-
gazte egonaldiak
Gasteizen izan naiz azken bi egunotan. Gazteagoekin aritu naiz, 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoekin. Asko ikasi dut, belaunaldi berrien argazki bat egiteko aukera izan dut bi goizetan. 80 gazte, Euskal Herri osokoak. Nafarrak batez ere, nabarmenak direlako, bizkaitar zenbait, arabarrak, Iparraldeko batzuk, eta oharkabean igaro zaizkit gipuzkoarrak. Gasteizen, beraien gazte egonaldien karietara.
Bloga egiten, blogean idazten ikastea zen helburua. Blogak ezagutzen zituzten batzuk -ikastolan bazutelako, messengerretik ezagutzen zutelako, entzun dutelako- eta blogeatzen aritu gara.
Egia esan, ikasi eta erakutsi dena bat izan da. Bidai lagun izan ditut beraien egun hauetako begiraleak -Txomin, Nagore,…- eta Gasteizko Sareguneko arduradun Premin eta beste kordinatzaileak.
Bi blog egin ditugu batez ere: gazte egonaldiak 07 eta Soinuetan blai 1.0 Esperientzia ona izan da. Bideoak jartzeko abilezia erakutsi dute -youtuben ondo murgiltzen dira, arraioa!-, argazkiak zelan sartu, google euskaldundu dugu, testuak idatzi…
Blogak egitearekin batera, Hala Bedi irratian irrati emankizun batzuk egin dituzte, ikusentzunezko laburmetraia batzuk grabatu dituzte, grafitiak egitekoak ziren, bizikletan ibili dira, Etxeren kontzertua izan zuten aterpean bertan…. eta gehiago jakin gura baduzue, jo beraien gunera.
Saregunen egin dugunari buruzko bideoa grabatu zuen Preminek bere telefonoarekin.
-
Tailerrak 2.0
Uda heldu da.
Ikastaroak, udako kurtsoak, unibertsitate eta campusak. Master, kreditu eta enparauak.
Ikasteko gogoa bai, adituak entzuteko apetarik ez ordea.
Tailerrak 2.0 eskaintza interesgarria.
Gure komunitatea, gure Interneteko presentzia, gure jakintzan aurrera egiteko urratsak. Beharrezkoak. Bide baten hasiera baino ez, abiapuntua alegia.
- Wikipedian eduki gehiago sartzeko.
- Blogak egiten ikasi baino, blogekin beste gauza batzuk egiten hasteko. web 2.0 kontzeptua gurera egoki ekartzeko.
- Podcasting-a zer den baino, zelan egin asmatzeko.
- Ubuntu bidez, software librean barneratzeko. Jarduteko.
- Eta uda ostean, irailerako asignatura: bideogintza. Eguzki bideoak kolektiboarekin batera egin beharreko ikastaroa. Interesgarria, oso azken hau.
Izena emateko, parte hartzeko, proposamenak luzatzeko, zabaltzeko, hedatzeko, kezkatzeko… edozertarako sartu hadi wikian.
-
Let´s come together
Gustatu zait Europar Batasuneko Media proiektuak, europar zinema bultzatzeko egin duen irudien bilduma eta bideoa. Korritu gaitezen elkarrekin bada! -
Kukuxumusu ere hasi da telebista kontuetan
Kukuxumusu aitzindaria da Internet erabiltzen. Nazioarteko joera da arrakastatsua da Interneteko bideoena. SanFerminak aitzaki hartuta, nazioarteko arrakasta izango du telebista proposamen honek ere. Ohikoa dute; profesionaltasuna, umorea eta Iruñeako giroa. Bejondeiela.
Euskal Herrian gero eta proposamen interesgarri gehiago dago. Begira jarri, eta ea zeozer ikasten ahal dugun. -
web 2.0 azaltzen ari zaizkigu oraindik
web 2.0 aspaldion Interneten gehien erabiltzen dugun berba hori. Azalpenak ematen ari zaizkigu oraindik. Azalpenak, hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak, negozioa… eta zenbait bideo interesgarri ere.
Hau ikusi dut berriki, eta hona ekarri dut. -
EHZ festibalera goaz
Guk ere bukatu dugu ikasturte/denboraldia. Aurrera egiteko indarra hartuko dugu orain, eta ospatzera EHZ jaialdira goaz. Asteburua Zuberoako Idauze Mendin eman, eta kontzertu piloa, hitzaldiak, antzerkisaioak, eta ondo ondo pasa ostean, itzuliko gara.

