info 7

Info 7 irratiko kronikak

  • ikusi eta ikasi,  info 7,  musika

    Deustuko Gazte Lokalarekin kezkatuta

    Gutun bat jaso zuten Gazte Lokalekoek. Deustun 26 urtean mantendu duten kulturgunea itxi behar dutela. 15 egun horretarako. Eta mugitzen hasi dira. Eta zelan.
    Ekintzak areagotu dituzte, jende gehiago batzen da beraien bileretara, indartu egin dute kaleko dinamika, eta sustenguak -lehendik ere bazuten nahikoa- gehitu dira.

    Telebistan eta irratian suertatu zait Deustuko Gazte Lokalaren inguruan aritzea. Informatzea. Beraien berri ematea. Ahotsa ematea. Pozik eta harro. Beharrezkoa delako, Deusturako, kulturgintzan ari den ororentzat, aske bizi nahi dutenentzat, auzokideentzat, belaunaldi berrientzat… guztientzat.

    Info 7ko Kale Gorrian saioan

    Deustuko Gazte Lokaleko istorioak ezagutu ditugu desalojo mehatxuaren erdian

    1991. urtean okupatu zuten Deustuko Gazte Lokala. 26 urteotan bertan izandako belaunaldi ezberdinetako kideekin batu ginen Gazte Lokalean betan, eta entzundako istorioak irratian hedatu ditugu. 15 eguneko epea eman zion Bilboko udalak, eta mobilizazio eta ekitaldi ugari antolatu dituzte aste hauetan guztietan. Katixa, Santi, Maza, Ane, Amaia eta Guruznek esandakoak batu ditugu.
    Irratsaioa entzuteko:

    Momentuz ez dute itxiko

  • agit/prop,  info 7,  ongi etorri errefuxiatuak

    Errefuxiatuen alde urrats berriak emateko garaia heldu da

    Astebete Grezian. Mundu berri bat begi aurrean.
    Elkartasunez betetako egunak. Oso oso beteak.
    Eta hori isladatzen saiatu gara elkarrizketa honetan.
    Info7 irratiarekin astero arituko gara; elkartasuna, errefuxiatuak eta nazioarteko egoerari buruz berba eginez.

    Elkarrizketa Info7.naiz.eus atarian.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  info 7,  teknologia berriak

    #sfk14 Txupinazotik zuzenean

    Aurten… gogotsu nago, parrandarako, mendirako, edozertarako.
    Eta Iruñeako Sanferminak zuzenean bizitzeko deliberoa hartu dut.
    Eta bezperaren bezperan idazten ditut berba hauek, Behe Nafarroatik. Gauez muga igaro eta Iruñean lo egin, eta biharamunean txupinazoaren berri emateko irratian eta sarean.

    jarraipena zuzenean

    Naiz.eus + info 7 irratia + ahotsa. info


    Goizean goiz hasita, fm uhinetatik, bideoz sarean eta sare sozialetatik arituko gara lantalde zabal bat. Uste dut Euskal Herrian eta munduan zabaltzea merezi duten jaien hasiera dela uztailaren 6koa.
    2013ko uztailaren 6ko ikuriña Iruñeako plazan
    zuzenean !!!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  info 7

    #askegunea Aspaldian ezagutu dugun desobedientzia zibil ekintza handiena

    Herri Harresi kolpeka hautsi dute, ondo kostata.
    Egunak eman ditu Askegunea eremuak erresistentzia lantzen, elkartasuna hizki handiz idazten, komunikazio eremu librea sortzen… Donostiako bulebarrean.

    Gau eta egunez, gazte mugimendua eta herritarrak elkarrekin.
    Urkulluren ertzainek, Iñigo Cabacas hil zuten gorputz polizialeko kideek, bi ordu eta erdi luzez… banan banan atxilotu eta kanporatu dituzte bertan batutako milatik gora lagunak.

    • Goizeko 6:00ak jo dutenetik, Info7 irratia ere zuzenean aritu da, Donostiatik, herri harresi barrutik, estudioetatik… eredugarri.
    • Sare sozial handi bat bilakatu da #Askegunea bera ere.
    • Mugimendu berri bat ari da sortzen une honetan, kalean eta gizartean. Eskubide guztien alde, konponbidearen alde, gazte mugimenduaren alde… Euskal Herriaren alde finean.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  info 7,  teknologia berriak

    kultura digitalaz


    Kultura digitalaz aritzeko baliatzen dugu asteroko tartea Info7 irratian. Eta sarean gertatutakoak, ikusi eta ikasitakoaz aritzen gara. Maiz, irratiko edukiak sarean ere hdatzen ditugu, eta eztabaida sortzen ere saiatzen gara, gaiak garrantzia duenean.

    euskal kulturaz, GAUR
    behatoki digitala

    Huheziko fakultatean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin ostean, euskal kultura eta kultura digitala arreta gehiagorekin begiratu eta jarraitzen dut. Eta ekultura.net gunea bera, gogoetarako eta zabalkunderako baliatzen dut. Ikasketa prozesu etengabea, egoera jarraitzeko talaia ezin hobea da; hizkuntza, kultura, sorkuntza, sarea eta orohar kultura eta teknologia berriekin zerikusia duten gaiak lantzeko.
    ekultura.net euskal kulturaz GAUR

    Hemen eta orain, aztertu eta ikasi, erakutsi eta hedatu. Eztabaida sustatu eta sareko joerak arretaz jarraituz badugu nahiko lan. Ikusi eta ikasi, arreta galdu barik eta sozializatzen saiatuz.

