• agit/prop,  musika

    San Ferminetan oroimena ez da galtzen, kantatu egiten da

    Gu ere Iruñean izan gara, Euskal Herriko jairik handienean, mundua zapi gorri baten azpian kabitzen den hiriburuan.
    Eta bertatik baino hobeto jarraitu daitezke jaiak gaur egun Interneten. Saretik.
    Zezenak, arropa zuria, edana, karrikak, ikurriñak, Iruñea jai handi bat da.
    Sanferminak gure herriaren lekuko dira. Historia egiten dute, egin dute, egingo dute oraindik… lehen bezala orain. Iruñea borroka askoren hiriburu da, mobida askoren kapitala. Musika auzolagun dute bertan, lehen bezala orain. Beti sortzen da talde edo ekimen berri interesgarriren bat.
    German oroitu dute aurten ere Sanferminetan. 78ko gertaerak ekarriz gogora, oroimena astinduz. Eta musikaz ere gogoratu dute. Oraingo talde batekin, historia egingo duen taldearekin: Bizardunak.

    Eta Apurtu telebistak jaietan murgilduta egin dituen bideoak ere azpimarratzekoak iruditu zaizkit.

  • agit/prop,  literatura,  musika

    Zapi gorriak zerua du estaltzen!

    1985eko uztailaren 7a gogoan

    Ez dakit zer pasatzen den
    azken aldi hontan
    jendea hasi dela
    dantzatzen sarritan …

    … eta dantzan jarraitzen dugu oraindik, ia 25 urte beranduago. Azkena iragan ostiral gauean, Manu Chao, Radio Bemba eta Fermin Muguruzak behinola Josu Landak idatzitako koplak kantatzeari ekin ziotenean.

    …zerbait ikustekoa du
    bi falta direlakoz
    «Recuento generalean».

    Eta han ginen guztiak, sarri sarri dantzatzen, piti piti kantatzen. Errekuentoek zuten aurpegiarekin begiratzen genien eskenatoki gainekoei, harrituta.

    Irratikoak han ziren
    emititzen zuzenean
    paella jango zutela
    eta Piti eta Sarri bere muturretan
    saltzan zeudela konturatu gabeak.

    Eta uztailaren 7 hartatik, sanfermin hunkigarri hartatik, igaro dira urte parrastada bat. Askotxo. Piti hemendik dabil. Irakasle lanetan ikastola batean. Artista izaten jarraitzen du. Ihesaldiaren ostean atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian. Atera zen gero, eta izaera alaia eta irekia du geroztik. Noiz edo noiz ikusi izan dugu hemen edo han. Bizitzan gora beherak, eta aspaldian pozik dela diote.  Itsasoari begira.

    Sarri ere bizi da, ez dute harrapatu. Jarraitu du sortzen, literatura, kantuak, itzulpenak, artikuluak. Iheslariaren patua, fikzioa dirudien bizitza, izoztutako lagun bat balitz bezala, ez naiz hemengoa esanez, han biziz hemen balego lez… bere letrak gogotsu irakurtzen ditugu, preso izan zenaren gogoak asetzen ditu irakurlearen apetak. Kantu dira bere hitzak. Eta jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan.

    Zaila dugu sortzea
    doinu gogozagorik
    Sarri dio herriak
    txanpainaz ospaturik
    Iruñeko entzierroa
    desentzierroa hemen
    zapi gorriak
    zerua du estaltzen.

    Eta zinez kantu ederra sortu zitzaien Kortatukoei, Toots & the Maytals taldearen doinuak aintzat hartuta. 80. hamarkadako kantu bilakatu zen. 90. hamarkadan iraun zuen, gogoz. Eta XXI. mendeko lehen hamarkada honetan jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan. EHZ festibalean azkenengoz.

