• e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Hasier Etxeberria: “Ederra litzateke zintzotasunaren araberako kategorizazioa egingo lukeen zerbait”

    Hasier Etxeberria
    baga) Blogaria zergatik?
    Neuk ere ez daukat argi. Esan dezagun atsegin dudala saltsa eta lagundu egiten didala sorkuntza lanetan. Orohar, gainera, maczalea naizenez, beti ukan dut tripetan ibiltzeko joera.

    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?
    Gogoak eman ahala idazten dut, astean hiru-lautan. Lagundu egiten dit errealitateari zehatzago behatzen. Bestalde, egiten dudan gehienaren bilduma izateko ere sortua da bloga, desordenatua bainaiz paperekin. Hortxe ditut neure artxiborik gehienak, saran, munduko edozein ordenadoretik neure eskura: artikuluak, gogoetak, iritziak, liburu osoak, proiektu hasi beriak… edonongo bazterretan ekin diezaioket lanari, hala erabaki ezkero.

    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?
    Izatekotan, Sustaturen inguruan eta, nire kasuan armiarmaren inguruan. Zelabaiteko zerbait bada, bai.

    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?
    Informatzeko bidea, batez ere. Errekreatzekoa ere bai, zenbaitetan.

    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?
    Dudarik gabe euskararen presentzia handiagoa. Ederra litzateke, halaber, zintzotasunaren araberako kategorizazioa egingo lukeen zerbait, kaka azken lekura botako lukeena eta urrea aurrera. Baina ni ez naiz inor, jauna.

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?
    Posta elektronikoaren bidez bai. Lagun bat egin nuen, geroago neure lankide egin nuena. Duela bost urte edo.
    Mexikon ere egin dut lagun bat blogaren bidez, DFko La Jornada egunkarian idaztea proposatu didana. Alonso Ruvalcaba du izenahttp://antrobiotics.blogspot.com/ eta erdi zoraturik dago. Idazle fina da. Elkar ikustekotan gara, han edo hemen.
    Mikel Iturria ere blogak direla medio ezagutu dut.

    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…
    Ez dut arazorik liburu eder batekin arbolapean etzanda egon eta hura amaitu artean Internet ahazteko. Baita astebetez ere. Ez naiz dirudi dudan bezain lerdoa.
    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.
    Doako gomendioak neure blogetan bakarrik ematen ditut. Beraz alua mundua euskaraz eta glotonia gaztelaniaz.

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.
    Saltsero letrazale mokogozo zazpiki bat.

    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.
    Zer arraiotarako behar dira ordenadore eramangarriak bazter guztietan ordenadore tinkoak baldin badaude?

    tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.
    Mikel Iturriari.

  • gaztelumendi.eus

    Gogoratzen jarrita

    Horrelakoetan gogoratzen hasten zara. Hedabideetatik, behin eta berriro errepikatuko dizute gaurko egunez zelan gertatu zen dena.

    Gu bazkaltzen geunden, Iñakiren tabernan, Bilbon. Jabiri amak deitu zion telefonoz, ordurako mugikorra ere bazuen berak, eta New Yorken zeozer gertatua zela adierazi zion. Bazkaldu eta gero, kafea behean hartu genuen, eta horretan ari ginela, bigarren hegazkinak jo zuen Dorre bikiaren kontra. Eguerdiko albistegiek zuzenean eman zuten bigarren hori. Mundu mailako errentrasmisioa izan zuen ekintza harka. Zuzenean ia mundu osoan.

    Alde zaharretik Kafe Antzokirantz abiatu ginen. Berbetan, zer izan zen, ondorioak, mundua, gerrak… eta han ron txupito bat edo beste hartu genuela gogoratzen dut. Ez ospatzearren, ez horixe, baina rona edan genuela gogoan dut. Akordatzen ari naiz.

    Eta gogoratzen jartzen zara horrelakoetan. 6 urte igaro dira, baina atzo izan zen. Irailak 11, 911, New York.

    Aspaldikoagoak

    Gogoratzen jarri, eta aspaldiko kontuekin egin dut topo Interneten hau ikustean. Aspaldiko kontuak bai, Bilboko parke honenak. Zenbat arratsalde eman genituen han, zenbat atrakzio… zenbat une atsegin. Itxita dago aspaldiko urteetan, eta orain bisita gidatuak egingo ditu Saioa del Olmok bertara. Joateko gogoa piztu zait, gogoratzen jarrita.

  • e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Iban Arantzabal: “Internetek euskara gehiago behar du, gehiago eta gehiago”

    Iban Arantzabal

    baga) Blogaria zergatik?

