• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  pasahitza

    Artikulu gutxi eta txio asko

    Artikulu bat osatzeko berbak batzen ari naiz. Hitzaldi batek, eta haren kronikak ekarri duelako gaia hizpidera.
    Jon Sarasuak, bertsolari txapelketak, eta gaiari kantatzeko moduak aztertu ditu. Kantatzen ez direnetan jarriaz fokua, edo mikroa. Eta arrabotsa sortu da. Dialektika gutxi, eta kaka asko. Zoriondu dutenetako askok ez dute anitz maite egungo bertsogintza, barrutik ahots apalen bat, eta larrua kentzeko moduko kritika bestetik.

    naiz.eus atariko kronikak, sekulako bisitak izan ditu. Egunero ageri da argitaratu zenez geroztik irakurrienen zerrendan. To! eta no! txiotegian, oilarrak kukurrukuka. Oilanda isilik ez, eta abereen etxaldea zantzoka.

    Txio asko eta artikulu gutxi dio Gorkaren boligorriak. Eta horretan bederen, arrazoi osoa du. Gu geu ere, gero eta gutxiago ari garelako artikulugintzan. Artikuluak, pagatutakoak dira soilik gaur egun (batez ere). Pagatu idazteko. Pagatu irakurtzeko. Eta pagatu paratzeko. Hori da gure baratzea.


    Txioak, momentuz doan egin, sortu, argitaratu eta idatzi ditzazkegu Teslaren jabearen autobide honetan. Eta gogoetak pentsamenduaren taberna ilunetan egiten dira sarri, ordu txikietan. Unibertsitateak, akademiak gurean pentsamendu aski prekarioa sortzen du, eta akademialariek, paper ezberdinak nola sortu dute buruan, nongo kongresutara joan, eta argitalpenak egin eta sustatzea. Egoaldea iparra galduta, alegia.

    Txio adina artikulu egitea ez da erraza. Baina blogari hautsa kendu, eta bogan jartzea da post honen helburua. Inork irakurriko duen esperantza asko barik.

    non dago euskal blogosfera?
    non dago euskal blogosfera?
    euskal blogosfera indartsu baten alde sarean.eus 2017/06/05

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    euskal blogosfera indartsuago baten alde

    sarean.eus

    sareanEUS
    Ez da aspaldi blogen beharren inguruan solasaldi bat baino gehiago izan dugula, sare sozialetatik batipat.


    Blogetan antolatu zuen Azkue fundazioak, eta inkestaren osteko datuak eman zituen:

    Nik neuk kezkaz bizi dut hori, eta halako susperraldi bati ekin nion gaztelumendi.eus blog honetan bertan.
    Edukiak gehitu, irudia zaindu, sareotan hedatu, eztabaida bultzatzen saiatu… eta gainera nolabaiteko oihartzuna ere izan zuen kontuak.

    Ekaitzaren osteko barealdia?

    Baina nago, ekaitzaren ostean heldu dela barealdia. Nori axola dio euskal blogaririk baden edo ez? Orain youtuberrak daude modan, eta guk ere youtuber ezagun, arrakastatsu eta euskaldunak behar omen ditugu, aidanean.

    Uste dut, inoiz ez bezalako aukera daukagula euskaldunok Interneten. Blogak dira inoiz eskura izan dugun tresnarik erraz eta eraginkorrenak. Webguneak egiteko, edukiak sortzeko, ideiak hedatzeko, irakaskuntzarako, enpresetako kontuak zabaltzeko… zernahi kontu eta aukera eskaintze dute informazioa eta edukiak kudeatzeko tresnek.

    Duela hamar edo hamaika urte, gogotsu ekin genion blogak sortu eta hedatzeari. Testuak idatzi. Erantzunak utzi. Elkarren berri izan eta eztabaidak konpartitzen aritu ginen. Gaur egun sare sozialek betetzen dute gure denboraren tarte hori nagusiki.
    Hala ere, bloga duenak, tresna indartsu bat du eskura. Eta merezi luke tresnok eta baliabideok batera jarri eta ezagutzera ematea. Euskal blogosfera indartsuago bat behar dugula alegia.

