• gaztelumendi.eus,  literatura

    zelan aurre egin hotzari literaturarekin

    Asteburua aspaldiko hotzena izan da gurean. Ean, egutegiak tokiz aldatu dituen ekitaldiak antolatu dituzte. Lehen, uda betean Poesia egunak izan ohi ziren kostaldeko herri txiki eta eder honetan. Iaz neguan antolatu ziren egun pare bat, eta aurten ere bai. Ez dakiguna da datorren urtean horrelako saririk izango dugun.

    Zapaturako Miren Agur Meaberen hitzaldi oso poetikoa zegoen iragarrita. Iluntzen Oskar Alegriaren filma eta domeka eguerdian Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia. Aurretik izena eman, bertaratu eta gozatu. Hori zen plana. H-a kendu zioten …erria. Ea.

     


    Miren Agur Meabek Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena kontatu zigun. Virginia Woolf idazlearen liburuaren titulua aitzaki hartuta, literatura sortzeko behar diren baldintzak, aukerak, inpultso estetikoak eta gogoetak luzatu zizkigun. Hitzaldi eder bat. Entzule asko, gehienak emakumezkoak. Eta jarrera oso emankorra eta oso hartzailea. Hori asko eskertzen da. Bistan da, Ean urteetako lana dagoela. Kostaldera hurbiltzen gara denok motibatuta, Eskolondon kafea hartu eta elkarren ondoan jarri eta entzuteko prest beti. Asko ikasteko desiatzen. Literatur kontuekin gozatzen. Eta oso esker onekoak izaten dira beti Eara hurbiltzen diren idazleen motibazio eta jarrera positiboa. Zortekoak gara alde horretatik. Miren Agur Meaberena ez zen gutxiagorako izan. Hitzaldi luzea, landua, datuz eta xehetasunez betea, gogoeta eta poesia, hausnarketa eta umorea. Jendea eta literatura. Katuak eta barreak.


    Jende gehiagok eman zuen izena antza igandeko saiorako. Baina bezperako itxura hartu zuen Eskolondoko aretoak. Miren Agur Meabek atondutako moduan jaso genituen Ines Osinaga musikaria eta Joseba Sarrionandia idazlea. Kuban Sarrionandiak idatzitako letrak, itsasoz  Euskal Herrira heldu eta disko forma hartu zuten Gose taldearekin. Igandeko saioan berriz, bakarka aritu zen kantuan Ines, Joseba Sarrionandiak berak idatzitako abesti bakoitzaren testuingurua azalduz. Katuak, erruak, portuak, basamortuak… denetarik hartu zuten hizpide.
    Loturak, bizitako uneak, gogoeta filosofikoak, pasarte historikoak…. kontalari aparta da Joseba Sarrionandia. Orain arte liburuetatik baino ezagutu ez dugun idazleak jario ederra dauka hizketan ere. Berezko umore puntua eta memoria handia nabari zaio. Ezagutza eta irakurketa oparoa. Horren emaitza da bere sorkuntza. Eta horren esker onekoa Eako portura hurbildutakoen harrera.

    Giroa nabarmendu behar
    Hotza egin du asteburuan Euskal Herrian. Gerizpetan gehiago. Areto handietan zer esanik ez. Eskolondon hotza egin zuen zapatuan bezala domekan ere. Baina ederto girotu zuten gure letrek gure gorputzeko atal bat baino gehiago. Eutsi genion, eta gozatu genuen. Eta ostean, ardotxoa edo bermuta hartuta, barneratu genuen alegrantzia apur bat. Merezitakoa.
    Neguan ere poesiak, literaturak, jendearen arteko harremanek lekua  eta denbora behar dutelako, tarte bat. Are gehiago bizi dugun sasoi aldrebes  honetan. Eta hori ere eskertu beharko diegu Heako antolatzaileei. Urtero bezala, beti bezala detaile guztiak zaindu, jendea babestu eta sekulako kultur eskaintza egiten dutelako. Eta eskertzeko berbak labur geratzen dira horrelakoetan. Giro beroaren parte dira beraiek ere.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura,  transmedia

    Oskar Alegria zine zuzendariarekin berbetan

    Handia da Oskar Alegria. Baina apala da oskar alegria. Zinema zuzendaria, poeta bisuala. Antropologoa, enmatologoa edota etnografoa izan zitekeen. Artista. Edo beste gauza asko. Hizkuntzalaria, albaitaria, geografoa edo astronauta. Zinemaren bidea hartu du berak. Ikusentzunezkoak. Eta oso film esanguratsuak egin ditu gure zinema petralaren historiarako:

    Emak bakia baita

    (2012)

    Emak Bakia baita, oskar alegriaren film bat. from oskar alegria on Vimeo.

