• agit/prop

    Egin behar dugu

    egin behar dugu. com egin behar dugu

    Eguerdian heldu zait mezua. Sartu eta hau ikusi dut. Sartu zarete?
    Kanpaina ofizialaren klon bat da, mezua baina zuzenagoa da. Barre ere egin dut, egia esan… kanpaina honek ematen zuen bai. Et orain arte batzuk barre egin dugu. Beste batzuk dirua egin dute, negozioa, txantxulloa, etxe garestiak, golf zelaiak -Galdakaoko alkatearen poza ikustea besterik ez dago-, eta egiten jarraitu gura dute. Eskuma horrelakoa da, han bezala ere hemen.

    eginbehardugu.com
    Horregatik logotipoa asko gustatu zait. Euro Alderdi Jeltzalea. Eta ozen diot, barre egin behar dugu. Umore bako iraultza, gorringo bako arraultza.

    eginbehardugu.com

  • teknologia berriak

    Ubuntu tribek saria eskuratu du Bilbon

    Eguna eman dugu Bilbon. Zuzenean goiz partean, eta pantailatik arratsaldez. Eta azkenean, mahainguruak bukatu eta ekitaldia bukatu aitzin, hazruido lehiaketako emaitzaren zain egon gara.

    Eta hara non, gure lagun Haritzen izena aipatu duten. Ubuntutribe ekimenaren sortzailea izan da Haritz. Mundu osoan izan du oihartzuna ekimen txiki honek.
    Asteartean irratian elkarrizketatu genuen Haritz. Eta orain zoriondu beharrean gaude. Lan onaren emaitza.

    ubuntu tribe

    Startup 2.0 lehiaketan berriz, euskal ekimenik ez da heldu finalisten artera, baina martxa honekin jarraitzen badugu… izango dira bai emaitza onak alor horretan be.

    Gaurkoan aipatzeko, itzultzaileak-euskarazkoak-, zabaldu.com popatxata, euskaldunon komunitatea eta antolaketa ona. Ikasiko dugu gehiago. Hurrengoan.

    Blogak 2.0 eta Ubuntu tribe irratia.com emankizunean. Entzuteko:
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom070522.mp3]

  • hurrengo geltokia

    Telebista

    Lotsatuta nauka gure telebistak.

    Gero eta gitxiago pizten dut, baina orduan ere, sutan jartzen nau.

    Amatatuta be, beti etortzen zait bere hankasartzeen oihartzunen bat, bere inposaketen kalakaren bat, bere etengabeko zentsuren zantzo bat, bere harrokeriaren zioren bat.

    ETB esaten diogu gurean telebistari. Euskal TeleBista.

    Zentsura, inposaketa, harrokeria, entxufismoa, boteregosea, menpekotasuna eta itxurakeria nagusi den telebistari.

    Oraindik ere horretan jarraitzen dute. Eta lotsatuta nago, sentitzen dut.

    Ez galdetu zergatik. Arrazoiak zuek jarri… asko zerrendatu ditzakegu eta.

    Ez galdetu zer egin duen orain. Zer ez duen egin, zer ez duen egiten, zer ez duen asmatzen…

    Telebista honek lotsarazten nau. Eta min dut begietan. Off.

  • agit/prop

    Kartzelatik blogari

    Euskal Herrian idatzitako blogak inprimitzen zizkion osabak. Eta kartzelara eroan. Irakurtzeko. Hemen zer berri jakiteko. Egunkarietakoez gain, aldizkarietatik landa… beste irrintzi batzuk ere badirela eta.

    Poemak idazten zituela esan zidan bere neskalagunak. Idazten trebea zela.

    Halako batean amarekin egon nintzen. Eta harro zegoen semearekin. Ikasle ona izan zela, militantea ere tamainakoa.

    Gaur egun preso daukate Tolosan. Etxetik lau ordura edo. Autoz. Neskalaguna, anaiak, ama, osaba joaten zaizkio bisitan. Liburuak, paper inprimatuak, musuak, besarkadak eta Euskal Herriaren zati bana eroango diote, doazen bakoitzean.

    Baina gaur, bere blogaren berri izan dugu. Eta bat batean, ideia guztiak batera etorri zaizkit burura. Ama, anaiak, osaba, neskalaguna, Durango eta gainontzekoak.

