-
Lurrama feria Baionan

Izugarri harrituta geratu naiz, gaur arratsaldean Glain elkarteen azoka honetan Lurrama feriara barneratu naizenean. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen ekimenez feria edo azoka hau zinez interesgarria iruditu zait. Baionan, Lapurdiko hiriburuan; kostaldean antolatu feria hau, ez da astean zehar herri ttipietan ikusten ahal duzun merkatu hoietarik bat, ez. Goi mailako azoka duzu, herri ekimenez antolatua.
Bea gure lagunak, modu grafikoan irudikatu du asteburu honetako arrakasta: –Aski duzu lau behi ekartzea, milaka bisitari ukaiteko. Baluke arrazoi piska bat Baionako hautetsi abertzale honek, hirian jendeak ez baitu ezagutzen baserria, laborarien mundua, natura edo jaten dugunaren sorterria. Baina, Laborantza Ganbararen hautua haratago doa, eta irriak albora utzita hortaz jabetua da Bea ere, horregatik eman du asteburua lanean, auzolanean, Azoka hau ondo bururatu dadin.
Bost mila edo sei mila lagun espero zituzten asteburu guztian. Eta horra hor harridura; lehen egunean 7.000 bisitari izan zituen Lurramak. Hurrengo egunetan ere, milaka izan dira hurbildutakoak. Zer ikusteko? Erosteko? Ezagutzeko? Denetarik bada hemen, badira baserrietako abereak -pottoka, behor, txerri, ardi, txakur, ahuntz, behi eta astoak-, badira ere laborarien produktuak, sagardo edo eztia… denetarik. Eztabaida eta mintzaldiak ere izan dira. Eta musika, kontzertu eta mutxikoak, emanaldi eta gaiteroak.
Oso inpresio ona, eta antolaketa itzela. Datorren urtean gehiago.
(Larrabetzura itzultzean, argazkiak ikusgai) -
Aldaketak eta hobekuntza zenbait gaztelumendi.org blogean
Ez gabiltza geldi. Beti ikasten da zeozer. Eta blogen inguruan, etengabe gauza berriak eta ezberdinak datoz gure artera. Batzuetan, trena azkarregi pasatzen dela iruditzen zaizu, eta mendi puntatik lasai begira geratzeko gogoa sartzen zaigu.
Bestetan aldiz, skate gainean aldapan behera goazela… aldaketon zurrunbiloan sartzeko gogoa sartzen zaizu. Dena da 2.0, dena dago aldagai… dena egitea posible da Interneten. Eta horretan ari gara.
Batzuetan aski duzu, txat batean, edo lagunen bat Gmail edo beste nonbaiten aurkitzea laguntzen hasteko.
Hizkuntzaren inguruko kezkak
WordPress darabilgunok apurka apurka komunitate bat osatzen dugu. Baita euskaraz ere. Gero eta blog gehiago aurkitzen ditugu software libre honekin egindakoak. Gero eta deigarriago eta eleganteagoak. Guk ordea, dakigun apurra bloga mantentzen baliatzen dugu. Blogak berez, lana eskatzen du. Zurea da, zuk mantendu behar duzu. Zuk egin behar dizkiozu aldaketok. Pluginak direla, themea dela, hizkuntzaren inguruko gorabeherak direla… eta ni egia esan, hor nabil herrenen. Kodea barrutik aldatzea ez da hain erraza, eta lagun batzuen laguntzarekin… apurka apurka gune osoa euskaratzen ari naiz. Baina, badiotsuet, informatikaria ez den batentzat, kodea aldatzea ez da hain fazila!
Irratia.com entzungai
Nobedade handiena hori da. Eskumako zutabean aspaldion Jabi Zabala eta biok Bilbo Hiria irratian egiten ditugun saioak entzungai dituzue. 6 urte badira irratia.com proiektuarekin abiatu ginela… eta egia esan, oraindik horrela jarraitzeko gogoa ez zaigu ahitu. Martitzenero elkartzen gara, sarean ikusitakoaz jarduteko. Irratsaioa egiteak lana ematen digu, baina eraberean Interneteko aktualitatean murgiltzeko aukera eskaintzen digu. Orain, blog honetatik ere entzun ditzakezue gure programak. Iruzkinak eta egiteko, hori bai, irrati bitakoran sartu beharko zarete. Zuen partehartzea zinez eskertzen dugu. Badakizue hori.Aldaketak apurka apurka
Bitartean blogarekin jarraitu beharko dugu. Munduari so egiten, Euskal Herrian zirikatzen, literaturaz eta musikaz iritzia ematen, teknologia berrietan trebatzen… orain arte egin duguna. Eta apurka apurka aldaketak gehitzen guneari. Irudi eta itxura aldetik hor jarraitzen dugu, gorria eta beltza dira nagusi gurean. Gaien aldetik ere, hasierako antzera. Aukera teknikoak gehitu egin zaizkigu: audioak direla, bideoak direla, argazkiak direla… testuari denetarik gehitzeko aukera dugu egun. Eta hori ere baliatu egin behar da.Blogek, sekulako arrakasta izan dute, munduan bezala gure inguruan ere. Horretaz jakitun gara, eta batzuetan bertigoa ere ematen du zenbait kontu idazteak. Blogak gero eta irakurriagoak dira, eta zinez eskertzen dizkizuet -zaretenak zaretela- ematen dizkidazuen erantzun eta kontseiluak. Batzuetan gorritzeraino lotsatzen da norbera, baina ze arraio, jarraitu egin beharko dugu.