    Eta gaur, uztailaren 7an zapi gorriak zerua du estaltzen!

    pottdata:
    Irakurketa interesgarriak:

    Josu Landa
    ARGIA aldizkarian:
    Ihesketa honek ametsak posible direla frogatu du

    Joseba Sarrionandiari Mitxel Sarasketak
    espetxean egindako elkarrizketa:
    Literatura, bizitzeko modua besterik ez da

    Bitartean, ez oso aspaldi Manu Chaok eta FMk Bruselan eman kontzertu bateko audioa duzue hemen entzungai. Ziur Jai Alai Katumbi Express hartako kantua dela,  Espainian lotsagabeki faxistek zentsuratu gura izan zuten kantu eta kantariak.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    EHZ herri bat zuzenean, mila bizipen

    ehz 2009 herri bat zuzenean
    Heletatik idazten ari, kanpoan pilotari eta bertsolariak, bi gau, 30 kontzertutik goiti, giro paregabea, gau ederrak, lagun asko, lagun berri gehiago….
    EHZ akanpalekua goitik
    Batzutan zaila egiten zaigu azken 14 urte hauetan EHZ festibalean bizitakoa azaltzea. Amets bat da EHZ. Gauzapen pratiko eta militante bat. Euskal Herrian ez da besterik holakorik. Konpromezua, lana, hizkuntza, kultura eta… herri bat zuenean azken finean.

    Aldudarrak bideoa, mila esker

    Manu Chao festibalera etortzeak; biderkatu egin du festibalaren erakargarritasuna, jende kopurua, giroa, antolakuntzaren buruhausteak, sarrerak… baina bizitakoa ere hunkigarria izan zen. Une batez, 1985eko uztailaren 7an bizitakoa berriz ospatu genuenean.
    Sarri Sarri kantuak, zentsura gainditzen du, Jai Alai Katunbi express bira gogoratzen digu. Bi musikari handiren lana goraipatzen, bizi nahi duen jendea eta herri bat oroitarazten. Mila esker guztiagatik Manu Chao eta FM.

    EHZ ZuzeneanEHZ Zuzenean:
    Martxa ta Borroka:

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    sarea elkarrizketa da

    #nickdutnik gogoeta xume bat

    Merkatuak, sareak, hedabideak, etxea, sukaldeak elkarrizketak dira. Ez dago dudarik. Kafea ez dugu twitter bidez eskatzen, maitasuna agian ez da 140 karakterretan sartzen ahal, irudi guztiak ezin daitezke hitzez deskribatu eta ametsek ez bide dute lekurik bit artean.

    Baina sarea elkarrizketa bilakatzen ari da. Erantzunak, iritziak, proposamenak, ideiak, kexuak, aldarriak, penak, eskaerak, salaketak… tokia dute gure elkarrizketa digitaletan. Gure erantzun eta mezuetan.
    nick dut nik

    Mezu labur zein programa konprimituetan.
    Bart, etb3ko Nickdutnik saioa tarteka ikusten egon denetakoa naiz neu ere. Parte hartzen zelanbait esateko, twitter bidez. Eta gure mezu laburrak, pantaila handian agertu dira, lurreko telebista digitalak aukera hori eman digu. etb3ko arduradunek onetsi dute proposamena eta #nickdutnik saioan zuzeneko mezuak pantailaratu ditugu, ordaindu barik eta nahiko libre.

    Aurrekariak gurean eta munduan


    irratia.com emankizunean aspaldian baliatu ditugu twitter eta facebook, edota zuzeneko txat elkarrizketa web bidez… sortu ginen egunetik bertatik.

    Greba orokorraren karietara, antolatu genuen telebista libre eta herritarrean, mezuak klikagarri zeuden Interneteko telebistaren pantailan.

    Orduan oso esperientzia interesgarria izan zen, duda barik. Asko ikasi genuen, eta telebista interaktiboago, partehartzaileago, libreago batekin hasi ginen pentsatzen. Gauzatzea posible zen, ezberdina, irekiagoa, libreagoa.

    etb3 bide onena, digitala

    Eta orain, telebista publikoak, hemengoak, bide hori hautatu du. Interesgarria da. Oso. Eta poztu egin gara, zergaitik ez esan. Eta parte hartu eta zoriondu egin ditugu. Bide berria erakusten duelako. Partehartzaileagoa, irekiagoa, sarekoagoa. Zelan adierazi bestela?

