• gogoeta.org

    -zu espainola zara?

    Bukatzeko, –zu espainola zara? galdetu berri dio Arantxa Iturbek Joxe Azurmendiri. Elkarrizketa mamitsua egin diote euskal pentsalariari. Erantzun argiak, maisuarenak eman ditu idazle, irakasle eta pentsalari aparta den Joxe Azurmendik.

    Ez. erantzun du Joxek. Labur labur, eta elkarrizketa bukatu da. Bejondeizula, eskerrik asko.

    Pentsakor geratu naiz, baina kantua amaitu aurretik hau bera galdetzea otu zait. Espainolak gara? Espainola zara? Zergatik? Gure jardunean, gure irakurketetan, gure ohituretan, gure ametsetan, gure hizkeran… espainolak gara?

    Ez esango dugu erraz, bai hau irakurtzen duzuenok, ez agian, hau idazten duzuenok, ez esan arren, bai pentsatuko dut nik.

    Joxe AzurmendiBaina Espainaren arima liburua irakurri barik be, zeozer badakigu espainoletaz. Euskaldunok eta espainolak ere idatzi zuen Azurmendik. Espainolek baino gehiago daki Espainiaren gainean, eta hori kritikatzen die gainera.

    Baina, orain egin dezagun gogoeta; -zu espainola zara?

  • hurrengo geltokia

    Nazioarteari begira

    Amets Arzallusek beste kazetaritza lezio bat emango digu, oraingoan Palestinatik. Blog berriari begirada botatzea baino ez dago. 5 egun eta beste horrenbeste kronika.

    Fermin Muguruzak Mexiko, Venezuela eta Kuba izango ditu entzule datozen asteetan. Halan kontatu digu irratian.

    Irlandan osatu da gobernu berria. Beste argazki historiko bat.

    Laister, Montenegroko erreferendumaren urteurrena ospatuko dugu.

    Eta Sarkozy barne ministroak irabazi ditu hauteskundeak Frantzian. Sua eta amorrua kalean da, ez da giro dagoeneko.

    Bitartean, Mundua begira dugula diosku Gaur8ko blog batek. Egunero bisitatzen eta irakurtzen dudan bloga gainera.

    Nazioarteak arreta pizten digu. Nazioartea interesgarri dago. Nazioartean, munduko herri izan nahi dugun une honetan, denetarik gertatzen da hemen bezala munduan.

    Nazioarteari begira gaude, Internet horretarako baliatuta. Eta nazioartean gu ikustea gura izaten dugu gainera.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Eitb edo PNVren faktoria

    Eginbehardugu esango dizute. Eta ederra egin dute orain ere. Ez alderdiak, alderdikoek baizik, alderdikeria. Itzela.

    Eginbehardugu, hay que hacer, eta ez dira lotsatuko horregatik. Harritzeraino, erdi izkutuan, mozorro barik. Lotsagarri hala ere.

    Euskadi Irratian gertatu da, boletin ofizialek herrietako hauteskunde zerrendak argitaratu eta berehala. Esatari bat, azken urteotan Faktoria saioa aurkezten duena, EITBn plaza fijoa eskuratu duena, eta bere herrian ANVko zerrendaburu doana. Ez da kontaminatua nonbait. Hernanin ez dago kontaminaziorik, orain. Baina EITBko bere lanpostuan ondo kutsatu dute. Kendu egin diote mikrofonoa. Ez duzu bere ahotsik entzungo.

    Teleberrietako kiroletako aurkezlea ere bigarren doa Getxoko zerrendan. Egunero ikusiko duzu, egunero damaigu kirol informazioa. Josu Loroño ez da kontaminatua. PNVko zerrendan doa. Hau ez dute telebista pantailatik kenduko. Esango nuke, gehiago agertze alde egongo direla bere buruzagiak. Telebistakoak alegia. Peneuvekoak.

