agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura

Zazpi galdera subjetibitate iraultzailearen gainean

Elkarrizketa Hedoi Etxarte liburu saltzaile, idazle eta adiskideari

 

Michael Hardt elkarrizketatu berri duzu ARGIA aldizkarirako, zelan joan zen La Hormiga Atomica liburudendak antolatutako solasaldia eta osteko elkarrizketa?

Eguerditik egon ginen Michael Hardt-ekin. Berandu iritsi ginen batzuk bazkarira egun horretan atera zirelako arrantzale bizardunak Iruñeko epaitegitik. Gai asko atera ziren bazkalordutik afalordura. Ateak Irekik elkarrizketa bat egin zion eta neuk galdera batzuk nituen, lagun batek ere igorri zizkidan aukera bagenuen egin ahal izateko. Denbora faltagatik 20 galderatik 4 egin nizkion. Iruñerriaz eta politikaz hitz egin genuen egunean zehar, euskarak eraldaketa sozialekin azken hamarkadetan izan dituen lotura eta desloturez, zer den Nafarroa Garaia Hegoaldean, zertan asmatu zuen M15ak aurreko politika antolatuarekin eta zertan ez, plazen mugimenduak nola konektatu duen 90eko hamarkadako borroka partzial aurrez antolatuekin. Hitzaldia gaztelaniaz egin zuen eta horrek abantaila bat izan zuen: mezua soilik zegoen, erretorikarako aukerarik ez. Alde txarra izan zuen, sarritan galdera gehiegi eta propositiboagoa izateko mugak ikusi nizkion. Egungo nazioarteko politikako alternatibak askotan ukazioen bidez eraikitzen zituen.

michael hardt
Michael Hardt ateak ireki edo  wikipedian

Toni Negrirekin hainbat lan plazaratutakoa da Hardt, eta orain mundu osoan plaza asko okupatzen hasi eta gero gogoeta eraberrituak aurkeztu ditu, zein da aldaketa funtsean?

Funtsean Declaration (Adierazpena) panfletoan Negrik eta Hardtek diote 2011an hasitako plazen mugimendua Marxek aipatzen duen sator zaharra dela, historian lantzean behin azaleran agertzen den hori. Plazen akontezimendua horietako bat da. Une berean, munduko leku ezberdinetan tokian tokiko boterearen aurka azaltzen da jendea; demokrazia, aberastasunen banaketa eta askatasuna eskatzen dute. Zentzu batean, 1989an Berlingo harresiaren erortzearen eta sozialismo errealaren –eta ondorioz mendebaldeko sozialdemokrazien– zikloaren amaieratik lehenengo aldia da mundu mailan letra larrizko politikaren itzulera bat. Altermundialismoaren zikloan munduko jendea leku bakarrera zihoan munduko buruen aurka protesta egitera. Honakoan norbera bere herriko plazara atera da esatera plaza hori mundua dela eta zapalkuntza bertan gertatzen dela, ez dela soilik nomada. Tunisiako, Turkiako, New Yorkeko, Atenaseko, Bartzelonako eta Madrilgo mezuak oso sintonia antzekoetan egituratu dira eta oso antolakuntza molde antzekoekin. Egia da, paraleloki, Hego Ameriketan bestelako alternatibak lantzen ari direla une horretan berean, baina liburua argitaratu eta gutxira Brasilgo mugimenduak ikusten hasi gara eta kriminalizazioak kriminalizazio Bretainian eta Frantzian azken asteotan ere beheko jendea zergez janztearen aurkako mugimendua sortzen ari da Status Quotik kanpoan.
Plazen zikloaren aldaketa da funtsean ez dagoela egitura antolatu bat aurrez. Badira akontezimenduak ekitaldi horiek hasteko: norbaiten heriotza, plaza baten eraberritzea, gertu dauden hauteskunde batzuk, unibertsitateko ikasleen tasak. Baina funtsean, zentzu komunarekin konektatzen dute politika egiteko modu ez profesionalek, jende xehearen gurari askatzaileak, plazotan esaten den bezala: etxerik gabe, lanik gabe, dirurik gabe, beldurrik gabe dagoen jendetza.

Subjebtibitate iraultzailearen proposamena egiten du elkarrizketa horretan, zelan ulertu dezakegu hori?