    Zumiriki

    ZUMIRIKI_Trailer from Luis Jambrina on Vimeo.

    H-a galdu zuen errian

    Aurreko asteburuan Ean elkartu ginen. h-a galdu zuen … errian. Bera eta beste asko. Eta Eako udako egonaldi baten hartutako irudi eta ideiekin Aritzakoa film laburra (27 min) aurkeztu zuen. Eari buruz, itsasoa eta lurra, iragana eta oraina, eguna eta gaua. Argia eta denbora. Gauza asko batzen dira. Mundu bat. Ikuskera batzuk. Sentipenak. Historia. Hizkuntza.

    Bazkaritik irratira, mahaitik mahaira

    Eta bazkalorduko solasaldi alai, umoretsu, sakon eta arinak, platerretik platerrera arratsaldean ikusiko genuenaren aperitifa osatu zuen. Ean ezagutu genuen elkar, duela urte batzuk. Eta gero izan dugu elkartzeko betarik. Ez da beti gertatzen. Grabaketa batzuetan ondoan izan naiz, eta bere lan egiteko moduaren mireslea naiz. Aitortu dezaket hori. Aurrera begira, lan berriak eta proposamen kultural berriak egiten jarraituko duenaren esperantzan, Bilboko 97 irrati librean egindako elkarrizketa dakart hona. Ikusiko duzue zeinen apala eta atsegina den. Zeinen argia eta adibide esanguratsuen sortzaile.


    Film bat amestu egin behar da

    Esaldi hori idatzi nuen koadernoan Oskarren filmaren aurkezpenaren ostean. 
    Irratiko elkarrizketan berriz gogoratu, eta gehiago sakondu zuen horretan. 
    Amets bat da film bat, beraz. Amets bat da kontatu nahi dugun hori. 
    Ametsak errealitatera ekarri, sinesgarri egitea da beraz, zinema.

    Eguneroko ekintza poetikoa

    Beste ideia potente bat, Zumirikitik, edo Emak Bakiatik, edota Aritzakoatik ere eratorri daitekena. 
    Egunero ekintza poetiko bat egiten saiatzen da Alegria. 
    Horrek ematen dio poztasuna, bizipoza. Ez da hautu eskasa. Hautu poetikoa. Ederra. 
    Pentsatzeko bezala, egiteko ere. Beste ikasgai bat.

    Goiko argazkia: Libe Asua eta Oskar Alegria Larrabetzun berbetan. (Libek 100 urte zituen, eta Tximeletei buruzko lan baterako elkarrizketatu zuen Oskar Alegriak) Wikidata.

  • gaztelumendi.eus,  literatura,  musika

    Laboa eta poesia

    LP bat osatu zuen Susak Mikel Laboaren urteurrenean. Gaur kantuok entzuten aritu naiz. Hamar dira, hainbat poeten kantuekin. Baina antologia ederra sortu dugu euskaldunok Mikel Laboaren kantuekin. Belaunaldiz belaunaldi txertatuta daude.
    Poza eta tristura hartzen dut horrekin. Poza Laboa gogoratzen dugulako. Artista handia, bitxia, berezia bezain apala. Tristura galdu genuelako. Baina badakigu jakin, ezer eta inor ez dela betirako.

    LP bat, gogoratzeko

  • covid19 | koronabirusa,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Itxialdia, isolamendua eta sorkuntza

    Itxialdia eta sorkuntza. Isolamenduari zelan aurre egin kulturgintzatik. Hara hor bi erreportajetan, egunotan landu ahal izan dudan eta GARA egunkarian argitaratu duguna. Mila esker kulturgileok. Batzuk etsita, besteak animatuago… ea guztion artean ekintza handi hau bideratzen dugun.

    Itxialdian sortzen

    Isolamenduari irriz eta kantuan

    Mikel Antzak, poema eder horri ahotsa jarri dio gaur goizean.

    Eskerrik asko Aiora eta Piti ( Zea Mays ), Unai Iturriaga, Zuriñe Hidalgo ( Hesian ), Toti Martinez de Lezea, Oier Araolaza ( dantzan.eus ), Mikel Orbegozo eta Mikel Antza.


  • agit/prop,  literatura

    Gu ere zain

    Mikel Antza idazle presoaren lehen poesia liburua aurkeztu eta plazaratu berritan, zenbait berba eta ohar egunotan bizitakoari buruz.

    Ametsak ere zain liburua postontzitik jaso eta irakurtzeari ekin nionean, lehenengo orrietan topatu nuen Joseba Sarrionandia idazle iheslariaren aipu hau. Aipamenak, berba bakoitzean istorio bat daroa beragaz, historiaren pasarte garrantzitsua eman dugu guztiok Sarriren ihesalditik gaur arteko letren fereka honetan.