  • baserritik mundua,  Elikadura burujabetza,  info 7

    baserritik mundua

    Baserrian sortua naiz, baserri inguruan hasia, eta baserri munduari lotua nabil aspaldion. Baserritarrekin, ekoizleekin, kontsumitzaile sareekin, komunikazioan eta akzioan.

    Udaberritik, proiektu berriei aukera ematen, zelan ernetzen diren ikusten, loratzen eta fruituak ematen. Eta udagoien honetan argia ikusten hasi dira. Ikusgai eta entzungai daude.

    Baserribizia.info gunearen inguruan, sare sozialak, komunikazio biziagoa, dinamika sindikala, elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua, euskarri berriak… ikusentzunezkoak langintza batean.

    Irrati emankizuna
    Eta hemendik aurrera, baserri mundua islatu gura duen irratsaio bata burutuko dut astero, Info 7 irratian, eta beste irrati batzuetan ere eskaintzeko aukerarekin, sarean entzuteko, saretik mugitzeko.
    Baserritik mundua nekazaritza iraunkorraren aldeko jardun komunikatiboa izango da, elikadura burujabetzaren inguruko informazioa lantzeko tartea, baserriari lotutako kulturgintzari hauspoa emateko eremua… gaiak eta eztabaidak jorratzeko esparrua.


    baserritik mundua
    baserritik mundua

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  info 7,  teknologia berriak

    Editorialak idazten jarrita…

    Gustatu zait Euskal Herriko 60 hedabide baino gehiago batu izana. Gustatu zait urratsa. Eta arrazoi dute, jauzietarako unea da.
    Euskaratik eta euskaraz aritzen diren medioek, gogoeta interesgarria egin dute. Eta AHTaren metro bat baino gutxiago garela jakiteak… irrifarrea sortu dit. Hori da gure neurria.
    Abiadura Handirako metro bat ere ez gara, mendiak eta segunduak gurutzatzen diren lekua gara.. beharbada.
    Beste zerbait ere bagara, mundu bolako zentimetro honetan.
    Gogoeta horretatik, bestelako pausuetara jo behar delakoan nago ni.
    Editorialak idazten jarraitu behar dugulakoan, to:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2011/02/20110201_10828.mp3]
    irudia: argia.com

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  info 7,  musika,  teknologia berriak

    Hatortxu rock: elkartasuna, musika eta Internet

    Bat baino gehiago harrituta geratuko zen asteburuan, Lakuntzara hurbildu ostean. Gazteak izan dira bertara hurbildutako gehienak, musika jarraitzaile sutsuak… baina igande bueltan adin guztietako euskaldunek egin zuten topo Beriain mendiaren magalean, elkartasun jaialdi koloretsu honetan.
    Hatortxu jaialdia, presoen dispertsioaren gastuei diruz aurre egiteko ez ezik, elkartasun festibala ere izan da. Eredugarria, antolakuntza aldetik bezala jendearen parte hartzetik ere. Milaka lagun eskenatoki bakoitzaren parean, milaka lagun kaleetan, milaka jarraitzaile hemen eta han.


    argazkia: hatortxurock.org (aeroplano batetik ateratako argazkia)

    Elkartasuna

    • Elkartasuna hitz handiz idatzi da egunotan Sakanan. Musikariek agertu duten prestutasuna (guztiak gutxieneko gastuak kobratu besterik ez dute egin, bidaia eta …) eredugarria izan da, 60 taldetik gora. Euskal Herrikoak asko, baina kanpotik etorritakoak ere bai batzuk. Alde horretatik, flipatzekoa musikarien jarrera.
    • Elkartasuna ere, herritarrek adierazi dutena. Lakuntza eta Sakana osoa inplikatu baita jaialdi honen antoLakuntzan.
    • Elkartasuna bertara joan zirenen partetik, han utzitako txanpon eta oihu bakoitza presoen alde izan zelako. Dispertsioaren kontra, dispertsioari aurre egiteko.

    Musika

    • Talde ugari, estilo asko, kontzertu mota ezberdinak, eskenatokiak ere aukerakoak, jendetza ikusten gozatzen dantzatzen abesten. Musika eta elkartasunak bat egiten dute askotan Euskal Herrian.
    • Gogotsu eta pasioz aritu ziren zuzenean. Aurretik elkartasuna agertu eta publikoki eskainiz, eta gero bertan, kontzertuetan. Talde berriak, talde handiak, talde ezagunak, talde ezezagunagoak, famatuak…. kausa batek batu eta zuzenean adieraziz.

