-
negar egiteko gogoa
Telefonoa goizean. Hartu eta dzzauss! Kolpea belarrira.
–Txaber hil dok.
Eta ezin sinestu. Ezin sinestu, aurreko astean agurtu duzun laguna, joan egin dela. Ezin sinestu, ahotsean zerbait daukala uste, eta minbiziak birikia jan diola, oharkabean.Txaber Ortuzar. Gure laguna. ETBko errealizadorea, Larrabetzuko gurasoa, erlezaina, Olarreta pilota eskolako kide, abertzalea, ezkertiarra. Zintzoa. Jatorra. Txaber, mekaendios!
Barikuan jakin gendun gaisotasun larri bat dekola, asteburuan berbaz aritu gara, ia zorterik dekon, ia aurre egiten dotson.. baie ezin, bart, goizaldeko 5ak aldera joan da.
Etxean geratu da Ines. Antton eta Joseba. Bi ume moko, alaiak, jatorrak, berbatsuak… jatorrak.
Eta ostia! zer pastan da gure herrian? Urtero notizia latzen bat, urtero lagunen bat, ezagunen bat… badoa. Oharkabean. Badoa, eta ezin ezer egin.
Herri bizia da gurea, ezagutzen gara, eta elkar maite dogu. Berba egiten dogu, kafeak hartu… eta batez be elkarrizketa atseginak izaten ditugu, auzokoen artean, herrira etorri diren guraso berrien artean, eskolakoen artean, kalean, frontoian… eta halako baten, dzzauss! ostia galanta.
Aupa Txaber. Leku atsegina izan bada hau zuretzat, ondo. Hutsunea itzela izengo da. Aurrera beti.
-
zer dira RSSak? (azalpen bideo euskaratua)
Mutilmedia blogean irakurri, zabaldun antzeko kontu bat aipatu dela ikusi, Benitoren beste aholkua jarraitu eta ni ere sartu naiz dotSUB.com horretan. Eta flipatu egin dut. Bideoei azpitituluak jartzeko aukera. Munduko edozein bideo -filme, trailer, spot, iragarki, manifestazio, albistegi- euskaraz eskaintzeko aukera. Gure lanak, munduko edozein hizkuntzatan jartzeko moduan.
Eta Arkaitzek euskaratutako bideoa dakart blogera. Zer dira RSSak? Zelan erabiltzen dira? Zer egin, ezkerrekoa bezalako ikono laranja bat ikustean? Bideo aproposa hau, ondo euskaratutakoa. Azalpenak balio beza Interneten hasten ari denarentzat, 2.0 garaiotan azalpen ona eta euskalduna. Basque %100Arkaitzekin berbetan, otu zaigu zabaldu.com zabaldu eta ezagutzera emoteko bideoak egin daitezkela agian. Animatzen zara? Egingo zenuke holango bideo orijinal bat? Guk zabalduko dugu, zaude lasai. Ea hiruzpalau bideo txukun egitea lortzen dugun.
-
inoiz baino ozenago: milaka bilaka
Gaurkoari buruz zer idatzi, zer irakurri, zer egin?
Gaurko albistea, ez da goizean gosaltzeko nahi genukeen atseginena. Gaurko albistea berriz, ez da berria. Gaurkoa da, baina izan zitekeen atzo, izango da bihar.
Espero zen albistea diote kazetari profesionalek, politiko bekarioek, espero zela diote Etologo eta politologo guztiek… espero zen.
Euskadi Irratian, arratsaldero bezala Mezularia saioa entzuten aritu naiz. Proposamenak entzun ditut. Joseba Zulaika eta Anjel Lertxundi, Petxo Idoiaga… ohikotik at. Proposamenak, azterketak. Gustura jarraitu ditut.
Baina benetan txunditu nauena Hasier Etxeberria izan da. Milakabilakaren izenean berba egin behar izan du. Hiztun ona da, etorria badu. Eta mahai gainean egoeraren zaila jarri du, egoeraren ankerra. Baina elkarrizketa posible dela, ez dela beste biderik argi utzi du. Argi utzi digu.
