-
Race to save basque language
Running ari gara, rainning ari da oraindik. Euria ari du gure lasterketaldi honetan.
Vancouverretik idatzi digu Kaitlin delako batek. E-kazetaria da, kazetari hiritarra nowpublic (crowd powered media) webgunean. Gune interesgarria iruditu zait, eta hara begira egoteko asmoa daukat, tarte batez.
Race to save basque language idatzi du. Argazkiak eskatu ditu, eta argazkiak jartzen jarraitu dugu guk. Flickr bidez korrika etiketari erreparatu dio, eta sarea osatu du, tartean idatzi gaitu guri ere. Eta guk erantzun. Eta jaramon egin. Eta gure argazkiak sarean eskuragarriago jarri ditugu guztiok.
Euskal Herriaren barri zelan emon asmatu beharko dugu orain, Korrika bera be, amaitu egingo dalako. Baina gure lasterketak iraungo du. Gure herriarenak. Musika edo kulturarena.Izango dugu munduari zer konta. Zer erakutsi.
Larrabetzutik mundura
Larrabetzu.org gure herriko gunean hori da gaur albiste, pozik hartu dugu. Pozik begiratzen diogu munduari, gurea erakutsi dezakegunean. Gure argazkiak munduan oihartzuna izan dutela ikusteak piztu egin gaitu. Belen Ganaren omenaldiaren berri, nahiz eta goizaldean izan, nahiz eta euripean burutu… nazioarteko albiste bihurtu dugu gure txikian. Eta poztu egin gara. Komunitate txikia gara, herri txiki batean. Baina gogor eta gogoz ari gara tresna berrienekin. Ez da garesti, gogoa eduki ezkero. Etxeko tresnekin ari gara, labadora eta sukaldea baino merkeagoak direnak. Kamara txikiak, konexio normalak eta ordenadore arruntak ditugu. Baina luze ari gara, gurea kanpoan erakusteko.
Erantzun digute Madriletik, ikusiko gaitu David Bieterrek Renotik, edo Bruselatik Gorkak edo Mexikotik iheslariren batek. Bitartean, euria ari du eta kalean ez da giro. Korrikak jarraitzen du.
Ohartu barik ia ia, Nowpublic horretan, albiste popularrena bilakatu da Korrikarena. Euskaldunak klik eta klik arituko garelako ziurrenik, baina ez da albiste txarra hori ere, gutxienez.
Bitartean, guk running edo playing.. edozer behar dugu doing to save the basque language, to save the basque culture, edo to know our country, Basque Country (Euskal Herria).
-
Gaindosia izango ote dan
Eta harrapatu duzu. Bat egin. Atzetik zoaz. Badaramatzu…bazoaz. Ez daukazu besterik buruan, gainezka egiten dizu. Aurpegi zurbila, hankak nekatuak, bihotza taupadaka…. ez zara beste ezertarako gai. Sintomak dira. Neke aurpegia. Euripean ere berdin du. Hemen eta han.
Eta biharamunean, mina gorputzean. Mina toki guztietan. Ez dira ubeldurak, ez dira kolpeak… baina nekatua dago gorputza. Kontatu ahala, ez dizute sinestu ere egiten, baina egia dela esan behar diezu, sinestuko badute.
Kilometroak egin dituzu atzetik, euripean. Nekatuta zaude oraindik. Lortu duzu eta pozik zoaz.
Bart, kilometro mordo bat egin ditugu Korrika. Euskararen heroina. Gaur gaina hartu dizu, kronikak egin dituzu irratietan, saio berezia, ez dago beste hizpiderik. Bideoak ikusi, argazkiak argitaratu…. gainak hartuta. Gaindosia ziur. Utzi egin beharko nuke, ez didalako ondo egiten.
-
Jonkia izatea zer den
Aitortu behar dizuet… Korrikarenak gaina hartu zidan. Ostegunean hasi zenean, ezinegona piztu zen nigan. Urduritasuna, korrika hasteko gogoa, Karrantzan egoteko grina… Interneten, modu birtualean hasi nintzen korrika. Korritu nintzela ez, gorritu ere ez, baina harako gogoa nuen… gogo bizia.
Info7 irratitik Iparraldeko Euskal Irratietako kideek egin zaioa jarraitu nuen, Arantxa Iturbek zuzentzen duen Arratsaldekoa entzuten nuen bitartean irratitik ere… twitter bitartez, eta Gtalk eta hau eta beste erabilita kanpoan dauden lagunekin mintzo nintzen. Parisen edo Bartzelonan daudenekin, lasaitu egin nintzen ni… Karrantzatik hurbilago nengoelako. Ustez.
Ostiralean berriz, kronikak egunkarietan irakurri, irrati kronikak entzun… eta harago gogoa. Lau edizio egin ditut bertan, 10 egunez jarraipena egiten komunikabide edo hedabideetarako. Idatzi dut Egunkariarako, egin nituen zenbait saio Euskal Herri osotik irratia.comerako, Indymedian kronikak idatzi eta argazkiak argitaratu, Euskal Herri osoko irrati mordo baterako kronikak zuzenean, mobiletik gehienetan. Blog bat egin nuen azken korrikan…. denetarik. Badakit han egotea zer den, baina ez nago han. Hemen naiz.
Horregatik barikuan, gehiago ezin nuenez Gasteizera jo nuen. Gaueko 9:00etan Kutxi kalean nintzen, gaztetxe ondoan autoa lagata. Korritu nuen, ez asko, apur bat bakarrik… eta agurtu nituen herriko lagunak, aurten korrikan dabiltzanak. Agurtu eta berba egin korrika… badakizu… eta beste jonki bat topatu nuen. Beste Patxi bat. Bera ere lan kontuengatik -eta deitu ez diotelako- Gasteizen geratu dena. Jonki bat, furgonetara igo zena… barrutik egun batez bederen… berriro frogatzeko. Dastatzeko. Eta berbaz hasi ginen… duela bi urte ezagutu genuen elkar, eta geroztik lagun gara. Edan genuen, berba gehiago egin… eta jatera joan.
Gasteiztik Landara egin nuen, elurrez estalita zegoen Araba duin horretatik. Abiadura Handiko Trenari ezetz esan dion Urbina gurutzatu nuen, dena autobide handi, trenbide eta abarrek ukatu eta zapadu duten herri arte horretatik, Luku, Urbina… gogoan izango zaituztegu.
Landa parean harrapatu nuen Korrika berriz ere, Arlaban mendatean gora. Atzetik jarraitu nintzaion, primeran, lehenengo martxan esan gura dut… aurreratu egin zitzaizkidan DYAkoak, aurreratu zipaioak… ez zekiten gerrako beterano batekin ari zirela… baina auto ofizialak behar dut aurretik eta atzetik. Nirea, gogo hutsa zen, gogo entzuteko, dastatzeko, elur artetik autoz joateko… Korrikarekin.Lenitz Gatzagara jo zutenean, azkarrago joateko profitatu eta Eskoriatzan itxaron nuen. Kafe bat hartu eta herri sarrerako gasolindegira. Handik herri osoa zeharkatu nuen korrika. Goizeko ordu batak edo. Eskoriatzatik Aretxabaletara sartutakoan, ni autoan Arrasatera. Eroski aurreko aparkalekuan gelditu nuen kotxea, euripean. Arrasate erdian jende asko behar zuen, gutxiago 315 kilometroaren parera. Lankideekin korritu nuen. 180 baino gehiago omen gara gure lantokian. Bakarra zegoen korrikaren zain. Ni hurbildu nintzaion, kontablea edo kontu hartzailea heldu zen gero…. eta hiru ginen. Laburra zen gure kilometroa, egin genuen. Eta euria ari zuen oraindik.
Dosia hartu nuen. Dosiarekin sartu nintzen autoan, goizaldean etxera hurbiltzeko. Lotara lasai joateko. Lasaiago igaro dut asteburua. Korrika bazkaria Larrabetzun, subasta, Korrika berbena, parranda…. denetarik.
Eta gaur astelehena, Korrika igaroko da gure herritik, duela 27 urte bezala gogoratuko dugu, eta jarraituko dugu lekukoari eusten, hizkuntzari eusten, euskaraz berba egiten, euskara defendatzen, erasoak salatzen, euskaraz sortzen, euskaraz irakurtzen….
Gauez, gauerditik aurrera, herri giroan. Egunsentiaren zain… jonkiak garelako. Euskararenak. Behar dugu, behar gaitu, maite dugu… eta hori guztia. Ulertu nauzue, berdin berdin agurtu… baina ulertu zein den gure eroa.
-
Hasi da Korrika 15
Hasia naiz Donibane Garazitik. Hasia dut Gasteiztik. Hasi nintzen Mauletik. Hasita daukat Orreagatik… denak dira ezberdin. Denak dira hunkigarri.

Gaur Internetetik hastea egokitu zait. Info7 irratia entzuten nuen ordenadore ondoko bafleetatik, Euskadi Irratia entzuten zen irratitik… eta oinak arineketan ez zaizkit hasi ba!
Karrantzan burua, Bartzelonatik idazten ari zitzaidan Arkaitz, eta Twitter bidez nire sentimenduak adierazi gura nituen sortu berri dugun euskaldun komunitate birtual horretan.
Hasi da Korrika, eta nahastuta ibili naiz. Korrika egin nahi nuen, baina ezin lau pareta hauetatik irten. Hotza kalean. Edurra ikusten da oraindik. Hotza behar du Karrantza aldetik ere, baina bero egongo da giroa.
Bihar eta etzi. Domekan. Astelehenan. 10 egun eta 2510 kilometro inguru aurretik. Internetetik, prentsatik, irratitik, aurrez aurre jarraituko dugu Korrika. Ahal den bezala, baina Korrika ez da geldirik egoteko, ez horixe.
-
Urteurrena baino zerbait gehiago, agian
Duela urtebete dantzan jarri genuen mundua. Euskal Herria hizpide. ETA erakunde armatuak su-eten iraunkorraren berri eman eta di da batean, Euskal Herritik mundura egin zuen albisteak.
Paperezko edizioen aurretik -paperezko edizio berezirik ere izan zen- Interneten zabaldu ziren agiria, bideoa, edukiak eta erreakzioak. Ondo gogoan daukagu.
Urtea igaro da. Denetarik gertatu da. Prozesuak berak gorabeherak izan ditu. Eta dauzka. Baina urteurrena, ez da urteurren soila izango. Ezta gutxiago ere. Urtea 365 egun eta gau baino gehiago da. Urteak albiste, onak, txarrak, oso txarrak eta albiste ez diren kontu asko eman ditu. Baina hor jarraitzen dugu. Hor. Geldirik. Zain.
Urratsak eman dira alde guztietatik. Batzuk eta besteek. Handiak eta txikiak. Bakoitzak, ahal izan duena egin du. Nork bere estrategian. Eta estrategien gurutzaketa horretan aurkitzen da gure patua. Gure herriarena. Eta guri bitartean, bultza egitea tokatzen zaigu. Gure herriaren geroa, portu hobera joatea gura badugu. Askatasuna eta bakea, lema izatetik, errealitatera pasatu behar ditugu. Guztion artean.
Euskal Herriak, ematen ez duen arren, une historikoa bizitzen ari da. Ari gara. Eta horretan jarraitu behar dugu. Lagundu. Sustengatu. Bultzatu. Bestea badatorrelako. Badatozelako.
Kronologiak
Imanol Muruak Berrian.
Mikel Jauregik GARAn. -
copyleft lizentzia eduki hauentzat
Lizentziatu barik nituen gune honetako edukiak. Eta egia esan, blogetatik hartzea, erreferentzia egitea, argazkiak ekartzea gustuko dudanez, berdin berdin nuke laket, beste edonork ere, hemendik informazioa, argazkiak, ideiak hartzea eta beste nonbaiten jarri eta aipatzea.
Interneten copyleft erako edukiak gero eta gehiago dira, areago, creative commons lizentziak sortu eta garatu direnetik. Edukien lizentzien gaineko eztabaida bizia eta interesgarria da, bitartean nik cc lizentzia hau jarri diet blog honetako edukiei.
Eta apurka apurka ea copyleft people errepublika sobietarra sortzen dugun gurean ere.

-
Ezetz esan genion gerra hau
Ezetz esateko!
Mundua gobernatzen duen lehendakariak, jainkoaren eta demokrazioaren izenean krimen berri bat iragarri du. Horrela jainkoa bera iraintzen du, demokrazia iraintzen duBushen gobernuak -gobernua baino gehiago oleoduktoa- munduko erretserbarik handienetakoaren jabe izan gura du, Iraken lurrazpian dagoen petroleoaren jabe. Horrez gain, Estatu Batuek gerrarako materialetan xahutzen duen dirutza arrazoitu behar du, eta jendaurrean gerrarako industriaren azken modeloak erakutsi beharra dauka.
Hori da afera. Gainerakoak, aitzakiak dira. Eta egin gura duen sarraskiaren aitzakiek inteligentzia bera iraintzen dute. Munduan arma nuklearrak erabili dituen herrialde bakarrak, Hiroshima eta Nagasakiren gainera bonba atomikoa botatzeko gauza izan zenak, Irak gizateriarentzat arriskua dela ohartarazi nahi digu. Bushek gizateria horrenbeste maite badu, eta gizateriak gainean duen mehatxua ekidin gura badu, zergatik ez du bere burua bonbardeatzen? Horrela errurik gabeko herrien exterminioa planifikatu beharrik ere ez luke izango.
Otsailaren 15rekin munduko kaleak manifestazio handi bilakatuko dira. Gizateria nazkatu da bere izenean hiltzen dutenetaz. Gizateriak ez dio gehiago negarrik egin nahi gerra bukatutakoan hildakoari. Gizateriak hilko duen gerra ekidin gura du.
postdata: Hitzok bilatzen aritu naiz Indymedian. Aspaldi, duela 4 urte euskaratu nituen, Eduardo Galeanok idatziak dira, gerraren kontra antolatzen ari ziren ekitaldiotan irakurtzeko. Euskal Herrian ere, ozen esan zitzaion ezetz gerrari. Iraken ordea, okupazioak eta gerrak bere horretan irauten du. 4 urte igaro dira dagoeneko.
argazkia: GuerrillaPop
bigarren postdata: Gerra ala inbasioa? Info7 irratirako kronika prest nuenean, Antton teknikariak, gerra barik inbasioaz ari ote nintzen galdetu dit Urruñatik. Baietz nik, inbasioa, baietz. Eta kronika egokitu dut. Bat batean.
[audio:http://info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070320_eus_1201.mp3&sekzioa=talaiatik&id=1205]
-
Sagarrondotik
Azpian zegoen, gerizpean. Eta halako batean mp3 bat erori zitzaion burura. Ez zuen eureka! esan, ezta euroka! ere, baina orduan konturatu zen, musika erori egiten dela, eta berriro igo… eta musikaren akordeek jendea mugitzen dutela.
Mugimenduaren teoria bat osatu gura izan zuen gero, han, sagarrondopean. Musikak mugitzen duenaz, musikak eragiten duenaren gainean… karparen azpian.
Musika bizitza da, musika kultura da.
Sagarrondotik asteburu eder bat Hernanin. Aukera zabala eta kriterio onak.
Euskal Herriko bi talde interesgarrienetakoak Delorean eta Atom Rhumba bertan izango dira. Kanpotik ere markakoak datoz… zer gehiago behar da ba?

-
Karl Marx kalea
Gaur bezalako egun batez, 1883ko martxoaren 14an hil zen Karl Marx. Pentsalaria, filosofoa, marxismoa eta komunismoaren aitzindaria.
Gaur bezalako edozein egunetan, oraindik Euskal Herriko udalerri batean, gutunazaletan egunero egunero Karl Marx kalea agertzen da. Idatzi eta jaso egiten da.
Euskal Herrian izan dira une gorri eta gorriagoak. Ezkerra proiektu politikoa izan da, garai bat baino jarrera bat izan da ezkerrekoena. Eta kaleak horrelako izenarekin jarraitzen badu, arrazoiren bat egongo da oraindik. Munduan iraultzaileen estatua asko erori eta bota dituztenean…

Eta oraindik Karl Marx kalerik badago gurean. Badakizue non?
Asmatu ezkero, ardo gorri bat ordainduko dizut ondoko taberna gorri batean. Ezin gorriago.
Manifestu KomunistaÂ
Bere lanik ezagunena Kapitala –Das Kapital jatorrizkoan- izan zen, baina mundua aldatzen hasteko egin zuen lanik iraunkorrena Engelsekin batera idatzitako Manifestu komunista izan zen. Gurean aspaldi itzuli zen euskarara -ez zuen ba Xabier Kintanak euskaratu?- eta gaur egun ere, Interneten eskuragai dago osorik eta euskaraz, Marxisten gune batean. -
GAUR8ri buruz Info7 irratian
Gaur8, Info7, Hamaika telebista… zenbakiak hitzaren munduan. Kanalak adieraztetik.. gehiagora.
Eskerrak euskaraz gauzak sortu daitezkeen. Eta orijinalak. Eta aspaldian dexente sortzen ari diren. Zapatuen ikusi zuen argia, beste proiektu komunikatibo batek ere. Papera eta sarea uztartu asmo duena. Uztartzen ari dena, hasiera hasieratik. Eredu izango da zentsu horretan, euskal esparru komunikatiboan.
Info7 irratian, komunikazioa eta teknologia berrien inguruan astero egin ohi dudan tartean, GAUR8 proiektuaz aritu naiz asteon.
Proiektuari bertute asko ikusten dizkiot. Hobetu daitezkeen batzuk ere gehitu ditut. Baina orohar, aspaldian euskaraz sortutako tresna erakargarriena egin zait GAUR8 proiektua. Ezin dezaket ene poza izkutatu.
[audio:http://info7.com/entzun/deskargatu.php?fitxaizena=http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20070313_eus_1178.mp3&sekzioa=talaiatik&id=1179]Josu Juaristirekin irratian
[audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom070313.mp3]
Eta irratia.com emankizunean Josu Juaristi elkarrizketatu dugu 76. saioan. Josu Juaristi GARA egunkariko zuzendaria da, blogeatzen hasi da, eta GAUR8 proiektua ere hizpide izan dugu.Podcast: Play in new window | Download


