Bi aspektu daude, baina aldi berean azal daitezke. Itxura akastuna eduki akastunetik jaiotzen da. Hegelen ideia bat da. Beraz, itxura eta edukia bereizteko obsesio burges horrek –mespretxurik gabe diot– ez du zentzurik: «ez testuak axola du gero nork bere bizitzan egiten duenak ez du eragiten idazkia» eta antzekoak. Jules Verne ilargira ez joan behar izateak noski duela lotura liburutegi batean egun guztian egotearekin.
Beraz bai, bi iraultza daude. Batetik: askapenera eramateko forma estetikoak sortzea, argi ez dauden egiak ikusten asteko formatu edota baliabideekin, adibidez. Bestetik: ahots, arketipo, subjektu sozial edo pertsonala iraultzaileak haragitzea. Bietarako baliabide estetikoak, aparato analitikoak eta ekoizpenak sozializatzeko baliabideak landu behar dira. Hardt-ek berak azaltzen du Gramsciren bidez. Zentzu horretan, gai hau guztiau ongi jasotzen da «¿Qué es la cultura popular?» (Universitat de València, 2011 Valentzia) Gramsciren testu sortan.

Berak adibide pare bat jartzen ditu, horretan gehiago luzatzerik bai?

Autore paradigmatiko ezberdinak daude. Horietako bat Brecht izan daiteke. Antzerkia goitik behera eraldatzen du. «Escritos sobre teatro» (Alba, 2004 Bartzelona) liburuan azaltzen du zertan aldatu nahi duen ordura arte egindakoa eta une horretan bertan bera bezala marxista zenbaitek egiten zuten antzerkia –Stanislavskirena oro har–. Brechtek esna dagoen publiko bat nahi du: antzezlana ikusten ari zara, hau ez da bizitza, eszenatokian ez zaude zu, aktoreak ardurak dauzka ezin du esan publikoko edonor aktorea dela, aktoreak bere rola asumitu behar du, ikuslea ezin da pasiboa izan, erreakzionatu behar du, posizionatu behar da ikusten duen dilemaren aurrean. Halakoak. Politikatik estetika aldatzen du Brechtek, antzezteko teknikak aldatzen ditu antzerkia ikusteko modua aldatuz mundua ikusteko modua aldatu nahian. Baina aldi berean egoera zehatzetarako diskurtsoak pentsatzen ditu: «Simone Machard-en ametsak» antzezlanean okupazio militarra jasatear dagoen herri batean gertatzen diren jarrera ezberdinak azaltzen ditu, «Arturo Uiren igoera ekidingarria»n faxismoak duen alde mafiosoa azaltzen du, «Neurria»n antolaketa politikoetako diziplina eta taktikaren garrantzian dauden zailtasunak esplikatzen ditu, «Salbuespena eta araua»n beti boteretsuen alde dagoen justiziaren zinismoaren trikimailuak azaltzen dira.
Ez zait bururatzen eraldaketa estetiko esanguratsu bat azken 200 urteotako Mendebaldeko musikan edo literaturan ekoizlea ez bazegoen eraldaketa sozial edo ideologiko muturrekoen bila: Beethoven iraultzaile utopista eta melodien garapena; Bach erlijioso ultra-langilea, polifonia eta armoniaren esplorazioa; Wagneren liberazio sexuala eta antikapitalista, armoniaren erotizazioa, antzeztokien eraldatzea, musikaren show business-a bukatzeko asmakuntza formalak, artearen bidez lukurreria salatzeko nahia. Ez dago Tetriakovik nekazariekin lan egitera doan Tetriakovik gabe (bere gogoetak dira).

Sarean zelan landu genezake delako subjebtibitate iraultzaile hori? posible da?

Sareak testu gordailu gisa balio du. Euskarazko tresna bakarretakoa da Armiarma. Subjektibitate iraultzailez jasotako gordailua dago bertan, beste hizkuntzetatik ekarritakoak eta euskaraz landutakoak.

Sarean eztabaidak sor daitezke, blog-en modukoak, baina ez zait formato egokiena iruditzen. Testu ertainen truke lasaia edo zuzeneko eztabaida edo taldelana produktiboagoak dira, ez hain antsiosoak eta beraz zuzenagoak. Besterik da zenbateraino lortzen den, blogetan edo sare sozialetan posizio politikoak eraldatzea. Isiltasunak baliatzea, bestelako kidetzak sortzea. Esango nuke sareko eduki legitimatuenak oraindik euskarri tradizionalen dobleak direla: komunikabideak, komunikabideen blogak, kalean zilegitasuna duten pertsonen blogak, papereko prentsan aritu diren kazetari grafikoak. Eta mundu fisikoan lanean fuerte ari diren sareko langileak dira sarean bertan ere ongi sustraituak daudenak.
hedoi etxarte

Zer irakurtzen ari zara aspaldion, Hedoi?