Entzuten ari nintzela idatzi diot telebistako aurkezle eta kazetari, idazle eta lagunari. Txunditu egin nau. Oso ondo aritu dela deritzot. Bera ez da politikaria, bera ez da gizarte eragile bat.. baina arduraz heldu dio uneari. Tenplearekin aritu da Maite Artolaren galderen aurrean, erantzun neurtu baina eraikitzaileetan.
Gustatu egin zait bere mezua, bere tonoa. Eta poztu egin naiz. Poztu, maila ematen duen jendea badugulako inguruan. Babestu, lagundu eta aurrera egiteko gai dena.Zorionak mon ami! Eta eskerrik asko.
-
Gerra gogoratzeko
70 urte igaro dira, gure ingurua bonbardatu, erre eta erasotu zutenetik. 70 urte betetzen dira egunotan Gaztelumenditik, burdinezko garrikoa erasotuz faxistak Bizkaiko hiribururantza abiatu zirela.
Eta 70 urte betetzen diren honetan, gure herrian hainbat lagun horretan jarri da lanean. Memoria historikoa esaten zaion horri heldu gurean.
Hainbat batzar egin dituzte, eta egitarau oparoa sortu. Kultur ekitaldiak -musika, hitzaldiak, filmeak- , mendi ibilaldia, argazki erakusketa taberna eta dendetan, eta gerrari buruzko erakusketa itzel bat -trintxerak, ametrailadorak, gerrako erropak, armak…-.70 urte igaro dira, eta herria atzera begira jartzea da asmoa. Gerra gogoratzea. Gerra antifaxista hura.
Guk gure aldetik, blog bat osatu dugu, memoria historiko guzti hori, memoria digital bilakatzeko. Hori da gure asmoa. Argazkiak, bideoak, audioa… dena gordetzen saiatuko gara, Interneten, dagoen artxiborik handi eta eskuragarrienean, gorde eta ezagutzera emateko.
-
Lasaitasuna behar nuen
Azken asteak zoratzekoak izan dira. Lana(k), auzolana(k), kanpaina, prentsa, urduritasuna, eguraldia, giroa… eta atsedena behar nuen, erritmoa egokitu. Lasaitu. Atsedena hartu.
Azken asteotan, ez naiz geldirik egon. Ezin nuen. Inprentak, afitxak, eskuorriak, txapak, Internet, emaitzak, bloga(k), i-legalizazioak, Euskal Herria eta Larrabetzu. Eta behar nuen. Hartu.
eta bapatean, kitto! esaten du gorputzak. Geldi hor! Zaude, lasaitu! Eta jaramon egin behar diozu. Jarraituko baduzu, egongo bazara, izan nahi baduzu. Eta aurrera!
Mundumira jaialdia izan da Aretxabaletan, Ferixie Eskoriatzan, eta eguraldi lainotsua Urkulu aldean. Giro ezin hobea Pagoagatarren baserrian. Berbaldia, sutondoa, eta une atseginak. Behar nuena topatu dut asteburuan. Eta gaur, astelehena da berriz ere.
-
Akordioak, mahaiak, bilerak
Sukaldeko lana aipatzen zen. Aupatzen, goratzen. Sukaldekoa batzen ari gara egun. Biltzen.
Bestelako bilerak egiten ari dira egunotan, alderdien egoitza, txoko, bazter eta inguruotan.
Akordioaren mahaia hutsik da. Akordio globalik ez dago, bakegintza eta herrigintza ahaztuak daude dagoeneko. Baina akordioen mahaiek protagonismo bizia hartu dute. Astelehenetik, dena da deia, dena zita, telefonotik elkarrizketa, akordiorako puntu… adostasun eta kritika.
Akordioaren kultura ez dagoela? Boterea partekatzeko, bereak eta bi egiten ari da hemen bat baino gehiago. Konbinazioek, pelotazoa ekarriko dutelako! Gora kolore konbinatuak.
