larrabetzutik

Herriko eskola eta Hori Bai auzolanean

herrigintza oinez ikasten da

Herri giroaz berba asko egiten da. Giroa eta herrigintza zerutik eroriko balira lez. Giroa sortu egin behar da, saiatu, baldintzak bilatu, eragin, proposatu, egin, lagundu.
Gurean aspaldion, giro itzela dabil. Ekimen ugari eta ezberdinak ari dira sortzen, eta sarritan ekimenok alboko indarrak ere baliatzen dituzte, aurrera egiteko.
Herri bizia da gurea, bizirik egoteko arnasa ondo hartu behar da, ez da geldirik egon behar, eta lozorroan geratzeak be, ez dakar bizitasunik. Bizitza gimnasia ere bada, herrigintzan ari garela, eta aspalditxo honetan oso adibide onak eta joriak ditugu.
Larrabetzutik oinez
Asteburukoa izan da horretarako aproposa.
Ikusi dugu zelan herri baten, gurea bezalako herri txiki baten, belaunaldi ezberdinen arteko lana, auzolana posible den. Eskolako ikasle eta gurasoak, gaztetxeko kideak, belaunaldi ezberdinetakoak auzolanean. Zer eta herria ezagutzen, basoan kantari Olentzeroren bila, auzoz auzo berbetan edo Hori Bai gaztetxean Olentzeroren kartelak margotzen.
herriko gaztetxoak Hori Baien

Larrabetzuko eskola eta Hori Bai. Eredugarri.
Baina auzolanaren logika horretan, herrian badaude adibide gehiago be, eskola eta herriaren arteko harremanaren eredu.

  • Eskolako jantokia eta Gurpide elkartea be batera ari dira baserriko produktuak bultzatu eta kalitateko menuak prestatzen.
  • Literatura Eskola eta guraso elkarteak, Literaturia egunetarako Literaturiatxue prestatzen dute elkarrekin, eta bi urtetan oso emaitza politak eman ditu.
  • Txorierriko AEK (txepetxa euskaltegia) eta gurasoak be, egin beharrekoak eta bi ari dira egiten, guraso guztiak euskalduntzeko lanean.
  • Kukubiltxo antzerki taldeagaz, hartuemona dago, eta antzerki tailerra martxan jarri da ikasturte honetan, eta astelehenero, bi talde Josu Kamara lagun eta maisu dutela ari dira antzerkigintzan murgiltzen, lau bost sei urteko neska mutikoak denak, bihar etziko antzerkizale edo antzerkilariak izan daitezkenak.
  • Bertso eskola eta ikasleen arteko harremana be, aspaldikoa 20 urte baino gehiagokoa jadanik, eta gaur egun Etxahun Lekue aritzen da eskolan, bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzen. Duela 20 urte, ni neu Etxahun eta beste ume batzuekin aritu nintzen bezala.