    Internet

    • Hatortxu Rock jaialdi honek propaganda aldetik musika kontzertuetan ohikoa dena baino euskarri gehiago landu ditu. Paperezko propaganda Euskal Herriko txoko eta bazter guztietara heldu bada ere, bestelako asmakizun eta irudimenezko eskaintza izan du. Plastikozko milaka metro pankartetan, bide bazter, zubi eta kale artean ikusi ditugunak.
    • GARA, berria, eguzki irratia eta Infozazpi ere laguntzaile izan ditu. Eta jarraipena egin ez ezik, aldez aurretik iragarkiak jarri dituzte beraien medioetan. Elkarrizketak, kantuak, argibideak edo Internet bidez sarrerak saltzen.
    • Hatortxurock.org gunea izan da hala ere, nire iritzian bederen, jaialdi honetako izarra. Bideoak, Hatortxu telebista, zuzeneko irratia, argazkiak, bideoak… Sare sozialetan, #hatortxu etiketarekin, youtubeko bideoklipa, abeslari eta musikarien mezu eta elkarrizketak…. zer ez dagoen Hatortxu Rock gune multimedia horretan.
    • Borondatezko lana, sareko auzolana, multimedia ikuspegia, ekimen ezberdinen arteko elkarlana… Internet, sarea azken finean….

    Hatortxu rock irratia

    • Irratia ere izan zuen Hatortxuk. Zuzenean Lakuntzako elkarte batetik. Gela multimedia bat. Prentsa eta Interneteko gunea kudeatzen zutenak mahai baten bueltan, eskaileretan gora bideogileak, beraien lanak kapturatzen, bideoak editatzen…. Hatortxu telebista sortzen.
    • Euskal Herri osoan entzun daitekeen Infozazpi batetik, Sakanako Eztanda irrati librea, Zarauzko Arraio irratia, Iruñerrian entzuten den Eguzki…  guztiak sarean lanean. Programak egiten, uhinak astintzen, Internetetik eskaintzen… software librea, ordenadore portatilak, ADSL konexioa konpartitzen…
    • irratia.com ere bertan egin zen, irratsaio solidario bat egiteko gogotsu. Musika eta elkartasuna uztartuz, saio digital berezi batean.
    • Han egindako saioa entzun gura baduzue, klik baino ez. Elkartasun klik bat, besterik ez:
      [audio:http://www.arraio.net/deskargak/hatortxu/irratiapuntucom.mp3]

  • ikusi eta ikasi,  info 7,  musika

    euskal pop gizarteaz

    Pop kulturaz
    Josu Larrinaga musikazale moduan ezagutu nuen, soziologoa da, irakasle unibertsitatean, erdi familiakoa dudala ohartu nintzen gero eta batez be kontzertuetan egiten dut berarekin topo.
    Proposatu zidan udako ikastaro batean zebilela burubelarri eta ea zeozertan laguntzerik neukanez.
    Baietz, gaia jakin ostean. Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla? galderari erantzun asmo diogu, soziologiatik. Ikasiko dugu musika entzunez. Apunteak disko zaharren gainean hartuko ditugulakoan.

    Iruñeako eremu unibertsitariotik, Lekeitioko hondartzara hurbilduko gara. Euskal unibertsitateari eremu berri bat eskainiz.
    Pop hitza pijotzat du ezjakin askok. Pop popularretik dator ordea, herrikoi, alegia. Horretaz jardungo gara, ia konturatu barik. Eguraldia eta musika lagun. Zozologian.

    euskalpop.mundua.com bloga sortu eta hor emango dugu ikastaroaren berri, orain eta gero. Ikastaroan zehar, pop musika hitzaldiak, emanaldiak, entzunaldiak eta podcast batzuk izango dira.
    Inork bere musika ikastaroan zehar jarri eta komentatu nahi balu, arazorik ez, kontrakoa. Gustura asko. Pop atseginez.

  • gaztelumendi.eus,  info 7,  teknologia berriak

    gaur eta bihar

    Teknologia berriak gaur eta bihar. Bihar Donostian. Gaur munduan. Informatikari euskaldunen bilkura.
    IEB09 zita bat da, bi urtean behin. Ez du oihartzun berezirik izan blogosferan, harritu nau. Baina badirudi jendetsua izango dela. Ziurrenik informatika fakultateko ikasleek beteko dute aretoa.
    Ni neu be, joan ez joan batean nago. Joan gura dut, baina lanorduetan da. Eta beti dago zeozer. Animatzen ari naiz ordea.UEUk antolatzen du IEB.

    info 7 irratiaAtzo, teknologia berriek komunikabideetan duten eraginaz zertzelada bat bota nuen Info7 irratian. Ez asko, ez sakon… arreta pizteko zeozer. Kalean oinez zoazenean duzun elkarrizketa labur hoietako bat da.
    Kalean grabatua dago, herrian. Eta irratian ematen dute gero, sarean, uhinetan.
    Komunikabideen gaineko kezka horrek, ez du oso eztabaida gartsurik sortu gurean momentuz. IEB09 horretan, izango da halako mahainguru bat. Interesgarria behar du.