    2009ko uztailaren 1eko gaueko esperientziaren berri damaigu Ruben Sanchez (lostin.tv / factoria cross media) ia zuzenean prestatutako bideo honetan. Idatzizko post bat ere.

    <title> hack the debate </title>  ekimen interesgarria
    Twitter bidez jakin dugu, Current ekimeneko mediaktibistek antzeko zerbait plazaratu zutela AEBko hauteskundeetan. Beraz, bide berri eta interesgarria han bezala hemen ere. Hemen eta han, munduan alegia.


    iturria: current.com

  • ikusi eta ikasi,  musika

    DLRN entzuten gau ta egunez

    Musika asko entzuten dudan arren, zenbaitetan denbora gehiago izatea gustatuko litzaidake. Albisteei, liburuei, blogei kasurik egin ez, eta bazkalorduan zein lan denboran musika aditzen egon.
    Kontzertuetara joan, eta irratian kantuak pintxatu. Atsedenik gabe egongo nintzatekela ziurta dezaket. Ez naiz aspertu azken 25 urteotan, eta grinak jarraitzen du.

    Aspaldian Euskal Herriko talde bereziak entzuten ditut. Bereziki motibatzen naute euskaldunak izan arren, kanpoan arrakasta itzela duten bi proiektuk: We are Standard eta Delorean.
    Getxokoak lehenengokoak, blog honetan aipatuak eta  bideoren bat jarrita ere banago. Delorean ere maiz izendatuko nituen. Zuzenean biak ikusitako naiz, baina barriro ikusteko arazorik ez. Oker ez banago WAS Heletan dira asteburuon, han be ikusi beharko.
    DLRN ez oso aspaldi Bilbon ikusi nituen, ikusiak ditut EHZn ere, eta beste kontzerturen batean… lokal txikietan, handietan baino hobeto.
    Baina zarauztarrak, entzuteko be badira. Dantza egiteko musika eta erremixak egiten iaioak dira, eta plazaratu duten azkena, entzuteko modukoa da.

    Ayrton Senna eta mixtape berezia
    Berriki, Ayrton Senna izenburuko lana plazaratu dute. Sarean mixtape berezi bat plazaratu dute, musika eta bideoak jartzeko sortu duten blog berezian Desparrame.

    Hauek dira kantuok:
    1. El Guincho “Kalise (Delorean Remix) – Short Edit” (Young Turks 2009)
    2. Delorean “Deli – Short Edit” (Fool House)
    3. Mystery Jets “Half In Love With Elizabeth (Delorean Remix)”
    4. The Teenagers “Love No (Delorean Remix)” (Xl)
    5. Delorean “Big Dipper – Short Edit” (Fool House)
    6. Delorean “Moonson – Short Edit” (Unreleased)
    7. Lemonade “Big Weekend (Delorean Remix)” (True Phanter Sounds 2009)
    8. Glasser “Glad” (Delorean Remix) (True Phanter Sounds 2009)
    9. The Big Pink “Too Young To Love (Delorean Remix)” (Unreleased)

  • musika

    manex rockanrollin!

    Euskal Herriko ertz honetako hiru lagun batu ginen Mauleko Gazteluaren ondoan, zer eta Zarama ikusteko.
    Zaharrock lehenengo, Atarratzeko musikazale edadeko batzuk, musika jo ondo jo… ta gu Mauleko karriketan zerbait jaten.
    Santurtzin euskaraz hasi zen taldeak, beraien diskoak eta kontzertuak alde batera utzi zuten gero. Hamalau urteren ostean berriz ekin dio zuzenekoen lanari, eta non hobeto etxetik urrun baino hau entzuteko. Beste inork ez dakiela.