    Hirugarren adibidea ere badut. Beste herri bat, beste kazetari bat, beste zerrenda bat. Andoni Basabe, kiroletako kazetaria, ETBn hau ere, zerrenda independiente batean doa bera Elorrion -Aralarko ordezkari gisa-. Andonik jarraitzen du kazetari, interesgarri zaizkigu oraindik bere txirrindularitza kronikak.

    Baina zergatik itzali dute Marian Beitialarrangoitiaren mikroa? Alkatesa izan daiteke beharbada Hernanin. ANVk irabaztea ez litzateke arraroa, aurreko hauteskundeetan zerrenda debekatuak irabazi baitzituen bozak. Orain boz gehiago batzea ez litzateke zaila. Baina h0ri ez da kontua. Kontua dira EITBko erizpideak. Erizpide ezberdinak. Mikrofonoak zabaldu eta ixtea.

    Eta zer diote honetaz EITBko kazetariek? Zelan hartu dute? Blogetara begira daude… baina kontatuko al digute zeozer? Kexatuko al dira buruzagi jeltzaleen aurrean? Zintzo jarraituko dute, hileroko nominari men? Ebentualitatea badakizu, lana egin behar dugu.

  • agit/prop

    Ibon Meñikaren gogoetak

    Bizkargi eguna da gaur. Urtero mendian 1937ko gudariak omentzeko egiten den ospakizuna.

    70 urte betetzen dira 1937 latz hartatik. Borrokan aritu ziren orduko gazteak, fusilak eskuetan, faxismoaren kontra.

    Borrokan bizitza eman zuten, orduan ere, hainbatek. Gure mendietan. Bizitza eman, bizitza galdu. Bizitza kendu zieten. Hemen, Bizkargin. 1937an. Maiatzean. Duela 70 urte.

    Eta Bizkargira igotzen jarraitzen dugu. Gogoz. Eta gogor. Frankismoan saiatu ziren errepresioarekin jai egun hau zapaltzen, guardiazibilak, metrailetak eta fusilak. Jarraitzen dugu ordea inguruko herritarrak mendira joaten. Tontorrean gudarien eguna ospatzen.

    Eta bart, gaztetxean Ibon Meñikaren gutun hau irakurri dute. Aranjuezeko espetxetik igorria. Gogoeta bat 1937koaz, gogoeta bat 2007koaz. Gogoeta bat Euskal Herriaz.  Bart entzundakoaz gogoeta egiten igoko gara gaur mendira. Bizkargira. Eta jarraituko dugu horretan, mendira igotzen, menditik jaisten. Mendian gora, eta mendian behera. Hemen, Euskal Herrian. 70 urte beranduago. Maiatzean.

  • musika

    RATM itzuli dira 7 urteren ostean

    Denbora azkar igaro da. 7 urte jo barik, gehiago izango dira Donostian ikusi genituenetik.

    click here to see more videos like this

    Twitter bidez jakin dut, boligorriak ohartarazita. Bideoa ikusi eta Euskal Herrian berriz ikusteko gogoz geratu naiz. Larrabetzun gero eta jarraitzaile gehiago dituztela ohartu naiz gainera, gazteagoekin berba egin ostean. Horregatik, Euskal Herrira, edo EHtik gertu datozen hurrengoan ikustera joateko furgoneta prest daukagu.

  • agit/prop

    Maiatzaren lehena ospatu?

    Joan da beste bat. Nire lagun batek, korrikalaria eta tabernaria bera, inuxenteen eguna deitzen dio atzokoari. Maiatzaren lehena.

    Kontua da egun hau ospatzera heldu garela euskaldunok, langileok… zapalduok orohar. Zubia izan da gehiago, mobilizazio egun gorria baino. Kamiño hegal guztietan plastikozko pankarta inprimatu gorriak inoiz baino gehiago egon diren arren, maiatzaren leheneko giroa epela da.

    Badira urte batzuk, maiatzaren lehenean tirrin tarran ibiltzen garela, pankarta baten atzetik oinez, berbaz, siglei jarraituz, baina eskubideak kudeatzen dituztenak zirikatu barik. Langile, gazte, emakume, zapaldu, etorkin, ama, autonomo eta abarren eskubideen alde, manifestaziorik ez dela egiten pentsatzen hasita nago jada.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Larrabetzun auzolanean ari gara

    Domeka goiza. Goizetik. Ez gara poteorako geratu, ez goaz mendira, ez dugu kirola egin behar, laneko arroparekin agertu gara plazara.