    Autodeterminazioaz

    Lau berba eta ideia ekarri ditut,  Sarrionandiaren aipu horretatik. Zer pentsatua eman didatenak, aurrerantzean be jorratu asmo ditudanak:

    Autodeterminatzeko gauza da: besteei entzun, ardurak asumitu, elkarlanean ahalegindu, autokritika egiteko gauza izan

    Besteei entzun, ardurak asumitu, elkarlanean ahalegindu eta autokritika egiteko gauza izan. Iraultza bat, lau ideia hauetan batuta. Esaldi bakar baten. ametsak-ere-zain
    Hitzaurretik poesiara. 6 poema luze, errekan datozenak. Kantuak aipamenak egoerak gogoetak errimak ideiak berba asko pentsamenduak ametsak burrukak minak…. lerroz lerro orriz orri, luze doa erreka. Etengabea daroa jarioa. Zer irakurri zer pentsatu zer hausnartzeko lain.

    Idazlearen gutuna

    Eneko Olasagasti lagunak, zinema eta antzerki zuzendaria ere badenak irakurri du Mikel Antzak espetxetik igorritako gutuna. Reauko espetxeko (Frantzia) zaindaritza zorrotzeko modulutik igorri zuen gutuna apirilaren 17an bertan. Zaindaritza zorrotza aipatzen du egileak. Jean Genet idazlearen lana ekarri dit akordura aipamenak, Mikel Antzak berak aspaldi euskaratu eta Susak argitarat emandakoa.

    Zaindaritza zorrotza | Lau orduz Xatilan. Jean Genet.
    Zaindaritza zorrotza | Lau orduz Xatilan. Jean Genet.

     

    2015-04-30, Donostia. Mikel Anza idazlearen "Ametsak ere zain" liburuaren aurkezpena. Eneko Olasagastik Anzak espetxetik bidalitako gutuna irakurri du. Irudian, aurkezpeneko unean, Gorka Arrese, Eneko Olasagasti eta Jon Benito.
    2015-04-30, Donostia. Mikel Anza idazlearen “Ametsak ere zain” liburuaren aurkezpena. Eneko Olasagastik Anzak espetxetik bidalitako gutuna irakurri du. Irudian, aurkezpeneko unean, Gorka Arrese, Eneko Olasagasti eta Jon Benito. naiz.eus

     

    ez genuen geure buruaz Houdini egin

    Jon Benitok liburua irakurri ostean, editoreak eskatuta prestatu zuen aurkezpena. Gogoeta literario interesgarria ekarri zuen. Meta irakurketa bat. Ez ziren laudoriozko hitz hutsak izan. Sakon, arrazoituta, zer pentsatuta ematen duten berbak baizik. Esaldiak. Poema zatiak. Aipamenak. Loturak. Pentsamendua. Jarrera. Aurkezpena bera sarean paratu du Benitok.

    Eta bertan batutako kazetariek, idazlek, lagunek… nork bere gogoeta egingo zuen gero, lagunartean, prentsan, irratian edo sarean. Sare sozialetan oihartzuna ukan duen liburua da Mikelena. Eta batean eta bestean esan idatzi edo sujeritutakoak batu ditugu hona.

    Bazkarian ere zain

    Liburu aurkezpenen ostean, beti bazkaltzera joan ohi gara. Etxekoak, lagunak, editorea, idazleak… batuz mahaiaren bueltan. Bazkariko argazkiak bere bidea eginen du orain. Agian Pablo Sastre idazleak bisitan kontatuko dio, edo etxekoren batek inprimatu eta gutun batean igorriko, edo paketean sartuko da agian.


    Sarean hedatuko zuen adiskideren batek, edo mezulariek garraitu… nork daki Intxaurrondoko koartelera ere iritsi den honezkero.

  • ikusi eta ikasi,  literatura

    bart

    … bukatu da afaria. Eta utzi diogu hitz egiteari. Kafea amaitzearekin batera, amaitu dira gaurkoz gaiordeneko puntuak.
    Dena ustez erabakita utzi dugu, eta posta zerrendan jarraituko dugu eztabaidatzen. Eta hobetzen.

    Eta kalean agurtu gara. Kale Nagusian alde batera egin dute batzuk, eta Musika plazarantza doan norabidean abiatu gara gu hirurok. Lasai asko, autoak hartu aurreko azken elkarrizketan murgilduta.
    Musika plazatik bi ertzain datoz. Oinez. Baina ez diogu garrantziarik eman. Batek ohi baino -pertsona normalek baino, esan nahi baita- zabalago daramatza besoak. Pausu bat atzerago edo joango da bere kidea. Guk ez dugu imintziorik egin, eta berbetan jarraitu dugu hirurok.


