• e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Teketen: Euskarazko edukiak Interneten konplexurik gabe sortuko dituzten pertsonak behar ditugu

    teketen

    baga) Blogaria zergatik?

    Kontatzen ez diren gauzak kontatzeko sortu nuen, nire gogoak eta grinak besteekin banatzeko eta besteek egindako aportazio eta elkarrizketarekin aberasteko. Gaur egun nire Interneteko izaera eta sorkuntzaren nodo zentrala ere badela esango nuke.

    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

    Web aplikazioen garapenean eta informatikarekin zerikusia duten gai berrietan ikasten eta irakasten dut Elurnet enpresa txiki bezain interesgarrian. Lan hauetako batzuetatik ikasi eta blogera eramaten dut eta alderantziz, lan hauetako batzuek egiteko blogintzan sortutako jakintza aplikatzen dut. Erabat konplementarioak zaizkit biak, batzuetan banan ezin diren bi alderdi ere izatera iritsi dira.

    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

    Euskarazko komunitatea badago eta ez dut dudarik. Eztabaidatu dezakegu baina zer den komunitate bat. Komunitate bat gauzak elkarrekin egiteko elkar ezagutu, jarraitu eta lotzen diren pertsonak badira ez dut dudarik badagoela. Beharbada norbaitek dudan jarri dezake asko edo gutxi garen baina komunitatea badago. Gainera komunitate horren ingurunean pertsona gehiago dago banandurik komunitatean parte hartu ez baina hein batean parte sentitzen direnak. Komunitateak parte hartzen duten pertsonek osatzen badute ezin izan daiteke oso handia, ezagutzen al duzu espainiarren komunitaterik? Berriro hasierara bueltatuz, zer da komunitatea?

    Egotekotan ez bakarrik bat euskarazko komunitateak denak nonbait elkarren arteko talkak eta loturak dituzte askotan. Zabaldu.com, Sustatu.com, Blogari.net, Blogak.com, Nireblog.com (eta plataforma euskarazkoa ez baina euskaraz egiten duten asko), Librezale.org, Indymedia Euskal Herria, Blogosfera jeltzalea, Wikipedia euskalduna, herrietako aldizkari euskaldunen inguruko komunitateak, etab. Denetan ez daude pertsona berdinak nahiz eta batzuk bat baino gehiagotan egon. Nonbait momentu konkretuetan bada ere komunitate txiki hauek (niretzako sareak) elkarren arteko loturak edo talkak egiten dituzte eta komunitatea baino beharbada sare txikien sare handiago bat osatzen dute. Elkarren artean ezagutaraziko bideak ematen dituzten pertsonak edota proiektuak dira komunitate zabal bat izateko garrantzizko tresnak.

    Eta hala ere komunitatetik kanpo ere bizitza dago, euskaraz jakin bai baina sarean egiten ez duten jende interesgarri asko, my space edota msn spaces-etan dabiltzan gazteak, irakurri bakarrik egiten duten erabiltzaileak etab. Aukera guzti horiek egon badaude eta bakoitzak erabakitzen du, gurera biltzea nahi badugu erakarri beharko ditugu, baina bitartean hor daude eta hori ere ondo dago.

    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?

    Irakurri, aztertu, lan, sortu, disfrutatu, estresatu, bildu, elkartu, idatzi, esan, egin, egon. Nire bizitzaren beste atal bat.

    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

    Mugikortasun gehiago edozein tokitan konexioa izateko aukera.

    Sozialago izatea, baliabide teknologiko hauek gure egunerokotasunean herriaren mesedetarako erabiltzeko aukera ematea.

    Euskarazko edukiak Interneten konplexurik gabe sortuko dituzten pertsonak izatea.

    Jakintza banatu, elkartu, zabaldu, moztu, lotu, elkartu, elkarbanatzeko oztoporik jartzen ez duten bideak eta batez ere horientzako oztopo ez diren pertsona, lege, erakundeak.

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

    Zu, lehenengo ahotsez irratia.com-en, gero internet bidez eta pertsonalki edo alderantziz? Neurri espazio tenporalak ez ditut ondo kontrolatzen.

