agit/prop,  gaztelumendi.eus

Euskararen eguna omen den honetan, Egunkaria Madrilen

Ez nuke lerro bakar bat idatzi gura bitakora honetan, Euskaldunon Egunkariako lagunak gogoan eduki barik. Egunkaria izan nuen eskola. Euskaraz irakurtzen erakutsi zigun, zer esanik ez euskaraz idazten. Euskaraz ondo pasatzen eta pentsatzen.
Lerro asko idatzi ditugu Egunkariaren inguruan, denak aski interesgarriak eta aproposak.
Gaur, orain, Madrilen Auzipetze autoa hartzera joan dira euskal herritar zenbait Madrilera. Egunkaria ixteko agindua etorri zen Auzitegi Nazionaletik, gaur, ia bi urte beranduago han dira Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Pello Zubiria, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria. Denak ezagunak euskal prentsa eta kulturgintzan. Ze delitu egin duten badakigu. Gu geu ere, delitugileak garelako.

Horregatik, gaur Durangoko azokaren atarian, blog hau argitaratzea erabaki dut. Durangoko azoka hartan, gogoratzen dut Egunkariaren lehen alea. 13 urteko ametsa izango zenaren lehen harriak ziren, lehen aldarriak.

Egunkariaren alde, prentsa askatasunaren alde, adierazpen askatasunaren alde. Euskararen eguna, esan dizuet.

261 Iruzkin