    Meatzaldea eta Ezkerraldeko lagun batzuekin elkartu eta han ginen gu, akerbeltz garagardoak edan eta gazte sasoiko kantuak entzun eta dantzatzen.
    Gogoan dut, pasa direla 25 urte edo Gasteizko gauak/ Zaramaren erdian singlea ikastolan entzuten genuenetik. Edo Larrabetzun 1985ean Kortatu, BAP! eta Ximorrak taldearekin jo zutenetik. Edo beste zenbait kontzertu hemen eta han… eta horrek akordu guztiak pasatzen zaizkizu burutik, Mauleko gazteluaren argitan zaudela, dantzan zaudela, kantuan zaudela…

    euskal rockanrollin
    Eta halako batean, sorpresa, itxaroten ez duzun kolaborazio bat eskenatokian. Altzaiko Kilikas estudiotik etorri berri den rockero aitzindaria. Niko Etxart mikrofonoetan, xiberureraz kantuan aritzeko prest. Euskal rockanrollin! eta gauak lehertu behar duela dirudi. Xiberutarrak dantza baten, hurbildutako gainontzeko euskaldun guztiak ere pozik… rockaren eremu da Mauleko Gaztelua.
    Gau ederra, giro paregabea, antolaketa bikaina, garagardo goxoa, kontzertu onak eta jai giro itzela. Biba züek!

    afitxa: Asisko Urmeneta
    Kontzertuaren antolatzaileak: Atharratzeko Pixkanaka eta Mauleko Pitxu gaztetxe/gazte taldeak.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  info 7,  musika,  teknologia berriak

    Hatortxu rock: elkartasuna, musika eta Internet

    Bat baino gehiago harrituta geratuko zen asteburuan, Lakuntzara hurbildu ostean. Gazteak izan dira bertara hurbildutako gehienak, musika jarraitzaile sutsuak… baina igande bueltan adin guztietako euskaldunek egin zuten topo Beriain mendiaren magalean, elkartasun jaialdi koloretsu honetan.
    Hatortxu jaialdia, presoen dispertsioaren gastuei diruz aurre egiteko ez ezik, elkartasun festibala ere izan da. Eredugarria, antolakuntza aldetik bezala jendearen parte hartzetik ere. Milaka lagun eskenatoki bakoitzaren parean, milaka lagun kaleetan, milaka jarraitzaile hemen eta han.


    argazkia: hatortxurock.org (aeroplano batetik ateratako argazkia)

    Elkartasuna

    • Elkartasuna hitz handiz idatzi da egunotan Sakanan. Musikariek agertu duten prestutasuna (guztiak gutxieneko gastuak kobratu besterik ez dute egin, bidaia eta …) eredugarria izan da, 60 taldetik gora. Euskal Herrikoak asko, baina kanpotik etorritakoak ere bai batzuk. Alde horretatik, flipatzekoa musikarien jarrera.
    • Elkartasuna ere, herritarrek adierazi dutena. Lakuntza eta Sakana osoa inplikatu baita jaialdi honen antoLakuntzan.
    • Elkartasuna bertara joan zirenen partetik, han utzitako txanpon eta oihu bakoitza presoen alde izan zelako. Dispertsioaren kontra, dispertsioari aurre egiteko.

    Musika

    • Talde ugari, estilo asko, kontzertu mota ezberdinak, eskenatokiak ere aukerakoak, jendetza ikusten gozatzen dantzatzen abesten. Musika eta elkartasunak bat egiten dute askotan Euskal Herrian.
    • Gogotsu eta pasioz aritu ziren zuzenean. Aurretik elkartasuna agertu eta publikoki eskainiz, eta gero bertan, kontzertuetan. Talde berriak, talde handiak, talde ezagunak, talde ezezagunagoak, famatuak…. kausa batek batu eta zuzenean adieraziz.