    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

    Goiz esnatu, ondo gosaldu tortila bat edo ahal denean, txango bat ematera irten Zumaiara (txarra egiten badu etxean irakurtzen gelditu). Ondoren bazkaldu eserita lekuren batean menu bat edo lagunen baten etxean. Arratsaldean siesta bota eta kalera pasiatzera atera (txarra egiten badu zinera). Gau partean neskarekin etxera joan edota astebukaera bada lagunekin parranda pixka bat egitera atera.

    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

    Consultoria artesana en la red (http://artesaniaenred.blogspot.com/). Jorratzen dituen gaiak pentsarazi egiten naute eta ba al dago gaur egun gauza interesgarriagorik? oharra: kontuz gaztelera zitalez 😉

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

    hiper(h)aktiboa, gertukoa, komunikatiboa, euskalduna, gorria (baina hau besteek egiten dute hobeto, Euskal Herriko kirol nazionala da etiketak jartzearena horregatik bai garela 2.0)

    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

    Imaginatu galdutako gauza guztiak dauden leku bat badagoela eta kalean zoazela Larrabetzuko kultur etxe alderantz zubia zeharkatzen ari zarela behe laino lodi batek bertara eraman zaituela. Zer gustatuko litzaizuke bertan topatzea?

    tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

    David Gonzalez (ketari)


  • hurrengo geltokia

    Behiak, bertsoak eta abar

    Ferian izan naiz gaur, urriko astelehenez. Gernikara joan gara etxeko hiru belaunaldi. 64-35-01. Azokara lehenengo, eta Santanapeko feriara gero. Pirenaika arrazako behi, txahal eta zekorrak. Ederrak benetan. Garbi garbi, handiagoak ezin eta itxura oso onekoak. Basoan baino denbora gehiago kortan egiten dutenak ziurrenik.

    Eguerdia izango zen, Egaña eta Lizaso, Lujanbio eta Enbeita kantuan hasi direnean. Librean lau bertsolari. Ordu erdiko bertso teman. Bertsoak entzutera joan aurretik Kalitateko okela jan dugu, ardaoagaz batera. 3 eurogaz bi okela zati txukun, eta ardao basokada bat. Gozo. Kalitatea k-rekin.

    Eta bertsoak ostean. Bertsoen ostean sariketa. Behiak multzoan atera, nor bere jabeagaz eta itzulia jendaurrean. Epaileak so. Eta sari banaketa. Behi ederrena, zekorrik txukunena eta etxalde onena -zekorra, eta txahaldun behi parea- saritu dituzte Gernikan. Danak pirenaika arrazakoak.

    Bertsotan aritu direla, hau eta beste, baserria eta feria, bertsoa eta abarra…. gaia aldatu du Lizasok. Garzon ekarri du hizpidera. Eta gero eguneko bertsorik txalotuena bota du Egañak. Pirenaika arrazako behiak ere atxilotzeko zorian dagoela Garzon, Espaina eta Frantzia artean sortutakoak izaki.

    Behiak, bertsoak eta abar. Urriko astelehenak bereziak dira Gernikan. Ez da jendetsuegi izan, baina ondo igaro dugu goiza. Giro onean, euskaldunean. Atzoko beste ondo bai, behintzat.

  • ikusi eta ikasi

    Olentzero biluztu digu Igotzek

    Argazkilaria, diseinugilea, blogaria da Igotz. Bartzelonan bizi da. Eta aurtengo Durangoko liburu eta disko azokako afitxa aurkeztu berri du. Bera izan da irabazlea.

    olentzero Badira aste batzuk argazkia, kartela erakutsi zidala. Asko gustatu zitzaidan, eta irabazle suertatu da. Asko poztu naiz.

    Olentzero biluzik jarri du, eta kulturaz jantzi beharra dauka gero, opariak banatzen hasi orduko. Orain arte Durangoko azokak bazuen nahikoa gabonetako kutsua, orain areagotu egingo da, arraioa!