-
Miren Deun txaidiatik idazten
oharra: mezu hau duela hamar egun argitaratu beharrekoa zen, ziberespazioan galduta ibili da baina. Argitaratu botoia sakatu nuen. Ez zen argitaratu. Ez nuen berriz topatzen. Andra Mari kaletik abiatu, eta gaur itzuli da nire arbelera. Argitaratzea erabaki dut. barka eragozpenak. Â
Astelehena. Goiz eguzkitsua. Kalera irtetzeko aproposa. Gerizpetan be ondo, ezin hobeto. Egunkariak zabaldu eta futbola. Kafea eskatu eta futbola. Lagunen bat agurtu eta futbola. Baloiaren minak esnatu du gaur Euskal Erdia.
Bart, Athletic-ekoak ere berton izan dira, Azurmendi jatetxean afaltzen, eta ez da beste berbagairik bazterrotan. Bejondeiela!
Derecha unida Larrabetzun
Kezkatuago nago ni, zapatukoagatik. Euskal Herrian, aldaketak nagusi izan diren unean, Azpeitia, Ondarroa, Mendexa, Atxondo, Igorre, Arrasate… giro berria, alkatetza gorriagoak… Larrabetzun kaka zaharra.
Derecha unidak posible egin du gurean berriz ere Tomas Ordeñana izeneko alkate faxista, inposatzaile, erdaldun eta tontolaba hau berriro egotea. Aralarrekoek ahaleginak egin dituzten arren, koalizio horretan espainolzaleek agintzen dutela nabarmendu da berriz ere. 4 zinegotzi PNV-k, 4 ANV-k, bakarra Iu-Aralar koalizioak. Baina giltza bere esku. Ezkerretara egin, edo eskumatik jarraitu. Lotsagarri. Abstentzioak eskuma inposatzailea bermatzen du. Badakite jakin. Baina… zer egon da tartean? Bilbon Julia Madrazoren aulkia? PNV-ren eskaintza berton? Ezker abertzaleari ez aukerarik emateko determinazioa? Ala biolentzia da aitzakia?
Ezin ulertuta nabil. Baina, lau urte zailak izango dira hauek. Alkatea minorian dago, ez dauka ekipo onik. ANV ilegalizazioa gainditu ostean gogotsu, kandidatura berria, esperientzia eta gaztetasuna uztartuta, bi emakume eta bi gizonezko. Eta inoizko bozka gehien lanerako berme. Aldaketa indartzeko herri programa bat, ehundaka lagunen partehartzearekin. Ekonomia, gazteria, kultura, euskara, teknologia berriak, ogasuna, osasuna, hezkuntza, ingurugiroa, lurra…. gauzatzeko moduko proposamenak egongo dira lau urteotan ere. eta pleno bakoitzean erabaki beharko du Derecha unidak, zer egin, zer ebatzi, zer bozkatu. Beti boterearen alde? Eta programa? Eta botoak? Lau urte interesgarri duda barik.
Bitartean, segi aurrera!
Bitartean, gure herriak bizi bizi jarraitzen du, udalaren laguntza barik be, eta zer egingo diogu ba? 1937ko gerra antifaxista gogoratzeko ekimen ugari eta interesgarriak izan dira egunotan -funtziotan egon den alkateak ze oztopo jarri dituen ez galdetu niri- jende asko pasatu den, Larrabetzun inoiz egin den erakusketa interesgarrienetik, Hitzaldi entzutetsuak, Joseba Tapiaren kontzertu ahaztezina, Koldo Izagirreren memoria historikoa freskatzeko ariketa, Ezkaba filmea, mendi irteerak… denetarik.
Zapatuan bertan, eskolaren jaia, Eusko gudarostekoen kontzertua… zer esango dizuet. Pozik bizi gara hemen, atsekabeei aurre egiteko besarkadak eta maitasuna, indarra elkarri eman,
-
Venezuelan ofizialtasuna eskatzen duzunean
Hamaika ikusteko jaioak gara! Ez gara baina Jamaikara joan, Venezuelara baizik, Madrileko egunkariek horrela itzuli gaitezen.
