-
Zakur ametsak
Beste bideo bat aste honetan, Susatik zabaldu duguna. Zakur ametsak, spot bitxia. Oraingoan ez didazue esango gidoia kurratuta ez dagoenik ezta? Irudi aldetik ere bitxia. Aktoreak, txakurra eta bukaerako toma, benetan bitxia.
Gorka Arrese Susako editorearena da ideia, Natxo Escobar adiskideak lagundu dio errealizazioan, eta kamera bitxi batekin grabatu dute gainera.
Emaitza Susaren webgunean jarri dugu lehenbizi, eta Google video, dailymotion eta Youtubera igo dugu ostean.Nik neure aldetik, leiho txiki berri bat atondu dut blogaren goikaldean. Holangoak jartzeko. Eta blogak berak, gero eta izaera multimediagoa hartu duela otu zait. Bideo irudiak batetik, irratia.com podcast guztiak eskuragai zutabe berean, eta argazki eta testuak berton.
Esandakoa, ez dizula ondo egingo.
-
Slam poetry
Beste poesia bat posible da.
Aspalditxo slam poeten berri izan nuen. Baina ez nituen poetok ezagutzen. Ez nuen klubetara joateko aukerarik. Eta zer izan zitekeen irudikatzen hasi nintzen. Poesia errezitalak, gaurko moldeetara. Baina inguruan ere ez nuen ezer antzekorik topatzen.
Urteotan saiatu naiz, -tartean bihotz bakartien klubarekin- poesiaren beste dimentsio bat topatzen. Baina azkenean beti bukatzen dugu, errezital melankoliko, hunkigarri eta esango nuke aspergarriak egiten. Hunkitzeko poesia nabarmendu da gurean.
Eta iruditzen zait, poesiak baduela aukera anitz. Bisuala asko aipatzen da. Eta denak ari dira orain bideoa eta irudiak txertatzen, ohikoegi bihurtu diren kitarra doinuz lagunduta. Baina poesiak haratago jo behar du. Letrekin topatzen dena, bilatu behar du giroan ere. Ikusentzunezkoak ondo daude… baina beharbada deklamazioan ere bide berriak behar ditu gure poesiak.
Slam poetak bilatu ditut Interneten. Eta hizkuntza ezberdinetan kausitu ditut gainera. Euskaraz ez dugu oraindik holango saiorik egin, baina inoiz ez da berandu. Dj batek pintxatutako doinuen magalean egin daiteke…
Honek adibidez holan egiten du:
Bartzelonako Kosmopolis jaialdian, ahozko literatura bezala definitu zutena, slam poesia dela iruditu zait niri. Bertako bideoan ageri direnak, poetak dira. Eta oso saio polita laburbildu dute beste bideo honetan.
Disko jartzaileen aldameneko poesia aldarrikatzen dut, beraz. Hemen eta orain.
Edo bestela Patricia Smith bezalakoak. Do you like?
-
G33k h1zkun7z4
H4u ir4kur7z3k0 g41 b4z4r4, b3n374n l4gun f4lt4n z4r4, z04z k0rr1k4 k4l3r4!
-
Aberri txikia bai
…baina txikitua ez dut nahi!
Poema ederra topatu dut sarean, eta sarea bera ere kritikatzen duen poema, kantua.
Abiadura Handiko Trenaren kontrako aldarrikapena.
Egunotan, herritarren iritziari bape jaramonik egin barik, Urbinan eta hasi dira txikizioarekin.Eta bertara, obrak gelditzera batu da jendea. Poliziak, Gobernuaren esanetara. Eta betikoa…. biolentzia esango dute gero.
Jarri gaitezen minutu batez pentsatzen. Zer balio du Arabako herri txiki hoietan esan dutenen iritziak? Zer entzuten da Lakuan? edo legebiltzarrean?
Zergatik ez da kontutan hartzen herri galdeketetan emandako hitza?
Nor da hemen demokrata?
Aberri txikia bai, baina txikitua ez dut nahi… [audio:http://www.arrosasarea.org/bitakora/wp-content/uploads/2006/11/aht-aberritxikia.mp3]
Gaztesarea informazioa eskaintzen ari da zuzenean, AHT EZ Gunetik.
AHT EZ gunea  blog berezia, erresistentzia guneetatik bertatik.
Podcast: Play in new window | Download
-
J’accuse euskaraz

J’accuse esanez ikusi ditut 18/98 sumariokoak. Eta kontzertua izango da zapatu honetan ere. Amets Arzallus entzun dut gero. J’accuse eta J’accuse, inbidiagarri den pronuntziazio frantses batean.
Amets Arzallus: J’accuse
[audio:http://www.gaztesarea.net/info/audio/061017-1898-amets-laburra.mp3]
J’accuse hartu dute aipagai epaituek. Eta nork nor salatuko hori da afera orain.
Eta nik, salatu honek, J’acusse euskaraz irakurtzeko gomitea egin gura dizuet, izan be, Iñigo Aranbarrik euskarara ekarri zuen ez oso aspaldi Emile Zolaren testua.irratia.com emankizunean saio berezia egin genuen 18/98 auziari buruz. Gainera, laister kaleratuko den disko baten kantu aurrerapena ere egiteko aukera izan genuen.
[audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom061107.mp3]
Entzun gura baduzu:Podcast: Play in new window | Download
-
Ez dizu onik egingo
Susa argitaletxean ezpotak egiten hasi gara. Telebista medio garestia da, baina ikusentzunezkoak egitea beti amestu dugu. Eta Susako idazle eta egile, eta lagun, eta ezagunen artean mezua pasa genuen. Egingo zenuke spot labur bat? Eta horrela hainbat sortu dira, eta astero Emailuetan pasako ditugu. Eta literaturaren kalteetaz mintzatuko gara.
Lehen bideo hau Eider Rodriguezen ideia izan da. Eta Youtubera ere igo dugunez, hemen jarriko dut. Datozen asteetan gehiago izango dira. Eta zuek ere egin dezakezue bat, ez lotsatu. Egia esan, horrek ere ez dizu onik egingo.
-
Zahartium
Herrian, Gure etxea izena du jubilatuenak. Denok daukagu hortik inoiz pasatzeko asmoa edo gogoa. Orain baina, herriko tabernarik heterogeneoena da. Goiko partean jubilatuak, hirugarren adinekoak. Behean; tabernan, frontoiaren ondoan gazteak. Bi belaunaldiek bat egiten dute herriko eraikinik modernoenean. Museoa da, esperientzien museo. Zahartium.
Bideoan hobeto ikusiko duzue, kanpotik bezala barrutik ere. Hirugarren adinekoentzat arte modernoa.
Urkulu bideo ekoizpenak -
Ostruka baten lezioa
Gogoan dut, aspaldi egon nintzela lan honen estrenoan, Bilboko Arenalean. Ez dok hiru bikoteatrokoak asko maite ditut, asko gustatu zaizkit beraien azken lanak. Baina hau, bere gidoitik aparte dagoen lan bat da. Bernardo Atxagaren lezio bat hartu, eta beste irakaspen handi bat eman digute.
Bidelagun hartu zuten horretarako Elorrioko Imanol Garaizabal; Logela multimediako bideojokei, animatzaile, flash programan jantzia, grafitigile eta artista aparta. Bideoa ikustean gogoratu dut lana. Itzela.
Hitzak: Bernardo Atxaga
Musika: Les Mecaniciens
Irudiak eta animazioa: Imanol Garaizabal
Bideoa, antzerkia: Ez dok Hiru Bikoteatroa (Mikel Martinez & Patxo Telleria) -
Matt, worpdress sortu zuen mutikoa
Matthew Mullenweg da, 1984an jaiotako mutila. Berak sortu zuen blog honetan, eta munduko blog mordo batetan erabiltzen dugun software librea: wordpress. Datorren astean Sevillako Eventoblog topaketan egongo dela eta, bere berri izan dut.Eta bere bloga irakurtzen hasi naiz. Esan dut: –kontxo! mutikoa dok eta! Interneten ohikoa da hori, gazte gazteak trebe trebe datoz. Eta gainontzekoak erabiltzaile bihurtzen gara. Eta pozik.
Horrelako gazteei esker, orain tresna asko daukagu eskura, sekulako tresnak gainera. Eta Interneten mundu hobe batekin amets egiten dugu, software librearen funtzionamenduak -eta ideologiak- mundua hobea eta askeagoa izan daitekela adierazten digu.
Matt eta beste garatzaile asko, software librea guztion eskura jartzen ari dira. Komunitateak sortzen dira gero, eta programok egokitu, lokalizatu, hobetu, frogatu eta bultzatzen dituzte gero. Eta sekulako dinamika positiboa sortzen du guzti horrek.
Nik, aurrerantzean pozik irakurriko dut Matthew Mullenweg adiskidearen bloga. WordPress tresna izugarri erabilterreza, potentea eta txukuna iruditzen zait. Etengabe garatzen ari da, eta euskaraz sortu den komunitatetxoa ere interesgarria iruditzen zait. Ari gara, eta halakoren batean guk ere elkartu beharko dugu. Gero eta erabiltzaile gehiago ari baikara lanean wordpress plataformarekin.
* Halako batean batuko bagina zer?
* wordpress tailer bat eta zalantza eta plugin workshopa zer moduz?* Asko gara, batu gaitezen -lema komunista ematen du-
-
NEveR MiND the BloGs
Datorren astean da burutzeko Leioako Arte Ederren fakultatatean (EHU UPV) Never mind the blogs topaketa. Ekimena interesgarria da. Blogen inguruan mintzatzeko topaketa bat, astegunez eta goizean. Unibertsitatera itzultzeko aitzakia. Eta gaiak ondo zehaztu dituztelakoan nago.
Ni joatekoa naiz, eta zu? Interesgarria iruditzen zait planteamendua eta antolaketa modua. Zabaltzen jarraituko dut.

Antolatzaileek inkesta hau pasatu dute mezuarekin batera. Horrek gutxi gora behera eztabaidaren funtsera eroango gaitu.
* Bi lerrotan zure bitakora, blog edo… deskribatu.
* Zergatik erabiltzen duzu blog bat? Zer ezberdintasunak daude beste medioekin?
* Zer nolako tresnak erabiltzen dituzu? Zergatik?
* Komunitate baten parte zarelakoan zaude? Bloggerren topaketaren batera joan al zara?
* Uste al duzu blogging delakoak edota erreminta digitalek jabetzeko, deszentralizatzeko, kontrainformazioa gauzatzeko eta ezaguera sortzeko aukera berriak irekitzen dituzten?
* Kopiatzen al duzu? Kopiatzen al dizute? Inporta zaizu? Copyleft ezagutzen al duzu?
* Eta blogen ondoren zer?




