-
Europako berri hemen
Gaur egun garrantzitsua dela ematen du. Eta egunak mereziko du gogoeta bat ere. Gaur, bihar, etzi. Euskal Herriaz ari dira Estraburgon, Europa Euskal Herriari so. Eta gu hara begira. Kazetariak, komunikabideak denak hara begira jarrita daude, eta asko handik bertatik ari dira.
Bideoz zuzenean jarraitu daiteke ekitaldia Internetetik. Hizkuntza hauta dezakezu, baina ez gurea, noski. Telebista askok ere emango du. Albistegietan ez da beste ezer aipatuko ziurrenik. Edo bai. Nork jakin.
Euskal Herriko komunikabideek ere Europarako bidea egin dute. Normala den bezela. Eta Interneten topatzen ditugu goiz erdirako hango kronikak, hango iritziak, adostutakoak, eztabadiak, kaleko inpresioak.
Gara eta Berriaren edizio digitalak irakurri ditut, eta info7 irratiko webgunean zintzilik daude hango kronikak ere: parlamentukoa zein kalekoa. Interesgarria bide hau ere, FMtik eta Internetetik zuzenean eskaini, eta sarean denbora errealean ia ia eskuratzeko eskaini.
Europako eztabaidaren oihartzuna baina, helduko al da gure blogetara? Nazioarteko blogosferan ziur erantzuna izaten duela, gurean baina, ematen du gai hauetatik ihesean gabiltzala. Ez dugula prozesuaren gainean jardun gura, busti nahi. Eta blogetan sortu daitekeen giro onak, eztabaidak aberastu dezake maila batean hori ere.
ETAren ekimenak Interneten eduki zuen isladaren ostean, abian jarri beharreko prozesuak ere merezi luke arreta piska bat. Eztabaida gehiago.
-
Agur Euzkadi irakurtzen duten jokalariak
Euskal selekzioa Bartzelonara, Kataluniaren kontra jokatzeko, joan zen eguneko argazkia da hau. Gara egunkariak publikatu zuen fotoa, kirolen atalean, ohi denez. Baina, argazkiari erreparatu zion nire lagun batek, futbolariei baino gehiago. Eta liburu bat topatu Gaizka Garitanoren eskuetan.
Agur Euzkadi nobelarekin abiatu zen Gaizka Garitano hemendik hara, futbolak eskaintzen dituen beste ordu hoietan irakurgai gisa. Poztu egin ginen, noski. Poztu gure kirolariek erakutsi zuten balentria, jokoa eta jarreraz gain, literaturzalerik ere badela jakin genuelako.
Gaizka aspaldiko laguna da, arrebarekin ibili zen institutoan, ikasten, eta Zarautzera bizitzera joan denetik -eta Errealera jokatzera- ez dugu hemendik ikusi. Ikusten dudan hurrengoan, galdetuko diot ea zer moduz Susako liburuekin.
-
Zer gertatzen ari da?
Mezua bolo boloka zabaltzen ari da eguerdia geroztik. Guardia Zibila zenbait herriko tabernetan sartzen ari da, ez modu baketsuan, ez oso atsegin. Epaitegi gorenak Herriko Taberna guztien inbentarioa egitea eskatu du, baita azkar betetzen hasi ere.

Zarauzko Arranoa duzue irudiotan. Informazioa batu ahala egokituko dugu guzti hau. Zuek ere aportatu dezakezue.
