• e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Katixa Agirre: “Batzuentzat bloga da euskaraz aritzeko leku bakarra”

     

    baga) Blogaria zergatik?
    Dibertigarria delako, eta zure txokotxo propioa izatea ahalbidetzen dizulako, alegia, protagonismo apur bat eskuratzea.

    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?
    Ordenagailu aurrean ordu ugari pasatzen ditudanez, erraza da blogen munduan erortzea behin edo behin, besteenak irakurtzeko eta baita norberaren blogean idazteko ere. Egia da (hau aitortu beharko dut) prentsarako-eta idazten ditudan beste artikuluak birziklatzen ditudala blogerako.

    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?
    Noski badagoela, eta handia dela esan daiteke. Nik badakit (tartean lagun batzuk ditudalako) zenbait pertsonentzat bloga dela euskaraz aritzen diren leku bakarra. Beraz, beste aukerarik ez dutenentzat euskaraz egiteko eremu bat sortu dugu, eta eremu txukuna da, egunero gauza interesgarriak topa baitaitezke.

    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?
    Nire munduaren zati bat, munduarekin harremanetan egoteko tresna inportantea. Aipatzen dituzun aditz horiek guztiak eramaten ditut aurrera.

    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?
    Benetan mundu guztira zabaltzea. Ez gaitezela geratu internautaren profil tipikoarekin: gizona, gaztea, maila kultur zehatz batekoa, lehenengo mundukoa eta abar.

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?
    Bai, noski, baina nik ez dut nire lagunak klasifikatzen non ezagutu ditudanaren arabera. Ez dakit zergatik oraindik harritzen garen jakitean ez dakit nork bere bikotea ezagutu duela internet bidez. Niretzat internet jende arteko harremanak garatzeko beste toki bat da.

    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…
    Posible da, bai, nik internet gabeko egunak pasa ditut uda honetan bertan. Altxatu, gosari ederra, gero hondartzara, bainatzera, eguzkia hartzera; paseo bat ezagutzen ez duzun herri batean, lagunekin hitz egitea, zerbeza hotz bat, izarren pean afaltzea… Deskonektatzeko gogoak piztu zaizkit! Baina galdetegiarekin jarraituko dut, lasai.

    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.
    Egunero www.javierortiz.net irakurtzen dut, adibidez, artikulu zorrotzak idazten dituelako, eta badakidalako goizero zerbait berria eskainiko digula. Neatorama.com gunea ere bisitatzen dut, gauza frikiak ikusteko.

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.
    idaztea siesta txapela_buruan INEM

    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.
    Aita zaren aldetik, zein adinetatik aurrera uste duzu komenigarria dela ume batentzat Interneteko saltsan sartzea? Umeen ziber-jarduna kontrolatzearen alde zaude?

    Katixa, egia esan ez dakit. Galdetuko diot nire amari, ia Interneten sartzeko baimenik eman didan inoiz. Baina telebista baino osasuntsuagoa deritzot sareen sare honi. Kontrolaz, oso gauza polita irakurri berri dut ikteroen blogean. Ordenagailuak, seme-alabak eta Internet. Bizirauteko gida.

    tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.
    Patxi Lurrari, blogari kuttuna delako.

  • 18/98+,  bide gorritik | Bilbo Hiria irratia

    Bide gorritik Bilbo Hiria irratian

    Astero, astelehenero egingo dudan kolaborazioa. Iaz hasi ginen Ibaizabal magazinean, eta astelehenero gai bat jorratzen genuen Mieltxo Monfort esatariak eta biok. Normalean barikuan aukeratzen dugu gaia, eta asteburuko kontuak izan ohi ditugu mintzagai.

    Astelehenarekin ekin dio Bilbo Hiria irratiak denboraldi edo ikasturte berriari. Gure atalari izena jarri diogu, Joseba Tapiaren kantuari erreparatuz. Beti kantu honekin hasi ohi garelako -nolabaiteko sintonia- eta orain saio ttipi honek bere izena ere izango du: Bide gorritik.

    Ikasturte hasiera, asmoak, gogoetak, Larrabetzuko berri zenbaitzutan -hilean behin gitxi gora behera- Euskal Herrikoak gehienetan -kontu soziokulturalak, politikoak, komunikazioaren eremukoak-.

