gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

Hamar kantu eder, ikasturtea gogotsu hasteko

Egunero kantu eder bat eskaini nahi nuke, saiatzen naiz. Sare sozialetan harrapatzen ditugu batzutan, handik hedatzen… baina uda amaiera honi agurra kantuan eman nahi nioke. Entzun ditudanak, egunotan ezagutu ditudanak, oroitzapenen bat dakartenak…

Anari

Iraileko lehen egunean, Putzuzulo gaineko terrazatik, plano sekuentzia bakarrean grabatutako Nacho Vegasen kanta eta bideoa. Lan zoragarria. Itsatsita daukagu oraindik. Zuk ere bai?

Diabolo Kiwi

Garaztarrak dira. Talde aski berria. Bigarren lana dute hau. Aurreko neguan Mungian grabatu zuten, eta larrazkeneko hit asko biltzen ditu Uhin galduak berri honek. EHZ zuzenean ikusi nituen azkenekoz, aurretik beste kontzertu pare bat ikusita. Dantzarako musika, elektro pop eder bat, funky doinuak… laukote izugarri ona. Gozatu. (disko osoa paratu dute sarean)

Ezpalak

Aurten izan dut beraien berri. Eta entzun dudan apurrarekin oso flipatuta geratu naiz. Zuzenean makinak izan behar dute, ziur. Erritmo azkarrak, letra onak, musika itsaskorra, melodia urratu atseginak. Gogoa pizten didate, batez ere. Zuzenean ikusteko gogoa. Gehiago ezagutzeko. Eta hau pilula bat besterik ez da. Dastatzeko. Zeresana emango dute. Gehiago.

Habia

Opari eder bat egin zidan musikarietako baten amak, EHZ jaialdian bertan. Eskura. Hari hirukotea dira. Zinez ederra. Letrak euskal poesiak mendeetan eman dituen altxorrak dira. Musika maite baduzu, diska bikain bat. Zauden egoeran zaudela.

Ibilbedi

Aspaldian asko entzuten ditugu bereak. Autoan, etxean, zuzenean ere bai noizbait. Baina gehiago nahi. Eta Agerraldia egin dute. Ederra. Koloretsua. Ekialdetik hegora begira. Mendebaldean konturatu gaitezen. Bazterrak, ertzak maite badituzu, omenaldi eder bat saiatzeari.

Joseba Irazoki

Joseba Irazoki eta lagunak (J.I.E.L) diskoa kaleratzear daude. Orain arte kantu aurrerapen bakarra egin dute. Beti izan naiz Irazoki zalea. Denborarekin gehiago. Molde guztietan. Honek ere oso itxura ona dauka, diseinutik hasita. Bideoa artelana da, osotasunean. Josebak kantaera berria, azkarragoa. Hitz asko, hitz jokoak. Jolasa. Solas ederrak egiteko kontzertuak izanen dira disko honetakoak ere. Adi beraz.

jotamartina

Herrikoak dira, txikitatik auzokoak. Eta kantugintzan ezagutu ditugu beti Kattalin eta Ane ahizpak. Jabirekin hirukote itzela egin dute. Pandemiaren erdian astindu zuten gure ekosistema txikia, eta gerora sortu duten kantu eta bideo bakoitzarekin urrats bat gehiago eman dute. Bideo hau berezia da, eta aitortza den aldetik, irudi ederren jabe egingo da ikuslea. Kantak, orohar denek dute zerbait hunkigarria. Ikusteko parada baduzu, baliatu aukera. Ahots ederrak, eta ekarpen berriak gure panoramara.

Rüdiger

Felix Buff da. Bateriajole gisa ezagutzen dugu. Egun inguruan dugun onenetako bat da. Willis Drummond taldearekin, Joseba Irazokirekin, beste askorekin ikusi dugu. Beti bikain. Kitarra eta ahotsarekin ari da proiektu berri honetan. Diskoa entzuna nuen, single polit askoak ditu. Baina bideo hau beste gauza bat da. Usopop usaina dario. Saran grabatua, Atabalen ekoizpen bat. Beste zerbait. Txukuntasuna, ororen gainetik. Plazer handi bat. Begiratu banda. Bateria jotzeko ere ez du edonor aukeratu: Karlos Aranzegi. Bua!

Tatxers

Ziurrenik uda honetan buelta gehien eman duten doinuak. Behin eta berriz entzun ditut. Gogotsu gainera. Distortsiorik gabeko kitarra hoiek maite ditut. Oi! pop doinuak. Rock/roll atsegina. Baina mende eta garai honetakoa. Gaurko gazteek egina. Iruñetik, zuzen. Ikusteko dauzkat hauek ere.

Xiberoots

Mauleko reggae taldea. Euskal Herrian dugun onenetakoa. Zuberoeraz kantatzen dituzten kantak ederrak baino ederragoak dira. Bigarren lana plazaratu dute uztailarekin, eta anitzagoa da lehenbizikoa baino. Osoagoa ere beharbada “Honki jina”. Sarean oraindik ez duzu topatuko. Xiberoko Botza irratian egindako elkarrizketa eder hau baliatu dezakezu, bestela Mauleko Zinka ostatura fite fite joan eta eskuratu. Noizbait sarraraziko dute sareetan ere. Joanes Etxebarriak ere ele ederrak argitaratu zituen Ipar Euskal Herriko Hitzan.