Midi Ossau argazkietatik besterik ez nuen ezagutzen. Eta beti harako gogoz. Argazkiek erakarrita. Mendia(k), ibonak, paisaia. Instagram aroa? Baliteke.
Harako asmorik gabe ordea.
– Norekin? Nola? Noiz?
Bapatean, Maider Otegi mendizale nafarrak sustatutako BIDAIDE ezagutu, eta berak zer eta Midira tour bat antolatu zuela jakin nuen. Datak begiratu. Ez zen erraza, baina nire egutegia antolatzen hasi nintzen.
– Norekin? Nola? dagoeneko galdera gutxiago ziren.
Eta izena eman nuen, berak igorritako galdetegiak bete. Ordaindu. Eta Ayous ingurua eta bertako aterpea hurbilago sentitzen hasi nintzen. Taldea osatu zela jakitean, beste ardura bat eta kezka gehiago.
– Zenbat? Nola ibiliko naiz? Bi egun? Goi mendietan? Baina zenbat kilometro? Zenbat kilo eraman beharko dira soinean? Ahalko dut?
Arduraz. Kezkaz. Baina eguna etorri ahala irakurtzen hasi. Informatzen. Prestazen. Motxila. Ibilbideak. Prestaketa. Materiala. Argia. Kantinplorak. Lo egiteko zakua. Botak. Jatekoak.
Irati aldean normal ibili nintzen. Urkiolan Gorbeiari begiratzen nion. Behiak trenari nola. Baina ibili beharra nuen. Baina atseden hartuta joan. Bidea. Ibilbidea. Bizkaialdetik Nafarroara lehen bizi. Hurrengo hitzordua Formigalen. Eta Portalet inguruan abiapuntua. 
Gorbea
Astelehen arratsaldean, lana bukatuta Pagomakurrera kotxez. Arratia. Oroitzapenak. Oinez iristeko Arrabako landetara. Mendi federazioko aterpean lo egiteko, afaltzeko eta gosaltzeko lekua hartuta. Motxila prestatu eta Pagomakurretik Arrabara ttipi ttapa. Bide atsegina.
Arraban itzel ondo. Aterpean hobeto. Kontu kontari Josebarekin. Bere istorioak, gure kontuak. AEK-ko garaiak. Korrika kulturala. AEKanpada. Mendizaletasuna. Aterpeari buruzkoak -14 urte daramatzea Jolik eta biek aterpean lanean-. Afari goxoa. Hizketaldi atsegina. Gaua. Literak. Dutxa.
Eta oraindik urduri. Oso. Ez dakit lorik egin nuen. Ezetz uste dut. Baina egunsentia Arrabatik ikustea saria izan zen. Eta agurra.
Errefugioan gosaldu eta oinez abiatu nintzen Arrabatik Egiriñao aldera, lehenago laguna agurtuta. Eskolara bera. Lantokira ni. Bide ezberdinetatik.
Egiriñaotik Aldamiñapera. Txabolak. Ardiak. Mastinak zaindari. Bideari erreparatu. Mapa kontsultatu. Oso bide seinale gutxi ageri da, nahiz eta GR aitortuak izan.
Atxuri.
Saldropo eta Otzarreta.
Pistatik Barazarrera. Tabernak itxita. Jatekorik ez. Gasolindegia.
Berriro ekin, Zumeltza alderantz. Dimako aerodromo zaharra.
Bazkaldu. Atsedena. Sekulako giroa. Nekea ere bai.
– Ez dakit bide luzeetarako nagoen. Zer egingo dut nik han?
Zumeltzatik Urkiolarako ibilbidea luze egin zitzaidan. Saibigain ikusten nuen, baina ibili ahala urrundukobalitz bezala izan zen. Motxila astun aldean. Urretx makila lagun. –Baina bastoiekin hobeto, beharbada neure kolkorako.
Urkiolara heldu nintzen. Lantokira. Dutxa. Atsedena. Eta argazkiei begira egin nuen lo etxean. Ametsetan.
Iruñea Artieda Formigal
Ostegun goizean Durangon azken erosketak egin. Mendi eta kirol dendetan. Frutadendan. Jaki ekologikoak. Ogia. Txokolatezko barritak eta bestelakoak. Denetarik.