    • Eta zu zeu, irakurle, informatikari, sortzaile, zer egiteko prest zeundeke?

    • Edukiak sortzearen garrantzia ikusita, euskal blogek zer ekarpen egiten dute?

    • Zer gehiago egin dezakegu blogariok eta Internet euskalduna bultzatzen dugunok orohar’

    • Ohiko galdera, ondo ahal goaz bide honetan?
    jendea

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    zertarako nahi ditugu blog euskaldunak?

    Aingeru Epaltzaren gogoeta entzun berri dugu euskalerria irratian, podcast bidez, twitter sarean bere mezu bat ikusi ostean, amaierako esaldiak egin digu klisk!

    [audio:http://euskalerriairratia.tok-md.com/Epaltza%20mar8.mp3]

    Eta atoan galdera etorri zait burura?

    Blog euskaldunak

    Euskarak behar ditu. Herriak behar ditu. Tresnak behar ditugu. Edukiak behar dira. Gure kezkak azaldu behar dira…. baina jendeak ez baditu behar? Nork irakurtzen ditu halakoak? Zenbatek irakurriko du hau? Twitter behera doa, facebook edo instagram gora. Ordaindutako publizitatearekin ez bada, ezinezkoa da sare hoietan ezer agertaraztea… orduan, edukioi nork erreparatuko die? Zenbat ikustaldi ditu Azkue fundazioaren bideo horrek? Ondo landutako bideoa da, kamarak, gidoilariak, ahotsa, jendea gonbidatu… prestatu. Eta? Noiz ikusiko dute 200 lagunek? Kezkak dira. Egin beharreko itaunak, galderak. Erantzunik ez datorrela jakin arren. Itsasora jaurtitako harri bat. Uhinak ikusi arren, bere soinua ez dela entzungo dakizunean. Harririk ez da etorriko bueltan. Olatuak joan etorrian dabiltzan arren. Ondarretan geratuko naiz, zeruari begira. Hala ere, EZtaBAIda hedatu behar delakoan nago, edukiek duten garrantziari erreparatuta.

    ::::::::: ::::::::::: ::::::::::::::  ::::::::: ::::::::::: ::::::::::::::

    post hau argitaratu ostekoak

    Eta ez dira oso poztekoak.

    • badakigu zer nahi dugun?
    • ba ote dakigu zer behar dugun?
    • Sintomak dira, nola gabiltzan erakusten dutenak….

    berrikusten. eguneratzen

    blogen sarea pizteko ahaleginak, irauntzaileak

    Badira blogetan irauten duten beteranoak. Idazteari bere denbora eskaintzen dioten lagunak. Blogen garrantzia moden gainetik dakusagunak. Irauntza da gurea. Irauteko jaioak. Irauntzaileak.
    Eta azken egunotan sare sozialetan honi buruz dihardugu. Ez da nostalgia. Ikuspegia da. Informazioa, parte hartzea eta mundu digitalak ematen dituen aukerak baliatzeko ahalmena.
    Horretan darraigu. Ez dakigu inor badatorren gure guda kantuaren atzetik…

  • ikusi eta ikasi,  musika,  teknologia berriak

    Bi hitz

    Letrak dantzan jartzeko asmoagaz asmatu genuen hitz joko hau. Iazko Literaturia ekitaldietan, letrak eta musika elektronikoa uztartzearren, mezu laburrek osatutako giroa sortu gura izan genuen gaztetxean.
    Dantzan aritu ginen, bideoak ikusten, japonieraz errezitatzen batzuk, twitter bidezko mezuak pantailan ikusten, Gasteiztik bialdutako bidoekin dantzan gaztetxean… denetarik.
    Aurten pausu bat gehiago. Musikari zuzeneko bideo irudiak gehituko dizkiogu, bideo jockey batek nahastuta.
    Bi Hitz  beats&bits
    Beta saioa 7katu gaztetxean
    Eta euskal unibertsoaren jai bat antolatu zuten ikasleek Bilboko alde zaharreko gaztetxeean. Leioa da bide bakarra esaten zuten, musikaren gainetik, eta letrak dantzan jartzen saiatu ginen, musikarekin jendea mugiarazten, eta bideoak horman ikusteko aurkeztu genituen.
    Hamaika telebistako Ane Zabalak irudiok grabatu zituen, eta guk Albisteak 2.0 saioan eskaini genituen biharamunean.

