maialenen kezka hauek ni ere kezkatu nautela… baina ezker abertzalea, GARA, hizkuntza eta beste kontzeptu asko nahasten diren honetan… gogoeta kolektiboa ere bultzatu daiteke:

    Begirunez, bideoa eta mezua aztertzera gonbidapena.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak,  telebista

    Korrika badator

    Gero eta gutxiago falta da. Giroa somatzen da jadanik… herrietan Korrika batzordeak sortzen, egitarauak, Kulturala…. eta sarean pil pilean dabilta dagoeneko bideoak eta aipamenak.


    Bart telebistan ere dokumentala berriro bota dute, eta lagunen aipamenek eroan naute berau berriro be ikustera…. oroitzapenak geroari heltzeko.
    Eriz Zapirain eta Eider Rodriguezek zuzendutakoa. Historia bat, eta hamaika istorio.

    memoria ariketa

    Gurean, Korrika egitea, parte hartzea memoria ariketa bat ere bada. Oraindik.

    Argazkiak.org | Korrika Larrabetzun, aspaldi EGIN egunkariko azala © cc-by-sa: gaztelumendi
    1980ko abenduan, Jose Antonio Lekue alkateak (Herrigintza) lekukoa eman zien Kukubiltxoko hankapaluei. Eta Korrika jarraitu zuten plazatik Andra Mari kalean zehar. Han egongo ginen gu, atzetik arineketan…. zarataka, pozik…. urtero urtero egiten dogun moduan. Belaunaldiz belaunaldi.
    Bihotzak taupadaka, oihuka, garrasika, beti aurrera, nekatu barik.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    gaztelumendi.eus

    Eta nazioartean euskara eta euskal kultura hedatzeko ezinbesteko tresna izango da sarea. Eta hizkuntza, eta herria, eta kultura, eta ekonomia garatzeko .eus dominioarekin agertuko gara munduaren aurrean.
    Blog honek ere, sortu eta hamargarren urteurrenean gaztelumendi.eus izaera berritua hartuko du.
    Aspaldian nazioartean izan dugu errekonozimendurik handiean da puntuEUS dominioa. Euskal kulturaren komunitate osoa zabalduko duena mundu osoan.