    Papera probatua dut. Lehenengo irratian jardun nuen, denborarekin telebistan aterrizatu dut eta azkenengo 6-7 urtean Interneten murgilduta nenbilen… Sustatun lanean hasi nintzenetik hemen edo han egin ditut sartu-irtenak. Orain ni izango naiz nire buruaren zentsore, editore, kritikari, iritzi-emale… Gura dudanean, gura dudan moduan eta harri handi bat gainean izan barik. Hori dana egin daiteke blog batekin. Zergatik ez blogari? Denbora kontua zen.


    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

    Komunikazio enpresa ilusionante baten dihardut lanean, Goiena omunikazio Zerbitzuak Koop. Elkartean. Irratian, telebistan eta Interneten jarduten dut gehien eta baita paperean ere. Zuzendaritza taldeko kide naiz eta nire egitekoa, gainontzeko lankideenarekin batera, euskara hutsezko komunikabide erreferente izaten jarraitzen
    laguntzea da: http://www.goiena.com/goienakoop/misioa Bloga pertsonala da eta lanetik ez elikatzea hautua izan da. Telebista gutxiago ikustea erabaki dut eta ordu horiek liburuei eta blogari eskaintzea.


    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

    Horixe baietz! Euskaldunok beti hil kanpaiak jotzen jarduten dugu.
    Gustatzen zait tonu positiboagoan jardutea. 5465 blog daude euskaraz: komunitateak hainbat daude eta horiek guztiak ondo baiño hobeto kusten ditut errepresentatuak aurki.com-en. Asko gara eta gero eta gehiago. Arantzabal.com beste harri txiki bat da 5465 horiek + bat.


    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu… Internet zer da zuretzat?

    Horiek denak dira. Komunikatzeko tresna izugarri ona, bizia eta raginkorra da. Lagun askoren iritziak irakurtzen ditut, erantzun eta idatzi ere bai batzuk, jarraitzen ditut informazio iturriak feed irakurgailuaren bidez, skype asko erabiltzen dut, argazkiak sareratzen ditut… pentsa, kuadrillako afarietarako ere kuadrillako blogean eman behar izaten dut izena. Oso praktikoa da Internet eta orain erraztasunean asko ari da garatzen. Nik ere horrenbeste gauza egiten ikasi dut…


    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

    Oraindik ere pisu idazten dugu. Oraindik ere pentsatzen dugu blogak idazleek elikatu beharrekoak direla. Oraindik “h”-ak ondo idazten dakizkien jendearendako direla pentsatzen duenik badago eta ez! h-ak leku okerrean idatzitako blog gehiago baleude hobeto! Komunitatea handitzea garrantzitsua da euskararentzat eta kalitateaz ere jardutea txarto egon ez arren kantitatearen aldagaia beti izango da oso garrantzitsua. Internetek euskara gehiago behar du, gehiago eta gehiago.

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

    Interneten biluztu diren lagunak ditut. Ni lotsatiagoa naiz.
    Komunikatzea miresten dut, baina dena kontatzearekin ez dago lotuta, ezta? 🙂


    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

    Ufff. Egun asko dira horrelakoak. Nireak lotura handia izaten du lagunekin gozatzearekin, neskalagunarekin, Espaloia Kafe Antzokian jardutearekin, herrian inplikatzearekin… Eta bai, telebista ikustearekin, plazako bankuan jarrita egotearekin, pipak jatearekin… Hain da normala nire bizitzako egun bat…


    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

    Nire gusturako gutxiegi idazten duen arren ;-( badut lagun bat maite dudana eta baita bere bloga ere: Askok ezagutuko duzue eta tonu hori da erakartzen nauena.
    Zerikusirik ez duen arren tonu horrekin, eibartarrak zerrenda da beste irakurketa gustuko bat. Blogeko Amatiño baiño gusturago irakurtzen dut Amatiño arrazoiei bueltak ematen posta zerrendan, kriston kapazitatea du.

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

    1) euskalduna
    2) herrigintza
    3) espaloia
    4) goiena
    5) arantzabal


    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

    Blogean erantzun ez duzunez… kazetariak teknikari edo teknikariak kazetari? Hi, kopiatu arantzabal.com-en ere e? edukia behar dugu sarean-eta… 😉


    > tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

    Kateak apurtu behar direla ibiltzen naiz esaten beti… Ba bloga egin guran eta animatu ezinik dagoen horri akaso?… eta katerik ez baduzu apurtuko: blogetan “anonimo” erantzuten duten horiei.

  • teknologia berriak

    Saregune sarigai

    Hala Bedi irratiaren bitartez jakin berri dut. Saregune, Gasteizko proiektu teknologiko/soziala finalista hautatu dute APC elkartearen Chris Nicol software libre sarian.