    Oierrek idazten dituenak irakurriko ditugu aurrerantzean. Berak marraztutakoak ikusiko ditugu. Eta gorantziak bidaliko dizkiogu, blogean bertan. Eta berriz ere, bisitan doazenean, inprimaturik jaso beharko ditu. Bera eta gure artean, sare handi bat barik, beste zeozer dagoelako.

    Aupa Oier. Irakurle gaituzu.

  • hurrengo geltokia

    harrabots ikasleen kazeta

     harrabots

    Leioan izan gara gaur. Unibertsitatean. Aspaldiko partez. Betiko bidetik baino, ezkerrekotik sartu naiz. Zientzia eta Teknologien fakultatean. Paraninfo eraiki berrian.
    Ikasle euskaldunak topatu ditut han. Gutxi batzuk. Edo asko… segun eta zelan begiratzen den. 75 zenbatu ditu nire lagun batek.

    Andoni Egaña aurkezle. Ikasleak irakurle, esatari, idazle, kantari. Gero Anje Duhalde. Gero bertsolariak. Han izan da euskara errektereordea ere, Ludger Mees. Irakasle izan nuen alemaniar euskaldundu hau. Errektoregoa da egun. Euskararen alde edo…

    Ezaguna da Leioan, beste kanpusetan antzera ziurrenik, gaztelaniazko kazetez beterik daudela bazterrak. Periodico universitario, Gaceta Universitaria… papera eta paper gehiago. Doan. Eskura. Baina euskarazko berba inprimaturik ez du topatuko ikasle euskaldunak.

    harrabots ikasle kazeta
    Eta hori estaltzera dator harrabots ikasleen kazeta hau. Unibertsitatearen laguntza doan inprimatuko da. Doan banatzeko. Doan eskuratzeko.
    Ikasle abertzaleenak hor ari dira, burubelarri proiektuan. Unibertsitateak ikasleen kezkarekin bat egin du oraingoan. Txalotzekoa. Bide berri bat.

    Baina nire harridura irakaslegotik etorri da. Gaur ere, ez dut Kazetaritza fakultateko irakasle bat bera ere kausitu han. Beraien bulegoetan egongo ziren agian, ikerketak zuzentzen, ikasten, edo metodologia hobeagoen bila. Gaurkoa historikoa izan den arren, irakasleak beti okupaturik.

    Irakasle abertzaleak topatuko dituzu Leioan. Irakasle lab_eldunak. Irakasle progresistak, ezkertiarrak… bla, bla bla… Ikasleen ondoan argazkia? Ez, ez da komeni.

    Ikasleen harrabotsa entzuten jarraitu gura dut nik. Irakurri eta erantzun. Eta bloga ere prestatu dute. Beraz, badoaz. Ari dira. Aurrera.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Eva

    Askotan mintzatu nintzen berarekin. Liburuak erosten nizkion, liburuak irakurri. Baina batez ere hitz egiten ezagutu nuen. Gauza asko zituen kontatzeko. Eta gustura kontatzen zituen. Bereziki gogoratzen dut Durangoko azokan. Urtero ikusi izan dudalako han, beraien liburuen txoko txikian. Literatura, antzerkia, ensaioak, pentsamendua, elkarrizketak. Hiru argitaletxea. Txikia izanagatik eredugarria da gure mugetatik kanpo ere. Asko aipatzen da, asko aipatzen digute gure kanpoko lagunek.

    Eva joan da. Idaztera ziurrenik. Zerbait antolatzera. Ez da geldirik egongo. Joan da utzi gaitu bakarrik. Bere liburuekin, bere gogoetekin. Bere ekintzekin.
    Eta Alfonso Sastre bera ere triste egongo dela pentsatzen dut. Eva galdu duelako. Evita izango du alboan, edo Pablo edo bere etxetik hurbiltzen diren hainbat eta hainbat lagun…. antzeztu ezin den bizitzako pasarte honetan.

    Aupa Eva. Aurrera bolie!

