Kategoriak
97 irratia agit/prop Euskal Herria Mikel laboa musika playlist rocka soinu banda

Negu Gorriak

Bertolt Brecht idazlearen poema bat. Mikel LaboarenGaberako aterbea. Txerokee. Negu Gorriak. Musika.
Elkartasuna. Bazterketa eta arrazakeriaren kontrako borroka. Iruñea. Negu Gorriak / Derecho a techo. Faximoaren eraso bortitza.
Abesti baten, talde baten eta gure historia hurbilaren errepaso bat, etorri datozen belaunaldi berriei eskainia. Memoria.

Kontatu didate Nueva York-en
Broadway eta 26 karrikaren kantoian,
Negu gorrian, gizon batek gabero
jendeari otoi eskatzen
aterbea bilatzen duela
bilutsirik daudenentzat.

Mundua ez da era hortan aldatzen
Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
zama-aroa ez da hola laburtzen
Baina gizon batzuek gau batez, ohea dute,
aterbean haize otzik ez eta
bereri zijoakien elurra, karrikan ari da.
Liburuaren irakaspenik ez ahaztu gizona!

Gizon batzuek gau batez ohea dute,
aterbean haize otzik ez eta
bereri zijoakien elurra, karrikan ari da.

Bainan mundua ez da era hortan aldatzen
Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
zama-aroa ez da hola laburtzen.


1987an Mikel Laboa kantariak Bertolt Brecht poeta ezagunaren poema, abesti bihurtu zuen. Gaberako aterbea.
Abestia hainbat diskotan karrikaratu zuen, beste kantu zaharren bertsio berrien ondoan. Artzeren, Arestiren, Atxaga edo Sarrionandiaren testuekin egin bezala.
Euskal kantagintza berriaren indarra izugarria izan zen. Letra molde berria. Kitarra eskuan, Francoren dikturapeko gazteria astindu zuten Mikel Laboak bezala, Xabier Lete eta Lurdes Iriondok, Benito Lertxundik eta beste askok.
Ipar Euskal Herrian Labegeriren letrak abesti bihurtu zituzten Robles Arangiz nebarrebek. Eta Estitxu bezalako abeslariak ezagutu ziren Euskal Herrian ez ezik, gure mugetatik kanpo ere. Niko Etxart Parisetik Zuberoarat heldu eta euskal rockanrolling eginez, gure ingurua astintzen hasi zen. Anje Duhalde eta Mixel Ducau-k Errobi taldearekin rockanrolla Hego Euskal Herrira hedatu zuten. Eta sortu ziren berriak.

Txerokee. Mikel Laboaren Kantak. 1990. Seaska

Rock eztanda bizi izan zuen Euskal Herriak 80. hamarkadan. Punk doinuak, ska, rocka eta borrokak bat egin zuten belaunaldi berri baten. Gaztetxeak okupatu egin ziren, fantzine eta irrati libreak. Kontzertuak. Maketak. Diskoak. Disketxe berriak. Eztanda oso interesgarria, dudarik gabe. Kortatu garai hartan sortu zuten Muguruza anaiek Irun aldean. Hiruzpalau disko eta urte gogorrak izan ziren. Sekulako arrakasta gazteen artean. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere bai. 1988ko urrian egin zuten beraien Azken guda dantza. Eta hirukotea desagertu egin zen.

Mikel Laboa abeslariaren aldeko diskoa sustatu zuen Xabier Montoiak. Seaskaren alde, garaiko musikari berri eta interesgarriak batu, eta Mikel Laboaren abestien bertsio berriak egin zituzten. Eta ez nolanahikoak. TXEROKEE Mikel Laboaren kantak.
Su ta gar, Negu Gorriak eta beste hainbat talde -Kiowak, Bukaera, Karkaxa …- ezagutzera emateko aukera izan zen Txerokee diskoa. Dagoeneko plazan ezagunagoak ziren BAP!, Delirium Tremens edota M-ak taldeek ere, Laboaren bertsioak egin zituzten bildumarako; eta Angel Katarain edota Tapia eta Leturia ere gehitu ziren Montoiaren ekimenera.

Negu Gorriak taldea

Gaberako aterbea abestitik hartu zuen Fermin Muguruza, Iñigo Muguruza eta Kaki Arkarazoren taldeak izena. Negu Gorriak.

Diskoa plazaratu zuten handik denbora gutxira. Herrerako martxan jo zuten lehenengo aldiz milaka lagunen aldean. Herrera de la Manchako espetxera urtero martxa egiten zen Euskal Herritik, eta han antolatu zuten lehen agerraldi publikoa, artean Guardia Zibilaren hainbat kontrol jasota, eta… 1990ko abendua. Orduko kontuak.

Kolore guztiak faxismoaren kontra

Historia bizia izan zen Negu Gorriak taldearena. Negu Gorriak.net ataria sortu zuen Aitor Suarez musikazale bilbotarrak. Taldearen diskoak, argazkiak, liburuak, irrati elkarrizketak, kontzertuak, bideoak batu eta sareratu zituen. Sekulako lana. Altxor izugarria. Gure memoria.

Elkartasuna antolatu da Iruñean

Nafarroako hiriburuan, mugimendu alternatiboak beti izan dira indartsuak. Mugimendu ekologista aitzindaria, Eguzki irratia, Intsumisioaren aldeko mugimendua, musika taldeak, Katakrak okupazioaren alde 80. hamarkadan, errepresio bortitza, kale borroka erantzun antolatua… historia sozial handia dauka Nafarroak bezala, Iruñea hiriburuak ere bai.
Emigrazioa, arrazakeria eta bazterketaren aurrean, ez dira besoak batuta geratu iruindarrak. Mugimendu anitz eta sendoak daude auzoetan bezala, alde zaharrean edo Iruñerria osoan. Etorkinen alde, errefuxiatu edo etorri berrien alde. Eta mugimendu autonomo antolatuetako batek Negu Gorriak Derecho a techo izena hartu du. Nola ez. Eta egoerak eskatuta, elkartasun brigada antolatu Ceutara. Eta hedabide faxistak, manipulatzen eta gorrotoari bide eman hasi eta istilu larriak eragin berri dituzte faxistek Ceutan bertan. Euskaldunen kontra, ETAren aitzakiarekin, keinu eta deialdi faxistek ordituta, zer ez dugun ikusi Afrikako iparraldean. Negu Gorriak taldea memoria kolektiboan dago bai, gurean bezala, eskubideen eta askatasunaren etsaien burmuin kolpatuetan ere bai, antza. Eta gutxi behar izan dute, poliziaren konplizitatearekin liskarrak sortu, mehatxuak hedatu eta ehiza abiatzeko.

zenbait abesti, testuingurua ulertzen saiatzeko


Poema bat. Abestia. Kantaria. Talde eta mugimendu berriak. Rock doinuak. Borroka kantuak. Genealogia. Historia. Memoria. Kontakizuna.
Entzun. Irakurri.Kezkatu. Ulertu. Ondorioak atera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.