    Saregune, Gasteizko alde zaharrean dagoen proiektua da. Teknologia berriak auzoarekin uztartuz, alde zaharreko kultura eta hizkuntza guztietako lagunek, toki bat -toki libre bat- daukate euren zerbitzurako. Ordenadoreak erabili, software librea ezagutu, alfabetatu, ikastaroak egin, eta lana ere aurkitzen dute bertaratzen direnek.

    Uda honetan, zenbait aldiz izan gara bertan. Gazteagoei ikastaroak emateaz gain, Tailerrak 2.0 ekimenean Maite Goñi eta Gorka Juliorekin ere izan nintzen.

    APC Chris Nicol

    APC elkartea aspaldikoa da, Internet sortzearekin batera ezagutu genuen. Komunikazioa eta aurrerakuntza teknologikoak, ikuspegi sozialago batetik lantzen duen nazioarteko ekimena da.

    Chris Nicol saria, software librearen inguruko proiektuen artean nazioartean hedatzen den saria da. Bertarako hautatua izan da Gasteizko Sareguneren proiektua.

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Iraila

    Hasi da, hasi dugu.

    Urte berri on! esanez agurtu ditut goizean, eguerdian arratsaldean lagunak. Zeozer hasten da berriro ere irailean. Lanera batzuk, ikastetxetara beste batzuk, jolastokiak husten hasten dira, tabernetan iraileko aldapa, kolorea zuritzen hasten da azalean… oporrak argazkietatik gogoratzen dituzu eta berriro zurrunbilo berri batean murgiltzen zara. Iraila.

    Uda honetan berriro entzun dut Balerdi Balerdik inoiz egin duen abestirik hunkigarriena. Iraila. Gaur reggaea entzungo dut hala ere… gorputzak martxa eskatzen dit oraindik, eta reggaeak, martxa eta deskantsua uztartzen dituela pentsatu dut autoan nentorrela.

    Iraila da, eta euskal Interneta bizi bizi ikusi dut. Jarraitzen ari naiz. Aplikazio berriak, blogari ezezagunak, proiektuak.. zer ez den sortu uda honetan.. gu geu ere martxan jarri beharko gara orduan. Burua bero bero, boltsikoak hustuta… irudimenari ekin behar. Ea ba.

    EuskalTube. Bideoak eta ikusentzunezkoak.

    Txioka.net Euskal Herriko twitter zaleak biltzen

    Teknopata. Joxe Rojasen blog ezin interesgarriagoa.

    Zabildu. Aplikazio sozial bat.

  • larrabetzutik

    Larrabetzu jaietan

    Hasi dire herriko jaiek. Ondo hasi be. Gaur txupinazoa dan arren, bart herri afaria izan da plazan. 300 lagunetik gora, kuadrilaka, kantuan eta afanean. Gogotsu hasi dira uriko jaiak, irailarekin Eleizalden amaitzeko. Gora Andramariek! Gora Emeteriek!

    Herriko barri jakin gure bozu: larrabetzu.org

    Larrabetzu jaietan

  • e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Jabi Zabala: Paperezko egunkariak oso gutxi irakurtzen ditut egun

    jabi zabala

    baga) Blogaria zergatik?

    Zer pentsatzen dudan, zer gustatzen zaidan, munduaz dudan ikuspegia… ADIERAZTEKO. 2007an ez naiz fanzine bat egiten hasiko, ezta? Interneten komunikaziorako ahalmenak hasieratik liluratu ninduen. Nire bozeramale ofiziala da bloga.

    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

    Lantegian komunikazio munduan nabil, Internetekin lotutako zereginetan gehienbat. Horrez gain, nire egitekoak harrikoa egitea, lagunekin, lagunarekin, familiarekin egotea, txakurra ateratzea… Blogak denbora asko kentzen dizu, apur bat hemendik, apur bat handik… Desorekak beti sortzen dira bati asko emanez gero.

    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

    Noski, bada euskal komunitate bat. Badira komunitate horretan sartuago dauden blogak baina baita aparteago daudenak ere.

    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?

    Norabide anitzeko eta izaera anitzeko edukien komunikabidea, nik une honetan informazioa eskuratzeko gehien erabiltzen dudana. Paperezko egunkariak oso gutxi irakurtzen ditut egun. Komunikatzeko, argazkiak argitaratu, testuak, bideoak, e-posta asko erabiltzen dut, saretik telefonoz deitu…

    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

    Botere autonomo txiki asko, zentsuraren aurkako berme gehiago, hirugarren munduaren presentzia handiagoa, hizkuntza txikien presentzia handiagoa…

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

    Batzuk, bai. Esaterako, sarearen bidez lagun bat ezagutu eta haren etxean astebete pasatu nuen Holandan. Gehienak, baina, hurbilago ezagutu ditut eta euskaldunak dira. Hamar urte hauetan, Internet dela eta, dozenaka lagun interesgarri ezagutu ditut.