Berria edizio jarraitua
GARA digitala
Urola Kostako Hitza
Sustatu.com -
Google bilatzaileak Youtube erosi duela eta…
Ez da beste albisterik izan aste hauetan Interneten, iragan martitzenean Googlek You Tube erosi zuela aipatu zenetik. Google Interneko bilatzailerik arrakastatsuena da eta You tube, egunero milaka eta milaka bideo eskaintzen dituen hodi lodia.Ez da urtea izango Youtube gero eta ezagunagoa bilakatzen hasi zela Interneten. Norberak egindako bideoak, sarera igo eta edonork edonondik ikusteko modukoak gainera. Umorea, salaketa, txisteak, irudiak, lagunak, ospakizunak, kontzertuak, pasadizoak… denetarik ikusi ahal izan dugu hodi lodiak eskainita. Milioika lagunek igo eta jeitsitako bideoak, milioika bideozale eta bideo ikuslez osatutako sare erraldoi bat, Internet bera bezalakoa.
Eta egon badaude bideoak ikusi eta eskaintzeko bestelako plataformak ere, daylimotion, google videos bera edo beste hainbat…. baina arrakastatsuena youtube izan da, duda barik. bi gaztek duela urtebete sortua, eta azkenean Googlek erosi duena, 1650 milioi dolar akzioetan jarrita. YouTube norbaitek erosi behar ote zuen zurrumurrua zabaltzen hasi zen Interneten bertan, eta azkenean nork eta Interneteko handienak, google bilatzaileak, erosi egin du. Youtubek bere bidea egiten jarraituko du, nortasuna galdu barik. Eta Google bilatzaileak bere aldetik, ez du bideoen saila kenduko… garatu eta hobetu egin beharko du ziurrenik, eta Youtubek duen arrakasta eta oihartzuna baliatu beharko ditu, bere zerbitzuen hobetzeko. Eta orain, google handiago bilakatuko da, tresna onenak sortu eta garatzearen ondorioz…. Google-ek Internet osoa kontrolatuko du. Orain arte gutxi kontrolatzen badu…
Youtube ez da arrotza euskaldunontzat, basque jarri eta manifetako bideoak, surf irudiak, kontzertuetako zatiak, euskaldunon pasadizoak ikusten ditugu pantailaratuta. Basque etiketa bat baino gehiago da youtube bezalako Interneteko zerbitzuetan… basque da munduari begiratzeko modu bat, munduan izateko manera bat…. munduan, google baliatuz, gu bilatzeko era. Bideoan edo bilatzailean… berdin du, basque bezala topatu edo ikusi behar gaituzte. Gureak 1650 milioi baino gehiago balio duen arren…
Entzun gura baduzu: [audio:http://info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.euskalherria.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20061017_eus_626.mp3&sekzioa=talaiatik&id=626]
-
Herriko produktuen azoka

Urtero itzelezko arrakasta izaten duen azoka da gaurkoa. Larrabetzuko baserrietan urte guztian zehar ekoizten dena egun batez plazan ikusgai eta salgai. Oraindik baserri askotako solo eta kortetan bizitasuna dago. Gainera ekoizle ekologiko berriak daudenez, txakolindegi berriak, pastel eta ogiak… denatarik dastatu eta aukeratzeko parada daukagu.
Arratsaldean bi lagunen aizkora desafioa, eta dagoeneko gero eta arrakastatsuagoa den bertso poteoa. Aurtengoa ere ez da makala izango. Gonbidatuta zaudete, garaiz… txakolina neure kontu.
-
Euskal Herria askatu arte
Joseba Tapia edo zelan zatarra edertu.
oharra: testu honen irakurtzeko, kantua entzutea eskatzen da. Ardoak ere ez lizuke kalterik egingo.
Real Politik [audio:http://www.josebatapia.com/mp3/RP04.mp3]
Museo bat montatzekotan geratu ginela uste dut. Artea egin nahi dugu, baina ez estatikoa. Mugitzen den artea. Mugitzen den musika. Politikoak ez zaizkigula interesatzen… eta beste asko. Horrelako ideiak trukatu genituen han, Bilbon. Lan egiteko ardoa, barre ugari,, afari goxo eta musika artean. Musikari eta musikazale. Esandakoak; afari baten bueltan sortzen diren ideia zoroak, ideia politak, ametsak baino ez diren ideiak… gure ametsen ideologia.
Euskal Herria askatzea, mahai baten bueltan. Hori da gure prozesu osoa. Kontzertu bat, eta osteko afaria. Gure elkarrizketa mahaian edonor jartzen ahal da. Ideiak behar ditugu: ideiak konpartitu, kantuak egin, koplak entzun, hauspoa astindu.. eta barre egin, ondo pasatuz. Ideologia beharrezko da, bizitzeko, irauteko, aurrera egiteko, lanean jarraitzeko. Kontzientzia eragozpenik ez dago gureak, kontzientziari ez diogu intsumisioa ametitzen. Intsumisioak, aldarriak, ametsak behar du kontzientzia, behar du ideologia.
