gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  musika

Euskal kulturgintza Bilbon

Euskaratik eta euskaraz

Otsaila. Pandemia osteko bigarren negua. Apurka apurka debekuak eta ezintasunak altxatzen ari dira. Kostako da oraindik.
Kafe Antzokia zabaldu dute. Zabalik da, martxan.
Martxan den bezala, aspaldian Alde Zaharra, eta auzoak. Eta hiri oso bat euskal kulturgintzari kea ateratzen. Grisetik kolorea sortzen. Oharkabean, asteon ikusi eta bizitakoak, entzundakoak, dastatutako batzuk, jarraitutakoak… berton Bilbo!

Astelehena

Astelehenean Eider Rodriguezek solasaldia Biran, Eraikuntzarako materiala nobelari buruz. Bete beterik aretoa. Galderantzunak, oso interesgarriak. Gogoetak. Literatura. Fikzioa. Errealitatea.
Muga tabernatik Birara noala, Kafe Antzokiko arduradunak potea hartzen. -Pozik ezta? Azkenean aste honetan bai! Beste kezka bat adierazi gura izan zidaten. -Ostiralerako sold out egin du Mikel Erentxunek. Sarrera guztiak agortuta. (Eta kopurua) -Oso gutxi saldu dira Rafa Ruedarenak. Zer egin behar dugu? Eta euskal kulturgintzaz hirulau berba azkar, gogoeta arin batzuk, eta banoa korrika Birarantz. Han, esan bezala, jendetza. Eta burua Kafe Antzokiko saltegian. Baina literaturak plazak irabazi ditu. Betetzen du astelehen iluntze batean Bira bezalako taberna, kulturgune, areto bat. Eta solasaldia jarraitzen adi adi jende guztia. Apunteak, argazkiak, txioak. Kultura bor borka. Eta tertulia. Eta gogoeta anitz. Erronda kalean bertan, Adaxka tabernan bertso saioa, eta gazte mordoa bertan. Bertso Erronda martxan.

Osteguna

Lautan hiru antzerki jaialdia Alde Zaharrean. Plaza Barrian Euskaltzaindiako egoitza nagusia eta Cafe Bilbao. Handik gertu Zazpi katu gaztetxea eta Bira, berriz ere. Euskal antzerkigintza alde zaharrean, otsailean zehar. Kafe Antzokia zabaldu da. Ireki dute azkenean. Ea luzarorako den. Astelehen iluntzeko gogoetak ekarri nau kontzertura. Atarian, ostegun iluntzeko giroa. Euskaltegiko ordutegiak, kontzertuen abiapuntua… Goiko aretoan Bilboko Supercremalleras, eta 21:30etan Rafa Rueda iragarrita. Jende ezaguna. Argazkilariak. Prentsako jendea. Irratietan aritutakoak. Bertsolariren bat. Eta baita, kantariren bat edo beste. Barrura sartu eta marmarra soinu bilakatzen da. Hasi da kontzertua. Pozik Rafa, Bilbon Kafe Antzokia daukagulako. Sortu zelako. Eta jezarrita hasi du kontzertua. Zutik gaudenok lerrotan gaude. Hasierako 3 lerrootako guztien izenak aipa nitzake. Azken 25 urteetan ere hemen bueltaka ibilitakoak asko eta asko. Gazteenak… berrogeitik gora, ziurrenik. Atzeragoko lerroetan denetarik. Eta Gabriel Aresti euskaltegikoak ere etorri dira. Kulturgintza horrela ere bultzatzen delako, euskara eta kultura ezagututa ulertzen direlako hobeto. Arituz. Entzunez. Eskerrik asko. Pozik dago Rafa eta ez da gutxiagorako. Bertan behera geratu diren kontzertuak, nahi eta ezina. Kultur diputatua dantzan, hori da gure iraultza. Telebistako esatari eta tertulianoak, irratietako disko jartzaileak, prentsan dihardutenak eta jubilatuak. Musikariak. Musikazaleak. Txiolariak. Irakasleak. Ruedak batuk gaitu. Eta Kafe Antzokiak iraungo du zutik, eta ez gara isilduko!
Otsaila da, negu gorria. Eta karteldegian agertzen dira agortutako sarreren markak. Programazioa betetzen ari da, atzean geratutako kontzertuak iragartzen dira berriz ere. Eta martxoan Loraldia etorriko da, eta Korrika… eta beste hamaika gehiago. Euskaratik eta euskaraz, berton, Bilbon. Mikel Martinezek Alderray obra berria aurkeztuko du Arriaga antzokian. Katixa Agirre eta Maite Larburuk Kax kax hurrengo astelehenean. Bilbo Arestiren hiria da. Euskararena. Kulturak Euskal Herrian duen hiriburu handiena. Balia dezagun.