  • teknologia berriak

    Aurrera Ubuntu tribe

    ubuntu
    Ubunturen kutxa bat jaso nuen posta bulegoan. Autoan daukat.
    Aurrera eta atzera. Noiz instalazio mordo bat egingo. Noiz jendearen artean ezagutaraziko.
    Badugu horrelako zerbait egiteko asmoa, ekainean, gure herriko gaztetxean; Larrabetzu.org guneak urtea egingo duelako bidean, sarean. Ubuntu distribuzio librea, Live Cda, umeentzako software librea, hezkuntzarako egokitua… Ubuntu da aspaldion ezagutu dudan ekimen aipagarrienetako bat.

    izan zaitez ubuntutribe_kide!
    Sarearen bitartez ezagutu nuen Ubuntu tribe. Itzela iruditu zitzaidan ideia -egingarria oraindik-, itzela asmoa, eta isuri zuten gogoak nabarmentzen zituen. Marketing birala egiten trebe aritu dira. Han eta hemen jo dute atea. Zabaldu zaizkie batzuk. Munduratu egin dira.
    Zabaldu.com-eko Arkaitzekin hizketan, marketing biral ekintza bat izan zitekela ohartarazpena egin nuen. Pozik ni. Euskarari bisibilitatea emango zion ekintza baitzen. Munduan bagarela erakusteko saioa. Munduko ere bagarela. Gu eta mundua. Munduan gu.

    Euskaldunak munduan

    Ona aukeratu duten zioa. Ubuntu. Oso ona aukeratu duten modua. Eta lanari ekin diote, eskura zituzten tresna guztiak baliatuz. Euskal Herritik mundura abiatu dira, eta Euskal Herrian sortutako tresnekin batera –zabaldu, bildu, irratia.com, tagzania, sustatu…- munduari begira ere egon dira. Twitter, del.icio.us, flickr, technorati… Internet borborka dabilen uneotan, nazioarteko ekimen txalogarria burutu dute. Burutzen ari dira.

    Zarata ataratzen ari dira. Poztekoa da. Poztu egiten gara.

    Gaur, mezu bat igorri didate. Nik nire lagunei berriz igortzeko. Eta nik normalean ez dut horrelako kateetan parte hartzen, gutxiago helbide guztiak agerian dituztenetan. Izan salaketa, izan zipaioen azken sarraskia kalean, edo Afrikako irudi exotikoen powerpointa… ez ditut gustuko horrelako kateak.

    Zintzoa iruditu zait Ubuntutribetarrena. Asmo neurtua da. Asmoa luzea. Ibilbidea ez da zertan hazruido.com lehiaketa horretan amaitu behar. Etorri daiteke filmea egitea ere. Izan daiteke aukera bat, euskarazko software librea eta gure kultura nazioartean zabaltzen jarraitzeko. Eta blogean zabaltzea erabaki dut, eta blogeko mezua igorriko diet nire lagunei. Ubuntutribe ezagutu dezaten, eta Ubuntutribe ekimenaren berri edukita, nik neuk CDak autoan ditudala esango diet. Esan dizuet. Eta Larrabetzun install party bat egin gura dugula, ekainean, uda sartu aurreko asteburuan. Eta hori guztiori… badakizue.

  • larrabetzutik

    Ilusioa pizten denean…

    Goizeko kontua da. Alestiko harpidetzak ikusi eta irakurri barik nituen artean. Goizetik gosaldu ostean, abokatu baten bulegora hurbildu naiz. Laguna dut. Kidea da. Auzoan bizi da bera ere.

    Ley de Hont delako hori dela eta, Excel-en taula batzuk prestatuta dauzka. Eta numeroak egiten hasi gara. Honek horrenbeste, beste honek honeixek, eta honek hau atarata… aulkiak holan holan eta holan.

    Estadistika, numeroak, portzentaiak… txarra naiz horretan. Letretakoa naizela esaten dut horrelakoetan. Baina beti nago estadistika, numero eta portzentaiei so. Beti emaitzaren zain.

    Eta Larrabetzuko hauteskundeak izan ditugu hizpide. Lehengo datuetatik abiatuta, oraingo balizkoak ateratzen. Aulkien banaketa berriak egiten. Udala bera aldatuko luketen zenbakiak egiten. Amesten ia ia.
    Zenbat atera beharko lituzke IU/Aralarrek zinegotzi bat eskurateko. Zenbatekin PNVk ez luke alkatetza ziurtatuta izango. Eta ezker abertzaleak 4 zinegotzi eskuratzeko, zenbat boto?

