• letrak,  literatura

    Etxepare idazlearen LVP Baionan

    Gure lehen liburu inprimatua Euskal Herrian da berriz ere. Tarte baterako ekarri dute, eta sekulakoa izan da Baionako Euskal Museoan izan duen harrera. Harriturik denak.
    Lingua Vasconum Primitiae, Bernard Etxeparek idatzi eta Bordelen inprimatua. Euskarazko lehen letra inprimatuak ez ezik, kantu askoren sorrera. Mezuak. Lemak. Eta Etxepare beraren islada, oraindik bizirik dago euskal kulturgintzaren alorre anitzetan. Etxepare lizeoa Seaskak Baionan, Etxepare karrikak nonahi Euskal Herri osoan, Etxepare institutua Jaurlaritzako Kultura sailak sustatua nazioarteko eragina lortzeko…

    Eta gu ere, beste euskaldun askoren modura joan ginen Baionara. Urtero egiten dugu hitzordu bat; Kalostrapen bazkaldu ohi dugu, Baionako karrika ezberdinak bisitatu, eta aurten Euskal Museoan genuen zita bat Etxeparerekin. Behinola Jabier Muguruzak abesten zigun antzera.

    Eta hantxe, kristalezko britina batek, azalpenak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan, jendea bisitan, argazkiak, poza, eta euskara bizi bizi Baionako Euskal Museoan zein inguruko karriketan. Errobi ibaia da lekuko,

    Itxaro Borda lagun

    Itxaro Borda idazlea eta euskaltzaina da, biziki kontent da aspaldion Etxepare Lapurdiko hiriburuan izatearekin, eta gure hitzordura etorri zen bera ere. Sekulako azalpenak eman zizkigun. Barru barrutik. Idazle bat, gure lehen idazleari buruz mintzatzen.
    Hainbat bisita egin dizkio liburuari, Museoan sartzen den aldiro ordainarazten dute bera. Baionan bizi, euskaraz bizi, euskaltzain, gidari… baina guretzat sarrera hori sobera merkea izan zen, Itxaron berben aldean. Eta kontent gu ere. Gidari, azalpen emole eta argazkilari aparta ere badelako gure idazlea.

    Orain badugu burruka bat, LVP berriz Euskal Herrira ekarraraztea. Babesa badu eskaerak, herritarrena, Euskal Herrian Euskaraz bezalako herri mugimenduarena, eta berriki Baionako Herriko Etxearena ere lortu du. Bide oparoa izanen delakoan.