-
maitasuna kalean [grafittia Arrasaten]
Aurrerabolie.org gunean sartu eta maiatzaren 8ko bidekoa ikusi dut. Greba eguna izan zen Arrasaten, baina hala ere, lanik edo eskolarik ez izan arren, jendea ez zen besoak gurutzaturik geratu. Besarkada itzela jasoko zuen orduan, alkate duten Ino Galparsorok. Ume, guraso, gazte eta heldu Biteri plazan espraiekin maitasunezko herri margoketa bat -grafitti haundi bat- egiten.
Musika honek, esangura berezia du. Maitasuna debekatzen duten honetan, herri bat hori adierazten ikustea, itzela da. Hunkigarria. Kolore alaiak, eguraldi grisari. -
irratia.com zuzenean Bilbotik
Gaurko kontzertua zuzenean ari gara eskaintzen Bilboko kafe antzokitik.
Horretarako lostinbilbao.tv lagunak hemen daude, eta kamarato bategaz, eta Jotak eskaintzen digu soinuarekin, mundu osora ari gara eskaintzen kontzertua.
Blogean be ikusi dezakezue, zuzenean. Aupa Ruben, Jabi, Ibon, Jota, Lauroba, Marino, Gotzon, Kerobia…. biba zuek!
-
Urkoren argazkiak
Argazki erakusketa dago Hori Bai gaztetxean.
Larrabetzu 2.0 ekitaldi sortaren barruan, beste ekitaldi bat. Ez azkena.Urko laguna da, Madrilen ikasten du, baina sareak asko elkartu gaitu. Beragaz berba asko egiten dut, bere adineko gazteekin baino gehiago agian. Sortzailea da, eta aspaldion argazki kamaragaz dabil topera.
Eta herrian bere lehen erakusketa antolatu dugu. Hori Bai gaztetxean. 25 argazki eder jarri ditu. Azken urtean berak egindakoak denak. Iazko udan hasi zen argazki kamararekin, kamara txukun bat erosi zuen, eta ikasle pisuan lapurtu zioten, apalago bat dauka orain, baina asko ikasi duenez, oraindik argazki hobeak egiten ditu berak.
Musikazalea da, irakurtzea maite duela somatzen da bere argazki iruzkinetan, eta oso oso aktiboa da. Pasa zaitez herritik, pasa Hori Baitik, eta apur batean flipatuko duzu.
Kultura ofizialean ez dira sartzen gure herriko sortzaileak. Kultura alternatiboan argazki hauek urrats bat suposatukok dute. Agian, gaztetxea galeria bat ere bilakatu dezakegulako. Denborak esango. Lehenengo erakusketa da, baina azkena ziur ezetz.
-
irratia.com Kerobia eta Lauroba Bilbon
Entzuleak batzea dugu helburu. Astetik astera gure podcast saioak entzuten dituztenak gonbidatuz. Gure irratsaioa Internetetik entzuten dutenekin batuz, aurpegia jarriz ahotsari, entzumenari.Partehartzea esaten dugu, baina irratia egiten duenarentzat itzela da entzulearekin egon ahal izana. Esaten duguna, egiten duguna, jartzen dugun musika entzuleari zuzendua dago. Elkarrizketak, albisteak, gaiak, aipamenak eskaintzen ditugu, musikarekin tartekatuz.
Eta guk jaitxo/kontzertu bat egin asmo dugu. Kerobia eta Lauroba gonbidatu ditugu gurera, Bilbora. Kerobia taldeak arrakasta itzela izan du, sarean bezala kalean ere. Eta beraiekin batera ospatu gura dugu guzti hau. Eta Lauroba talde berriagoa da, diskoa kaleratuko dute udazkenean, eta agian entzutetsuagoak izango dira gero, baina guri hori ere gustatzen zaigu. Musikaren giro underground horretan murgiltzea. Eta Euskal Herrian zer egiten den jakitea. Jendeari erakustea. Marino Goñik proposatu zigun talde hori, eta Marinok, ojo, begi ona izan du beti. 25 urte daramatza musikagintzan eta Kerobiari ere begia joko zion inoiz, lehenago beste hamaika talde fitxatu dituen moduan.