    Ausarta da estetikoki, zuribeltza ondo uztartu du kolore berde bakar horrekin, eta estudioko argazkia ondo atara duela begitantzen zait.

    Zorionak Igotz!

    Igotz Ziarreta. Deabruak.com estudioko sortzailea.

  • agit/prop

    free batasuna

    Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoak egunero zapaltzen dira.

    Independentista izateagatik 22 lagun atxilotu berri dituzte.

    Hitzak soberan daude…

    postdata: Egunotan blogari asko ikusi ditugu Birmania askatuaren alde. Euskal Herrian ere, badago zeren alde jardun, zeren kontra ekin. Gure aukera da. Blogetan free Batasuna jartzeko deialdia ari da zabaltzen sarean.

    Hala Bedi irrati libreak ere Free Batasuna esaten du.

    Eitb24.com gunean freebatasuna e-kimenaren berri.

    Nazioarteko oihartzuna:

    Technoratin sekulako arrakasta: freebatasuna
    Hitz bilatuena suertatu da dagoeneko, hemen argazkia.

    BBC: Spain police seize Basque leaders

    Digg.com: Spain police seize Basque leaders

    Galiziarren artean oihartzun polita. Chuza: Por umha solucçom democrática, as palavras sombram-se: freebatasuna.

    Free Batasuna

  • info 7,  teknologia berriak

    Wifi sareak hizpide hartuta

    info7 irratiaAstero gai bat aukeratzeko, baina asmatzea da kontua. Horregatik, gaiei buelta bat baino gehiago eman ohi diet. Unea, entzuleak, ez oso teknikoa, ez beti webguneak… baditu nahiko buruhauste 3 minutu inguruko bakarrizketarako.

    Baserrian nengoen, Internet barik. Eta horrek gaia mahai gainean jarri zidan. Wifi sareak. Euskal Herriko wifi sare bat amets. Gunez gune, une oro, edonon sarera konektatzeko moduan. Haririk gabeko Internet esperientzia interesgarria da. Izan da, eta izango da oraindik.

    Eta horregatik wifiari buruzko gogoeta labur bat egiten saiatu naiz Info7 irratiko nire kolaborazio honetan.

    Info7 irratiko kolaborazioa entzuteko:
    [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071002_eus_1811.mp3]

  • e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

    Imanol Murua: zergatik daude EAJko hainbeste blogari eta ezker abertzaleko hain gutxi?

    Imanol Murua
    baga) Blogaria zergatik?

    Lanarekin lotura zuzena duen bloga da nirea eta, beraz, lanbidearekin
    lotua dago blogari izateko zergatia ere. Hitz gutxitan esanda: arau
    zurrun samarrekin idatzi beharra dugu paperean, nolabait esatearren
    kazetaritza tradizionalaren irizpideen barruan. Blogak libreago
    aritzeko aukera ematen dit eta, bidez batez, erantzunen bidez
    irakurleei tenperatura hartzeko aukera ere bai.

    biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu
    blogarekin?

    Nire lehentasuna papereko ediziorako lana da. “Lanaren barruko
    aisialdia” bezala da bloga. Atseden txiki bat, lan astunagoaren
    barruan. Eta, egia esan. blogari ez daukat denbora askorik eskaini
    beharrik, bestela egin ohi dudan lanetik elikatzeko aukera baitaukat.
    Elkarrizketa bat egin dudala papererako? Galderak prestatzen, bidaian
    joan-etorrian, grabatzen, transkribatzen, erredaktatzen… Hamalau ordu
    igual behar ditut. Blogean komentario osagarri bat sartzeko, aldiz,
    hamar minutu nahikoa dira.

    higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan
    ikusten duzu?

    Jakina badagoela euskarazko komunitatea. Baina ez naiz baten batek
    metablogging-a esan dion horretan aritzeko oso zale. Nahiago dut
    blogosferan jardun, blogosferaz jardun baino.

    laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da
    zuretzat?