    Hemendik aurrera, Bi Hitz saio gehiago egingo ditugu, Literaturian lehenengo… eta gero gehiago… Gaztetxeetarako ekimen aproposa da. Musika eta irudiak uztartzen dituena. Eskerrik asko.

    Albisteak 2.0.008 – Beats and bits from Albisteak 2.0 on Vimeo.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Euskal Herria eta Japoniaren arteko linkak

    Link munduan bizi gara. Loturak. Harremanak. Bidaiak. Globala eta lokala uztartzen diren sasoia. Eta horregatik Ekialderen dauden herriek eta gurea bezalako kultura txiki batek harremana izan dezakete.

    Gora Japon deitu daiteke hemengo musika talde bat, eta gizon probak egingo dituzte Tokyoko kale batean bitamina iragarki baterako. Alaitz eta Maiderren doinu batek sukaldaritza progama baten sintoniarako balio dezake, eta Gosek Japoneko bideoak aurkezten dizkigu sarean.

    Albisteak 2.0 saio berezia egin dugu Japon eta Euskal Herriaren artekoa. Eta ikusirik gurean, zelango zaletasuna dagoen horrelako gaiekiko, bideoa azpititulatzeari ekin diogu, eta ea lortzen dugun japonierazko bertsiora heltzea. Demasa litzateke! Euskara bezalako hizkuntza batek, aukera itzelak ditu sareari esker. Telebista saio ttiki bati, Internetek mila aukera eskaintzen dizkio. Hoiek profitatzen asmatu beharra dago. Eta asmatzea, lagunok… inbentatzea ere badenez, ea aziertaten dugun.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  pasahitza,  teknologia berriak

