agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

Larrabetzu euskal herria

Martxoan bada giro. Udaberriaren atarian hasi da loretzen herri mugimendua. Aste bizi bizia izan dugu herrian. Eta kalera atera gara behin eta berriro herritarrak. Astegunez, zein asteburuan… egon da zer garen eta zer gura dugu agertzeko aukerarik. Kolore, adin, auzo, pentsaera ezberdinetako herritarrak batu gara, plazan, kalean, auzoetan…

martxoak 8

Azken urteotan hauspoaldi feminista ernetzen ari da herrian. Udal berdintasun batzordea batetik, eta Zutunik! emakume taldea sortu dela bestetik, apurka apurka kontzientzia sortzeko ekimenak ugaritzen ari dira Larrabetzun. Aste honetan hainbat ekitaldi izan dira, eta frontoiko dantza eta pilota jokaldien ostean, plazako elkarretaratzea ere jendetsua izan zen. Jendetsua eta koloretsua. martxoak8

Erretako sorginen alabak, dantzan

BAI esateko aldarria

Bariku iluntzean BAI esateko aldarria nagusitu zen Anguleri jauregiaren aurrean. Musika eta bertso jarriak lagunduta, herritarren argudio eta arrazoiak taularatu ziren bertan. Kantuan askatasun gosearekin aldarri egin, eta ozen entzun zen larrabetzuar askoren nahia. Datorren martxoaren 19an egin beharreko galdeketarako giroa gero eta hobea da urian.
Jendetsua eta koloretsua izan zen ekitaldia. Herritar asko bariku iluntzean.
bai

Harria plazara

Eta domeka eguerdi euritsua izan arren, Eleizaldetik urira bitarteko bidea egin zuen harriak, herritarren indarrez garraiatua. Herri froga honetan, adin ezberdinetako lagunek parte hartu dute. Eta aste osoko mobilizazio giroa nabarmendu da. Ekitaldi guztietan jende asko, giro ona, koloretsua eta irudime eta alaitasunez betetako egitaraua.

Herri bizia da Larrabetzu, Euskal Herri hobe baten alde dauden herritarrekin. Harro egoteko moduko herria. Euskal herri bat. Hori gara gu, 1937an faxistek erre ezin izan zuten herri honetakoak. Herri zoriontsu bat.