    Domeka goiza da, baina ez goaz igandeko arropaz jantzita. Lanerako gatoz plazara.

    Domeka goiza da eta asteburu luzean ez dugu zubirik egin, lanerako irten gara plazara.

    Baserrietako tresnak ekarri ditugu, erreka, erreka bazterrak garbitzea dugu helburu, eta horregatik etorri gara plazara. Andrak etorri gara, mutilak etorri gara, umeak etorri gara, gizonak etorri gara, neskak etorri gara.

    Erreka bazterra goitik ikusita Erreka barrutik garbitzen

    Herri txikia da gurea, baina hainbat batu gara. Domekan, plazan.

    Aretxabala erreka garrantzitsua izan da gure herriaren historian. Errekaren inguruan sortu zen Larrabetzu. Errekaren bazterretan. Baserriak, olak, errotak… industria guztia errekari lotua. Urari. Bizitzari. Gaur egun ere, gure herrian dagoen industria txiki apurra, kasualitatea, errekaren ondoan dago. Errekak damaigu bizitza.

    Sasiak kentzen auzolanean margozten

    Baina ahaztuta daukagu erreka, utzita, baztertuta, arazo iturri daukagu erreka, zikinkeria guztien pausaleku, eta aldatzea, hobetzea, garbitzea erabaki dugu.

    Sasiak mozteko bi tresna handi, inguruak batzeko beste hainbeste, koadaiña batzuk, kortamatosak, desbrozadorak, eskuberak, sardak, botak, guanteak… eta ekin diogu lanari. Goiz pasa. Auzolanean. Neska, gizon, ume, mutil, andra eta gazte danak alkarregaz, lanean. Auzolanean.

    Barre egin dugu, izerdia egin dugu, lana egin dugu. Eta gure errekaren balioa, uraren indarra, erreka bazterretako utzikeria ikusi ditugu. Zementozko herriak eraiki gura dituzte negozioa besterik maite ez dutenek. Eta baserria, eta lurra, eta ura, eta ingurugiroa, eta herri albora uzten dute. Utzita dago. Horregatik, gaur errekarekin hasi gara. Bihar jarraituko dugu, herringintzan. Auzolanean.

    Zubibarri ingurua genuen helburu. Serrako zubitik, Zubibarrira. Hain dago txarto, zikin, ezdeus, sasitsu, loi, uger, ikustezin. Auzolanean garbitu, egurrak eta plastikoak kendu, botilak atara, sasiak ebagi eta txukuntzen aritu gara. Ez da txarto geratu.

    Gazteenak bitartean, horma zuria margozten ibili dira. Larrabetzuko udaberriari koloreak jartzen. Batean zein bestean jende mordoa ibili da. Eta amaitutakoan monjorra egin dugu. Txorizoa, urdia, baserriko ogia, ardaoa, ura… denetarik. Auzolanaren osteko monjorra. Larrabetzun beti egin izan dan lez.