Lantokitik Nafarroarantza. Geldialdia Iruñean. Mugikorrerako bateria badazpada. Eta Piriniko autopista hartuta, Esa urtegia gauez igaro eta Artiedako(Aragoikoa) aterpean lo egitera. Biharamuneko bidea buruan. Huesca aldera goizean goiz joateko. Gorbean bezala, gaua labur, baina lo askorik ez bide nuen egin. -Urduri ote nago galdetzen ote nion errepidean nire buruari. Gasolinaren argia piztu zitzaidan bart eta lehenengoan gelditu, egunsentiarekin atera, errepidean lasai. Eta garaiz Formigaleko gasolindegiko gure hitzordura. Formigaletik Portaletera azken zatia autoz. Bidaideak ezagutu ditut. Kafe bat hartu dugu.
2 egun Midi inguruan
Bi egun zoragarri. Amets baten. Urratsez urrats. Nekatu barik. Atsedena hartzen aldiro. Ura edaten. Geldialdiren bat edo beste. Mokadu bat. Jatekoa. Maiz. Eta begiekin gozatuz. Berdin du zein aldetara begiratzen duzun, beti dago zerbait erakargarria. Harkaitzezko mendiak. Baso gazteak. Mendi etxolak. Behorrak. Ardiak. Behiak uste baino gutxiago. Errekatxoak. Iturriak. Ibon txikiak eta handiak. Lakuak. Mundu bat da Midi eta inguruko Parke Naturala. Parke Nazionala. Zaindua. Debeku askorekin. Aukera izugarriak oinezkoentzat, mendizaleentzat.
Asko ibilita helduko zara Ayous deritzon mendi aterpera. Antolaketa bikaina. Garagardo artisau atsegina. Ikuspegia ezin ederragoa. Botak kendu eta jende gehienak aterpeko kroks-ak jantzita. Mendiko sandaliak jantzi eta oinek eskertzen dute. Lekuaren atseginak, afaltzeko ordua konturatu barik ekarri du. Afaria ere goxoa, loaldirako prest. Iluntze gaueko argazkiak Midi aurrean, eta izarrik ametsetan ari zarelaren pentsamendua. Itzela da lekua. Argazkiek gordetzen dute bizitakoa. Bizi ere, argazkietarako bizi dugu ia ia. Gure kontraesanak. Garaiotako tresnak. Mugikorrek dena ondo biltzen dute. Batzuk, besteak baino gehiago. Biharamunean ere, irudi ederrak hor dirau. Izarrak. Ilargia. Egunsentia. Gosari ederra. Eta motxilak batuta berriz mendian gora. Ibonak hemen, ibonak hor. Ura ugari. Bizitza. Animaliak. Garbi eta zainduta mendiak.
Mendian gora, mendian behera. Bailarak. Basoak. Berriz gora. Hona eta hara. Inguruko mendien izenak eta izaera kontatzen dizkigu Maiderrek. Eta vivac egiteko leku asko ikusten ditugu. Ibon batzuen ondoan, harkaitz artean. Babestuta eta agerian. Eta joan eta etorri. Ikusi eta kontatu. Igo eta jeitsi. Ibili eta nekatu. Portalet ageri da. Eta laister gara han. Oinez jarraitzen dugu. Autoak zain daude. Ibilbidea amaituko den beldurrez. Autoetan erabaki dugu elkarrekin bazkalduko dugula. Eta kantuan egin dugu. Eta batzuk hurrengo ibilbideetarako planak egin dituzte. Eta hona joango dira beharbada, harako gogoa daukate. Nik Midin jarraitzen dut. Luzaroan. Ametsetan bezala oraindik. Astea igaro da, eta hemen nago kontatzen. Berriz Midira joan nahi dut. Mendira. Eta parean daukat Gorbea. Eta egunero ikusten ditut Mugarra, Untzillaitz, Aitz txiki, Alluitz, Anboto… eta promes egin dut hemengoetan jarraituko dudala. Baina buruan dut Midi. Bihotzean geratu zait. Midi.