Interneteko deskargen moduan irakurtzen dut. Asko aldi berean, apurka. Lu Xun-en «Diario de un demente y otros cuentos», Frantziako iraultzako eta osteko kanten «Chansonnier révolutionnaire», joan den astean Xolokhov-en «Don Ibaiko ipuinak», Walter Benjamin-en «Diario de Moscú» egunerokoa, Jean Améry-ren «Años de andanzas nada magistrales» gogoeta ertain autobiografikoak, Nadezhda Teffi-ren «El duende del hogar» ipuin laburrak Daniil Harms-en tipokoak. Berriki Koldo Izagirreren «parisen bizi naiz». Eta aldizkariak erregularki: Le Monde Diplomatique, Viento Sur, Argia, El Cultural, Jakin, Le monde des livres.

Duela urtebete plazaratu zenuen azken poesia liburua, kokatu Sinplistak zure liburua subjetibitate iraultzailearen paradigmaren baitan

«Sinplistak»eko poemak estrategikoki pentsatuak daude –hala adierazi nuen eta hala ikusten dut orain ere–: nor agertzen da, nola agertzen da, zer hiztegirekin hitz egiten da, zenbateraino identifika daiteke irakurlea ahotsarekin, zenbateraino urrundu daiteke sofistikazioan, nor da testuaren irakurle sorta-zer irakurtzen du normalki-zertarako erabiliko du irakurritakoa, nola aurkezten da liburu bat gaur egun. Liburua aurkeztu eta aste gutxira Durangon esan nuen ordura arteko feedbacka aurrekoekin alderatuta ezberdina izan zela. Ez zen normalki poesia irakurtzen duena gerturatu. Ohikoa izan da urte betean «ez dut poesia irakurtzen baina…» esaldiarekin hasten ziren iruzkinak jasotzea. Langile jendea, ikasle prekarioak, kazetari prekarioak, haien forma artistikoak zilegitasuna galtzen ari dela ikusten duen jendea, hip hop abeslariak, informatikariak, kamioilariak, maisu-maistrak, militanteak, zerbitzariak, behin-behineko kazetariak, sindikalistak, presoak. Irakurle horietako batzuk aurkitu dute ideia bat, egoera bat sintetizatuta bertso batzuetan, bertso horiek esplikatzen dute haiek izandako ideia bat edo intuizio bat. Orain artefakto batean dago: irakurtzeko, eraldatzeko, txiokatzeko, lagunari esateko, barre egiteko, subertitzeko.
Helburu ezberdinak zeuzkaten poemek eta liburuko tesiak. Proiektu beraren atal ezberdinak ziren. Funtsean bi edo bakarra: eraldaketa afektibo-fisiologikoa eta proiektu politikoa. Mandamenduen gisan erantzungo dizut:

  • ez galdu denbora bizitza afektibo konbentzimendu gutxiko batekin
  • ez egin iruzurrik zeure burkide afektiboei
  • gorroto duzun hurkoa zeure ekipokoa da, egin zeure aliatu, ez duzu zertan maitatu baina elkarlanean aritu
  • hurkotzat tratatzen zaituen jendeetarik asko ez da zeure ekipokoa baliabideetan zeu baino askoz boteretsuagoa delako
  • bizitza materialak sortzen du subjektibitatea eta aberastasunen banaketa politikaren funtsezko atala da
  • beheko klaseen arteko zapalkuntzak eta kontraesanak gainditu behar dira baina konplexua da
  • periferiez jositako lurralde batean bizi gara eta sinetsi behar dugu zentroa garela derrotismo plazenteroan ez jausteko
  • –klase ertaineko feminismoak/ abertzaletasunak ez digu beheko klaseko feministoi/ abertzaleoi balio (Zetkinen bidean)
  • uzki-sexua aldarrikapen heterosexual bat da ere
  • jendarte heteropatriarkal batean bizitzearen manifestazio esanguratsuetako bat da bikoteetan gizona beti izaten dela zaharrena (gizonak boterea eskainiz, ekonomikoa edo sinbolikoa, eta emakumeak haragia desirarako edo birsorkuntzarako)
  • arruntasunari gorazarre egiten zaion une batean bizi gara eta bertutea eta birtuosotasuna izan ditzagun helburu
  • bigarren eta hirugarren mailako pertsonak dauden mundu ordenaketa batean bizi gara
  • transgresio artistikoa keinu hutsez josia dago
  • teorian eta historikoki bortizkeria politika askatzailetik bereiztea politika askatzaileari ixkin egitea da
  • goiko jendea eusteko ezinbestekoa da klase ertain kolaborazionista, gorputz sozial hau oso da disziplinatua Hegoaldean
  • ez izan sektarioa oro har, ezta sexukideen afiliazio politikoarekiko
  • klase ertain kulturalak sistematikoki gutxiesten du edo boikotatzen du beheko klasearen manifestazio kulturala azken-aurrekoaren sindromea duelako. Ez trufatu txiroek entzuten duten musikaz, adibidez, Schoenberg bezalako asuntu sublime eta sofistikatuekin osoki disfrutatzeko eta ulertzeko gai izan arte-edo.

fight the power point!