    Mieltxo Monfortek oso ondo prestatzen du gidoia. Eta niri, zelanbait, erantzutea dagokit. Askotan gai labankorrak hartzen ditugu apropos, baina ikuspegi ezberdina edo diferentea ematen saiatzen gara, biok ala biok.

    Elkartasunetik elkarlanera hautatu dugu lehen egunerako, 18/98+ ekimenak Altsasuko hariztian antolatutako jaiaren biharamunean. Hango mezua, giroa eta ilusioa Bilbo Hiria irratiaren uhinetatik hedatzeko asmoz.

    Entzun gura bazenu:
    [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/070924_patxi_gaztelumendi.mp3]

  • agit/prop

    Le Vert epaileak ez du Al Jazeera maite

    Euskaldun bat, Xabier Susperregi, pantailatu du Al Jazeera nazioarteko telebistak berriki. Interneten ikusi dugu bideoa, YouTubetik be zabaldu da. Gutxi iraun du Xabierrek Baionako karriketan. Goizetan atxilo hartu dute, eta Le Vert anderea bera etxera jin zaio. Atxilotzera.

    Bideoa bide berri bat bezala ikusten nuen, Euskal Herriko gatazkak, bere konponbideak bidea hartu zezakela nazioarteko sareetan, komunikabideetan. Irtenbidea laburra izan du baina. Mezularia preso sartu nahi dute.

    Euskal errefuxiatua da Xabier. Bere sorterrian bizi barik, Baionan bizi dena, Euskal Herrian, baina eskubide barik.

  • agit/prop

    Bat egin eguna

    bategin eguna

    Gu ere joatekoak gara. Iaz egon ginen, ondo pasa genuen, eta aurten be Altsasuko hariztietan ikusiko garelakoan.

    Egitaraua konpletoa. Deialdia jarri zuten egunkarietan, eta parte hartzera joan gura izan duena egongo da. Pentsatzen dut, doazenak musutruk edo joango direla, elkartasun keinua eginez, astero astero Madrilera musutruk epaiketara joan diren gomutaz. Epaia ataratzear dago, eta musu hoiek elkartasun bero bilakatuz.

    Beraz domekan, Altsasun ikusiko garelakoan. Zu, ni, gu, guek eta gehiago. 18/98+

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Tumatxa hi!

    Elhuyar hiztegiaEarra hizkuntzak jakitea! bota digu Alkainek. Eta joan gara megadendara, eta han, aurre aurrean, apala bete hiztegi. Mordoa. A lot. Hartu duzu bat, eta boltsikoan sartuta eroan. Boltsikoan eskua sartu, 20 euro baino gehiago atara… eta etxera poz pozik. Happy!

    Asteon hasi naiz ingelesarekin berriro, Larrabetzuko Ikasgela akademian. Atariko froga pasatu edo, eta goiko mailan jarri naute -bi maila baino ez dagoz eta!-. Gaur hiztegi barriagaz pozik joango naz ariketak egitera.

    Ea laster, ea ingelesezko blog bat be egiteko astia hartu eta aurrera ataratzeko gai naizen. About Larrabetzu, Basque Country, our music, literature and other subjets.

    Spota ere
    , elegantea egin dute. Flash lotura bat da. Norbaitek EuskalTubera igo duenez, hona ekarri dut.

  • e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Joxe Rojas: “Ez dakit euskarazkoa komunitatea edo kuadrilatxoa den”


    joxe rojas teknopata

    baga) Blogaria zergatik?

    Gehienbat frikismo kontuagatik. Teknopatiaren ajeak, badakizu: lehenengo Internet sarbidea kontratatzean, konexioarekin batera webgunea ostatzeko txokotxoa ere eman zidaten… hura hutsik ez egoteko web orriak egiten ikasi (eta egiteari ekin), orriak denborarekin pertsonalitate propioa garatzen hasi… eta hortik aurrera tira, lehengo webgunetik oraingo blogerako bilakaera berez etorri da. Blogak ematen dizuna webgunea egunean erraz mantentzeko modua da, sarrera bat sartzen duzun bakoitzean zure guneko beste sarrera guztietako loturak eskuz aldatu behar ez izatea…