    Herri txikia da gurea. 1300 biztanle zentsuan. 9 zinegotziko ordezkaritza udaletxean. Orain arte 9ak PNVkoak izan dira -batzuk, lau urteotan plenoetara ere joan ez diren arren, herrian bizitzarik egin ez, edo bizi ez direlako-. Ezker abertzaleari 3 zegozkion.
    6-3, 5-4 izan da azken urteotako portzentaia. 1979 lehen legegintzaldi hartan baina, ezker abertzaleko Herrigintza zerrendak lortu zituen boto gehien (5-4 orduan).

    Ezker Batua eta Aralarren presentziak, aukera berri bat sortu dezake herrian. Hirugarren ordezkaritza bat izateko agian. 100 bozatik gora eskuratu beharko lituzke. Ez daude merke.

    PNVren jeitsiera batek -azken lau urte hauen ordainetan- eta ezker abertzalearen egoera legal berriak -ANV legala da Larrabetzun- sortutako giroak eta ilusioak, launa zinegotziko enpatea sortu dezakete.

    D’Hont lege hori izan dugu horretarako epai. Hori kezka iturri. Exceleko taulak iragarle.

    Eta gero, Sustatuk kalkulagailua plazaratu duela irakurri dut. Ordurako gure kezkak bolo bolo zebiltzan. Taberna kontu bilakatuko ziren. s

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    agit/prop 2.0

    Donostian, 2007ko maiatzaren 10ean

     

     

    web 2.0 hemen eta munduan

     

    agit/prop 2.0 Euskal Herrian, gure munduan

     

    Aurkezpena:

    irratia.com | larrabetzu.org | armiarma.com| EH 2.0 bipuntuzero.org

    albisteak 2.0 | eremu lokala| euskal kultura | Euskal Herria 2.1

    irratia.com 2.2
    irratia.com
    euskal kultura digitalizatuz, kultura digitala euskaldunduz, 2000. urtean

     

    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom070508.mp3]

    propaganda 2.0:
    bideoak…
    Korrikaren esperientzia: twitter, tagzania, etiketak…
    Gaztetxeak, gaztesarea, errepresioaren kontrako mugimendua…

    Eremu lokalak, informazioaren aroan.
    Gure herria, 1500 biztanle eskas, aro berri honetan.
    Zamudio 8 km edo mundu oso bat Parke Teknologikoa, Euskaltel
    autogestioa.

    Euskal Kultura: sortu, zabaldu, hedatu…

    Ez dizu onik egingo. Ezpotak. Susa literatura.

     

    Joseba Tapia
    Fermin Muguruza
    dantzan.com

    Race to save basque language

    Euskal Herria 2.0
    eitb24.com –
    sustatu bildu.net zabaldu.com galdetu.com + + +
    ARGIA BERRIA blogak bluff!
    Gaur8.info
    Munduari begira:
    tagzania, ubuntu (ubuntutribe), .eus dominioa, komunitatea

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    ieb07tik zuzenean Donostiatik

    Goiza goiz hasi da gaur. Egunsentiarekin ia ia. Larrabetzu. Deustu. Zarautz. Donostia. Geldialdi batzuk egin ostean, heldu gara Donostiara. Atsedenaldia baino ordu laurden lehenago. Baina mutilmedia.com eta twitter bidez jakin dugu goizagokoaren berri. Kafe orduan ezagunak agurtu, eta 200 lagunetik gorako areto honek liluratu egin gaitu.

    Aho zabalik gaude. Eta ekin aurrera.

    Arkaitz Zubiagak hitzaldia eman du duela ordu erdi, eta apur bat lehenago neu hasi natzaio laguntzen. Mutilmedia boy bat bilakatu naiz neu ere. Zuzenean, jezarrita nagoen toki honetatik. Goi goitik. Dena ikusten den palko honetatik. Hiru hitzaldi zuzenean jarraitu ditut, apunteak hartzen banengo lez. Kazetaritza denbora errealean, txirrindulari etapa bat bailitzan, baina ordenadorean idatzi eta argitaratuz…. esperientzia ederra. Zeozer ikasi dut.

    Eta orain, entzuten ari naizen arren, idazten ere banago. Blogean. Zuentzat. Jarraituko dut.

    Ondo, bapo bazkaldu dugu Parke Tekonologiko honetako jatetxe batean.

    Orain Iratxe Esnaola ari da Euskal Herria 2.0 gaiari buruz, ekimen lokala eta ikuspuntu globalari buruz. Lokalizazioa eta globalizazioaz mintzo da, iragan irailean Donostiako Artelekuko jardunaldietan jorratu ziren gaiak ekarriz.