    Informazio kutxa erraldoi bat, apur bat desordenatua (nire erruz,
    neurri handi batean, tresnak ez baititut behar bezala ezagutzen).
    Internet bidez jakin dut, adibidez, estimatzen dudan lagun batek
    istripu latza izan duela A-8an eta, zorionez, onik atera dela.

    boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek…
    Ausartuko gara zeozer asmatzen?

    Internet-ik ez zegoen garaiko informazioa digitalizatzeko ekimen
    gehiago, adibidez. Armiarma.com-en moduko gehiago, alegia.

    sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

    Jendea ezagutu dut: blogariak, nire blogean erantzuten dutenak… Baina
    lagun onak, Internet bitartez, egia esanda, ez.

    zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean
    hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

    Jakina posible dela. Lan egunetan, ezinezkoa. Baina jai eguna izatea
    eta plan on bat edukitzea aski izan daiteke Interneten sartu gabe
    egiteko egun osoa.

    zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat,
    besteok ere horren berri izan dezagun.

    Politika kontuak jarraitzeko zer blog begiratzen ditudan esan beharko
    nizuke, baina egia esan, blog politiko interesgarri gutxi topatu dut.
    Politikarien artean aktiboena, dudarik gabe, Iñaki Anasagasti da
    (www.ianasagasti.blogs.com). Inoiz berarekin topo eginez gero, ez nioke
    ezertaz hitz erdirik esango, nik esandakoa bere blogean argitaratuta
    ikusi nahiko ez banu behintzat. Alegia, (komeni zaion) dena kontatzen
    du.

    bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost
    etiketa nahikoak izango al dira.

    Zalantza, enpatia, zalantza, independentzia.

    arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure
    partez, atsegin handiz.

    Bi galdera, zure baimenarekin. Baga: zergatik daude, zure ustez, EAJko
    hainbeste blogari, politikari buruz eztabaidan (arabatik, gipuzkoatik,
    izaronews, izaronius…), eta ezker abertzaleko hain gutxi —nik ez ditut
    topatzen behintzat—? Biga: zer moduz, istripu latzaren ondoren?

    * Galdera oso interesgarria, Imanol. Hipotesi batzuk botako ditut, neure kasa eta boteprontoan. PNVk bizi duen egoera berezia da, nik ez nuen EAren banaketa gertutik bizi izan, baina oraingo krisi hau bideratzeko, elikatzeko, hedatzeko bloga hautatu dute jelkide askok. Egia esan, oso alderdi bertikala da, eta nolabait behetik lehertzen ari da egoera hori. PNVko kideen blog asko dago, baina gehienak gaztelaniaz gainera. Bitxia da hori ere.
    Ezker abertzaleko hain gutxi? Egia esan  blogak gutxi dira, baina blog kolektiboak, herriz herri dexente daude. Egia da, kotileo politiko gutxi lantzen dela, zurrumurrutegiak ez du funtzionatzen horrenbeste ezker abertzalean. Asanbladak, funtzionamendua eta partehartzea irekia da, berez barne eztabaiden berri izateko ez da blogik behar. Nik ere nahi nuke ezker abertzaleko jendeak gehiago idatziko balu blogetan, partehartze aktiboagoa Interneten. Baina jendeak kezka asko ditu, nork bere herri eta auzoan. Baina galdera titularrarera eraman dut apropos, ea jendeak zer dioen, zer uste duen jakiteko.

    *Eta ni ondo nago, ikusten duzu.

    tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini
    egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

    Bosco Garciari.

  • hurrengo geltokia

    biba zuek!

    Eta bueltatu naiz normaltasunera. Bizitza normala, egunkariak kioskoan erosi, erosketak egin, paseatu, bazkaria prestatu, autoa hartu eta lanera.

    Lana, alta. Seguruak. atestatuak. Oraindik ahaleginak egiten ditut gertatutakoa burutik kentzeko, baina egunero erantzun beharrean naiz, azalpenak eman beharrean, gogoratzen edo akordatzen.

    Baina bizitzak aurrera darrai. Eta guk berarekin. Aurrera goazen seinale. Ez dago lotuterik, ez dago geldi egoterik. Patxadaz hartu eta aurrera.

