Artikulu gutxi eta txio asko
Artikulu bat osatzeko berbak batzen ari naiz. Hitzaldi batek, eta haren kronikak ekarri duelako gaia hizpidera.
Jon Sarasuak, bertsolari txapelketak, eta gaiari kantatzeko moduak aztertu ditu. Kantatzen ez direnetan jarriaz fokua, edo mikroa. Eta arrabotsa sortu da. Dialektika gutxi, eta kaka asko. Zoriondu dutenetako askok ez dute anitz maite egungo bertsogintza, barrutik ahots apalen bat, eta larrua kentzeko moduko kritika bestetik.
naiz.eus atariko kronikak, sekulako bisitak izan ditu. Egunero ageri da argitaratu zenez geroztik irakurrienen zerrendan. To! eta no! txiotegian, oilarrak kukurrukuka. Oilanda isilik ez, eta abereen etxaldea zantzoka.
Txio asko eta artikulu gutxi dio Gorkaren boligorriak. Eta horretan bederen, arrazoi osoa du. Gu geu ere, gero eta gutxiago ari garelako artikulugintzan. Artikuluak, pagatutakoak dira soilik gaur egun (batez ere). Pagatu idazteko. Pagatu irakurtzeko. Eta pagatu paratzeko. Hori da gure baratzea.
"Artikulu gutxi eta txio asko produzitzen ditu euskal komunitateak".
— gaztelumendi ???? ???? (@iPatxi) April 29, 2024
Horretan bederen arrazoi osoa du @gorka_bm kazetariak.
Zein da alternatiba? Blogak ez ditugunean bogan, non eta zelan sortu azkar eta duin.
Tabernak? Plazak? Hedabideak?https://t.co/gSqDdYWD1o
Txioak, momentuz doan egin, sortu, argitaratu eta idatzi ditzazkegu Teslaren jabearen autobide honetan. Eta gogoetak pentsamenduaren taberna ilunetan egiten dira sarri, ordu txikietan. Unibertsitateak, akademiak gurean pentsamendu aski prekarioa sortzen du, eta akademialariek, paper ezberdinak nola sortu dute buruan, nongo kongresutara joan, eta argitalpenak egin eta sustatzea. Egoaldea iparra galduta, alegia.
Txio adina artikulu egitea ez da erraza. Baina blogari hautsa kendu, eta bogan jartzea da post honen helburua. Inork irakurriko duen esperantza asko barik. euskal blogosfera indartsu baten alde sarean.eus 2017/06/05
2 Iruzkin
Gorka Bereziartua
Ba eskertzekoa da gai honi post bat eskaintzea Patxi. Twitter hasi zenean blogari batek (Iban Arantzabal zen? Bila aritu naiz baina ez dut aurkitu) seinalatu zuen sareetan gehiago aritzeak blogetan eragina izango zuela. Nik orduan artikulu edo iritzi kopurua gutxitzeko arriskua bakarrik ikusi nuen (eta gertatu da, bide batez), baina gaurko begiekin, efektu perbertsoena eztabaidaren kalitatean izan duela esango nuke. Ez dakit soluzioa zein den: blogosfera berraktibatzeko aukera errealik badago? Bestela, sareetatik pixka bat aldendutako foroak izan daitezke aukera bat: Zabaldu.com izan genuen; topera funtzionatzen duen Reddit ez da horren oso-oso desberdina egituran ala? Agian beste dinamikaren bat sortuko litzateke horrelako lekuren batean. Bestela, azkenaldian, Mastodon iruditzen zait aukerarik onena.
Iban
Ez galdu esperantza!