    Jabetza industria

    Mikel Elorza | Berria

    Bolo-bolo ibili da gaia, Durangoko Azokan aurreneko aldiz liburu-e dei dezakeguna ikusgai zegoela. Eta atentzioa eman dit hainbat argitaldarik jabego intelektualaz azaldu duten kezka, eztabaidaren zurrunbiloan ene ustez astakeriak esateraino (lapurretarekin alderatuz artxibo baten deskarga…). Sortzaileen eskubideak errespetatu behar dira, horretan ados gaude guztiok, eta bilatu behar ditugu formulak horretarako; baina horrek ez du esan nahi beste batzuen negozioak errespetu maila bera behar duenik. Zeren eta batzuek negozioak egiten dituzte nekez aberasten diren sortzaileen eskubideen kontura, pentsua besteen pentzura maiz, eta negozioak negozio izaten jarrai dezan dute borroka latza. Eskubide, pirata eta antzeko hitzekin batera, esanguratsua da holakoetan azaltzen den beste bat: industria. Hori da indartu eta zaindu eta gorde behar dena, eta horri egiten dio, itxuraz, kalte, morroiloak kentzeak. Ez onartu nahian teknologiak aldaketak ekarri dituela, ekoizpen eta banaketa moldeak aldatzen ari direla, kontsumo eta partekatze ereduak ere bai, hedadura moldeak desberdinak direla eta horretara denok egokitu beharko dugula, baita industriak ere. Negozioa galtzeko bada ere. Baina ai, lagunok, eskubide horiek jabetza eskubideak dira, eta horien funtsa antzinako erromatarrek zuzenbidea finkatu zutenetik muinean ez dira askorik aldatu. Eta kostako da, gaur egungo erromatarrok ere —hau da, zibilizazio menperatzaile nagusia, bizimodua arautzen duena— jabetza eskubidea bizimodu eta zibilizazio horren zimentarri baitugu.
    Gaztelaniaz bada esamoldea, ezin zaizkiola zelaiari ateak jarri. Beti pentsatu dut esan nahi ederra duela, eta horren alde borrokatu behar dugula, baina mendiak atakez josita daudela, langa eta txarrantxez beteak. Interneten ere berdin: jarri nahi dizkiote morroilo eta kisketak, ari dira horretan, eta segitu beharko dugu horiek gainditze lanean.
    Ateak uste ez duzunean topatzen baitituzu. Ez dute gaurko BECeko finalean jarriko, gaia, hauxe: “Zu Amets, bertsozale porrokatua eta kazetaria zara, Interneten aritzen dena, eta kronika eder bategaz batera finaleko saioa zure webean eskegitzeko asmoa duzu. Baina Sustraik, elkarte antolatzaileko bozeramaileak, e-maila bidali dizu zeinak dioen, “Bergara eta Donostiako saioak oso osorik zintzilikatu dozuzala badakigu. Finalera begira, akreditazioa jasotzeko hitzarmena sinatzea eta bidaltzea eskatuko dizugu aurrez”. Hitzarmen horrek, jakin dezazuela biok, debekatu egiten du saiorik osorik eskegitzea, 6 bertsoaldi eskegitzen baino ez du uzten. Hiruna bertso nahi duzuen doinu eta neurrian”. Ez dute gaur horretaz kantatuko, ezta beharrik ere, baina proposatzen dut hurrengo saio baterako, txapelketatik at. Nire lagun bati gertatua baita, e-mail hori jaso egin du. Imajinatzen dut iritziak elkartean ere asko eta diferenteak izango direla, eta eztabaidak, baina hainbat lan eta ekimenetan eredugarria den eta lan eskerga egiten ari den Bertsozale Elkartearen aldetik asko harritu nau, egiaz diotsuet. Saioen erretransmisioa ere baimendu izan duelarik. Elkarteak noski ez du saioak eskegi izanagatik kazetariaren aurka deus egingo, baina abisua bera eta hitzarmenaren baldintzak…
    Ez diezaiola honek, hala ere, bertsoaren festa nagusiko argiari itzalik egin. Jabetza eskubideen harira kontatzekoa zen, ustez. Gaur besterik da: 14.000 lagun entzun eta ikusten, zortzi lagun oholtzan. Ez da iazko haizea.

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Bost urte hemen idazten

    Bloga sortu eta abiatu nuen gaur bezalako egun batean. Aspalditxo.
    Egunak astiro doaz zain dagoenarentzat, arintxoago dabilenarentzat… etorri eta joan. Badatoz egunsentiak, lainotsuk sarritan, ilun jarraitzen dugu batzutan, argi daukagula ematen du, argitzen saiatu arren aroa ez da dagoen onena… euria ari du oraindik, inetasiak ez digu parekoa ikusten uzten, eguzkitsu datorrenean, itsutu egiten gara… eta arrasti iluntzerako nekatuegi gaude sarritan.
    Ez gabiltza aroaz berbetan, baina antzeko parezido.
    5 urte
    5 urte hemen. Idazten. Hasten. Ikasten.
    Zenbat pozt? Hainbat poz. zenbat post.

    Postidazkuntza da blogetakoa. Eta nik zuekaz ospatu nahi dut. Esango dizuet zelan. Bazkalostean, beharbada. Bost. Bostetan, hemen. Euskal Herrian.

    Behinola idatzitako hartatik… joan dira poz / eta post batzuk. Gerokoak post.

    argazkia: flickr.com michael / ruiz

  • literatura,  musika

    Literaturia | hasi gara pilak kargatzen

    Asteburu honetan da Literaturia. Euskarazko literatura; idazleak, argitaletxeak, irakurleak, blogariak, editoreak, antzerkia, musika, twitter…

    Azoka bat, merkatua, jatekoak, hitzaldiak, antzerki saioak… kontzertuak gaztetxean.