    Mila esker, ezer idatzi dostezuen guztioi, mila esker aipamen guztiei, itaun guztiei… bihotza hunkitu zait, eta ez daukat berba asko jaurtitzeko indarrik.

    Maite zaituztet oraindik!

  • hurrengo geltokia

    A8 …eta bizirik nago!

    Hondarribira nihoan, lan kontuak tarteko, egun osoko bilera batera bertako Gazte aterpera. Itziarren gasoila bota, egunkariak erosi, eta lasai nihoan. Euria ari zuen, zarra zarra, eta arretaz gidatzen nihoan. Bereziki zaindu ditut Itziarko bihurguneak, Zumaiara heldu aurretik dagoen aldapa beherako bihurgunea ere mantso hartu dut, Donostian Amaratik atera beharrean aurrera jarraitu dut, eskuinerantza. Irungo norabidean.


    Bapatean joan egin zait autoa, -aitaren 4×4 asto bat- ni baino gehiago izan, eta ezin izan dut kontrolatu. Eskuin hegala jo dut lehenbizi, bueltak ematen hasi naiz gero, ezkerraldera igaro arte. 5, 10, edo nik zer dakit zenbat segundu izan diren, buelta, itzulika… eta ni geldi jezarlekuan, mugitu ere egin barik, baina bueltaka. Gelditu denean, askatu dut gerrikoa, eta aurreko leihotik atera naiz, zutunik. Oinez.

    Auto ilara geldirik zegoen atzean. Harrituta, ez zuten espero nonbait. Eta nire gauzak biltzen hasi naiz… ez dakit zenbat metro atzerago. Idazten dudan ordenadore hau, motxilan zegoen bide ertzean. Nire jaka beltza ere zikinduta haren ondoan. Egunkariak lurretik sakabanatuta, aitaren makila, neurriak hartzeko metroa, telefonoa autoaren ondoan…

    Izugarria! Uste dut tarte batean ez dudala ahantziko. Eta bizitzak buelta eman didala une batez. Second life. horrela idatzi diet lagunei. Ohetik. Baina ondo nago, zauri txikiak egin ditut bapatean ateratzean, belarrian, eskuetan…

    Gogoan hartuko ditudanak:

    • Zeinen txarto dagoen prestatuta autopista hau horrelako, edo are larriagoak izan daitezkeen, istripu eta ezbeharrentzat. Ez dago irteerarik, ez dago non buelta eman, ez da polizi auto edo anbulantzientzako bide berezirik.
    • Tokatu zaizkidan bi ertzainen jatortasuna. Euskaraz mintzatu zaizkit denbora guztian, bai istripua izan eta gutxira, zein atestatuak egiterako unean. Hikaz berbetan, tono hurbila, konfiantzazkoa… eta atestatua ere euskara hutsez erredaktatu dute. Oiartzungo ertzain etxean egondakoan, pertsona bezala tratatu naute, abegikor gainontzeko atezain, zaindari eta guztiek ere. Hamarra benetan.
    • Donostiako erietxean ere, erdiak baino gehiago euskaraz atenditu nau. Eta egia esan, larritasun momentuetan asko eskertzen da hori. Barrutik atera behar dituzu berbak, zer duzun, zer gertatu den kontatu behar duzu, kontatzeko beharra duzu… eta berotasun hori asko eskertzen da. Mediku batek, bi erizainek eta beste zeladore batek euskaraz egin didate. Itzela.
  • hurrengo geltokia,  irratigintza,  musika

    Euskadi gaztea zoriontxu

    Pako Aristi hots egin zioten, astero bezala. Prentsaren azterketa berezi bat egingo du aurrerantzean idazleak. Kritikoa, zelan ez! Eta Euskadi gaztearen azkena jarri zioten, entzungai. Mesedez kentzeko eskatu zion berak Maite Artola esatariari. Eta broma zela pentsatu honek. Serio ari zen Aristi, Itoizen kantuari inoiz egin zaion bertsiorik txarrena esan zuen, han, non eta antenan, zuzenean.

