Ez zaizkit kontuak ateratzen

nor da hemen pirata?

Goizean telefono deia, euskal hedabide batetik 10 sarrera eskaini dizkietela eta, eskaintza egin dit bertako arduradunak. Lezaman Pirritx eta Porrotx daudela eta -uste dut gainera Pirritx ez dela egoten aspaldion, baina tira…- eta ea sarrera batzuk nahi ditudan.
Ezetz esan, eta harrituta somatu dut adiskidea. Ez dut horrelako sarrerarik nahi! esan diot, eta gero arrazoitu nire kezka.
Zelan gura izango ditut, 12 euroko sarrera daukan espektakulu baterako gonbidapenak?!

  • Zelan justifikatu edozein familiak -bi seme alaba eta gurasoak, adibidez- 48 euro ordaindu behar izatea, arratsaldeko saio bategatik?
  • 8 talego orduterdian?
  • Ze kultura klase ari gara eskaintzen?
  • klase sozialak  pailazoen aurrean?
  • D ereduko umorea horrelakoa al da?
  • Irrien lagunak? ala diruzaleak?

irrien lagunak? katxi porreta!
Ez zaizkit kontuak ateratzen, eta gainera pasada bat iruditzen zait… ume txikien espektakulu batek 12 euro kostatzea.Eta ez dut inon argudiorik topatzen. Inork balitu… bota beza. Gustura irakurriko dizkiot.

Eta ez hasi niri euskara elkarteak antolatzen duela, hau eta beste. Hau pasada bat da, edo lapurreta edo elitista bietako bat. Kultura ezin da 50 euroko bilete batean bildu arrasti bakar batean. D ereduko aberatsek ahal izango dute, gehienok ez ordea. Eta nik paso… doanik izan da ere, halango ekitaldi elitista batera joaten.
Amorruz, eta marmarka erosi ditu batek baino gehiagok, baina ez dakit eztabaida kafe ordutik haratago joango den.
Ez dakigu errudunak artistak edo kontratatzaileak diren, ez dakigu gurasoena den errua edo pailazoena…

edo kulturaren izenean egiten diren aldrebeskeria guztiena.
Kontua da, ni eta gureak ez gaudela prest, Irrien VISA lagunak izateko.

Katxi porreta!

Ez horixe!

Domekan Kukubel 2.0 ikustera joango gara Durangora, Orhipean parke tematikora, ea han ze atrako egiten diguten….

9 thoughts on “Ez zaizkit kontuak ateratzen

  1. Beno, horrela da kulturaren mundua gaur egun. Denak du horrelako prezio bat. Durangora joan eta 50 euro gastatu behar dira. Elkarren atzerriko kultura saltzen da Corte Ingleseko prezio berean. Kafe Antzokian edozein talderen kontzertuak 10 euro balio ditu… eta Bilborocken udalak antolatutakoak ere.

    Antzezpen batera joateak gutxienez 15€ balio ditu pertsonako. Guggenheimera sartzeak 8€, ulertuko ez duzun zerbait ikusteko. Ruper Ordorika edo Fermin Muguruzaren CDak 3 talegotik gora balio dute.

    Ziurrenik Irrien Lagunak ikuskizuna antolatu duten hauek ez dute pentsatu prezio dexente bat jartzen. 6-7 euro balio dezake (zinemara joatea bezala) baina ez 12€, batez ere umeak ezin direlako bakarrik sartu.

    Kultura negozio bilakatu da, eta kasu honetan Euskara Elkarteak hori baliatu nahi du. Garestiegia, bi ume dituen familia batek 50€ gastatzea ordu eta erdiko ikuskizunagatik (paregabea, baina ordu eta erdi).

    Kultura “erostea” gustatzen zait. Liburuak edukitzea nire apaletan, eta CDak entzutea, edo DVD on bat izatea. Baina guztiak ez du balio…

  2. Ez naiz ni inori etorriko aurpegia ateratzen …. baina bi kontutxo ekarri nahiko nituzke hona. Alde batetik, Zorrizketan euskara elkarteak antolatzen du. Komeni da lantzean behin ere izena jartzea kritikatzen denari.

    Bigarrenik, eta jakin izan dudanagatik (ez dakit guztiz egia den, baina sinesgarri egiten zait): Lezamako udalak ez du dirulaguntzarik eman ekitaldia egin ahal izateko. Eta, orduan, euskara elkarteak prezio hori jarri behar izan du gustatu ala ez ekitaldiari aurre egiteko.