Politika egin nahi dugu, ametsak gauzatzeko. Handiak txikitzeko. Eta gaueroko eguzki beteari, plazak eskaintzeko. Kantuak, ondo pasatzeko eta hobeto jarraitzeko behar du. Kantua barruak asebetetzeko. Kantua kantatzeko. Hauspoari eragiteko.Mahai bete lagun Bilbon. Eta Joseba Tapiaren diskoak zertaz berba egin eskaini zigun. Atzean geratu ziren, diskoaren aurkezpena, Arestiren koplak, musika eta musikariak, musikazaleak eta musika, artea eta kultura. Komunikabideak eta komunikazioa.
Kalea da gure agertoki, gure museoa. Kantua, diskoak, elkarrizketak, bloga, agitazioa eta propaganda. Tresna guztiak ditugu beharrezko. Tregua barik. Euskal Herria askatu arte.
Eta RR ikusten baduzue, gorantziak eman, baRRe egingo dugulako! ja ja!
Podcast: Play in new window | Download
-
web 2.0 ikastaroa UEUn
Izena eman nuen, eta antza denez gehiagok ere bai. Gaur 16 lagun hasi gara ikastaroan, eta beste kanpo ateetan geratu dira. Euskarazko ikastaroak urriak dira materia hauetan, baina ari gara horretan ere. Blogei eta teknologia berriei buruzko hainbat ikastaro eta hitzaldi eman eta kordinatu ostean, ikasle moduan joan naiz Eibarrera. UEUra.
Gorka Julio Teketen dugu irakasle. Lana erruz egiten du, hitzaldietarako RSSa baino jario potenteagoa dauka, ikasle ona izan dela nabari zaio, eta sekulako aurkezpenak prestatzen ditu pantailarekin.Mundu ikaragarri interesgarria da web 2.0 delakoarena, eta asko dago ikasteko eta sakontzeko. Zeozer dakigulakoan, ur berrietan sakontzeko aukera ematen dute horrelako ikastaroek. Ondokoarekin, modu kolaboratiboan gauza berriak egiteko ideiak eta sortzen dira. Eta niri, gaur, pasatu zaizkit batzuk burutik.
Ondoan nuen Morau. Abeslaria eta AEK-ko irakaslea azken urteotan. Musikazalea naizelako aspalditik ezagutzen nuen, baina e-learning asuntuetan ari da aspaldion euskaltegiko lanetan. Euskal Herria 2.0 jardunaldietan ere izan zen, eta mahaian balizko blog batzuen zirriborroak sortu ditugu. Eta ziur naiz, gauza potentea egin dezakela berak, gehien maite eta ezagutzen duenari buruz: musika.
Ikastaroan gustura hasi gara, asko daukagu oraindik ikasteko eta lantzeko. Sakontzeko eta frogatzeko. Hamaseikotea gaude, hezkuntza eta enpresa mundukoak gehienak… blogosferara gehikuntza potentea izango da talde honena, ziur aski. Ikusteko dago.
-
Orhipean, Renotik Euskal Herrira
Renoko irakasle bat izan dut asteburuon bidailagun. Bada mende bat, bere aitona zena, Jose Elkano, sorterritik Bartzelonara joan, eta handik Renorako bidean abiatu zela. 1909. urtean utzi zuen bere jaiotetxea Lintzoaingo semeak. Emaztea ere, Francisca Villanueva berarekin joana zen. Auritzberriko neska gazte bat zen orduan Francisca.
Ostegunean heldu zen Euskal Herrira Joe Elcano. Arbasoen lurra ez zuen ezagutzen, handik, Estatu Batuetatik, irakurria ez bada. Aitona eta amonaren lurraldearen berri ukan nahi zuen, eta Londonen izandako konferentzia bat profitatuz, hegaldi laburra egin zuen gure artera. Lau egunez izan da Euskal Herrian. Eta gu izan gaitu bidaide, gidari, aholkulari eta lagun.
Iñaki eta bion zeregina izan da Elkanotarren eta Villanuevatarren berri izatea. Lintzoain eta Auritzberrin duela mendea utzitakoa berreskuratzea. Eta Euskal Herria erakustea, eta gure kultura, gure hizkuntza, herri eta hiriak ezagutaraztea.