    Gorrituko zen esataria, gorrituko lirateke, entzule balira, euskaldunak balira, kantua abestu zutenak ere. Ni ez nintzateke ausartu beharbada, autozentsura oso goian daukagulako, baina Pako Aristik pentsaten zuena esan zuen, han, antenan.

    Eta poztu nintzen. Ez dut irratiformula kate komertzial publikoa entzuten, baina albisteak euskaraz entzutea beharrezko dudanez, promozioa sartu didate ahotik ere, bihar goizeko bederatziak hamar gutxiagotan lauteilaturen bertsioa entzungo duzue…. eta segundu batzuetako aurrerapena.

    Donostiako abeslari españolenak jarri dituzte kantuan, a ze lorpena! integrazioa dela pentsatuko du batek baino gehiagok. Euskara ikasiko balute sikiera, ahalegin minimoena egingo balute, es la cancion en euskara que mas me gusta Amaia Monterok. Zenbat gehiago entzungo zituen? esaten zidan lagun bertsolari batek. Eta ahoskatu txarto -hori euskaraz entzuteko gai den edonork daki- eta kantatu ere txarto -Urrestilako organujoleak halan dio behintzat-.

    EuZkadi kaltea
    Egaztea irrati formula hori ez dut sekula maite izan. Ñoñoa iruditen zait, pijoa baino umekeria galanta, Edurne Ormazabalen kapritxoa, Joseina bezalako adituak dituena, oso broma atseginak egiten dituzten plantela… eta musika programa onak faltan dituen irratia. Gainera, Ilaskirena bezalako ahotsak galtzen dituena… zoritxarrerako. Ziur naiz prekario portatzen dela langileekin -zeozelan deitzearren-, bertikala erabakietan, zentsura pratikatzen duena -Xabier Montoia gustuko dudan aldetik dakit hori, gogoratzen denok gara Xabier Montoia hura?!- . Eta galdetzen diot neure buruari, zertan laguntzen duen irrati horrek gure musikaren panoraman, zertan egiten dion on, eta zertan kalte.

    Nik argi daukat, zuek?

  • info 7,  teknologia berriak

    Ikusgarritasuna eta komunitatea bi hitzetan

    info7 irratia Egunotan bolo bolo dabil gaia. Batean eta bestean aditzen delako, eztabaida dezentralizatua sortu dugu, ia oharkabean. e-hizketan hasi eta guztiek erantzun ezberdinak eman dituzten arren, badirudi baietz, bagarela, badugula, badihardugula… komunitatea osatzen dugu. Horretan ez dago duda handirik.

    Komunitatea edo kuadrila? kezka agertu du Joxek, eta gaztelaniaz ere itaun bera planteatu du. Horrela, galdera bera handiago eginez, erantzunak bilatuz. Eta erantzun egin diote. Ez soilik bere blogean, eztabaida luzatu delako zabaldu.com edo meneamen ere.

    Ikusten al gaituzte? nork ikusi behar gaitu? kezka berriak planteatu ditu gero Arkaitz Zubiagak mutilmedia bere blogean. Hor ere erantzun interesgarriak, eta zabaldun berriro interesa areagotu egin da.

    Dezentralizatutako eztabaida, gogoetak blogetan, esperientzia berria. Erantzunak irakurri, bildu eta nork bere ondorioak ateratzera.

    Irratietako podcastak blogetan
    Nik irratira luzatu gura izan dut eztabaida, nolabaiteko oihartzun baten bila. Gure entzuleek ea zer dioten, zer uste duten. Internet eta uhinak uztartuz, blogosferatik gai hauek ateratzeko. Antzera ari dira Gari eta Joxe ere, gure gaiak zabaltzen. Bide interesgarria hasi dugu ikasturte honen hasierarekin, eta irratiek egiten ez dituzten podcast hoiek, guk eskaintzen ditugu gure blogetan. Ez dago txarto.

    Gari: Faktoriako mikrosaioa
    Joxe: Amarauneko 8. probintzia

    Info7 irratiko kolaborazioa entzuteko:
    [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070925_eus_1793.mp3]