Gure herrian ere, 4-4-1 emaitzaren ostean, Aralar-Iu-Independienteen zerrendak giltza eskuan dauka. Gaur bertan dira biltzekoak. Eta jakinmina pizten ari da herritarren artean. Bilera hauetatik, Larrabetzu ezberdin baterako urratsak eman daitezkelako.
Mahaiak izango dira lekuko. Mahaiak eta akordioak. Kultura interesgarri bat, galdu behar ez duguna. Eta sukaldean prestatutakoa, berriro ere mahaian zerbitzatu. Baina guztiontzat… ahalik eta partehartzaileen.
-
zabaldu.com komunitatea, ni ere bai
Egunetik egunera gehiago gara zabaldu.com egunero erabiltzen dugunak. 600 erabiltzaile baino gehiago ditu izena emanda dagoeneko.
Komunitate honetan, partehartzea garrantzitsua da, funtsezkoa. Albisteak, post ezberdinak, zurrumurruak, gertaerak, pasadizoak, bitxikeriak, gauza serioak, barregarriak… denetarik zabaltzen dugu egunero egunero. Komunitate aktiboa da, eta gure blogosferari begiratzeko modu bat da zabaldu.comEuskarazko Internetgintzan, aspaldian sortu den tresna garrantzitsuenetakoa da Arkaitz Zubiagak euskaratu eta garatu duena. Atzetik gabiltza beste hamaika lagun. Entusiasmoa eta gogoa. Irudimena eta garapena. Funtsezkoa da hori.
Txakurtxikirik inbertitu barik, baina pelotazoen ameskeria barik, egunez egunez, euskarazko albisteak zabaltzeko tresna ezinhobea da hauxe. Horregatik, komunitatea sortu dugu.
Bide batez, komunitatekoon arteko ezagutza bultzatzeko, gure azken post-ak irakurtzeko, komunikabide laguntzaileak (Gaur8, Gara, Berria, Argia…) sortzen dituzten berriak irakurtzeko, blog komunitateetan mugitzen dena jakiteko… gauza askotarako izango da baliagarri komunitate berri hau.
-
zer gertatu da Hego Euskal Herrian?
maiatzak 27. Beste hauteskunde egun bat gurean. Beste bat. Demokrazia horrelakoa dela diote eta. Nik oraindik ez diet sinesten. Kosta egiten zait. Demokrazia?
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, herri mailako bozak, batzar nagusietarako eta Nafarroako parlamenturako hautagaiak lehian. Igandez.
Emaitzak
Eta emaitzek, kolore aniztasuna agertu dute gehiengoen burruka honetan. UPN-k gehiengo osoa galdu du Nafarroan bezala, hiriburuan ere, Iruñean. Alfonso Alonsok galdu du Gasteiz. PSOE nagusitu da Gipuzkoak, ANV 187.000 bozka eskuratu ditu, EAJ-PNV-k jeitsiera nabarmena izan du, Bizkaiari eta Bilbori eustea lortu duen arren, kostata onartuko dute galera demokratikoa. Ezker abertzaleak 700 hautetsitik herena ilegalizazio egoeran ditu.

Astelehena bilera eguna da gurean. Astelehenez balorazioak egin dituzte denek. Bezperan denak ziren garaile, atzo denak mokoka. Gaur ordea, elkarrekin jezartzeko prest. Elkarrekin gobernatzeko pronto. Politika. Demokrazia. Boterea.