    Argazkiak.org | Txapel gorridun ertzainak Vaya Semanitan © cc-by-sa: sustatu

    Gelditzeko eta karnetak emateko esan digute. Eta ia ia, brometan hartu dugu. Arrazoiak eskatu dizkiegu. Poesiaz mintzo ginen afari batetik gatozela esan dio batek. Poeta denak. Eta gero besteak, ipuingileak, gainera egia dela aitortu dio. Eta ematen du ez dituztela sinestu. Eta gaztelania batuan, gure antzekotasuna duten hiruren bila dabiltzala adierazi digute. Eta gure nortasun agirietako zenbakiak ematen hasi da bat telefonotik. Eta gero motxilak eta boltsak miatu dizkigute. Telefonoaren bestaldetik, gu ez garela nonbait beraiek ustez bilatzen dituztenak.

    Handik gutxira, karnetak eman eta joateko esan digute. Eta joan egin gara. Eta ez diogu garrantzia gehiegirik eman. Eta literaturaz berbetan jarraitu dugu. Eta egia da.

  • larrabetzutik,  literatura

    Gabriel Aresti gurean

    Ez da besterik entzuten gaur. Irakurri ditut paperezko egunkariak, irakurri ditut blogak, entzun irratia… ta badirudi Arestiren eguna dela Gorka Arresek efemeridei begira proposatutako egun hau. Badu gaitasuna Susako editoreak. Bejondeiola.75 urte Gabriel Aresti Segurola jaio zela.

    Gurean ere, jaio nintzen urteko urteberri egunez egin zuen bezala, Gabriel Hori Bai gaztetxean izango da. Orduan hitzaldia eman zuen. Eta kantatu egingo zuen beharbada. Anjel Zelaietak kontatuta dakigu Foteri tabernan mortzilak afaldu zituztela Melik, Gabrielek, Anjelek eta Maribelek.

    Gaur Gabriel Aresti izango da gurean. Koldo Izagirre mintzatuko da poesia mailu bat dela idatzi zuenari buruz. Joseba Tapiak soinua jarriko die poetaren koplei. Orain ere egiten dituen bezala. Poeten koplak, poemak, idatziak kantu bihurtzen iaioa da Joseba. Eta gaur ere, gozatua hartuko dugu beragaz, herrian, gaztetxean.

    Arestik herrian irakurri erakutsi aurkeztu zuen poema sarean jarri dugu gaurko egunez. Liburu batetik ekarri dugu. Liburu hura baina, poesia argitaragabea zen ordurarte. Bizirik dago orain Aresti guretzat… horrenbeste urte geroago.

    Eskerrik asko Gorka, Karmelo, Josu, Joserra, Koldo, Joseba…. bagara herri. Bagara zeozer.

  • hurrengo geltokia,  literatura

    Lagun bat Everesten

    Juanrra Madariaga laguna dut, aspaldian. Poeta bezala ezagutuko duzue askok, Nontzeberri web_albistegiko kazetari moduan beste batzuk. Mendizalea da, zortzimilakoak ere egiten dituen tipoa. Aspaldi honetan.

    juanrra madariagaEta egunotan mendiak, albiste ilunak ematen badizkigu ere, gaur jakin dut, duela gutxi heldu direla Jordi eta biak Everestera, lurrean dagoen gailurrik gorenera. Poesia. Han izanik, hemen hobeto naiz, pentsatzen dugu halakoetan.

    8848m. Mitikoa. Bueltan galdetu beharko diogu ia zelan. Ia zer sentitzen dan han goian, ia itsasoa ikusten den handik goitik. Ia Bilbo, botxoa faltan bota duen, ea prentsaurreko barik zer egiten ahal den han, mendi gailurretan.

    Edo beharbada bere azken poesia liburua irakurriko dugu horrelakoetan: Izozmendiak.

    izozmendiak juanrra madariaga

    Everest mendiko espedizioarenak blog batean kontatu dituzte gainera. Ia zuzenean, txo!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Egia bat esateagatik

    Egia bat esateagatik,

    alabak

    hil behar bazaizkit,

    andrea

    bortxatu behar badidate,

    etxea

    lurrarekin

    berdindu behar bazait;

    Egia bat esateagatik,

    ebaki behar badidate

    nik eskribitzen

    dudan

    eskua,

    nik kantatzen

    dudan

    mihina;

    Egia bat esateagatik,

    nire izena

    kenduko badute

    euskal literaturaren

    urrezko

    orrietatik,

    inoiz,

    inola,

    inun

    eznaiz

    isilduko.

    Gabriel Arestik idatzitako poema irakurri berri dut, beti, sarri, askotan daukat gogoan. Ematen du, iruditzen zait, inperialismoaren kontra, faxismoaren kontra, inposaketa ororen kontra be, irakurri daitekela.