    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

    Urtebete egin dut duela gutxi Topagunean, Euskara Elkarteen Federazioan, hedabide saileko sustatzaile lanetan, batez ere herri aldizkariekin nago harremanetan. Oraindik nire burua kokatzen nabil: aldizkariak asko dira, eta oso ezberdinak, eta horrenbeste lan dago egiteko non zail egiten den nondik hasi erabakitzea… eta beno, bloga lehenagotik dator, berez ez du zerikusi handirik lanarekin. Hala ere, gertatzen da lanean ordu asko pasatzen direla, eta beno, segun eta zertan zabiltzan, ba horrek zure interesguneak ere alde batera edo bestera mugiarazten dituela. Euskara irakasle ibili naizen urteetan gehiago fijatu naiz horren zerikusia zuten kontuetan. Orain berriz, lanean hedabideen eta komunikazioaren inguruko informazio piloa jasotzen dut, eta tartean behin sartzen dut alde horretatik interesgarria iruditzen zaidan zerbait…

    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

    Hori beharbada kanpotik esan beharko luke baten batek. Kopuruei begiratuta badirudi baietz, mugimendua badagoela alor horretan, eta beste batzuetan ez bezala, oraingoan trena garaiz hartu dugula euskaldunok. Baina ez dakit dagoena komunitatea edo koadrilatxoa den. Esan nahi dut: azkenean beti ikusten ditut izen berberak gauza hauekin lotutako kontuetan, eta izen berriren bat agertzen den momentuan, betiko beste izen horiek aztoratu egiten dira/gara, koadrilan egon eta ezezagunen bat sua eskatzen datorrenean bezala. Badinotsut: nik denbora pixka bat utziko nuke pasatzen, eta kanpotik ikusten gaituen baten bati galdetuko nioke hori.

    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?

    Adibide matxista samarra irtengo zait beharbada, barkatu! Baina begira, txikitan amak sukaldeko leihoa nola erabiltzen zuen? Bada, hori, baina proportzio globaletara eramanda: bertatik hitz egiten zuen auzokoarekin, eta azkenengo zurrumurruak jaso eta zabaldu egiten zituen, bertatik deitzen zigun gu jolasean ‘urrun’ genbiltzanean, enkarguak agintzen zizkigun, afiladorea, butaneroa, esne saltzailea, okina pasatzen zirenean bertatik deitzen zien, aspertuta zegoenean bertatik begira ematen zuen denbora… …bada, horixe, baina mundu mailako proportzioan.

    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

    Leiho global horretan hizkuntzek suposatzen duten ‘arazoa’ gainditzen laguntzeko tresnak behar dira. Aldibereko itzulpenen teknologiak garatu behar direla uste dut.

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

    Bai, garai batean ‘txatealari’ amorratua ere izan nintzen, eta lagun batzuk egin ditut internet bidez. Topaketarik bitxiena ‘Mac OS X Euskaraz‘ proiektuaren kontura etorri zen beharbada. Egun batean, kasualitatez jakin nuen bazegoela beste zoro bat, Txabi, Appleren sistema euskaratzen. Denbora piloa eman genuen artxiboak trukatzen eta elkarren itzulpenak hobetzen, eta horri esker sortu ahal izan ziren sistema euskaratzeko paketa haiek. Komunikazioa erabat elektronikoa izan zen denbora guztian harik eta ETBtik deitu zuten arte, Appleren debekuaren berri emateko. Igual sei hilabete edo gehiago egunero bizpahiru email trukatzen, eta aurrez aurre geratu ginen lehenengo aldia zertarako eta telebistara joateko izan zen. Horretan bertan oso kontu bitxi eta barregarria izan zen.

    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

    Bada, internet gabeko egun bat oporrekin lotzen dut zuzenean: berandu altxatu, paperezko egunkaria irakurri croissant eta kafesne baten aurrean… bueltatxo bat eman eta bazkarirako zerbait prestatu, bazkalostean duintasun guztia galdu telebistaren aurreko sofako siesta luze horietako batekin, ahotik lerdea darizula… arratsaldean bueltatxo bat parkera ilobarekin, eta hor ere duintasuna berriro galdu haren atzetik kolunpioetatik korrika eta oihuka… eta gauean afari on bat lagunekin, patxadaz egindako horietako bat, afalostea goizaldeko 4ak arte luzatzen den horietakoa, pattarrez ondo bustia, eta kontatzeko, entzuteko, barre zein negar egiteko tarteak dituen horietakoak…

    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

    Poynter online. Kazetaritzaren inguruko webgunea da. Oso estatubatuarra, bai, baina batzuetan oso perla interesgarriak aurkitzen dira hor. Azken boladan Twitterrek kazetaritzarako izan dezakeen balioaz dabiltza eztabaidatzen….