Hizkuntzaren ofizialtasuna? Zertarako?
Horrela hobe da. A esan, eta B itzuli. D ulertu, eta G barrezka igarotzeko goiza. Ez da txantxa.
OFIZIALTASUNA NAHI DUGU:
Zer eskatzen dugun, eta zelan itzultzen duten.
Un grupo de jugadores de la Segunda División Española portando una pancarta en Caracas en honor de Chávez y De Juana Chaos. Lo que dice, sinceramente, no lo hemos comprendido porque hay muchas faltas de ortografÃa. -
txin txin- txin txin! diruaren rocka
Diruaren hotsa. Musikaren norabide berria. Instrumenturik preziatuena. Ahotsak itzali dira, mikrofonoek kutxazain automatikoetan baino ez dute soinurik egiten. Argi gorriak piztu dira, baina bbk-ko iragarkikoak dira. Bideo pantailan ez da besterik ageri. Nola izan bezero. I like rock & you? How are you.
Bukatu da rocka. Hasteko dago borroka. Musika iruzurra da, eta zu dantzan zaude. This is bbklive, eta gu ez gaude bizirik, hau da gure patua. txartelgorria eskaini dizute… baina badago egon, txartel gorria zeini eskaini.
Ehundaka milioi euro, musikaren, kulturaren, ikuskizunaren… alde. Eta alde egiteko gogoa pizten zaizu. Alde egiteko, hori bai, Bilbobusa prest duzu, ea bidean gauza txarren bat okurritu eta kutxazainetako diru guztia hustu edo erreko duzun… badaezpada.
Rockarenak egin du, multinazionalak izan ziren lehenago, banketxeak orain, pelotazoa egin gura duten antolatzaileak beranduago… beti dago norbait. Taldeetako ameslariak ere, abestu eta aberastu, dena bat. Eta zer egin behar du entzuleak? Konformatu? Aldatu, kantatu, ordaintzen segi?
Rocka hilda dago, eta ez naiz ni izan. Osteguna eta ostirala Kobetamendin eman ostean, erabaki dut ez naizela berriro joango… ez dudala harako gogorik. Izarrak, nahiago zeruan ikusi….
-
Joan da aste hau ere
…eta batzuetan gurago. Izan be, ondo hasten ez den astea, hobe ez hastea. Eta zenbat kosta amaitzea!
Ez genuen ondo hasi, baina hartu du tankera, apurka apurka. Egunak joan ahala, eginahalak eta bi izan ditugu, geldi ez gara egon, eta zapatuko gertakizunen zain, adi adi gaude, plazaren bueltan.
Asteleheneko kontatu nizuen, mezuak jaso ditut gero, eta horretaz mintzatu gara hemen eta han. Tristura nagusi astelehenean eta martitzenean. Hutsunea orain. ETBkoak, Larrabetzukoak, San Inaziokoak… denak kalean elkartuta. Agurtu dugu Txaber. Ez adiorik.
Lasaitzeko edo, irratsaioa egitea izaten da onena horrelakoetan. Estudioan sartu, musika jarri, eta berbaz jarraitzea. Saioa txukuna atera zitzaigun Jabi eta biori, martitzenean bertan.
Eguaztenean, San Antonio. Aitzakia ona Urkiolara joan eta zapatak urratzeko.
Koldo Izagirre eta Joseba Tapia eguenean Hori Bai gaztetxean. 1936-37ko gerra hizpide. Kantuak, egunkariak, pertsonaiak -gogoan hartzekoa Cristobal Errandonea- Joseba Tapiaren soinua… berandurarte.
Eta oharkabean, barikua. Badoa astea. Eta biharkoa hizpide kafe artean, lagunekin, herritarrekin. Udal berria osatzen da bihar Hego Euskal Herriko udaletxeetan. Gurean, berriago izateko aukera asko daude, ezkerrera egiteko modua egongo da, beti ere IU-Aralarrekoek gura badute. Ezker abertzaleak, inoizko emaitzarik onenak lortu dituen honetan…. ikusiko dugu zer gertatzen dan.
Bihar biharkoa, orain pantaila guztiak amatatu eta etxera noalako. Lanak ahaztu, eta asteburuaz gozatzera.





