Alderdi zopa
PNV-k Aralar eta IU gura ditu Gipuzkoan errauskailuak eta Y trena martxan jartzeko. PSEk EAri eskaini dio gobernua. PP-k ez daki PNV zelan kendu Getxoko alkatetzatik. Uxue Barkosek ikurriña jarri beharko du San Ferminetan ANV-k alkatetu dezan, Purasek (PSN) UPNkoen lehendakari gura luke, eta imaztarrek Egibarri leporatzen diote Gipuzkoa eta Arabako galera. PNV-k Ibarretxeren 600.000 boz haietatik erdira jeitsi du bere kouto Imaz buru duenetik. Baina ez dut nik ur hoietan nabigatzeko asmorik.Hauteskundeak 2.0
Hego Euskal Herria bizi bizi dago. Hauteskundeak izan dira. Beste behin. Eta horretaz ari gara egunotan, tabernetan, lantokietan, lagunartean. Eta hori ez da txarra. Hori bizigarri da. Bizi garen seinale. Politika profesionalizatua dago, baina herritarrok ere adierazten dugu kezkarik. Blogetan ere mintzo gara, teknologiaz baino gutxiago agian, katuei buruz baino gehiago… baina ari gara. Hauteskunde hauek berebiziko garrantzia izan dute gure Interneteko panoraman ere. Blogak, rss jarioak, bideoak, informatiboak. Eta partehartzea?
-
zer gertatu da Larrabetzun?
maiatzak 27, 2007. Egun historikoa azkenean.
1983tik udaletxean egon den alderdiak, EAJ-PNV, betiko nagusitasuna galdu du gure herrian, Larrabetzun.
Ezker abertzaleak (EAE-ANV) eta IU-Aralak-Independienteek, 200 boto gehiago lortu dituzte batera hauteskunde munizipaletan.
Blog honetan bertan, aurreikusi -gehiago amestu- genuen emaitza gertatu da azkenean gurean: 4-4-1.
PNV-ren gestioak, jarrera, harrokeriak, inposaketa giroak aldaketa ekarri du. IU-Aralar-Independienteen sorrerak, aukera bat eskaini die beti PNVri bozkatutako batzuek ezberdin bozkatzeko. Eta ezker abertzaleak, inoizko emaitzarik onenak -463 bozka EAE-ANV-k- eskuratu ditu.
Lau zinegotzi izango ditu aurrerantzean PNV-k -9 euki ditu azken lau urteetan, 6 edo 5 aurreko legegintzaldietan. 24 urte egin ditu herria gobernatzen. Eta herriak aski da! esan du ozen. Hori damaigute emaitzek. Historikoa izan da.
Ezker abertzaleak, paper garrantzitsua izango du aurrerantzean, PNV-rekin 35 bozka botoko diferentzia baino ez du gaur egun. Orain arte, ia 200 izan direnean gehienetan. Egoera berria sortu da, gazteenek eta herrira bizitzera etorritako hainbat familiak aldatu dutena.
Larrabetzun zer gertatu den badakigu, aurrerantzean zer gertatu daitekeen marrazteko dago, ikusteko, kontatzeko… gogoz kontatu, ikusi eta biziko dugu. Guztion artean.
postdata: Ez da kasualitatea, hauteskundeetako astean bertan, PNV-k badaezpada udaletxean oniritzia eman dio herritarren artean ezinegona eta haserrea piztu duten Arau subsidiario edo Plan Orokorrari. Badaezpada bozkatu eta onartu egin dute. Antza bazekiten zer zetorren. Pozik daude, egon ere, konstruktore, inmobiliario eta zenbait lurjabe eta kazike. Ikusteko dago, horrekin ere zer gertatuko den.
-
Gogoeta eguna(k)
Pentsatu duzue? Hartu duzue atseden? Irakurri dituzue egunotan banatutakoak?
Gogoeta eguna deitzen diote gaurkoari. Sarriago beharko genituzke, horrelako atseden egunak, nolabaiteko etena, baina ez hauteskunde makinariari zuzenduta bakarrik, gogoeta egunak edo uneak beharko lirateke lantokietan, kalean, ikasketetan… dena gelditu, eta pentsatzen jartzeko.
Beharbada, gauzak hobeto etorriko zitzaizkigulakoan nago. Geldirik nagoen honetan, mundu guztiak lotan jarraitzen duen artean, euria atertu barik dabilen bitartean. Izan be, euria ari du aspaldion, euria gogotik. Euria gogoetarako.