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

    teknopata, hedabideak, komunikazioa, euskaraz

    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

    Hamaika saltsatan zaude sartuta beti… nondik/nola ateratzen duzu denbora danetarako? Zer sakrifikatu behar izan duzu?

    Hamaika? Ez zait iruditzen. Esku bakar batekin zenbatuko nituzke nire egitekoak gaur egun. Loari ezin kendu, lanari esatea ez dago ondo… esango dugu literaturari kentzen dizkiodala orduak gustuko ditudan egitekoak egiteko. Eta jarrera militante bat izateak, asko laguntzen du.

    tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

    Nik Vicent Partali egingo nizkioke, baina ez dakit erronda honen ‘laginetik kanpo’ geratzen den. Bestela, Benito Fizi.

  • gaztelumendi.eus,  info 7

    aupa tu eitb

    info7 irratiaBeste saio bat, martitzena izanik eguerdi partean grabatu eta aste osoa izango dugu entzuteko.

    Aurkeztu berri duten aupatu.com ekarri dut gogoetara. Izan be, zabaldu.com-en klon bezala, kopia txar bat zeozelan esatearren.

    Ez zait gustatu, aitortzen dizuet, eta medio publikoa -eitb kasu honetan- Interneten okerreko bidetik ari dela iruditzen zait. Denbora lekuko. Arrazoiak Talaiatik emankizunean.

    Irrati kolaborazioa entzuteko:
    [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070918_eus_1775.mp3]

  • gaztelumendi.eus

    Ea hurrengoak (Martxelo Otamendik Berrian)

    Asko gustatu zait Martxelo Otamendiren hizpidea. Gogoeta interesgarria, hizkuntzaz, komunikazioaz eta egungo politikariez. Gogoeta interesgarria euskal komunikabide batetik. Berria egunkariko artikulua blogera ekarri dut, paperik jaten ez dutenentzat, besteak beste.

    berriaZaila dauka euskarak. Imazen aferak erakutsi duen bezala, leku zaila dauka euskarak Euskal Herriko politikan, baita eragileak abertzaleak eta euskaltzaleak direnean ere. Ez da EAJ birus hori jota dabilen alderdi abertzale bakarra; aldeak alde, denek baitaukate gaitza barruan.

    Literatura politikoan sarraldi indartsua egin du Imazek uda honetan. Hiru artikulu argigarri, esanguratsu eta interesgarri argitaratu ditu hainbat egunkaritan. Horiek plazaratzeko aukeratu dituen hedabide horiek euskararekin daukaten eguneroko jarrera alde batera utzita, erraza ez den ariketa bestalde, nabarmendu beharra dago hiru artikuluak gaztelaniaz argitaratu dituela EAJko lehendakari euskaltzaleak. 2007. urtean. Ez 1977an, literatura politikoa euskaraz egitea dozena erdi zerukoargiakideren kontua zenean. Ez, 2007an. Suhiltzaileek ere euskaraz jakitea derrigorrezkoa daukaten garaian, arau hori bultzatzen duten alderdiek ez daukate hizkuntz eskakizunik gainditu beharrik gizartearekiko. Suhiltzaileek eta lurperatzaileek, bai.

    Herenegungoa izan zen azkena. Imazen eskutitza, gaztelaniaz sortua nonbait, 17:00ak inguru iritsi zen erdal komunikabideetara. Euskarazko itzulpena 18:30ak inguru iritsi zen euskarazkoetara. Internet garaian, etxe honetan, erdal komunikabideetatik hartu behar izan genuen Imazen eskutitzaren informazioa. Ametsa al da planteatzea jardun bera baina alderantziz, kontuan hartuta alderdi abertzale eta euskaltzaleekin ari garela? Zergatik ez eman lehentasuna euskarari eta lehendabizi euskarazkoa bidali, hedabide guztietara noski, eta gero, ordu eta erdi beranduago, gaztelaniazko itzulpena?

    Noiz larrituko ditugu erdaraz ezin erosoago bizi eta lan egiten duten kazetari erdaldunak? Noiz bukatuko dugu «euskaraz ez da ezer interesgarri esaten» uste gaizto hori? Hain gaude horretara euskaldunak ohituta, Imazek Zarautzen Xalbadorrena esan eta ia inor ez zela iragarpenaz jabetu.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Josu Jon Imaz

    Atzo, gaur eta bihar.