Ikasturtea amaitzen
Ikasturtea amaitzen joateko aitzakia da. Hurrengo urteko planak zehazten joateko. Entzuleekin partekatzeko. Ideia berriak jaso eta gure buruetan daudenak kontrastatzeko. Eta euki baditugu zenbait asmo. Bertsio berriak, ikasturteko. Aurrera goazen seinale. 8 urte daramatzagu irratigintza, teknologia berriak eta musika uztartzen. Eta pozik gaude. Oso. Eta oraindik gauza asko ditugu ikasteko, egiteko, garatzeko.Bideoa zuzenean
Lostinbilbao.tv ko lagunak gurekin izango dira. Eta kontzertua ere zuzenean eskainiko dugu sarean. Gure blogetan, irratia.com gunean zuzenean ikusiko duzue. Beraz, lasai, munduaren beste puntan baldin bazaudete ere, irratia.com proiektu globala da. Euskalduna baina mundu osoari eskainia. Aprobetxatuko dugu irratiari buruzko erreportaia bat egiteko. Taldeak elkarrizketatzeko, ikusentzunezkoen munduan gure jakinmina asetzeko.Gogoan hartu beraz. Ekainak 12 (osteguna) Bilboko kafe antzokian.
gonbidapen mezua info7 irratian:
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/06/20080610_1138.mp3]Podcast: Play in new window | Download
-
iPhone bategaz amets egin ostean
Ez da broma. Arratsaldean Appleberrikoek antolatutako keynotea jarraitzen egon nintzen. Azken egunetako zurrumurruak irakurriak nituen, Movistarrekoa lehenbizi eta ABC egunkariak atzo bertan plazaratutakoa.
Zapatuan bertan Imanolen iPhoneagaz ibili nintzen mezuak bota, wifira konektatu eta argazkiren bat ataratzen. Eta gauean amets egin dut.
Erosteko gogoa piztu zait.- Hori zer da, marketing kanpaina on bat?
- Kontsumismo teknologikoa?
- Tresna on eta txukun baten desioa?
- Behar dudan tresna
- edo logurea kentzeko amesgaiztoa?
Dena dela, oraindik jakiteko dago euskal erdiko biztanleok zenbatean izango dugu sagartxodun tramankulua uztailaren 11tik aurrera. Movistarrek zer motatako kontratua eskainiko dien bezeroei ez dakigu. Ala New Yorkera joan eta dolarraren joera profitatuta hangoak ekarri eta liberatzeak oraindik merezi ote duen.
Inguruan iPhonea darabiltenek flipatzen jarraitzen dute. Baina berdina gertatu zen iPodarekin, eta milaka saldu ziren. Eta iBookarekin, eta sagarrak plazaratzen dituen tresna guztiekin.
Dudak dauzkat, baina eskuartean beste bat izaten dudan hurrengoan… zer izango ote da, utzi didatelako, erostea erabaki dudalako ala ametsetan iPhonearekin barrabaskerietan nabilelako?
-
bart gose, gaur ase
Asteburu intentsoa izan da hau. Pettirekin hasi ginen barikuan, eta jendea pozik. Kalean, ilargipean eta eskailera batzuk anfiteatro moduan baliatuta.
Zapatuan basquecamp, 30 lagun baino gehiago eta 15 hitzalditik gora. Giro ona, eta asmo berri ugari. Asko ikasi genuen danok.
Domekan larrabetzu 2.0 ekimenen barruan GOSE Arrasateko taldearen kontzertua gaztetxean. Irudietan ikusiko duzuen lez, adin guztietako lagunak HORi BAi gaztetxean. Gose izugarri ondo.
Gero gehiago.
basquecamp, kronika Sustatu eta larrabetzu.org
Bideoak eta argazkiak, Iñigo Urkulurenak dira. -
#basquecamp bat bi eta hiru
Izen bat asmatu genuen arren, bolo bolo dabil sarean. Bilatzaileetan ikustea besterik ez dago. basquecamp.