    Bertso jarriak entzun ditugu gero, eta bi hitzaldi zintzo. Iñaki Barzenak -ingurugiroan aditua eta unibertsitateko irakaslea- erreka eta uraren garrantziaz aritu zaigu. Ikuspegi globala eta herri mailakoa uztartu ditu. Egun, ura eskasten ari den iturria dugu, mundu mailan gerrak eragiten dituena, eta bertan ondo baliatzen, ondo erabiltzen ez dakiguna, eta uraren kultura aldarrikatu du berak. Gaurko ekintza goraipatu, eta herrian auzolanean aritzeak zer suposatzen duen adierazi du. Ostean Sabin Aranari eman dio hitza. Sabin, herriko historiadorea dugu, afizioz gure herriari buruz datu eta kontakizun gehien batu duen herritarra. Baserriak, olak, errotak, familiak ezagutu eta ezagutarazten ditu, batu eta kontatu. Irakurri eta idatzi. Larrabetzuri buruz, ez da egongo herrian gehiago dakienik, baina dakien hori beti kontatzeko prest, beti jendartean zabaltzeko, berba egiteko ondoan. Eta errekari buruz be, kontatu ditu, zelan gure herria errekaren ondoan sortu zen. Erreka baliatuz. Errekari garranzia emonez. Eta gaur egun, erreka ez dela zaintzen, ez zaiola daukan balio historikoa ematen. Eta bere hitzek, maisua da berbetan, arreta piztu dute aurrean zituen herritarrengan. Umeak eta helduak, gazteak eta nagusiak. Denek adi adi jarraitu dituzte Sabin eta Iñakiren berbak.

    Eta hasi baino ez gara egin. Larrabetzu auzolanean. Orain udaberria, laster Euskal Herri berria.

  • literatura

    Zer gara gu?

    nor gara gu? zer gara gu? galderarekin ekarri gintuzten mundura.
    aurrera egin, eta berdina galdetzen digu Ruperrek, Egin kontu kantuan.

    instituto Cervantes

    Eta gutaz munduan ari dira. Hangoak bezala hurbilekoak ere. Kulturan Etxepare
    institutoa sortu gura diguten honetan, Cervantes jo ta su ari da han eta hemen
    lanean. Euskal poesia ere zabaltzen du.

    Poesia de las Españas esaten diote gureari. Ikusi, sartu, klik egin….

    Hau da gure ondasun guztia lagunok.

    Sancho Panza institutoarekin hobeto gu. Ez ala?

    zergaragu? gurugu?!

  • agit/prop

    Gernika

    20 urte gutxiago geneuzkan Ikerrek eta biok, akanpadan Gernikara joateko izan ginenean. Azkenean Aberri eguna Gernikan ospatzearekin konformatu behar izan genuen. Hango kontzertuak, punk mobidaren hasiera, gazte mugimenduaren indarra, nazioarteko ekimenak… kontatuta ikasi ditugu. Gu baino nagusiagoak zirenak joan ziren, eta makina bat fabula entzun ditugu gerora. Gazte belaunaldi oso batek oso gogoan du 37-87 ekimen hura.

    GernikaGerora, irakurri ditugu orduko kontuak. Entzun ditugu Laboaren, Kortaturen, MCDren kantuak. Kukubiltxo edo Maskaradaren antzerki obrak ikusi. Gernikako txoria ikur bihurtu zen, Picassoren eskuari kolorea gehitu zioten hemengo kartelgile ausartenek.

    Gernika gure li-buruetan
    Gernika beti egongo da gure buruan. Historia ikasi genuen ikastoletan. Liburuetan ez zetorrena ahopeka kontatu ziguten andereñoek arbelaren aurrean. Gu ez gintuzten horregatik zigortu. Guernica Gernikara margozten genuen ikastolan, ezdakigunora bialtzeko…. baina dagoeneko berandu da. Orain PNVkoek ere eskatzen dute, Agirre lehendakariak onartu gura izan ez zuen koadroa. Picassok Errepublikaren alde egin lana aurkeztu zuen Pariseko Nazioarteko Azoka batean. New Yorken egon zen gero margolana, eta badira zenbait urte Madrilen dela, bahituta. Euskaldunen ordezkariek uko egin zioten lanari, orain eskean ari zaizkigu. Memoria historikoa.

    Memoria historikoa
    Gernika, memoria, faxistak, hegazkinak. Astelehena, merkatua, jendea, kalea. Gernika, Euskal Herria. 1937, 2007. Gernika gezurrak, hegazkinak, paperak. Franco, Espainia. Alemania. Italia. Faxismoa. Euskal Herria eta bere eskubideak, Gernikan. Gernikan. Memoria historikoa diozu, baina gogoratuta, gaur egungo kontuak baino ez datozkizu gogora. Gernika, Euskal Herria. Gaur.