    Herritarren artean, laguntza askorekin antolatu den ekimena. Literatura Eskola sortu genuen herrian duela 5 urte, eta orain urrats barri bat, ausartagoa agian, baina iraunkorra hau be. Euskarazko liburuen inguruko azoka eta asteburua. Idazleak bere liburu berrienak aurkezten, argitaletxeak bere liburuak irakurleekin partekatzen… eta bitartean blogarik, txoko batean Interneten idazteari buruz berbetan. Lizentzia libreak aipatuz, liburu elektronikoak esku artean jasotzen…

    Antolaketa eta egitaraua: Literatura Eskola
    Zuzeneko emisioak, argazkiak, eztabaida eta beste:  blogak & letrak

    Ekitaldiak iragartzeko irratietarako prestatutako kuña:
    [audio:http://www.larrabetzu.org/gaztelumendi/wp-content/uploads/2009/06/literaturia.mp3]

  • larrabetzutik,  literatura

    Literaturia aurkeztu ostean

    Bilbo. Kafe antzokia.

    Eguerdiko 12etan hitzordua lagun, kulturgile eta prentsaekin.

    11.30etan bi, gero hamabi. Hainbat ezagun, herrikide eta kazea

    prentsaurrekoa hasi, hiru hizlari.
    Literatura Eskolako Gotzon, antolatzaile moduan.
    Guraso Elkarteko Ines, ume eta gazteentzat egindako lana.
    larrabetzu.org saretik ni neu, blogak/letrak aurkeztu eta sareari buruz apur bat ekiteko.
    Gugaz batera herriko liburuzaina, beste guraso bat eta batez ere kulturgile eta euskalgintzako lagunak.

    Prentsa  idatzia kubritzeko Berria eta Gara. Oso ondo. Korniketan ondo islatu da guk esandakoa.
    Hamaika telebistakoek aurkezpena grabatu eta zerbait bota behar dute gure herrian ikusten ez den telebistan.
    Nontzeberrirako kronika egin du Juanra Madariagak.

    Beste medioren bat ere egon da.

    Non dago eitb? euskara hutsez egingo den Euskal Herriko lehen azokak ez du garrantziarik mediko publiko euskaldunarentzat?

    Irrati publikoak, telebistak, eitb.com atariak ez du deus esango herri txiki batek auzolanean antolatu duen euskarazko literaturaren inguruko asteburuari buruz?


    Argazkiak.org | blogak & letrak © cc-by-sa: gaztelumendi
    Badakigu, egunotan dana da Athletic, dana da PatxiLopez… baaina gero ez gaitezen euskaraz, kulturaz, hontaz eta hartaz kezkatu…. aupa athleti, gora eitb!

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Blog proposamenak

    Goizero, kafearen ostean irakurtzen ditugu gure blogak. Nork zer idatzi duen, loturak jarraitu, rss jarioari kasu apur bat egin, eta aritzen gara gure kioskorik kiosko.
    Goizero baina, zerbait ez irakurri izanaren sentsazioa ere badaramagu. Eta posta txekeatu, twittereko mezutxoei jaramon egin eta eguneraketa deiei itxaroteko esan ostean, gune berriren bat ezagutzeko irrika pizten zaigu.
    Egunero blog berri bat ezagutu nahiko genuke, edo software aplikazio interesgarriago bat, edo auskalo zer… berritasunaren berritasunez… dena zaharra da hamabost minutu barru.
    blog elkarrizketa

    • Baina, blogak irakurtzen jarraitu gura dudala esango banizueke?
    • Proposatuko zenukete blog barririk?
    • Hori du asmotzat post honek, blog barriak  ezagutzea, ezagutaraztea.
    • Ea zenbat batzen ditugun, gero proposamenekin post luzeago bat egiteko.
    • grafikoa: robinhamman creative commons

    post-oharra: post hau twitter eta facebook bidez ere iragarria izan denez, handik jasotako proposamenak ere gehituko dira hurrengo post batetara.