    Atzo.

    EGIko buruzagi bezala ezagutu zuten lagunak ditut. Urkullu etta bera antzeko garaikoak dira. Eta Asier Atutxa. Alegia, jubeniletan batera lehiatu zirela. Primeran ere aurrez aurre egotea tokatuko zitzaien. Eta partida amaitu barik dago oraindik.

    Gaur

    Gaur arte EBBko buru izan da. Lau urte eman ditu EAJ PNVko zuzendaritzako buru. PNVren azken bide honen gidaria izan da. Atzetik izan ditu sektore espainolistenak. Marioneta gisa ikusten nuen, eta badirudi sektore horren esanetara ez dela hain gustura egon. Lehia handia izan zen duela lau urte, eta Egibarri ozta ozta kendu zion lidergoa. Lehiak jarraitu du, ezpatak zorrotz egon dira. Internet da lekuko. Eta uztea erabaki du, utzi egingo du. Gaztelaniaz idatzitako agurra lekuko. Guztiok irakurri dugu.

    Bihar

    EAJ PNVk ponentzia berria du eztabaidagai. Ponentzia horrek ere zerikusia izango du. Egibarrek hor irabazi egin dio. Ibarretxek ere. Eta agurraren gidoia izan zitekeen. Baina hala ere, Imazen sektoreak agintzen jarraituko duela pentsatzen duenetakoa naiz. Nire ustez, Egibar ere ez da aurkeztuko. Urkullu ikusten dut -Imaztarra nolabait esatearren- EBBko buru. Ponentzia Egibarren eskutik, eta agintea Urkulluk. Eta bakea.

    Egibar zuhurtziaz jokatzen ari da. Ez dauka presa handirik. Etapa bat egin du. Etapa gogorra izan da, baina irabazi egin duela dirudi. EBBko buruzagitza eskuratu barik ere, EBBn jarraituko du Gipuzkoako Buru Batzarraren ordezkari. Eta politika egiten jarraituko du, asteleheneroko Sabin Etxeako bileratik. Eta Gipuzkoatik.

    Baina EAJ PNV-k aurrerantzean zer egingo duen jakiteke dago?

    • 80 orrialdeko ponentzia horrek, ekarriko al du jarrera soberanistarik?
    • Independentziaren aldeko hauturik izango du EBB berriak?
    • Espainarekiko jarrera aldatuko al da?
    • Imazek ordezkatzen duen sektoreak ze jokaldi dauka prestatuta?
    • PSOErekiko harremana zertan da aurrerantzean?
    • Ezker abertzalearekiko jarrera zertan da?
    • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaz haratagoko Euskal Herriaz zer dio EAJ PNV-k?

    Aitor dizuet, gutxi ezagutzen dut PNV. Bere zuzendaritza aldaketak ez du gauza berririk ekarriko nire ustez. Eta liderra galtzeak ez nau gehiegi kezkatu. Ez du taila eman, ez besterik.

    Bitartean, Euskal Herriaren aldeko gainontzeko militanteek bere bidean jarraitu beharko dute, normalizazio politikoaren alde, prozesu demokratiko baten alde, autodeterminazioaren alde, bakearen alde… eta hor jende askorentzako lekua dago. Zain gaude.

    Etorkizunaren aldeko erronkak. Izenburua asko gustatu zait.

  • info 7

    Ikasturte berria Info7 irratian

    info7 irratiaIrailarekin hasten dira ikasturteak gurean. Udako etenak, gogoberritu egiten gaitu. Kolaborazioak, saio berriak, hasiera… dena da bat.

    Irrati berria da Info7 eta hasieratik ari naiz kolaboratzaile moduan bertan. Talaiatik saioan Teknologia berriak eta batipat Interneti buruzko gogoetak egiten ditut astean behin, -asteartez grabatu, eta aste osoan egoten dira online- .

    Irailarekin hasi eta honatx aste honetako neure kolaborazioa, ikasturte berria hizpide hartuta, guztiok ikusi ditugun hiru proiektu izan ditut hizpide: txioka.net, euskalTube eta teknopata.

    Entzun gura baduzu:

    [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070911_eus_1745.mp3]