Eta wiki batean proposamenak egiten hasi, eta hitzaldi mordo bat izango dira zapatuan Hori Bai gaztetxean. Jendea batuko da, jende interesgarria. Hitzaldiak emotera batzuk, hitzaldiak entzutera besteak. Elkar ezagutzen. Elkar agurtzen.

Teknologia berrien inguruan lanean gabiltzanak batuko gara. Erabiltzaile, garatzaile, software librean dabilen jentea, Interneteko proiektuetakoak… denetarik.
Duela urte bi, blogs&beers bat egin genuen gaztetxean, sasoi antzekoan. Orain barcamp bat. Beti dago zeoer esateko, ikasteko, erakusteko… eta holango aukerak be ez dira asko izaten. Sponsor barik, dirulaguntza barik, komite antolatzilerik ez, famosorik ere ez… baina bilkura zabala eta arrakastatsua suertatuko dala emoten du. Sarean euki duen eraginari begira, behinik behin.
basquecamp sareanZita eginda dago. Ekainak 7, zapatua. Arrastiko 18:00etatik aurrera, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Erdu zeu be!
-
larrabetzu 2.0 herritarrak+teknologia

Bi urte egin ditu sarean gure komunitate txiki honek. Eta 24 hilabeteotan gure herriko berri sarean hedatzen saiatu gara. Gure herrian gertatu direnak, azaltzen egin dugu ahalegina. Albisteak, kultur ekitaldiak, blogak, argazkiak, zenbait bideo, kirola, politika egunerokoak dira gure arteko elkarrizketetan.Herri txikien erronka moduan ikusten dugu informazioaren aroa, eta apurka apurka ikasten eta garatzen hasi garela somatzen da.
Gogotsu ekin genion, eta indarberrituta atarako gara larrabetzu 2.0 jardueren ostean.
Larrabetzu sarean bada zeozer, aurrerantzean mapetan kokatu gura dugu, eta teknologia berrien alorrean urrats berriak eman gura ditugu. Wifi kalea, blog berriak, bideo albisteak…. asmo berriak ere baditugu.
Urteurrenaren karietara hainbat asmo ditugu egunotarako:
- mendi ibilbidea. gure auzo, baserri eta tontorrak geolokalizatzeko.
- Urko Lasarteren argazki erakusketa gaztetxean
- Politika 2.0 mahaingurua
- Goseren kontzertua
- #basquecamp barcamp euskalduna
Eta asteburuari, eta aurretik datorrenari gogotsu ekingo diogu. Nortasunez, euskaldun moduan, ikasteko gogoz, eta batez ere aurrera begira.
Larrabetzu 2.0 gure egitasmoa da informazioaren aroan. Partehartzea sustatuz, teknologia berriak sozializatuz eta informazioa eskuragarri jarriz, eta gainera euskaraz.
-
Josune Ariztondoren begietara
Ondarroan egin duen triskantzak asetu ez, eta Kultura sailburu bezala ere, hasia zaigu andereñoa lezioak emoten.
On Tomasen garairik ilunenetara itzulera egin du bizkaitarron diputazioak. Askok beharbada ez duzue gogoan izango, baina Anje Duhaldek orduko herriz herri jaialdi batean, torturaz hil berri zuten Gurutze Iantzi izan zuen gogoan kantu batean, Mallabian. Tomas Uribetxebarria orduko kultura diputatuak, Anje Duhalde herriz herri jaialdi zirkuitutik bota egin zuen. Kanpoan utzi. Ordukoa da Suaren gainean dantzan diskoan. Xabier Amurizak idatzi kantuetatik Anje Duhaldek sortu lana. Etxean
daukagu, eta gaur entzuteko gogoa piztu zait. … onthomastu zaitezte!Orduan ezagutu genituen zentsuraren zantzoak hemen, Diputaziotik, Kultura sailetik zuzen zuzenean. Ez zuen gitxiago jo Anje Duhaldek. Diskoak ere arrakasta izan zuen, eta Tomas Uribetxebarriak bere fase politikoa handik gutxira amaitu zuen. Baina etorri dira berriak. Eta ez nolanahikoak.