    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

    Erlaxatu, deskonektatu egingo nuke, hori bai, edonon egonda ere. Akaso hondartza-mendi egun bat litzateke, egun osokoa ia, aspaldi egin ez dudan horietakoa. Kostaldeko haitzarte bakartian biluzik bainatu, bokata jan eta gerizpean zerbait irakurri… Gero herrira heldu eta zerbeza hotz batzuk edanda oso zoriontsua izango nintzateke. Oporrak behar ditudala igartzen da, ezta?

    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

    Garai batean egunero irakurtzen nuen alt1040.com, hain famatua bilakatu aurretik. Egunero blog, webgune eta hedabide zenbaiten bilan modukoa egiten dut. Ezagutzen ez duzun bat gomendatuko dizut: www.wsahara.net – ingelesez Mendebaldeko Saharari buruzko informaziogune bikaina.

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

    kazetaritza, hizkuntzak, baroja, argazkiak, sareak

    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

    Noiz bueltatuko dizkidazu zor dizkidazun 30 euroak? …Broma da. Zein izango da zure hurrengo proiektu zoroa, duela hamar minutu bururatu zaizun hori?

    iPtx: Egia esan, aspaldion zer egin pentsatzen dihardut. Interneten jauzi bat eman beharra dagoela uste dut. Podcasting-a izugarri gustatzen ari zait, etxean egindako saio bat daukat aspaldian buruan, eta udagoienean horretan murgildu gura nuke. Baina galdera sorta hau, bidenabar, nire iparrorratza ez herdoiltzeko baliatu gurean nabil. Zer egin hobeto asmatzeko. Hamar minutu baino gehiago daroat horrekin bueltaka.

    tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

    E-goitz Goikoetxeari, reggaezale, blogari eta Euskal SEO gizon bizkorrari

  • hamaiK -hamaika kontu-

    [ hamaiK 11 kontu ] e-hizketan hasiko gara

    Ekimen berri bat abiatuko dut blog honetan: hamaiK
    Lagun batek, behin eta berriro errepikatzen didanez, behin eta berriro eskatzen didanez elkarrizketei ekitea, e-hizketan hasiko gara aurrerantzean.

    Elkarrizketak egingo ditut, 11 izango dira. Hamaika blogari ezberdin izango dira; blogik blog, Internet, blogosfera eta bizitzari buruz arituko gara. Berbetan.
    11 galdera izango dira, 10+1. Hamaika itaun Internet bidez eginak, luzatuak. Erantzunak ere hamaika izan daitezke, nork jakin.

    Lehenengo galdera sorta Jabi Zabala lagunari jaurti diot. Harek beste bati egitea proposatuko du, hurrengo bati harek, gero besteren bati… hamaika elkarrizketa egin arte.

    hamaiK hasiera da. e-hizketan hasteko aitzakia. Esperimentazio bat elkarrizketa digitalen aroan. Ez dakit zer emango duen, baina jakinmina daukat. Galderak arruntak dira, agian aldatzen joango naiz, erantzunen arabera… baina ikusiko dugu hori ere.

    hamaiK honek bere bidea eginen du, ziur. Amaitzea espero dut, beste zerbaitetan abiatzeko berriz ere. Gogoeta egiteko, galdera-erantzunetatik –e-hizketak– ondori batzuk plazaratzeko. Gogoeta hoietatik ikasteko. Ikusten dugunaren berri emateko, egin nahi genukenari heltzeko.

    Udan hasi eta udagoienean amaitzeko ekimentxoa izango da. Internet bidez… asterik aste.

    Hasi gara bai, eta ez gara berehalakoan lotuko.

  • larrabetzutik

    Udaminez

    Uda deitzen diogun hori badoa, astiro astiro. Egunak goizean hasi eta ilunkerarekin amaitzen ari zaizkidan aro honetan… ikaratuta nago.

    Oraindik ez dut uretan segundu bakar bat eman. Ez dute nire besoek igeri egin, ez dut oraindik  itsasoko kresalik, Iratiko urik ezta igerileku ziztrin bateko klororik dastatu.

    Herrietako jaietara joan barik, txoznetan egon barik, garagardoen aparrik dastatu barik…

    Uda badoa, eta hemen geldi nago ni.

    Tourrak amaitu behar du, lanak iraunen du, goizetan eguzkia ateratzen da, eta hemen jarraitzen dut nik, geldirik.

    Uda badoa, eta ez daukat bere berri.

    Ezagutzen baduzu, kontaidazu, jakiteko irrikitan nago eta.