gaztelumendi.eus

Ezagunak ez diren bost gauza *

Jabik pasa dit meme_lokeri_a eta erantzun beharrean nago:
Bide batez, blogari astindu ttiki bat emateko baliatuko dut, sarriago idazteko, olioztatzeko, barre egiteko, gogoetak eragiteko…
Beraz, lotsa apur batekin, hona hemen bizitzako bost gertaera edo, ezagunak ez diren arren… bizi izan ditudanak.

* Txikitan Larrabetzuko PNVren egoitzan txistua jotzen ikasi nuen. PNVren txistu bandakoa nintzen beraz, txistulari jeltzalea gura baduzue. Jaietan jotzen genuen urtero, eta Batzokian pintxoak jaten genituen. Gogoan dut behin, kalejiran atera aurretik, pastelero bat gelditu zela gure ondoan, eta pastel piloa jan genituela txistua jotzen hasi aurretik.

* 14 urterarte Eguzki Begi ikastolan egon ostean, BUP eta COU Derioko Seminarioan egin nituen. Zazpi aldiz bota ninduten etxera lau urtetan. Egun baterako, bi egunetarako… eta baita aldi luzeago baterako ere…. Euskarako delegatu izan nintzen urte batez, eta klasekoa urte “gatazkatsuago” batean.

* 1991an Irlandan nintzela, lehenengoz sartu nintzen espetxe batetarra, H Block haietako batean izan nintzen IRAko bi preso bisitatzen. Bidaia hartan, besteak beste indabak jan genituen Gerry Adams errepublikarrarekin. Euskadi-Irlanda futbol partida bat ere jokatu genuen, nik irlandarrekin jokatu nuen, euskaldunen kontra. Gerry Adamsen anaia, preso zegoena, oso ona zen futbolean. Astebeteko baimenarekin atera ziren 100 preso inguru orduan.

* Bi aldiz egonda nago Sabin Etxeko laugarren solairuan. Xabier Arzallusen bulegoan. 1996an Europa Press agentzian ari nintzen lanean. Besteak beste bi elkarrizketa egin nizkion EBBko nagusiari; elkarrizketatu nituen ere Jaurlaritzako Mari Karmen Garmendia eta Iñaxio Oliveri, PSEko Jesus Egiguren, EAko Carlos Garaikoetxea eta PPko Carlos Iturgaitz. Euskaraz egin nituen elkarrizketa guztiak. Euskaraz argitaratu ziren gainera, medio ezberdinetan.

* Kazetaritza lana sobera maite dut. Asko. Munduan zehar ez naiz asko ibilia, baina iaz Montenegron, independentziaren erreferemduma bertan bizitzeko aukera izan nuen. Handik idatzitako kronikak, han bizitakoa, handik kontatutakoa… ez dut sekula ahaztuko. Herri bat independentziaren bidean ikusi, eta bertatik kontatzeko aukera izatea izugarria da. Ez da erraz ahazten. 2006. urtea oso garrantzitsua izan da nire bizitzan.

Eta hariari eusteko, lanean jarriko ditut Teketen, boligorria, 53R61, Imanol Murua eta Hasier Etxeberria.

Iruzkin Bat

  • Jabi

    Tira horietako baten bat ez nuen ezagutzen (Irlandakoa) eta lehenengo biekin identifikatuta sentitu naiz, ni ere, aita EAJkoa izanik, herriko batzokian ibili bainintzen, ez txistua jotzen, karate ikasten baino. Bestalde, ni ere askotan delegatua izan nintzen eta urte gatazkatsuak… BUPeko 3.a hiru aldiz egin nuen.