    Internet

    • Hatortxu Rock jaialdi honek propaganda aldetik musika kontzertuetan ohikoa dena baino euskarri gehiago landu ditu. Paperezko propaganda Euskal Herriko txoko eta bazter guztietara heldu bada ere, bestelako asmakizun eta irudimenezko eskaintza izan du. Plastikozko milaka metro pankartetan, bide bazter, zubi eta kale artean ikusi ditugunak.
    • GARA, berria, eguzki irratia eta Infozazpi ere laguntzaile izan ditu. Eta jarraipena egin ez ezik, aldez aurretik iragarkiak jarri dituzte beraien medioetan. Elkarrizketak, kantuak, argibideak edo Internet bidez sarrerak saltzen.
    • Hatortxurock.org gunea izan da hala ere, nire iritzian bederen, jaialdi honetako izarra. Bideoak, Hatortxu telebista, zuzeneko irratia, argazkiak, bideoak… Sare sozialetan, #hatortxu etiketarekin, youtubeko bideoklipa, abeslari eta musikarien mezu eta elkarrizketak…. zer ez dagoen Hatortxu Rock gune multimedia horretan.
    • Borondatezko lana, sareko auzolana, multimedia ikuspegia, ekimen ezberdinen arteko elkarlana… Internet, sarea azken finean….

    Hatortxu rock irratia

    • Irratia ere izan zuen Hatortxuk. Zuzenean Lakuntzako elkarte batetik. Gela multimedia bat. Prentsa eta Interneteko gunea kudeatzen zutenak mahai baten bueltan, eskaileretan gora bideogileak, beraien lanak kapturatzen, bideoak editatzen…. Hatortxu telebista sortzen.
    • Euskal Herri osoan entzun daitekeen Infozazpi batetik, Sakanako Eztanda irrati librea, Zarauzko Arraio irratia, Iruñerrian entzuten den Eguzki…  guztiak sarean lanean. Programak egiten, uhinak astintzen, Internetetik eskaintzen… software librea, ordenadore portatilak, ADSL konexioa konpartitzen…
    • irratia.com ere bertan egin zen, irratsaio solidario bat egiteko gogotsu. Musika eta elkartasuna uztartuz, saio digital berezi batean.
    • Han egindako saioa entzun gura baduzue, klik baino ez. Elkartasun klik bat, besterik ez:
      [audio:http://www.arraio.net/deskargak/hatortxu/irratiapuntucom.mp3]
  • ikusi eta ikasi,  musika

    Euskarazko RAP mugimendua abian

    Errima gorriz datoz kume berriak

    Erreportaia itzela, interesgarria egin dute Lander Arbelaitz eta Gorka Bereziartua kazetariek ARGIAn. Idatzizkoa argitaratu zuten lehenbizi, baina oraindik interesgarriagoa egin zait montatu duten ikusentzunezkoa. Twitter bidez adierazi zuten horretan zirela, eta gaur argitaratu dutenean, ezusteko polita hartu dugu.

    Hernaniko Molotoff irratian Aritz sound system (Selektah kolektiboko kidea), Baionako ostatu batean Jon Eiherabide (MAK taldekoa) eta Santutxuko grafitti baten aitzinean Norte Apacheko lagunak, disko berria kaleratu ostean.

    Rap doinuak, irratiko grabazioa, elkarrizketak…. eta bideo interesgarri bat. Kazetaritza berria abian da, eta lehenengo emaitzak argitaratzen ari dira apurka apurka.

    ARGIA.com

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    irratia.com nickdutnik telebista saioan

    zer da podcast bat? galdetzen dizu telebista aurkezleak, eta wikipediako definizioari adibide pratikoa jartzen dio gero. irratia.com bota dute telebistatik. Elkarrizketa eta zuzeneko irudiak. Nickdutnik euskarazko telebistan lehenengo Interneti buruzko saioa da, eta gugana ere jo dute.
    Asko gustatu zaigu erreportaia-elkarrizketatua.

    Mila esker Sara, Garazi, Arantza eta Ruben!