Zorionak UrdaiBAI!
Biosfera, herriak eta herritarrak garaile
Aurrez aurre. Herri mugimendua, arrazoia eta naturargune baten babesa nagusitu da.
Ez dakigu entzunketa izan den, politikarien beldurra, amerikarren ikuspegia, ala herritarren mobilizazio gaitasuna. Denak batera izango dira ziurrenik. Kontua da Guggenheim museoaren proiektua albo batera geratu dela.
Eta hori ospatzekoa da, arrazoi askogatik.
nire arrazoi xumeak
Eider Gotxi eta Amaia Astobiza Larrabetzura etorri zirenean,Guggenheim Urdaibai STOP herri plataformaren argudiaketak, eta proiektu zoro honen gaineko laino belzek harritu ninduten. Zehaztasuna, argudioak, datuak, eta azaltzeko gaitasuna batetik. Boterearen jukutriak, batzuen interes ekonomikoak, ohituta gauzkaten maltzurkeria eta joko zikina bestetik.
Baina hitzalditik animatuta atera nintzen. Lagun batek eta biok antolatu genuen, eta herritar asko hurbildu zen. Eta hori beti da ona. Informazioa beharrezkoa da. Mobilizazioa ere bai.
Urrats bat gehiago eman behar nuela iruditu zitzaidan. Eta gaia ARGIA aldizkarian planteatu nuen. Bi urteko moratoria utzi zuen nolabait herentzian Urkullu lehendakari agurtu berriak. Tirabirak jeltzaleen artean. Beti izkutuan. Ikuspegi ezbedinak. Aukerak proiektua gelditzeko. Eta herritarren mobilizazio gaitasun handiak. Guztiak eragin du.
herri mugimendu apala
bezain indartsua
Euskal Herrian, eskualde eta bailara ezberdinetan problematika eta arazo lokal asko topa ditzakegu. Eta erantzunak. Baina halakoak. Herri mugimendu indartsua lortzea zaila da. Baliabide urritasuna, politika konbentzionalak hartu duen lehentasuna, kuadroak sortzeko aukera urria, herri mobilizazioek meritu handia daukate. Eta herri mugimenduko partaide, eta batez ere militanteak balore izugarria. Eta horregatik miresten ditut.
Txundituta nauka Eider Gotxi bermeotarrak. Gaitasun militantea, gogo nekagaitza, ekintzarako grina, jendea gehitzeko ardura, mezua zabaltzeko argitasuna, eta ez etsitzeko indarra. Eta erreportaia idatzi nuenetik gertuago ikusten dut, somatzen dut. Elkarri idazten diogu, ikuspegiak partekatzen ditugu. Sare sozialen errepasoa… eta agenda/artxibo handi bat osatu du Guggenheim Urdaibai STOP! herri ekimenak.
Urdaibaiko biosfera, Busturialdeko herriak dira horren lekuko. Manifestazio eta herri mobilizazio handi zein txikiak. Kamisetak eta materia saltzeko postuak. Balkoietako mezua. Urdaibain ozena da kontrako jarrera eta biosferaren aldeko aldarria. Edozeinek ikusten du. Somatzen da. Entzungai da.
Eta horpen itzela izanda.
entzuketa egin da baina…
Agirre Lehendakariaren omenezko egitura unibertsitario modernoak -Ibarretxe buru dela, eta Gorka Espiauren kudeaketarekin- egin du entzuketa Busturialdean. Datuak hor daude. Oraindik ez ditugu osorik ezagutzen. Eta beharbada Guggenheim patronatoaren ebazpenaren ostean, kaxoi batean geratuko dira, proiektua bezala.
Ariketa beharrezkoa izan da. Eta herri plataformak ere bere ahalegina egin du herritarren ahotsa eta iritzia entzuna izan dadin. Eta herriotako hautetsi, alkate eta arduradunak ere mintzatu dira. Nahi izan duten guztiak. Eta nabarmenagoa izan da herritarren asmoa eta instituzioen intentzioaren arteko aldea.
ARGIA aldizkarian
2024ko udazkenean argitaratu zen ARGIA aldizkarian erreportaje hau.