    Nire ustez, gure kultura zenbait kasutan hipersubentzionatuta dago, eta horrelakorik ez dagoenean, ba emanaldia ikusi gura dutenek euren “benetako” prezioa ordaindu behar dute. Eta ez dakit ona ala txarra den ……

  3. Eibarren otsailean izan dira, eta oker ez banago 6 euro balio zuen sarrerak. Urtarrilean Donostian geundela kartela ikusi genuen Kursaal-en zeudela, eta ikustera joan ginen uste dut 8 euro ordaindu genituela. Beste toki batzuetan 5 eurotan ikusi ditut. Beraz, badirudi ez dagoela prezio bakar bat eta tokian-tokiko antolatzailearen esku dagoela. Baina batzuk pasa egiten direla ikusita akaso Pirritx eta Porrotx taldeak berak mugak jarri beharko lituzke. Prezioaz haratago, nik ikusi izan ditudanean iruditu zait zuzeneko emanaldi bikaina dela. Beste pailazo batzuk eta umeentzako hainbat antzerki ikusten ditugu, eta esango nuke ez dagoela kolorerik. Umeak bezero errazak direlakoan errazkerian aritzen dira asko. Ez zait iruditzen Pirritx eta Porrotx-en kasua denik. Oro har lan bikaina egiten dutela iruditzen zait.

  4. Patxi, ez alñda berdin gertatzen musika taldeekin? esaterako, gaur kafe antzokian bizardunak, aurresalmentan=8 euro, txarteldegian=10 euro x 4 lagun= 40 euro (garagardoak ez ditut bertan sartuko politikoki zuzena naizelako)
    Joer, duela 3 aste Algortako plazan doan atera zitzaigun! Zenbat Garakoak edo bizarduinak kritikatuko ditut? Ostia, egon apur bat… Ahhh, igual Getxoko udalak pagatu zuen. Aholkua, eskatu kontuak Lezamako Udalari eta ez artisteei, horrela ez zaizu inor haserratuko. sentitu-pentsatu-ekin!

  5. Nik uste emankizuna ez duzula kontestu egokian kokatu . Izan ere, emankizun kultural bat baino gehiago emankizun soziala da; bere helburua Euskararen alde egiten duen elkarte bati laguntza eskeintzea baita.

  6. Gaur goizean, lagun batek igorritako emailez izan dugu Lezamako sarreren salneurriaren berri, haserrez betetako zure hitzak irakurritakoan.
    Gure lehenengo erreakzioa antolatzaileei telefonoz hots egitea izan da, argibide eske, izan ere sekula ez baita gure saiorako sarrerarik 7-8 euro baina gehiagoan saldu, ez zaigulako bidezkoa iruditzen. Biharkoak 10-12 euroan zirela jakin dugunean zur eta lur geratu gara.
    Hanka sartu dugu, bai guk, pailazo taldeak, eta bai antolatzaileek ere, Zorrizketan Euskara Elkarteko lagunek. Guk, nonbait, ez genien argi utzi sarreren salneurria 6 euro ingurukoa izaten dela. Eta haiek ez ziguten iritzia galdetu prezioa ezartzerakoan. Udalaren inongo laguntzarik gabe, ez dutela dirua irabazteko asmoz egin, eta edonola ere, irabazitakoa Derioko Euskara Elkarteari emango dietela esan digute.
    Prezioen kontuari asko begiratzen diogu: Bai sarrerak, kamisetak, edo gure beste edozein produktu, jendearentzat ahalik eta eskuragarrien izan daitezen saiatzen gara, zaude ziur horrekin. Egia da, bai, sarreren kontua zehaztea antolatzaileen esku utzi izan dugula orain artean, haiek baitakite gure emanaldien gastua zenbaterainokoa den, saioaz gain, argindarra, oholtza, aulkiak, garbiketa, asegurua… izan behar dira kontuan. Tokian tokiko baldintzak ezberdinak dira.
    Lezamako saioen katxeta beste edozein herritan kobratzen dugun bera da. Prezioak eskura dituzu gure kontratazio baldintzatako orrietan. Eskuragarriak garelakoan gaude, eta eskatzen eta eskaintzen dugunaren artean oreka dagoela uste dugu.
    Zure idatziarekin belarritik tira diguzu, eta badakigu zale askok ere hala egingo lukeela, ez arrazoi faltan. Atzera bueltarik ez du biharkoak, baina aurrerantzean kontu honi adiago erreparatuko diogu.

  7. Euskal kultura sustatzeko bide asko daude. Tamalez, gaur egun zuzeneko dirua ematen duen kultura bakarrik sustatzen da. Euskal materiala oso garestia iruditzen zait. Agian, bere aleen urritasuna da garestitze horren arrazoia.

    Baina kultura betierekoa da. Ez da elementu fisiko batean zehaztutako zerbait. Interneteko deskargei esker euskal kultura ikaragarri sustatu daiteke. Tamalez batzuentzat hori ez da batere ona, diru iturri zuzen ederra galtzen dutelako.

    Bide batez, ez dakit hemen kanpoko loturarik ematea baimendurik dagoen, baina euskal musika gogoko baldin baduzue, hemen uzten dizuet blog oso on bat.

    http://www.ekaitzaldi.blogspot.com

    Ikusi arte

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude