Urtero Donostiara joateko ohitura hartu dugu etxean. Zinemaldia. Izekoak alfonbra gorrira eroateko hasi ginen, nik artean joateko joera hartu nuen arren. Herritarrok halako kultur ekitaldietan egoteko beharra eta eskubidea dugulakoan. Izeko Mirentxuren omenez, joaten jarraitzeari ekin genion. Eta urtero goaz oraindik. Filma bat ikusi, argazkiak egin, Donostia usaindu, Ramuntxo berrin afaldu eta buelta etxera. Lehen egunean joan gara aurten, barikuz. Eta sekulako giroa Donostian. Ez da gutxiagorako.
Bilbo
Azken urteotan gainera, Bilbon ere Zinemaldiko filmeak ikusteko aukera dago. Eta urtero egiten dugu Alondigara joan etorria. Horrela ikusi genuen Handia Donostian estrenatu eta gutxira, eta beste pelikula batzuk Donostiatik zuzenean Bilbora datoz, zuzendari edo aurkezle eta guzti.
Aurten Donostian horren kritika onak jaso zituen Inurri itsuak ikusteko parada izan dugu. Paregabea aukera. Sekulako leihoa da. Eta hirien arteko elkarlana gauzatzen da. Txorradak albo batera utzita. Eta aretoa majo betetzen da, urtero, eta ia filma guztiekin gainera.
Hizkuntza(k)
Lehen eguna Bilboko emanaldietan. Euskarazko film bat iragarrita. Jendetza barruan. Aretoa bete beterik. (Kultur sailburu ohia ere bertan, Segurtasunekoa orain. Lehen jendea agurtzen zuen, orain debekatuta duela ematen du) Baina tira.
Denak barruan geundenean, Aizpea Goenaga aurkezpen lanak egiten.
Aizpea Goenagak uste du Bilbon ez dakigula #euskaraz
— gaztelumendi ???? (@iPatxi) September 28, 2026
Aurkezpen txatxuak euskaraz eta eduki guztia erdara hutsez.
Eskerrik asko se?ora, #auzolotsa. Baina barregarria eh! @gukabilbon | Zinemaldia pic.twitter.com/zCj2fwkHLZ
Txio honetan kontatu nuen momentu horretan sentitu eta pentsatzen nuena. Ez naiz damutu. Ikustaldi mordoa izan ditu gainera (7 K). Ez dut bere erantzunik jaso. Erantzun ofizialik ere ez. Ez dakit berak ere irakurri duen. Baina auzolotsa sentitu nuen: euskal antzerkigintzan, Euskal Telebistako saioetan, hemen eta han horrenbeste lan egin ostean, euskaraz gainera; zeinen etxekalte aritu zen filmaren aurretik. Gaztelania hautatu zuen hizkuntza nagusi moduan, euskarazko lau berba txatxu bota, eta haria nagusiki erderaz. – Enfin! gu betikora. Baina ez, euskarazko film azpititulatu bat eskaintzeko orduan ere, erdara nagusitu behar bada aurkezpenetan, euskal aktore baten ahotik gainera, zerbait txarto egiten ari gara. Oso txarto.
Beste egun batean arituko naiz Igor Legarretaren filmari buruz. Merezi du. Eta asko.