Emakume zorrotza da Josune andereñoa. Arteza, Bizkaian esaten dogun bezala. Alderdian ardura handiak izan ditu, EBBko idazkari ere izan da Imaz aroan. Atara hortik kontuak! Orain PSOErekin akordio zabala lortu behar dela dioen Jose Luis Bilbao diputatuaren kultur ministroa da. Tatxer ondarrutar bat.
Erakusketa bat inaguratu baino bost minutu lehenago ez zaio okurritu ba bideolan bat bertatik kentzea! Diputazioaren Ertibil arte lehiaketan, 200 lan baino gehiagotatik batzuk aukeratu ditu epaimahaiak. Eta erakusketa montatu. Eta inori ezer esan barik, epaimahaiari, artistari… ri rau, kendu eta kitto. Hori da gure estiloa.
Badakit jakin, arteak, sukaldaritzak, futbolak, politikak.. aztoratu egiten dituela espainiar kazetari, txakur, intelektual eat enparauak. Baina, horren beldurrez, hemengo politikari, kudeatzaile, arduradunak hartzen ari diren neurriak ere neurrizk kanpokoak iruditzen zaizkit. Artea beti izan da transgresorea, eta ulertzen ez bada… kentzea… ez dut ulertzen. Ez dut onartzen. Argi eta garbi. Eta jeltzaleak, gauza bat kontrolatzen ez dutenean, oso urduri jarri ohi dira. Holan daude, deskiziatuta leku guztietan.Eta Josune Ariztondok hori erakutsi ohi du bere begirada sarko eta sinesgarritasun gutxidun horrekin. Herri borondatearen kontrako inposatzailea Ondarroan, eta kultur kontuetan zentsuratzailea Bilbon. A ze kurrikuluma!
Berria.info Artea eta zentsura Rekalde aretoan
-
Gora & behera
Lehen abisua jo dute Ordizian. Zelatan dabiltza. Sarean ere. Zer nork noiz non esaten dugun entzuten dute. Begira dabiltza. Asko dira, eta erne daude. Fiskaltza, polizia, audientziak, epaileak, komunikabideak alboan dituzte.
Dena terrorismoa den garaiotan, adi egotea ez da aski. Idaztea, pentsatzea, jarrera adieraztea delitu bilakatu dute. Pentsamendu politiko kritikoa, jarrera militantea, desadostasuna agertzeko gai izatea aski dute. Zigorra dute tresna. Manipulazioa estilo. Eta ordiziar gazte bat txakurrek Madrileko Audientziara eraman dute.
Adi egon! pasa seinalea. Zer idazten dugun, kasu! hitzak elkartzeko darabilgun edozein berba delituzkoa izan daiteke. Hain da arraroa gure hizkuntza hau. Aspaldi idatzia utzi zigun Iurretakoak.
Funtzionarioak zelatan ditugu beti:
bazterretik jarraitzen digute patioan,
atzetik jarraitzen digute komunera,
aurretik jarraitzen digute bisitara,
ateko mirilatik zaintzen gaituzte zeldan
eta gure loa ere zelatzen dute.
Haiengandik ezin dugu aldegin
ez patioan, ez komunean, ez bisita
kabinan, ez zazpigarren loan.
Euskara da gure territorio
libre bakarra.Euskaraz solasean hasiez gero
hara hor funtzionario bat berehala
ezkutuan gure ondora datorrela.
Zihur ez duela deus ulertzen euskaraz
baina bertan geratzen da zelatan,
espioi filmetako espioiaren moduan.
Dena dela, guk ez diogu euskarazko
lehen ikasgaia ere emanen eta,
gutako batek oharkabean bezala dio:
emukatup tab kogaid erug naedlakezta
ae neztidnufnok nugud…joseba sarrionandia, Gartzelako poemak
esandakoa emukatup oksa naurugni, at karrukaxt natalez.
kontuz beraz!



























